Txiki mugitua
Oraindik bada sinesten duenik giza taldeen eta herrien neurririk egokiena txikia dela, errazkiago sor litekeela oreka utopikoa tamaina txikiko herri batean; baina zer gatazka ez ote duen ezkutatzen txikitasunak batzuetan erakusten duen xarma lasaiak.
Urteko zenbait hilabetez herri txiki batean bizi izaten gara. Denda gutxi. Funtsean hiru denda, harategia, okindegia eta supermerkatu txiki bat. Halako batean, supermerkatuan okela saltzen hasi ziren; handik aste pare batera, baita ogia ere.
Erosleok ez dakigu zer egin. Supermerkatuko ogia goxoagoa da eta batzuk betiko okindegikoa utzi eta supermerkatukoa hasi dira erosten, baina betiko okindegiak pena ematen digu eta gehienok txandaka erosten dugu ogia supermerkatuan eta betiko okindegian.
Harategiaren egoera konplexuagoa da. Ez soilik harakinak artaldea duelako, eta artaldea zaintzeko artzain bat kontrataturik. Egundo ez da pozik ibili artzainarekin. Zurruta, edonoiz gelditzen zen lo, ardiak ihesi, ganora eskasa. Berriki artzainak harakinari esan dio bi ardi galdu zaizkiola. Eta harakinak zer egingo zioagu ba. Baina joan den astean jakin du artzainak ardi biak saldu egin zituela, eta dirua sakelaratu. Larregi disimulatu gabe gainera: erosleak kontatu dio harakinari.
Kontua da supermerkatuan, ogiaz gain, okela, gazta, txorixoa eta harategietako ohiko jakiak saltzeari ekin diotela, eta harakinak, ordainez, xanpua, lanbasak, belakiak, muesli eta horrelakoak.
Erosleok hain gelditu gara galduta, hasieran ordena zaindu nahi eta okela harategian eta xanpua supermerkatuan erosten genuen arren, azkenotan, auskalo zergatik, txuletak supermerkatuan eta Fairya harategian erosten ari baikara.
Nora ez komertzialari erantsi zaio identitateari dagokiona: herriko futbol taldeak partida zuen atzo. Erdi begira geundela, guardia zibilaren furgona. Aparkatu, jaitsi eta buruan hiruadarrekoa zeraman batek “egun on!” agurtu zuen, euskaraz, oso ozenki.