Hizkuntzak selektibitatean
Selektibitatean deigarriena hizkuntzekiko jarrera eta begirune desberdina da. Adibidez, gure epaimahaian, hamalaugarrena, bost ikasle euskaratik salbuetsirik daude. A ereduan ikasten dute, baina gainera euskara ikasgai gisa ere ez dute ikasten eta ez dute selektibitatean egin behar izan. Salbuetsi horietako batek Filosofia nirekin egin du eta galdetu egin diot ea nondik nora salbuespena. Castro Urdialesen bizi dela erantzun dit eta Somorrostron ikasten duela.
Europa osoan ez dago bere hizkuntzan guk bezain gutxi sinesten duen herririk, ganora eskasagoarekin erabiltzen duenik. Noski, inor ez dago espainoletik salbuetsirik, ikasle guzti-guztiek egin behar dute Lengua Españolako azterketa. Inor ez dago ingelesetik salbuetsirik. Burutik pasatu ere inori ez zaio egiten. Ezin da. Eta zenbait kasutan ez litzateke zeharo burugabea. Bermeoko andre bat legionario batekin zebilen, tratu txarrak ematen zizkion eta semea erdi blokeatuta dago gaztelerarekin, aita zitalarekin identifikatzen baitu. Ikasle mordo bati zaio pairagaitza Justin Bieber, honen erruz gorroto diote ingelesari eta hala ere legeak ez du eskaintzen ingelesetik salbuesteko aukerarik.
Beste itxurakeria barregarri negargarri horietako bat da selektibitatean berdina izatea euskarako azterketa A eredukoentzat eta D eredukoentzat. Xedea: A ereduan ere euskara ikasten dela zabaltzea lau haizeetara. Ordea, A eredukoen euskara-maila da, ez dakit ba, erosiz gero swahilia ikasteko ASSIMIL-a, egunean ordu erdi gainetik begiratu eta hiru hilabete barru lortuko zenukeena, horren pareko. Selektibitateko azterketa bakarra, jakina, A eredukoen mailari egokitzen zaio. Harrigarria da. Kasu, aurtengo testuan alaba batek amari diotso: “Jada ez dakizu nola egiten diren zapataren korapiloak”. Eta galdera: “Amak zapatekin arazoak ditu. Egia da ala gezurra?”
D eredukoek bikain ateratzen dute normalean eta A eredukoek berriz eskas.
Ihardets liteke: Lengua Españolako azterketa ere berdina da A eta D ereduetan. Bai, baina Hego Euskal Herria espainola da, eta A eta D ereduko ikasleen emaitzak berdintsuak dira Lengua Españolan. Azken batean, Konstituzioak dioen bezala, euskaldunontzat eta edonorentzat espainolez jakitea betebeharra da, eta euskaraz ikastea eskubidea baino ez.