Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Hiru liburu

Hiru liburu

Markos Zapiain 2012/07/05 11:22

Irakurtzea ez da beti ona izaten, are gutxiago idaztea, begira bestela idazleek zenbat sufritzen duten ez dietelako merezi omen duten adinako jaramonik egiten. Hona hiru liburu gizarte ezagutza eta laudorio beharra neurri zentzudunetara murrizten laguntzeko: Lukrezioren Gauzen izaeraz, Xabier Amuriza euskaratzaile; Virginia Woolfen Farorantz, Anton Garikanok euskaratua; eta Oliver Sacksen Oaxacako egunerokoa, Jaione Alberdik euskaratua; itzulpen bikainak hirurak ala hirurak.

Lukrezioren Gauzen izaeraz jatorriz De Rerum Natura da; Zaldi Eroa duzu gurean Lukrezioren dizipulurik fidelena. Guztiaz dihardu, gaur egun aurki ez daitekeen adimen molde batez: fisika eta filosofia sakonki jorratzen ditu, baina bertso zoragarrietan, obra bakar batek Stephen Hawking, Angel Erro eta Slavoj Zizekenak barnebilduko balitu bezala. Loratzearen eta amodioaren gorazarrea, gerraren aurkako herrari lotua; erlijioaren ipuinak eta beldurrak ahantzarazteko enpeinua; heriotzari eta edozein errealitate mingarriri kontsolamendu ergelik gabe aurrez aurre begiratzeko ausardia; eta, minak min, burubideak gobernatu eta gozamena aldezteko erabakia; horrek egiten du erakargarri, besteak beste, orain dela bi mila urte inguru idatzitako maisu lan arraro hori.

Farorantz-en Virginia Woolfek protagonista gogoangarri bat dakarkigu, Ramsay andrea, erakusten diguna jendea soilik dela ederra bere burua ahazten duen heinean. Ramsay andrearen indarra Lukrezioren Venusenaren parekoa da, maitasun eta hazkuntza indar goxoa, eta haren presentzia hutsak ziplo deuseztatzen ditu itxurakeria eta zoritxarreko obsesio neurotikoak, ospezalekeria kasu. Gainera, Farorantz-ek giza desiraz iradokitzen diguna psikoanalisiak dioenaz bestelakoa da, eta horrenbestez gaur egun ezohikoa, merezi bezain ezaguna ez bederen, nahiz hogeigarren mendean adierazi den ikuspunturik heldu eta errealistenetakoa izan.

Azkenik, Oaxacako egunerokoa ez da Oliver Sacksen beste liburu batzuk bezain ospetsua, hala nola Antropologo bat Marten edo Bere emaztea kapelu batekin nahastu zuen gizona, baina landareak eta zehazki iratzeak maite badituzu liburu hauxe komeni zaizu. Xarmantki kontatzen du botaniko eta landarezale batzuen aste bete pasako bidaia Oaxacara. Interesgarriak dira jakinarazten dizkigun datuak eta pasadizoak, adibidez pilotari, tabakoari eta txokolateari buruzkoak. Txokolatea ezin hobea ei da laudorio beharrak eraginiko krisialdiak baretzeko.

 

 

 

Urbinaga
Urbinaga dio:
2012/07/06 07:34
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2012/07/11 18:59
Esker mila, Raimundo, gogoratzen nuena baino are zirraragarriagoa da Irakere in London
Urbinaga
Urbinaga dio:
2012/07/14 05:32
Ez dago zergatik, pozten naiz musikaz gozatzea. Oporrak disfrutatu, Bielsak zeresana emango digu eta adi meatzaldeko Harrigorri taldaren azken ikuskizuna, zoragarria benetan.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.