Irakere in London
The Legendary Irakere in London zuzenean grabatutako disko bat da. Irakere taldearen izena da; kubatarra da, jazz saltsa egiten du. Partaideen artean Chucho Valdés da ospetsuena, eta Carlos del Puerto, Enrique Pla, German Velazco eta Juan Mungia ere hor daude. Irakere eleak Landaretza esan nahi du Yoruba hizkuntzan. Ezagutzen dudan musika aditurik handienarentzat, Thierry Durand, ezizenez Doudou, horixe da zuzenean sekula grabatu den diskorik onena. Hark entzunarazi zidan.
Diskoa Londongo Ronnie Scott's Club-ean grabatu zuten 1987an eta, besteak beste, Bailando Así, Las Margaritas edo Lo que va a pasar abestiak dauzka. Ronnie's Club hori Sohon dago, Frith Street-en, Londongo erdigunean. Omen handikoa da. Laket zitzaien Sonny Rollins, Ornette Coleman, Miles Davies edo Airto Moreirari, eta jazzlaririk onenek han grabatu nahi izan eta izaten dituzte zuzenekoak: Stan Getz, Ella Fitzgerald, Nina Simone, Chico Freeman, eta abar. Izena ematen dion Ronnie Scott hori saxo-jotzaile bikaina zen; 1996an hil zen, baina izenari eutsi diote.
Kontua da The Legendary Irakere in London ezin izan dudala berreskuratu, Interneten bilatuta ere ez, baina oroitzen naiz ez dela zuzeneko garbi horietakoa, ez dute teknika modernoen bidez musikariena ez den gainerako guztia ezabatu. Afaldu ere egiten zuen jendeak musika entzun bitartean, eta hortaz, ohiko eztul eta elkarrizketez gain, kopen txin-txin hotsak ere entzuten dira diskoan, eta, adi jarriz gero, baita labana txuletan barneratzen ere eta nerbioa mozten, eta horrek xarma berezi bat ematen dio grabazio mitikoari.
Beheko abestia, Soy un hombre casado, Irakerek jotzen du baina ez da legendazko zuzeneko hartatik jasoa; Michelle Obamari eskaini nahi diot.
http://www.youtube.com/watch?v=Zex-0RI9osA