Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Filosofiaren erantzuna adikzioari

Markos Zapiain 2017/03/26 11:00
Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea. "Menpekotasunen aurrean... geure buruaren jabe" jardunaldia

Morrontzari agur

http://www.oeegunea.eus/agiriak/ikusi/125

Gaurko greba

Markos Zapiain 2017/03/22 14:55

Bermeoko I.Arozena-B.Barrueta Institutuan irakasleen ehuneko 51k egin du greba, nahiz eta Hezkuntza Sailean ez agertu ehuneko 38a baino

Zergatik?

Hezkuntza Sailaren aplikazioan ikasturte hasieratik gurean lan egin duten irakasle GUZTIAK agertzen dira, alegia, 71 izen-deitura; besteak beste, bajan daudenak, dagoeneko ez dauden ordezkoak, aspaldi joandako ordezkoen ordezkoak, eta abar

Azken horiek ezinbestez markatu barik utzi behar, eta aplikazioak ulertzen du grebari uko egin diotela

Greba egin ahal izan duten irakasleen kopuru erreala 55 izan arren, Hezkuntza Sailaren aplikazioan, esan bezala, 71 ageri dira; halatan, datu erreala da irakasleen erdiak baino gehiagok greba egin duela, eta ez soilik ehuneko 38ak

Noski, nagusien hedabide nagusiak Hezkuntza Sailaren punta-puntako teknologia informatikoaren emaitzak ari dira zabaltzen 

Esnazko amets

Markos Zapiain 2017/03/22 09:00

Honezkero bost lagunek galdetu didate gaitzespen kutsutxo batez ea zergatik erabili dudan Etakideen ametsak liburuan “esnazko amets” esamoldea. Lontxo Oihartzabali irakurri niolako ausartu nintzen, Freuden “Psikoanalisiaren aurkezpena”ren itzulpenean. Sabino Aiestaran izan zen berrikuslea. Klasikoak bilduman dago. Eredugarri zaizkit bi maisu handi horiek. Hau da esaldia: “Esnazko amets-egoera batean sartu zen, eta hormatik nola suge beltz bat atera eta gaixoarengana inguratzen zen, honi hortzaka egiteko asmoz, ikusi zuen.” (73. or.)    

"Loaldiko amets" versus "esnazko amets", ez da hain desatsegina. Hala ere, “esna eginiko amets” eta horrelakoak ere ondo, besterik ez genuen behar.  

Gehienez 12 ikasle gela bakoitzeko

Markos Zapiain 2017/03/20 22:17
Oso ondo Macron!

Emmanuel Macron presidentegaiaren proposamena da, eskualde prioritarioetarako. PISA emaitzak ikusita, ordea, EAE osoa dugu eskualde prioritario 

Oso harreman estua izan du Macronek irakaskuntzarekin eta garbi ikusi du emaitzak hobetu nahi izanez gero dirua ratioa jaisteko erabili behar dela, eta ez, gurean bezala, betiko programei izen berriak eman eta irakasle eta zuzendaritza taldeak burokrazia absurdo batean itotzeko  

AEB eta Mexiko

Markos Zapiain 2017/03/04 13:05
Woody Guthrie-ren Deportees

Bob Dylan eta Joan Baezen bertsioa, 9:00-12:45. Joan Baezen aita Mexikoko Pueblan jaio zen.

https://www.youtube.com/watch?v=GlUUmiIEinY

The crops are all in and the peaches are rott'ning,
The oranges piled in their creosote dumps;
They're flying 'em back to the Mexican border
To pay all their money to wade back again

Goodbye to my Juan, goodbye, Rosalita,
Adios mis amigos, Jesus y Maria;
You won't have your names when you ride the big airplane,
All they will call you will be "deportees"

My father's own father, he waded that river,
They took all the money he made in his life;
My brothers and sisters come working the fruit trees,
And they rode the truck till they took down and died.

Some of us are illegal, and some are not wanted,
Our work contract's out and we have to move on;
Six hundred miles to that Mexican border,
They chase us like outlaws, like rustlers, like thieves.

We died in your hills, we died in your deserts,
We died in your valleys and died on your plains.
We died 'neath your trees and we died in your bushes,
Both sides of the river, we died just the same.

The sky plane caught fire over Los Gatos Canyon,
A fireball of lightning, and shook all our hills,
Who are all these friends, all scattered like dry leaves? 
The radio says, "They are just deportees"

Is this the best way we can grow our big orchards? 
Is this the best way we can grow our good fruit? 
To fall like dry leaves to rot on my topsoil
And be called by no name except "deportees"?

 

Iraultza zientifikoa (XV-XVI)

Markos Zapiain 2017/03/03 08:05

-Teleskopioa Bibliaren aurka: Ilargiko mendiak, izar berriak, geozentrismoa. Elizak: nola sinetsiko diozu gehiago traste horri Jainkoak idatzitako liburu sakratuari baino

-Nikolas Koperniko poloniarrak ezarri zuen geozentrismoa, baina Samoseko Aristarkok Kristo aurreko hirugarren menderako garbi zuen adierazia

-Kosmos biribil, geldi, ziur, bakar, babesle, goxo, betierekoak eztanda egingo du; hori zen ordea bai grekoen eta bai kristauen irudia

-Gerra latza Elizaren eta Zientziaren artean: ez soilik Galileoren aurkako prozesua; Giordano Bruno Erroman bizirik erreko dute, heliozentrismoa eta unibertsoaren infinitutasuna aldezteagatik, eta eguzkiari eta lurrari ez emateagatik beste edozein astrori baino garrantzi handiagorik. Apaiza zen

-Galdurik aurkituko du gizakiak bere burua: garbi dago zerua ez zaio gizakiari zuzentzen, ez dago gizakiarentzat egina. Pascalen esaldi ospetsua: “espazio infinitu horien isiltasun eternoak izutzen nau”

 -Kosmosa betierekoa eta absolutua zenean, geometriaren erreferentziak ere absolutuak ziren nolabait esateko. Orain, unibertsoak bere oreka harmoniatsua galdu eta erdigunerik ez duenez, erdigunea edonon egon daitekeenez, Descartesek “kartesiar” deituriko koordenatuak asmatu beharko ditu, “abzisa” eta “ordenatu” deituriko ardatzak, unibertsoko puntu bakoitzak sortzen baititu bere erreferentzia propioak, ezin da ordena absolutu batean behin betiko finkatu

-Bide batez, aurrerantzean Jainkoaren definizio eta ikuspegi flipagarriak biderkatuko dira. Pascalek berak, esaterako, horrela definituko du: “Jainkoa zirkulu bat da, erdigunea inon ez daukana, eta zirkunferentzia, berriz, edonon”

-Pixkanaka latina zokoratu eta ama hizkuntzetan idazten hasiko dira filosofoak, hala nola Nikolas Makiavelo, Montaigne, Descartes, Hobbes, Galileo bera... ; garai honetakoa da gure Joanes Leizarraga, Itun Berria euskaratu zuen lehenbizikoa

-Zientzia berriaren bultzadaren ondorioz, tradizioak indarra galduko du. Autoritatea iraultza zientifikoa baino lehen nagusi zen eskolastikan Erlijioak eta Filosofoak ezartzen zuten, alegia, Bibliak eta Aristotelesek; Descartesek ordea tradizio guztien azterketa kritikoari ekingo dio, giza arrazoiaren izenean

-Filosofiaren abiapuntua estoikoentzat Kosmosa zen; kristauentzat Jainkoa; iraultza zientifikoa humanismoari lotuta etorriko da eta ez kosmosa ez Jainkoa, baizik eta gizakia izango da filosofiaren oinarri eta abiapuntu, giza arrazoiak egia izan nahiko lukeen edozer bere galbahetik igaroaraziko du, azterketa kritikotik; erabat iraultzailea da Descartesen jarrera, iragana gainditu eta hutsetik abiatze bat; horregatik esango du Tocquevillek Frantziako Iraultzaileak, Robespierre eta, kartesiarrak direla, eskolak utzi eta kalera jaitsitakoak     

Zoriaren gidari

Markos Zapiain 2017/02/01 17:19

Julio Caro Barojak argi nabarmendu zuen sorgintzari dagokionez berriki arte izan dugun arazo nagusia: sorginek ez dute idatzi (Las brujas y su mundo). Sorginkeria pairatutakoek idatzi izan dute, edota Inkisidoreek; gehienez ere, erudituek. Orain ordea literatura aberats baten jabe gara. Eta hor ikas ditzakegu ez soilik sorgin ariketak eta xedeak; oinarrizko terminologia zelan bideratu ere bai.

Liburu horiei esker lausotu egiten da xamanismoaren eta sorgintzaren arteko muga. Don Juan xaman gisa etiketatua izan den arren maiz, bere burua sorgintzat dauka, "sorcerer" deitzen dio bere buruari, "brujo". "Sorgin" hitzari dagokionez, Caro Barojak zurgin, hargin eta gisakoei lotzen die, eta hasierako "sor" hori berriz latinezko "sors, sortis"-etik letorke, "sorcerer" edo "sorcier"-en lehen silaba bezala.

Hortik eratorri dira orobat euskarazko "zori" eta gaztelaniazko "suerte". Sorginak bere patua erabakitzen daki, bere zoria sortzen eta beraz baita hein batean irakartzen ere. Oso diziplinatua izan behar hortaz, bere buruaren jabe. Goitik behera hartzen ditu bere gain bere erabakiei lotutako erantzukizunak. Ezkutuan bizi bada ere, ez dabil ezkutukerian, inpekablea da.

Ingurukoei leporatzen dizkiegun gure zoritxarrak sarritan gure makaleriaren eta utzikeriaren ispilu izaten dira. Castanedak bere aitaz gorde zuen irudian egiturazko ahulezia tentel bat zen nagusi. Bere buruari errepikatzen zion Arana aitak oheratzean beti agintzen ziola Carlitos nerabeari biharamun goizean seietan esnatu eta igeri egitera joango zirela elkarrekin, baina gizona egundo ez zen garaiz jaikitzeko gai, eta gero beti asmatzen zuen aitzakiaren bat etxean gelditzeko. Castaneda kexu zen, ez zion barkatzen, aitaren erruz piszinarik gabe gelditu omen zen urte garrantzitsu haietan (bide batez, Euskal Herrian igerileku pilo bat dago, zenbait eskualdetan “igerileku” deitua gainera, arroketan, hondartzetan, aintziretan, erreketan; baina horietako bakar bat ere ez da piszina. Frantsesez “piscine” dugu, gaztelaniaz “piscina”. Zergatik ez baliatu igerileku mota berezi hori aipatzeko, bai iparraldeko eta bai hegoaldeko euskaldunen artean daukan erabilera zabal hori kontuan hartuta?).

Don Juanen erantzuna: eta zergatik ez zinen zeu joaten? Ezerk ez zizun eragozten. Eskura zenuen. Zeure gain hartu behar duzu urte haietan igeri egin ez izanaren erantzukizuna, ez aitari eta ez beste inori leporatu. Eta berdin jendeak egin omen dizkizun hainbat eta hainbat itsuskeriekin. Izan zaitez duina eta heldua behingoz, begiratu bizitzari aurrez aurre.

Bere buruaz inongo gupidarik ez duen zintzotasun zorrotz hori da bere zoria gobernatzera deliberatzen denaren betebeharretako bat, sorgin bizimoduaren ezaugarrietako bat.

Ez jardutea. Ibili

Markos Zapiain 2017/01/25 13:05

Sorgintzan funtsezkoa da ariketei eustea, eustea eta eustea. Luzaro egon zaitezke emaitza garbirik gabe, eta etsi, baina ez, tira aurrera, aitzina beti sorgin euskalduna.

Sorginen hizkeran, beste gizakiekin partekatzen dugun munduaren deskribapenaren arabera gabiltzanean, normal bizi gara, tonalean. Ohiko munduko osagaiak harrapatu eta lotu egiten ditugu orduan; eta onartutako deskribapena proiektatzen diegu. Horren guztiaren ondorioa da hautemate normala. Uztartuta daude jende normalaren pertzepzio normal guztiak. Munduaren deskribapen onartuaren araberako errealitatearen eraikuntza zeregin kolektibo bat da hein batean, gizarte jakin bakoitzean dauden pertsona guztiek esku hartzen dute bertan. Horrek eragiten du gizartekide guztiek berdintsu hautematea gauzaki zehatz bakoitza.

Sorginaren ahalegina mundua ohiko deskribapenetik libre hautematea da, eta bestelako mundu batzuk eraikitzea. Nahiz eta denok dugun ahalmen hori, soilik pizten zaigu behin normaltasuna blokeatzen denean. Eta hori ez da batere ohikoa jende normalaren bizialdian: oro har, jaioz geroztik hil arte ez ditugu gizarte kontsentsuak oharkabean eraiki eta elikatutako munduaren mugak gainditzen.

Betiko jarrera eta hautemate horiek blokeatu daitezke haatik, barneratu dugun munduaren deskribapenari arrotzak zaizkion ekintza ez funtzionalen bitartez.

Munduaren ohiko deskribapenak era jakin batera jokatzera bultzatzen gaitu. Gure ekintzak oro onartutako deskribapen horretatik  datoz eta aldi berean egiaztatu eta sendotu egiten dute. Sorginek ekintza horiei “jardutea” deitzen diete, eta, eusten duten eta dituen deskribapenarekin batera, bere burua etengabe elikatzen duen sistema bat osatzen dute.

Munduaren edo norberaren ohiko deskribapenarekin bat ez datozen bestelako ekintzei sorginek “ez jardutea” deitzen diote.

Ez jarduteak eten egiten du deskribapen nagusiaren jarioa, mundu ezagunari dagokion hautemate moldea. Ez jardutea da beste munduetan barneratzeko sarbideetako bat; edota, tolteken hitzetan esatearren, tonaletik nagualerako zubietako bat. “Nagual” beste aldeari deritzote, bestelako munduei, hementxe bertan inguruan eskura dauzkagunak, beso baten distantziara, bide batez esanda.

Ez jardutea mundu normalean praktikatzen da, hala da, baina aldi berean bestelako munduetara ere bagaramatzanez, esan daiteke ez jardutearen praktika sistematikoak elkarguneak sortzen dituela bi munduen artean, tonala eta naguala bildu. Jungen hizkeran: geldika-geldika gogo kontzientearen eta inkontzientearen integraziora hurbilduko gara. “Norberaren osotasuna” deitzen diote emaitza horri sorgin toltekek, Victor Sanchezek jakinarazi duenez.

Besteak beste, biltzera heldu beharko genuke gurean bereizirik bizi ohi diren ni amesgilea eta ametsetako protagonista, ametsetako nia; honek normalean ez du haren berririk, baina sorgin ariketei esker biak elkartzera iritsiko zara. Goitik behera aldatuko zaizkizu orduan izaera eta bizimodua.

Sorginen ariketak talde bitan bana daitezke: alde batetik, betiko munduari dagozkionak, gorputz hau, hautemate arrunta. Zelatatzeko artea deitzen diote. Zelatatu beharrekoa, gure ohiturak, mintzamoldeak eta jarrerak dira. Horien artean indarra kentzen digutenak detektatu behar ditugu, eta desagerrarazi, indar handia pilatu beharra baitago burmuineko zati ezezagunak biziarazi eta mundu ezezagunetan barneratu ahal izateko.

Bizioak baztertzea, esaterako, sorginen ustez, oso hondoratuta ez dagoen edozein pertsonaren esku dago, eta berehala. Erretzeari, edateari edo jokoari uztea, aste bakar batean lor daiteke. Nahimena gutxiesten dugu, baina berez itzela da nahimenaren ahala, eta, beste batean ikusiko dugunez, sorgintzaren helburu nagusietako bat nahimena ametsetan infiltratzea da.

Sorginek ibilaldi luzeak egiten dituzte: egunero sei ordu edo gehiago. Sorgintzari gehien hurbildu izan zaizkion filosofoek ere, Thoreau eta Nietzschek, oso ibilaldi luzeak egiten zituzten ahal bezain maiz.

Noski, sorgina ez dabil edonola. Eskuak beti libre, ez makilarik ez antzekorik. Zerbait eraman behar izanez gero, motxila. Hatzak apur bat makotuta, ez ahurra ukitu arte baina ia-ia. Ibilaldiek bakartiak behar dute, aurikularrik gabe, ahal bezain isilik, mendiko edo hiriko soinuak lasai entzun eta segituan ahaztuta.

Sorgin ibileran, edozelan ere, begien erabilera da ziur aski garrantzitsuena: begirada ez duzu inon fokatu behar, saihestu arretagune bereziak eta zabaldu behako panoramiko bat. Ezkerreko begia ahal bezain ezkerrera eta ahal bezain gora eraman eta eskuinekoa berdin, ahal bezain eskuinera eta ahal bezain gora. Eutsi sei orduz ahaleginari, behakoa ezertan ez kontzentratzen ondo kontzentratuta. Hori egunero. Denboragarrenean, hautemateko zure inertziak dantzan jarriko dituzu eta zerbait berria jarriko da abian zure garunetan. Horixe izaten da ez jarduteen emaitza: ezohiko praktika arraroen bidez zure nia eta zure mundua desorekatu egiten dira, ziurtasunak galdu, eta horrek aukera berriak zabaltzen dizkizu. Begiak ezohiko modu batez kokatu eta erabiliriko ibilera hau da emaitza garbiak bizkorren erakusten dituen ariketetako bat.

Sorgin euskaldunen kulturaren transmisio etena

Markos Zapiain 2017/01/24 10:08

Aretxabaletan HUHEZIn Iñaki Urruzolaren eskutik euskal kulturaren transmisioaz ari garela, azpimarratu behar kultura horren adierazpen asko eten izan direla historian. Horietako bat duzu sorginen kultura. Indarrez etendako transmisio hura berreskuratzen ahaleginduko naiz.

Ematen du sorgintza mundu osoan barrena sakabanatuta dagoela, eta siberiar xamanen, mesoamerikako curanderoen eta hemengo sorginen ariketak eta helburuak berdinak direla funtsean. Aldi berean desberdinak, noski, geografiak erlijio desberdintasunak moldatzen dituen bezala (adituek diotenez, monoteismoa soilik basamortu herrietan sortu ahal izan zen, eta mendi, errekatxo, iturri eta leizezuloz jositako lurrek bestelako erlijioak eragiten dituzte ezinbestez), sorgintzak ere adierazpen desberdinak izan ditu Amazonian eta Zugarramurdin. Hemengo sorginen praktika zehatzak ez ditugu ondo ezagutzen. Hura zer izango zen ezagutzeko, gaur egungo sorgintza-bideen artean bibliografia oparoena eragin duenera hurbilduko gara, alegia, Mesoamerikako kultura indigenetara, Colon baino lehenagoko eta askoz ere lehenagoko garaietatik bizirik iraun duten mundu ikuskera eta jardueretara.

Sorginak historian sarritan bere izaera disimulatu behar izan du, hilko baitzuten bestela, harrapatuz gero. Filosofoz mozorrotu zen Deleuze sorgina. Don Juanek kontatu du konkista garaian hainbat sorgin eliza katolikoan sakristau sartu zela, bizimodu bikoitza zeraman bitartean. Ez zitzaien batere zaila egin.

Don Juan Matus eta don Genaro, Taisha Abelar, Florinda Donner, Carol Tiggs, Carlos Castaneda, Alberto Ruz, Ken Feather, Victor Sanchez, Emilio Fiel... horiek egiten dutena aztertuz gure sorginek zer egiten zuten sumatzera irits gaitezke, eta haien gogoa biziberritu, erakutsiz inkisidore espainol eta frantsesen Jainko kristauaren izenean buruturiko hilketa sistematikoak soilik itxuraz isilarazi zuela euskal kulturaren adierazpen haren transmisioa.

Gaur egun, toltekak, yakiak, wixarikak (horrela deitzen diote beren buruari guk huichole deritzegunek) dira, besteak beste, sorgintza bizirik iraunarazten duten herriak. Carlos Castanaedaren liburuei esker, mendebalde osora zabaldu dira.

Zer da ordea zehazki egiten dutena? Zer nahi dute?

Jaio, arin eta dantzari jaiotzen gara, baina denbora aurrera astun gara bilakatzen. Sorginak badaki haurtzaroko arintasuna berreskuratzen. 

Zientzialarientzako sorgintza

Markos Zapiain 2017/01/23 08:50

Gara ote liteke sorgintzari buruzko mintzamolde bat, sorginaren ikuspuntutik nolabait esateko, sorgin kontuei dagokienez printzipioz eszeptikoak baina adimen zabaleko eta toleranteak diren zientzialariek onartzeko modukoa, hala nola Maider Etxebarria, Xabier Murelaga edota Naia Ormazak? Murelagak dioenez, zientzia amaitzen den mugan hasten da magia eta sorgintza. Zientzia, mekanika kuantikoa agertu arte bederen, identitate hastapenean dago oinarritua: arroka arroka da eta ezin da aldi berean ahatea izan. Sorgintzak, berriz, identitateak astindu eta A aldi berean B izan daitekeelako hastapena darabil. Don Juan bele bilakatzen da. Ez soilik bele dela irudikatzen du, edo bele sentitzen du bere burua: Don Juan da eta aldi berean bele bat. 

Sorgintza garai eta leku desberdinetan agertu da, baina badu beharbada ezaugarri komun bat: jende normalak erabiltzen ez dituen burmuineko zatiak pizten ditu. Sorgintzaren ohiko ariketek, fisiko zein mentalek, horixe dute xede nagusi. Bizimoduz aldatu beharra dago, baita izaeraz ere, eta entrenamendu luzeen ondorioz azkenik garunetako alde ezezagunak pizten ikasten duzu. Horrek jende normalari helezinak zaizkion aukerak eskuratzen dizkio sorginari, baina baita arrisku ikaragarriak ere. Ahalmen anormal horien pizteak sute apokaliptikoa erakar dezake. Hainbat eta hainbat sorgin dizipulu eta xaman aprendiz erotu izan da ikasbidean. Ez dira batere ezohikoak krisi eskizofrenikoen ondoriozko suizidioak.

Euskal Herriko sorginei buruz dagoen literatura gehiena larregi kutsatzen du zapaltzaile katolikoen ikuspuntuak. Pasarte asko ridikuluak dira. Sorginek eskuarki ezkutatu eta disimulatu behar izan dute, apaiz edo filosofo mozorroa baliatu, baina honezkero badakigu haien praktikak ez direla oso desberdinak munduko herri urrutienetan: Siberia, Kongo, Mexiko. Hain zuzen, Mesoamerikakoa da gaur egun sorginen inguruko literaturarik indartsuena: Carlos Castaneda, Florinda Donner-Grau, Taisha Abelar, Victor Sanchez.... Horiek irakurrita hobeki irudika dezakezu zertan zebiltzan gure sorginak inkisidoreen txostenen bidez baino. 

Sorginek askatasuna dute helburu, gizarteak normaltzat jotzen duena gainditu eta mundu berrietan barneratzeko askatasuna, kontsentsu sozialak erabakitako hautemate moldeari gero arte esan eta gauzak bestela ikusi eta bizitzekoa. 

NESKAK ETA MUTILAK

Aurrez aurre jarri izan dira, batetik, Filosofiaren Historia eta Logika zientifiko arra, eta, bestetik, sorgintza emea. Historiak eta soziologiak elikatu izan dute kontrajartze hori, baina aldakorrak dira Historia zein Soziologia, aurkakotasun hori ez da berezkoa, ez dago balizko ezaugarri maskulino eta femenino naturalei lotuta. Auskalo zer esan nahi ote duen, baina datu zientifiko bat da gizon gehiago daudela sorginen artean emakumeak Filosofiaren Historia klasikoan baino.

Egia da, hala ere, baiezta daitekeela ezen, gorabehera historiko kontingenteen ondorioz, Filosofian, ohi ez bezalako izaera eta bizimoduak asmatzeko orduan, gizonak izan direla nagusi; ostera, izaera eta bizimodu berrien bila ibili den emakumeak sorginen artean bilatu izan du, besteak beste, bidea. Arrasto esperogarritik desbideratzen den andreak sorgintza bilatu izan du. Eta sorginen aurkako gurutzadan gizon kristau konkistatzaileen protagonismoa eztabaidaezina da. Gurean, gizon kristauak emakume sorginen aurka benetako erlijioaren izenean. Ameriketan, gizon zuri kristauak indigena fede ustelen aurka, praktika satanikoen aurka. Beti eta nonahi, fede edo normaltasunen bat ezartzeko beharra duen jende beldurtia giza mugak zabaldu nahi dituzten mundu ikuskera eta jarduerak ito guran. Sorgintza sarkasmoz gainetik kentzeko zientifista zenbaiten presa urdurian nabarmenak dira inkisidore eta konkistatzaile haien oihartzunak.  

Ezagutu, sorginak trantze-egoeran ezagutzen du, ezohiko hautemateak erakusten dionaren baitan. Hautemateen korapiloa edo ahokatze edo doitze puntua mugitu eta kontsentsuzko mundu hau, pertzepzio normala, pitzatu beharra dago, gerlariaren diziplinaz burmuineko esparru ezezagunetara bidea ireki eta beste mundu batzuk konkistatu. Ilunabarra da munduen arteko arrakala, askatasunaren promesa.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.