Jone Zapiain Iñigo Muguruzari buruz
Grabagailua piztu eta hau oroitu du Jonek Iñigoz:
“1993 eta 1994an Gimnasia egiten nuen Pilar Peñak Hondarribian daukan akademian. Gaur egun Pilates deituko litzaioke. Iñigo zen Gimnasiako taldean zegoen mutil bakarra. Garai hartan ez zen ohikoa horrelako taldeetan mutilak ikustea.
Gimnasiatik iluntzean atera eta, ordurako nekatuta egongo zen arren, beti eramaten ninduen autoz etxera, Irungo Lapitzeraino, nahiz eta, Iñigo orduan Dunboan bizi zenez, ni etxera hurbiltzeagatik buelta luze bat eman behar izan. Berezko eskuzabaltasun horrek inoiz ez zion hutsik egin, ez bederen ni lekuko izanik.
2010ean, Moskuko jaietan, nire ahizpa Ainara eta biok Anariren kontzertura joan ginen. Iñigo inguratu eta bere aitaren heriotzaz mintzatu zitzaigun: kolpe ederra hartu zutela, "hostión" hitza aipatu zuen.
Aitortu nion ezin nuela ezta imajinatu ere gure aita noizbait hilko zela; eta Iñigok esan zigun bere ustez oso garrantzitsua zela heriotzari buruz pentsatu eta hitz egitea, bizitzaren zati erabakigarria baita. Handik zenbait hilabetera hil zen gure aita, eta maiz etorri zaizkit Iñigoren hitz haiek gogora, bereziki egun goibel haietan, baina baita gerora ere.
Behin batean, Napoka Iriak kontzertu bat eman zuen Irungo Oiasso museoan. Handik irten eta Kotte adiskidea eta biok San Juaneko Agirre gozodendako kanpoko aldean gelditu ginen. Iñigo eta bere lagun min Jabiolo elkartu zitzaizkigun. Txikitan auzo berean bizi ginen, Lapitzen, eta barrez lehertu ginen garai hartan entzuten eta erabiltzen genituen euskarazko hitz batzuk oroituz, besteak beste urrutizkina, orlegia, izparringia, ezabatzingia… Ingi eta ingi, atsedenik gabe.
Beste batean, udan, arratsaldeko zazpiak aldera, itsasbehera eta jende gutxi Hendaiako Hondarraitzen. Itsasoak ez zuen ohiko kolore urdina. Latza zen egun hartako urdin hura. Hala ere, eguzkiaren azken izpiek bazuten oraindik gure gorputzak goxatzeko aski indar.
Ni amarekin nintzen ur-ertzean, eta halako batean Iñigoren ama, Mari Pepi, guregana argi kontra hurbiltzen sumatu nuen. Mari Pepiren aldamenetik ezustean Iñigo eta Fermin agertu ziren erdi saltoka, arropa eranzten zuten bitartean, eta zuzenean uretara sartu ziren korrika eta jauzika, tanta-zipriztin alaiak barreiatzeaz batera bizipoz eta askatasun sentsazio zoragarri bat ere edonora zabalduz.
Han ibili ziren luzaro, olatuen atzetik eta olatuetatik ihesi, harik eta Kasino aldean bat-batean sortu zen poliziaren sirena-hotsak denok atezuan jarri gintuen arte.”