Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Talentuen Parabola demokraziaren aitzindari?

Talentuen Parabola demokraziaren aitzindari?

Markos Zapiain 2019/08/14 18:45
Mateo 25, 14-30

Karl Löwith-ek eta Carl Schmitt-ek lan ederra egin zuten sekularizatze-prozesua argitu eta frogatzeko, Schmittek Estatu eta justizia-sistema modernoetan kategoria teologikoen transferentzia harrapatuz, eta Löwithek berriz marxismoarena bezalako historiaren filosofia berrietan kristau eskatologia mesianikoaren oihartzunak eta errepikak zehaztuz. Löwithen eta Schmitten ideiak fundamentuzkoak baziren ere, Blumenger-ek zalantzan jarri eta kritikatu zituen, talentu eta fundamentu handiz halaber. Zer ez ote zuen egingo Luc Ferryk Mateo Apostoluak dakarren Talentuen Parabolarekin asmatu duena irakurri izan balu! Ferryk Blumenberg existitu izan ez balitz bezala onartzen du goitik behera sekularizazioaren teoria, Alemaniako filosofiari jaramon egiten dion filosofo frantses gutxietako bat izan arren, Jean-Claude Monod-ekin batera.

Talentuen Parabolan garbi ikusten du adierazirik Frantziako Iraultzaren oinarri filosofikoa; orobat Giza Eskubideen Aldarrikapena, eta oro har demokrazia modernoa. Ferryren tesia da moral greko natural aristokratikoan gure balioa jaiotzez dakargunak erabakitzen duela, gure dohain genetikoak; eta hierarkia natural horrek bat etorri behar du gizarteko hierarkiarekin. Zaila da ados ez egotea.

Aldiz, kristautasunari esker, eta Frantziako Iraultzaren bitartez, gaur egun balioesten omen duguna ez da sorkuraz daukagun talentua, baizik eta talentu horrekin, edozein dela ere haren tamaina eta nolakotasuna, zer egiten dugun. Alegia, balio duena ez da biologia, baizik eta lana. Eta hori talentuen parabolan ikusten du garbi adierazirik. Behin eta berriro aipatu du parabola hori zentzu horretan, Apprendre à vivre-n, Sagesses d'hier et d'aujourd'hui-n, Kanti buruzko CD-an, Bouzou-rekin batera berriki atera duen CD-an ere bai...

Talentuen Parabola idatzi zenean ere, talentua aldi berean zen dirua eta trebetasuna, eta horrekin jokatzen du kontakizunak. Honela dio:

"Jainkoaren erregetzarekin, atzerrira irten behar zuen gizonarekin bezala gertatzen da. Bere morroiei dei egin eta ondasunak utzi zizkien: bati bost talentu, beste bati bi eta besteari bat, bakoitzari bere trebetasunaren arabera. Gero, alde egin zuen. Bost talentu hartu zituenak inbertitu egin zituen berehala eta beste bost irabazi. Orobat bi talentu hartu zituenak: inbertitu eta beste bi irabazi zituen. Bat bakarra hartu zuenak, aldiz, lurrean zuloa egin eta bertan gorde zuen nagusiaren dirua.

Handik denbora askora, etorri zen nagusia eta morroiei kontuak hartzen hasi zitzaien. Aurreratu zen bost talentu hartu zituena eta beste bost aurkeztu zizkion, esanez: “Jauna, bost talentu utzi zenizkidan; hona beste bost nik irabaziak”. Nagusiak esan zion: “Ederki, morroi on eta leiala! Gauza gutxian leial izan zara, askoren buru ipiniko zaitut; sartu zeure jaunaren festa ospatzera”. Aurreratu zen, gero, bi talentuduna eta esan zion: “Jauna, bi talentu utzi zenizkidan; hona beste bi nik irabaziak”. Nagusiak esan zion: “Ederki, morroi on eta leiala! Gauza gutxian leial izan zara, askoren buru ipiniko zaitut; sartu zeure jaunaren festa ospatzera”. Aurreratu zen talentu bakarra hartu zuena eta esan zion: “Banekien gizon zorrotza zarena, erein ez duzun tokian hartzen eta zabaldu ez duzun tokian biltzen duzuna; beldur nintzen, eta zure talentua lurrean ezkutatu nuen. Hona zeure dirua!” Nagusiak erantzun zion: “Ai morroi gaizto eta alferra! Bazenekien erein ez dudan tokian hartzen dudana eta zabaldu ez dudan tokian biltzen. Beraz, bankuan jarri behar zenuen nire dirua, itzultzean bere korrituekin jaso nezan. Ken iezaiozue, bada, talentua eta eman hamar dituenari. Izan ere, fruitua dakarrenari eman egingo zaio, eta gainezka izango du; fruiturik ez dakarrenari, ordea, daukan apurra ere kendu egingo zaio. Eta ezertarako gauza ez den morroi hau jaurti kanpora, ilunpetara. Negarra eta hortz-karraska izango dira han”.


Ferryren irakurketan, nagusiak joan baino lehen morroiei banatzen dizkien talentuak dohain naturalak dira, herentziaz jasoak; eta itzulitakoan eskaintzen dizkiotenak, berriz, morroiek dohain horiek landuz atera dizkieten fruituak. Berdindu egiten ditu Ferryk inbertsioa eta lana.

Berdintasun demokratikoa eta meritukrazia grekoen aristokratismo naturalari nagusituko zitzaion, dio Ferryk, eta parabola hau garaipen horren oinarri, aurreikuspen eta bultzatzaile bat da.

Interpretazio hori ez al da, ordea, behartu samarra? Talentuen Parabolaren bitartez Ferryren tesia ilustratu nahi izan balute, argiago mintzatuko lirateke Jainkoa eta Jesu Kristo, adibidez hasieran talentu bakarra jasotzen duen morroia bere lanari esker ugazaba itzultzen denerako hamar talentuz aberastua erakutsiz; edota hasieran gehien duena bilakaraziz, alferkeriaren edota beldurraren erruz, azkenean gutxien eskaini ahalko duena.

Alderantziz, haatik: berez aberatsena da ugazabari gehien itzuli ahalko diona. Eta naturaz eskasena ikararengatik ugazabari gutxien emango diona. Alegia, Einsteinek lan egiten du, bere lanak fruitua ematen du, eta ondorioz nagusiaren laudorioa jasotzen du; ostera, Down sindromeduna beldur da, ez du bere talentu eskasa behar bezala jorratzen, eta beraz ugazabak sekulako errieta egin eta ilunpetara jaurtiko du, negar egin dezan.

Ez ote dugu hemen Ferry liberalaren lapsus esanguratsu bat?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.