Iñigo Muguruzaren estanpa batzuk
Elitxu izeneko auzo berean bizi ginen txikitan, eta kale berean, orduan Casas Ugarte, Iñigo Muguruza Ugarteren osaba Josetxok eraiki baitzituen hango etxeak. Gero Elatzeta Karrika jarri zioten, eta orain Elatzeta Kalea da. Elitxutik Irungo erdigunerantz zoazela, ehun metrora bizi zen Manzanas, eta kontrako aldera beste ehun metrora, gerora Guardia Zibileko koronel halaber torturatzaile eta UCOren buru izango zen Sanchez Corbí, gure adinkidea. Muguruzatarrak Beraun auzora aldatuko ziren zenbait urteren buruan bizitzera.
Iñigoren ataritik eskuinera Aliziaren denda zegoen. Hango Tigretón, La Pantera Rosa eta txokolatezko Boniak zituen batez ere gustuko. Ataritik ezkerrera, berriz, komiki-denda bat zegoen. Han irensten genituen, 1970. urte inguruan, Jabato, Sigrid, Trueno, Carpanta, 13 Rue del Percebe, Mortadelo eta horrelakoak. Baina baita Los tres mosqueteros, Veinte mil leguas de viaje submarino eta literaturako beste klasiko batzuk ere iruditan, oroz lehen frantsesak. Los tres mosqueteroseko Milady de Winter-ek liluratu zuen Iñigo, eta azalean grabatua zeraman lis-loreak. Harritzen zuen ordea hain antzekoak izateak Milady maltzurraren eta Constance txintxoaren itxurak.
Oker ez banago, ez zegoen komiki-liburua edo aldizkaria erosi beharrik, dendan bertan irakur zitekeen, edo kanpoaldeko petrilaren kontra bizkarra jarri eta eseririk. Beti gordeko zuen Iñigok komiki-zaletasuna, bai irakurle eta bai egile gisa.
Haren ataritik 50 metrora zegoen SEFT autobusen geltokia, Hondarribiarako norabidean. Atzerapenen aurkako mendekuz, Hondarribian “Sakilak, Eruak, Faltsuak eta Traidoreak” deitzen zioten konpainiari. Iñigo umea nabarmen asaldatu zen Hondarribiarako txartela pezeta batetik bira eta bitik hirura igo, baina ondoren, logikak eskatu bezala hirutik laura egin beharrean, zuzenean hirutik bost pezetara garestitu zutenean. Bi Tigretón oparitu behar izan genizkion lasaitzeko.
Jabier, Fermin eta Iñigo gogoratzen ditut, hirurak, eskusoinu banarekin karrikara irten eta batera jotzen, zutik, ibilian. Zortzi-hamar urte izango zituzten orduan, eta deigarria egiten zen hiru anaien arteko harmonia hura; ezohikoa izaten jarraitzen du. Nik bederen ez dut gisakorik ezagutu.
Aparta zen Iñigoren trebetasun teknikoa, sorginarenak zituen hatzak. Kortaturen lehenbiziko kontzertua Errenteriako muino batean izan zen, gaupasa bat. Basura, Odio, Antirrégimen... eta azkenik, egunsentia hurbil, Kortatu. Emanaldia amaitutakoan, miretsita hurbildu zitzaizkion Basura eta Odioko baxujoleak, eta birgeriaren bat nola egiten zuen azaltzeko eskatu; nekea gorabehera, pazientzia handiz azaldu zien Iñigok, noski.
Aurreko milurteko amaierako uda batean Ismael Lo ikustera joan ginen Lizarrako Los Llanosera, edonon entzuten zen orduan Tajabone. Bizpahiru urte izango zituen gure alaba bat, hain zuzen, seko lo gelditu zen kontzertua hasi bezain laster Iñigoren sorbaldetan arrelepo. Andosillara joan ginen gero lotara, Calle Callejóneko etxe batera. Gamelu edo llama hori baten irudia zeukan Iñigok erabili zuen pijama moreak.
Behin batean, Errigoitiko Bizkaiganen, gauez, Txiplas bertsolariak kooperatibaren funtzionamendua azaldu zigun. Gero, Bermeora bidean, autoko kasetean Positive Bomb, Pedro Mayo, Margarita eta horiek ipini eta Iñigo barrez lehertu zen, gure alabek, artean oso txikiak, ez soilik letrak, baizik eta perkusioa eta dumperrak ere (uste dut dumperrak esan zuela) buruz zekizkitelako. Bere alabez ere, Iñigok zioen oso dibertigarriak zirela. Hiltzera zihoala jakin ostean, biziki hunkitzen zuen alabak jostatzen eta kantari ikusteak.
Eritasuna baino askoz ere lehenagokoa zuen heriotzaren kezka. Beti sortu nahi izan zuen abesti bat bizitzaren eta heriotzaren arteko loturaz, eta arreta deitu zioten Joxan Artzeren bertso hauek: "Sortzean hasi bahaiz bizitzen,/ sortzean hasi haiz ere hiltzen./ Taupadaz taupada bizten hoan heinean,/ taupadaz taupada hoalarik ere itzaltzen.../ Eta horri zeritzagu bizitza./ Eta zergatik ez heriotza?"
Esklerosi anizkoitza diagnostikatu ziotenean yogan hasi zen gure amarekin. Amak ere ondo maite zuen Iñigo, eta ez zitzaion batere zaila, bereziki xarmanta baitzen pertsona helduekin. Beti galdetzen zion guregatik, eskumuinak bidaltzen zizkigun. Euskadin, jende gutxi Iñigo Muguruza bezain kariñosoa.