Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Bob Dylanentzat nostalgia heriotza da

Bob Dylanentzat nostalgia heriotza da

Markos Zapiain 2019/04/30 17:25
Barakaldon eman zuen kontzertuaren kronika. Argian atera da.

Argian atera da.

Bob Dylanentzat, nostalgia heriotza da, garrantzitsuagoa da zuzenekoa diskoa baino. Lau mila bat kontzertu eman ditu honezkero. Miresgarri zaion hainbat abeslarik egundo ez du diskorik grabatu. Eskarmentu handikoa dirudi agertokian, hamaika gudutan gogortua, oinarrizko arintasun bati eusten dion arren. Ematen du milaka behiren esnea zurrupatu eta zu oraindik ezagutzera heldu ez zaren sekretu baten jabe dela. Deabrua bezain misteriotsua da.

Joan den ostiral iluntzean Barakaldon izan genuen. Jende-samalda nabar bat ageri zen BEC inguruan, zahar, gazte, beltz, hippy, funtzionario eta abar. Mairurik ez, txinatarrik ere ez. Langile apalak bai, Tom Waitsen Kursaalekoaren erdia balio zuen sarrerak. Aretora sartzera gindoazela, pizten hasiak ziren farolak, berotzen airea, zarata bat entzun zen ortzian. Aspaldion ohi bezala, ordu eta hiru laurdeneko emanaldia eskaini zigun, hogei abesti, zortzi bakarrik 1997 baino lehenagokoak.

Segurtasunekoek zale baketsuon eskuak zorrozki zaintzen zituzten, debekaturik baita edonolako grabazio. Joan den astean Dylanek bigarren bisa eten zuen grabatzen ari zitzaion mugikor baten flashak poxelu egiten ziolako. Publikoari errieta egin ostean, estropezu egin eta Elvisekin eta Laboarekin bildu zen ia.

Lau urte zituela abestu zuen lehenbizikoz jendaurrean, senideentzat, amonaren urtebetetzean, eta lurrean ostikoa jorik arreta erakarri eta halaxe gaztigatu zien: “Hasiko naiz soilik behin denak lasaitu eta isildutakoan”. Begirune hura exijitzen jarraitzen du 73 urte geroago ere. Dena den, berehala ahaztu genuen seguraten azterketa, segituan ohitu garen legez Interneteko eta edonongo kontrolera.

Things Have Changed-ek abiarazi zuen emanaldia. Dylanek garbi utzi zigun nola ikusten duen bere burua munduan kokatua: “Jendea txoroa da eta garaia estrainioa; harrapatua eta entzerratua nago, urrutiegi; lehen ardura zitzaidan, baina gauzak aldatu dira".

Ezohikoak dira Dylanen ahotsa zein kantaera. Hori dela-eta ere, egurra ematen diote. Kexatu egin da: "Zergatik idazten dute apoak bezala abesten dudala? Tom Waitsi sekula ez diote gisakorik leporatu!". Ez zaitez kezkatu, Bob, apoa baita, Koldo Izagirrek dioenez, basatzetako urretxindorra. Gainera, sinesgarriagoak egiten dira apoaren kantaeran Tryin’ To Get To Heaven-en bota zizkigunaren tankerakoak, alegia, "uste duzunean guztia galdu duzula, ohartzen zara oraindik pixka bat gehiago gal dezakezula".

Nondik nora erakartzen du hainbeste iseka eta erantzuki, batez ere ortodoxia progrearen aldetik? Plagiatzaile, gezurti, lapur, juduegi, kristauegi, apoegi, zaharra eta txotxintzen hasia, zekena, kapitalista, larregi erretzen du, larregi edaten... Egia da orain bere whiskey propioa ekoizten duela, Heaven’s Door, eta batere txarrak izan ez diren kontzertuetan nabarmen edanda ikusi dugula Euskal Herrian bertan; hori 90eko hamarraldiaren erdialdea baino lehen gertatu zen ordea, seme-alabek zurruta baztertzeko eskatu eta Dylanek amore eman aurretik. Tabakoa uzteko eskatu zioten orobat, baina ez da hain erraza.

Bestalde, apoarenaz gain, badu Dylanen kantaerak leize eta ezkilaren kutsua ere, metralla herdoilduarena; ñabardura leun eta delikatuak halaber. Batzuetan kanta berean biltzen du hori dena, hala nola gure kontzertuko Early Roman Kings-en: “Bihar ostirala; ea zer dakarren; jende guztia ari da hizketan hasierako erromatar erregeez”.

Hirugarren abestia Highway 61 Revisited izan zen. 1905ean Errusiako Tsarrak juduen aurkako jazarpena lagundu zuen, milaka judu hil eta torturatu zituzten, eta Dylanen aiton-amonek Odesatik AEBera ihes egin behar izan zuten. Bob Dylanen bataio-izena Shabtai Zissel ben Avraham da, Abraham izena baitzuen Dylanen aitak, nahiz eta txikigarriaz deitzen zioten, Abe. Dylan nerabeari errabino bat ekartzen zioten New Yorketik, Biblia arretaz irakurri eta interpretatzen laguntzeko. Munta berezia du Apokalipsiak haren iruditerian. Aldiz, “61 Autopista Birbisitatua”k Genesia du oinarri. Halaxe kantatu zigun Aberen semeak: "Oi, Jainkoak Abrahami esan zion ‘hil zure seme bat niretzako’; Abek erantzun ‘txo, adarra jotzen ala?; Jainkoak ezetz; Abek ‘zer?’; Jainkoak ‘egin nahi duzuna, Abe, baina hurrengo aldiz ni ikustean hobe duzu lasterka ateratzea’; Abek ‘non nahi duzu krimen hori egitea?’; Jainkoak ‘kanpoan, 61 autopistan’.”

Bosgarren abestia ez zen Cry A While izan, azken hilabeteetan bezala, baizik eta Dignity, ez zuena 2012az geroztik abesten. Jarraitzaileak txundituta: “Gizon mehea bere azken otorduari begira, duintasunagatik; edonora noala ere, poliziari galdetzen diot ea duintasuna ikusi duen.”

Like A Rolling Stone biziberrituak igo zuen publikoaren entusiasmoa gailurrera. Don’t Think Twice, It’s All Right anbiguoak hunkitu zizkion sakonkien barne-muinak. Honest With Me zakarrak, emanaldiko kanturik ezezagunenak, ausardia ekarri zuen: “Ez naiz damu egin dudan ezertaz. Pozik nago borrokatu nintzelako. Hori bai, nahiago irabazi bagenu.” Soon After Midnight izan zen kontzertuaren bihotza eta talismana. Bat nator putetxeko bezero argala hiltzen dutela dioen irakurketarekin.

Minnesotakoak ez du bere burua kantaren gainetik nabarmentzen; beti jartzen du apalki bere kemena eta arnasa kantaren zerbitzura. Abesti horiek ez dira denbora-pasa hutsa, baizik errepublika aske ikusgaitz batean bizitzeko bidelagunak. Jende askoren bizimodua gobernatzen dute. Dylani gertatzen zaizkion edo ikusten dituen gauza arraroez mintzo dira. Kantara ekarri baino lehen, hausnartu eta bere modura ulertu egin du gertaera edo ikuskizun hori, eta urrutiratu egin da horrenbestez iritzi nagusi eta toki komunetik.

Inork ez zuen dantza egin, nahiz eta Highway 61 Revisited, Dignity, Honest With Me edo Thunder On The Mountain jo zituenean zale batzuk zutitu eta mugimendu eta garrasi idolatrikoak zuzendu zizkioten. Artritisak jota ditu hatzak; ezin gitarra jo, bai haatik pianoa. Behin bakarrik aldendu zen pianotik, emanaldiaren erdialdera, Scarlet Town abesteko. Dylan gizon exotikoa da eta txit ezaguna haren irudia. Hala ere, 2009an atxilotu zuten. Agente gazteak susmoa hartu zion, agure hura, euripean bakarrik txango, ez ote zen ospitale batetik ihes egina. Geldiarazi beharrekoa iruditu zitzaion haren ibilera erraria, Scarlet Town entzuteaz batera kontenplatu ahal izan genuen ibilera musikala: “Jaio nintzen hiri eskarlatan gurasoen mamuen aurka borrokatzen gara; osaba Tomek osaba Billentzako lan egiten du oraindik; laguntza iristen da, baina beranduegi; maitasuna bekatua bada, orduan edertasuna krimena da…”.

Alboan egokitu zitzaidan Hernaniko funtzionarioak ziurtatu zidan Dylanek so egin ziola Pay In Blood-en “zatoz hona, zure buru nazkagarria hautsiko dut” abestu bitartean. Bortizki sentitu omen zuen begi-kontaktua. Infinitua da Dylanen pozoi-hornidura, eta jarraitzaile guztiok nahi dugu pixka bat.

Aretotik gaura irtetean epel eta distiratsu zegoen artean atmosfera.

 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.