Houellebecqen Deuseztatu eta eutanasia (II)
2026an dago kokatua "Deuseztatu". Interneti lotutako terrorismo gogor baina lauso batek markatzen du mundua. Militar aurreratuenen puntako arma eta jokabideak erabiltzen dituzte, eta, propagandarako, sarearen erabilera teknikoki jakintsu bezain maltzur eta harrapagaitza.
Zerbitzu sekretuak galduta daude. Erasoek ezaugarri komunak dituzten arren, batzuetan integrista katolikoek eginak dirudite, beste batzuetan ezker muturreko komandoek, edo bestela John Zerzanek inspiraturiko anarkoprimitibistek, suntsitu nahi dutenak ez bakarrik industria, komertzioa eta teknologia modernoa; gainera, nekazaritza, erlijioa, artea eta are hizkuntza artikulatua bera ere desegin nahi dituzte; gizateria Erdi Paleolitora itzularaztea dute helburu.
Paul Raison protagonistaren aita orain dela gutxi arte “egoera begetatibo” esan izan zaion horretan dago. Houellebecqek susmoa du, zaharra eta begetala nahasten dituen terminologia hori, ez ote den eutanasia hedatzeko eta ezartzeko prestaketa-lana izan. Nolanahi ere, berriki, politikoki zuzenaren izenean, baztertu egin da barazki kutsu hori, eta orain “erantzunik gabeko esna-aldia” deitzen zaio Édouard Raisonen egoerari: mundua hauteman bai, hauteman dezake, baina ezin dio munduari erantzun, munduari eragin.
Frantzian ere murrizketak aplikatzen ari dira zaharrak zaintzeko erresidentzia espezializatuetan, eta familiak argi dakusa horrek berehala hilko duela aitona. Zaharren hobe beharrez murrizketei iskin egiten dieten medikuak bataila galtzen ari dira, baliabide eskasak berdintasun zurrunez banatu nahi dituztenen aurka. Houellebecqek borondate ona eta berdintasuna zorrozki ezartzearen aldeko jarrera kontrajartzen ditu.
Erizainek ez dute aski denbora zaharrak behar bezala garbitzeko, altxatu ezin direnek zarakar ikaragarriak dauzkate. Asko ezin dira komunera beren kabuz joan, etengabe deitzen diete erizainei mugikorrera, baina ez dago erizain nahikorik. Garrasika ere deitzen diete. Sarritan, erizaina iristen denerako, agurea kaka gainean egina da, lurzorua ere kakazturik aurkitzen du, eta guztia garbitu behar izaten du.
Dena den, afrikar jatorria duen erizain baten esanetan, pixoihal zikinak eta kaka desatseginak badira ere, okerrena agurearen etsipen izutua izaten da, begirada erregutzaile hori, eta hitzak, eta hitzen doinua: “Biziki atsegina zara, andereño.” Gure erizainari burura datorkio Afrikan ez dela gisakorik gertatzen, eta lantoki duen erresidentzia baldin bada aurrerapenaren ikur, ez duela merezi.
Bikotekideak eta seme-alabek Édouard handik atera eta etxera eramatea deliberatu dute. Frantzian eriak edonoiz erabaki dezakeen arren ospitaletik irtetea, Estatuak ezin baitu gaixoa artatua izatera behartu, hala ere nahi hori adierazi egin behar du, garbi formulatu. Eta Édouardek ezin du.
Etxera eraman ahal izateko, horrenbestez, ez dute bahitzea beste erremediorik izango.
Houellebecqen Deuseztatu eta eutanasia (I)
Lehengoan Booktegin Nerea Arrienek kontatu zuen "Jende likidoa" idatzi zuenean nahita kendu zituela kezka filosofiko esplizituak eta saiakera zantzuak. Literatoek disimuluan ibili behar izaten dute: Gallimard argitaletxeak Sartreren "Goragalea" arbuiatu zuen handiegia ei zuelako zama metafisikoa. Ayn Rand-ek ere, filosofia zabaldu nahi zuen, goi-mailakoena, baina best-seller eta film popularren bitartez, ikus-entzulea larregi nekatu barik.
Edozelan ere, Arrienek zalantzan jarri zuen generoen kategorizazioa, batzuetan ematen baitu nobelak, autorea filosofiaz husten ahalegindu arren, saiakera barnera dezakeela, eta alderantziz.
Bat nator: nobelak oharkabean edo zeharka bere garaiko mundu-ikuskera nagusiaz adieraz dezakeenaz gain, eleberri batzuetan pintatzen diren ekintzak baino interesgarriagoak izaten baitira protagonistak ekintza horietara daramatzaten arrazoibideak. Horixe berorixe gertatzen da "Deuseztatu"n, Michel Houellebecqen azkeneko nobelan (protagonismo handia du bertan Bruno Le Mairek, Senperen badakite nor den. Houellebecqen lagun ona da, eta nobelan Bruno Juge du izena). Zenbait saiakera dauzka “Deuseztatu”k bere baitan; esaterako, eutanasiaren aurkako tratatu txiki bat, Philippe Ariès-en “Gizakia heriotzaren aurrean” eta Simone de Beauvoirren “Zahardadea”ren oihartzunak dakartzana, baina oroz gain Luc Ferryren pentsamenduarena. Hein batean, Ferryren "Maitasunaren iraultza" nobelara ekarria da "Deuseztatu".
Houellebecqen iritziz, eutanasia legeztatzen duen zibilizazioak ez du begirunerik merezi. Haatik, munduan, hau da, Frantzian, nabarmena da eutanasiaren aldeko giroa, halaxe sentitzen du Houellebecqek. Ekologismo sakonaren jarraitzaile batzuek aldarrikatzen dute gizakiak arriskuan jartzen duela planetaren biziraupena; hortaz, gizakia desagertuko balitz, hobeto. Hainbat taldek dauka helburu horixe: Humanoak Borondatez Desagertzearen Aldeko Mugimenduak, Eutanasiaren Elizak (honen zutabeak suizidioa, abortua, kanibalismoa eta sodomia dira), eta abar.
Selektibitatea, bokazioaren etsai
Ez da bidezkoa indarrean dagoen Selektibitate ereduak bazterrean ustez bokazio argia daukan horrenbeste ikasle. Badago ikasle mota bat, Matematiketan edo Historian beti 10 ateratzen duena, eta beste ikasgaietan 6 edo 5 edo penko. Biziki interesatzen zaio arlo jakin bat, eta gainerakoak ez hainbeste. Garai batean bokazioa deitzen zitzaion, ikasle bokazionala. Institutuan erdipurdi zebilen arren, bokazioari zegokion karreran kohetearen antzera jotzen zuen goiti.
Oraingo Selektibitate honek ikasle mota hori kaltetzen du batez ere; aldiz, ikasgai guztietan, zaletasun argi barik, ondo dabilen jendea saritzen du. Arazoa da saritutako ikasle horiek, sarriegi, graduari ekin eta ez dutela bere sentitzen, aspertu egiten direla, utzi nahi izaten dutela. Gora doa gradua hasi eta buka segidan egiten ez duen ikasleen batez bestekoa.
Aurten badut ikasle bat, T.R., Matematiketan beti 10 atera duena, txikitandik. Beste ikasgaietan ere oso ona da, Filosofian 9 atera du, Euskaran, Gazten eta Ingelesean 8.
Ordea, ez dio ematen Matematika ikasteko, gutxieneko nota 13tik hurbil baitago.
Ikasle mota hori ari gara sakrifikatzen. Zentzu horretan, gure hezkuntza sistema bokazioaren etsaia da.
Gero eta larridura handiagoa sumatzen da Institutuetan; baina ez soilik ikasturtea errepikatzeko arriskuagatik, edo suspenditu duzulako, baizik eta 9 atera duzulako, eta ez 10.
Gero eta ikastetxe gehiagok eskaintzen dizkiete ikasleei antsietatea kontrolatzen ikasteko ikastaroak. Ohitura bihurtzen ari da pasilloan bere onetik ateratako ikaslea aurkitzea, negarrez, arnasa hartu ezinik, dardarka, eta anbulantziak eramatea.
Aberatsa izateak arazo horietako asko konponduko dizkizu: AEBetan ikasi ahalko du Matematika zure umeak, edo Medikuntza Deustun, urtean 15.000 euro ordainduta. Baina jende arruntari nolabaiteko selektibitatea ezartzea saihetsezina baldin bada, ez litzateke egokiagoa fakultate bakoitza arduratzea ikasleen hautatzeaz?
Horrela ez genioke ikasle singularrari bokazioa zapuztuko, eta Batxilergoko antsietate-mailak, batik bat neskei eragiten diena, behera egingo luke.
Darwin espainolei buruz
Darwin arrazista zen, uste zuen goi mailako arrazak daudela, oroen gailen ingelesena, hau da, berea, eta behe mailakoak, primitiboak, hurbilago dabiltzanak animaliengandik. "Gizakiaren Jatorria" liburuko bosgarren atalean bere buruari galdetzen dio nondik ote datorren espainolen gainbehera arraza gisa, espainolen ergelkeria intelektual eta etikoa. Darwinen azalpena: Inkisizioak hiru mende luzeetan espainolik zalantzati, adimentsu eta ausartenak akabatu zituen. Urtean, batez beste, mila inguru. Horrek birrindu du arraza espainola. Arrazakeriaren aurkako sentiberatasuna dela eta, gaur egun gogorra egiten zaigu horrelakoak irakurtzea, baina zer ez ote zuen erantsiko Darwinek Sergio Ramos ezagutu izan balu...
Bultoa eskuan
Nori onartuko litzaizkioke honako bertso eta giro hauxe, ez hain aspaldikoa, baina gaur egun, eta Mañuren ordez Etxahun Lekue, Amets Arzalluz edo arraren ezaugarri bistakoak dituen beste edozein ipinita, zeharo pentsaezina? Gaia: Miren Amuriza azafata da, eta hegazkinera igotzen nori utzi eta nori ez erabaki behar du. Fredi Paiari ez dio utzi, Amets Arzalluzi ere ez. Mañuren txanda heldu eta, Jainkomendikoak kontatzen duenez, “esan jostan, ba, mutil guapue ta noblie emoten nebala, baina gerrittik behera baneukola bulto bat, eta haxe zer zan ikusi barik, dudie emot’otsola nigaz zer egin, da kantatu najotsan:
Berdingabeko jakinduria
Dezu buruko kaskuan
Ta horregatik agintzen dezu
Nor juan edo ez juan.
Nire gerriko bulto honekin
Ibili gabe juzkuan
ez dizu ezer egingo eta
hartu zaidazu eskuan.
Harek ein jittuan barriek!”
Miren Amurizaren aitari kontatu dio hori Mañuk, eta Xabier Amuriza izango da ziurrenik bertsolaritzaren eta filosofiaren biltzeak zein fruitu ederrak eman ditzakeen darakutsan figura behinena, Haritz Garmendia gaztearekin batera.
Sokrates bezala, izkribuarekiko mesfidantzak bizi du Mañu, irakurtzeko orduan nahiz idaztekoan, nobleagoa zaio esana idatzia baino, eta, goitik behera badago ere Jainkomendin sustraiturik, Sokrates bezain atopos da, kokaezina, harrapagaitza, sarritan egiten dielako irri, eta berariaz, inguruan nagusi sumatzen dituen dogmei. Eszeptiko samarra du jarrera, botereaz eta oposizioaz eta antibotereaz denaz bezainbatean, eta beti saiatzen da gozatzen eta gozarazten, ez bere buruari ez beste inori kalterik egiteke.
Xelebre ospea. Mañukortaren etekina
Bertsolariak eta filosofoak, baita Filosofia irakasleak ere, biek izan dute ilargitarraren ospea, bere kasa dabilenarena, Tales edo Pernando Amezketarra bezalako aitzindari bide-erakusleengandik hasita; halatan, sinpatiaz onartzen zaizkie beste herritar zein irakasleek debeku lituzketen hainbat estrabagantzia. Orain dela bizpahiru hamarraldi Bermeon bertso-saioa antolatu eta Jon Maiari ahaztu egin zitzaion etortzea; Maialen Lujanbio berandu iritsi eta aparkatzean portura erori zen ia, atzeko gurpilak erdi zintzilik itsaso orrolariaren gainean. Bertsolaria, badakizu. Filokoa, badakizu, koitadua, berriro aurkitu dute billarretan Formakuntzako orduan.
Zentzu horretan, Mañukorta izango da beharbada bertsolaririk filosofoena, pekuliarrari dagokion estatus pribilegiatuari etekinik oparoena atera diona. Beste edonori txantxetan ere ez litzaizkioke onetsiko Mañuk ez bertsotan inoren ahotan baizik eta bere izenean Bertsonajea liburuan Xabier Amurizari Francoren alde adierazitako arrazoi sendoak: ferroldarraren sasoian ez ei zegoen langabeziarik, langileentzako paga estra biak ezarri zituen, jubilazioa ere bai. Kriminala izango zen, baina baita beharginen lagun fina ere. Mañuk, zertara edo hartara, laguna omen zuen Franco.
Zirika ibiliko da agian, datuak erabilirik haatik; egia egia baita, euskaldunak esan nahiz espainolak esan.
Autistaren lotura
Orain dela dozena urte inguru Asperger bat izan genuen, Oier deituko diot, nerabe seriosa, bere baitan itxia, ia harremanik ez ikaskide-irakasleokin, begiratu ere ez zigun egiten. Halako batean, epistemologiari buruzko jakin-mina piztu eta hilabetean bere irakasleok bizialdi osoan baino gehiago eta zehatzago jakitera heldu zen. Egun batean, Fredi Paia eta Xabier Silveira ekarri genituen. Areto Nagusian jesarlekuak bukatu eta Oier erdiko pasilloan eseri zen, behearen gainean. Haren barre-algarak, Silveira eta Paia hasi orduko! Ez ziren saio osoan etengo! Institutuan eman zituen sei urteetan egundo ez nuen ikusi inorekin horrela konektatzen. Huraxe izan zen benetako harremana eta benetako lotura sumatu nion egun bakarra.
Azterketa eta kartzela
Dirudienez, mugikorraren eraginez, besteak beste, inoiz ez bezain sakabanatua eta urduri dabilkigu atentzioa. Gainera, eta mugikorra baino lehenagokoa da joera hau, nekeza zaigu edozeri buruz geuretik mintzatzea, errazagoa da besteri entzundakoa edo irakurritakoa gogoratu eta ziplo botatzea. Kasurako, azterketako galderak irakurri orduko hasten zara erantzunak idazten, denbora kosta lain kosta irabazi guran-edo, ez jakin zertarako, beti entregatzen baituzu txirrinak jo baino lehen.
Kartzelako ariketak iradoki zidan pentsatzeko orduan hain kaltegarria den presa hori desaktibatzeko bide bat. Aspaldion, ikasleei azterketak banatu eta ordu laurden igaro ostean baino ez dizkiet bolalumak ematen. Ordu laurden horretan egin dezaketen gauza bakarra da galderak patxadaz irakurri eta erantzunei buruz pentsatzea. Distantzia hartu, perspektiba aukeratu, erantzun osoa irudikatu, gogoan erabili eta taxutu, amaiera erabaki, kartzelako lanean bezala, eta ez erantzuna di-da goitikatu. Idoia Pujana bertsozaleak jakinarazi dit Suediako Institutuetan ere, Biologiako azterketetan bai bederen, ohikoa dela jokabide hori. Oxala gero eta ikasgai gehiagotara zabalduko balitz, eta azterketa orotan ezarri, hain baita onuragarria.
Kometaren heldulekua
Filosofia ikasteko orduan, izugarri laguntzen du bertsolaritzak. Beste ariketa batzuek ere bai, noski, hala nola irakurtzeak, egunerokoa idazteak, instrumenturen bat jotzeak. Burmuineko gune berezi bat pizten zaio ezustean nerabeari atzamarrak partituran irakurritakoaren arabera mugitzen ahalegintzen delarik, irakurketa eta interpretazioa eskuen bitartez sinkronizatzen dituelarik. Orobat, gai baten inguruan irudiak eta ideiak asmatu eta doinu eta hitz neurtuetan tolestera entseiatzen delarik, diziplina eta autokontrola sormenaren abiapuntu eta euskarri. Hori dena primeran datorkio Filosofiaren ikaskuntzari.
Ikasle ditudan bertsolariak ez dira bereziki langileak, ia beti alderantziz; emaitza bikainak izaten dituzte ordea, azterketetan azkar bezain originalak direlako, hizkuntzarekin duten harreman sakona lagun. Gogoangarriak izan dira Filosofian Iker Uriarte, Nerea Amparan, Ane Lastra, Lore Barrena, Sergio Serrano, Nagore eta Aitor Beitia, Ander Oleaga, Unai Egaña eta Anertz Muniategi bertsolariak.
Indartsua da bertsoaren zein filosofiaren moldagarritasuna inguruko ia edozer erabiltzeko elikagai gisa. Unai Iturriagarenaz gain komikiarekin, esanguratsua da halaber Maddalen Arzalluzen harremana Doraemon katu kosmikoarekin, edota Nerea Ibarzabal Lazkao Txiki eta Pernando Amezketarraren marrazki bizidunak ikusiz bertsozaletu izana txikitan, eta Harry Potterren inbokazioa Miribillan; gogora dakarte nola baliatzen zituen Gilles Deleuzek tenisa, txikiteoa zein B serieko filmak, edota Clément Rosseten eta Tintinen arteko lotura estua. Filosofiak ez dakigunari buruz dihardu, baina dakiguna oinarri hartuta; gaur egun, batez ere Biologia eta Ekonomia. Era berean, bertsotan, oinarri material mugatu batetik aireratzen da irudimenaren jolas mugagaitza. Fantasia eroa eta azpiegitura trinkoa horrela biltzeak egiten du bertsoa hain liluragarri.
Matematikan eta Fisikan ikasleek klase partikularrak izaten dituzte ikastetxetik kanpo. Filosofiakorik ez dago, bertso-eskolak betetzen baitu zeregin hori. Filosofian konpontzen ez den ikasleren bat daukadanean, bertso-eskolara joateko aholkatzen diot. Gurasoei ere bai. Asmamen indefinitua hitz eta neurri zehatzetan mamitzeko trebetasuna lantzen duen gazteak nabarmen jotzen du aurrera Filosofia eta Historia bezalako ikasgaietan, zer esanik ez Euskaran; are Biologian.
Filosofia eta bertsolaritza (I)
Bertsolari aldizkariaren udaberriko alean atera da "Filosofia eta bertsolaritza"
Hauxe kantatu zuen Aitor Etxebarriazarragak Bizkaiko azkeneko finalean, Miribillan, hasierako agurrean, eta gogo biziz txalotuko zukeen Chamfort moralistak:
Nik neure bertsoa dakart,
eta helburua argi:
gozaraztea zuei,
eta nire buruari.
Chamforten ustez, Etxebarriazarragak adierazitakoak, edozein bertso-saio edo jarduera artistikoren helburu ez ezik, giza bizitzarena ere izan behar luke, etikaren muina baita. Chamfortek, hitzez hitz: “Gozatu eta gozarazi, zure burua edo beste inor kaltetu gabe, horra hor, nire ustez, moralaren funtsa”. Harrigarria da zenbat pasabide dagoen bertsolaritzaren eta filosofiaren artean. Nerea Ibarzabalen tankeran esateko, filosofiaren ahala ere konjuratu beharra dago bertsolaritzaren mesedetan; hasiak zaizkigu honezkero bertsotan Simone de Beauvoirren lau bihotzak.
LEGATZA ETA BEHIA
90eko hamarraldian Jon Lopategi etortzen zitzaigun Bermeoko Institutura bertsotan irakastera. Behin batean, hipotesi interesgarri hauxe jakinarazi zidan, mendiak zergatik eman izan duen itsasoak baino bertsolari gehiago azaltzeko: legatzari bertsotan egin eta ez dizu erantzuten; behiak bai. Eta Nietzschek idatzi zuen filosofoak behiaren antzekoa behar duela, hausnar luze geldoan kontzentratua. Horregatik egongo da apika hainbeste parekotasun eta elkargune filosofiaren eta bertsolaritzaren artean.
Foucault eta Deleuzeren iritziz, filosofiak tresna-kutxa izan behar du, filosofiatik at erabiliak izateko kontzeptuak gorde eta eskaini, filosofiatik kanpo funtzionatu. Bestela, ez du balio. Halatan, saiakera bat argitara emateko edo ez emateko irizpide bat izan liteke ea bertsolariak eta bertso-jartzaileak erabil ote lezaketen, bertatik arrazoiak atera, ea ondo letorkiekeen testuko ideiaren bat. Hala ez balitz, hobe isilik, pedantekeriak joa egongo baita ziur aski.