Depresioa
DEPRESIOA
Atzera ere berandu natorkizue. BERRIAn neukan ohiturari jarraiki, ostegunero idatziko nuela agindu nizuen, eta dagoeneko bitan egin diot kale emandako hitzari. Aitor dut inprimategia nire zain ez egoteak ez didala onik egiten, eta presiopean hobeto lan egiten dudala, baina nago aitorpen hori eskasa dela oso, eta zerbait instituzionalago bat behar dudala nire jarraitzaile andanak barkatuko badit.
Bihoakizue, beraz, honekin batera nire barkamen eskaerarik zintzoena.
Esan nezake, noski, idazteko asmoa izan banuela. Eta esan nezake, halaber, nire buruari agindu niola Urepeletik iritsi bezain pronto ekingo niola zutabe hau idazteari, baina, zoritxarrez, auto ilara luze batek zapuztu zituela nire asmoak. Alabaina, horiek aitzakiak baino ez lirateke. Egia esan behar badut, ez nuen idatzi depresio latz batek eraso egin zidalako.
Nola definitu, bestela, Urepeletik atera bezain pronto harrapatu ninduen tristura? Nola azaldu sentimendu hura?
Bai, ene lagunok, bat-batean deserriraturik sentitu nintzen nire herrian, isolaturik nire inguruan, abandonaturik nire familian. Bat- batean neu nintzen artaldeko ardi beltza. Ardi beltz bat zeinak, euskalduntasunaren ezaugarri behinenari muzin eginez, korrika egiteko batere aproposa ez zen kaleko arropa arrunta baitzeraman soinean. Non eta Korrikan!!
Ez Ternua, ez Quechua, ezta Kalenji ziztrin bat ere...
Korrikako hastapeneko urte urrun haiei gorazarre egin nahi niela egin nuen oihu lau haizetara baina alferrik izan zen.
Euskarak batzen gaitu, bai, baina Decathlonek bereizten gaitu.
Alabaina, okerrena etortzeke zegoen. Izan ere, 500 metro egin eta barea agertzearekin batera, txapela ezagun batek aurreratu baininduen ezkerretik. Txapelaren azpian, Tasio Erkizia euskaltzale betierekoa, nirearen aldean supersonikoa iruditu zitzaidan abiadura batean.
Harrapatzen saiatu nintzen baina ezinezkoa gertatu zitzaidan. Berak txapela ez ezik txandala ere bazeraman, eta niri prakak erortzen zitzaizkidan, lotsagarriki erori ere.
Ia negarrez esan nion agur Korrikari Aldudera iritsi baino lehen...
Gurutzada
GURUTZADA
Lau urte igaro dira Berrian “Becquer Iñakirentzat” izeneko zutabea argitaratu nuenetik. Lau urte Iñaki Oyarzabal parlamentari popularrak Eusko Legebiltzarreko talaiatik “nortzuk dira Kontseiluko taliban horiek?" mingarri hura lau haizetara bota zuenetik. Lau urte pasa dira eta –Su Ta Gar taldekoek kantatzen zuten bezala- berdinetan gaude.
Atzera ere agertu da gure parlamentuetako batean “taliban” hitza. Atzera ere Iñaki Oyarzabalen ahotan, zeinarentzat EAJko zein EH bilduko parlamentariak hizkuntzaren fundamentalistak diren. Iñakiren ustez parlamentari horiek neurrigabeki maite dute euskara, hainbesteko pasioz non maite duten hizkuntzarentzat berarentzat arrisku bihurtu diren. Euskarari tratu txarrak eragiten dizkiotela ere esan zezakeen, edo are, euskarari bagina-urraketa latzak eragiten dizkiotela bortxatzen duten bakoitzean, baina horrelako adibideak erabili beharrean “taliban” hitza aukeratu du.
Iñaki Oyarzabal ez baita talibana.
Ezta Carlos Urquijo Estatuko ordezkari txit begiluzea ere, zeinak euskara salbatzeko tema gurutzada bihurtu duen. Euskarak etxean bertan ditu etsaiak, eta gurutzea esku batean eta ezpata bestean, fedegabeen kontra borrokatuko delako zina egin zuen orain dela lau urte Espainiako Konstituzioaren aurrean.
Eta euskara defendatuko du, kosta ahala kosta defendatu ere, Carlos Urquijok ere euskara maite baitu.
Gorputzaz bainoago arimaz. Hizkuntza bera ukitzea eta laztantzea ere galarazten dion eran.
Carlos Urquijo, Santa Teresaren antzera, mistikoa baita.
Haiek kristauak, gu mairuak.
Lau urte igaro dira eta haien gurutzadak ez du etenik.
Ala Handia da!
Kiroltasuna
KIROLTASUNA
Batzuetan bestelakoa izan nahiko nuke.
Batzuetan horren politikoki zuzena ez izatea gustatuko litzaidake, ausartagoa izatea eta dena popatik hartzera bidaltzea. Batzuetan han-hemen ikusten ditudan jarrera deitoragarriak neure egin nahiko nituzke.
Naizen bezalakoa naiz, baina, eta ez dut uste orain, nire adinean, aldatzen hasiko naizenik.
Joan den larunbatean, urrunago jo gabe, futbol-zelai batera salto egin eta partida mozteko tentazio ikaragarria izan nuen. Barneak esaten zidan hesia zeharkatu behar nuela.
Hesia zeharkatu eta sekulako iskanbila sortu.
Entrenatzailearengana joan eta zartako pare bat eman adi ez egoteagatik.
Arbitroarengana hurbildu eta sekulakoak esan partida bertan behera ez uzteagatik.
Baina, batik bat, barneak zera eskatzen zidan, jokalari zital eta harroputz horrengana -zeinak, ez dezagun ahaztu, baloia aurkari baten hanka artean pasatu ostean "jajajaja" ozen baten bitartez barre egin baitzion aurkari horri berari- joatea eta, belarritik tira egin ostean, ostikoka zelaitik ateratzea...
Bai, hori guztia egin behar nuela esaten zidan barneak baina ez nuen egin.
Eta ez nuen egin, ez soilik eskola-kirola programaren barruko partida soil bat zelako, ezta hamar urteko alaba zelaian nuelako ere, ezpada bat-batean konturatu nintzelako ezin ditudala haur haien guztien heziketaren zama nire gainean hartu, ohartu nintzelako ezin ditudala nireak ez diren umeak zelaitik atera kiroltasunez eta aurkariaren aurrean errespetuz ez jokatzeagatik.
Beno, horregatik guztiarengatik eta -ezin ukatuko dugu- hesia zeharkatzeko gehiegi makurtu behar nuelako, erabat antinaturala eta biziki mingarria zirudien keinu batean.
Eta nire adinean ez naiz horrelakoak egiten hasiko...
Tragedia
TRAGEDIA
Zerbait txarra baldin badago bikote harremanetan hori desamodioa da. Hain da txarra non nekez irudika baitezaket hori baino tragedia handiagorik. Bizitza osoan pertsona bat maitatu, haren ondoan egon, une onak zein txarrak elkarrekin konpartitu eta, egun batetik bestera, dena alferrikakoa izan dela eta behinola erakarri zintuen horrek zuregan nazka baino ez duela eragiten sentitzeak latza behar du izan.
Duela gutxi jakin dut bi lagun bereiztekotan daudela. Lagun horietako bat –dei diezaiogun, esaterako, Patxi- bere komunitateko, herriko futbol taldeko eta auzoko elkarte gastronomikoko presidentea izan da hainbat urtez eta bikoteak –dei diezaiogun, esaterako, Mikel- lagundu egin dio zama hori guztia eramaten. Egia da, egia denez, ardura horietan ez dutela beti asmatu, eta egia da, halaber, noiz edo noiz oso zilegi ez ziren neurriak hartu behar izan zituztela. Alabaina, nork jokatzen du beti, uneoro eta egokiera guztietan behar den bezala?
Natorren harira, baina. Kontua da bikotea primeran moldatu dela orain arte. Mikelentzat ez zegoen Patxi baino pertsona hobeagorik kargu horietarako. Patxirentzat Mikel orfidal bat bezalakoa zen, hor egongo zela jakiteak lasaitzen zuen. Ez beti zuzen baina beti leial.
Atzo zuria zena, ordea, beltza da egun.
Patxik, zeinak betidanik ezagutu baititu Mikelek egindakoak, desegoki deritzo gaur behinola egoki irizten zionari. Eta -ezin ukatuko dugu- ez zaio arrazoirik falta.
Mikel, zeinak betidanik pentsatu izan baitu bikotea zela denetan onena, konturatu da, orain, Patxik sekula ez duela lanik egin bizitzan -izan dituen karguez baino haratago esan nahi baita- eta ez dakiela deus egiten beti dena egin izan diotelako. Eta –hau ere ukaezina da- ez zaio arrazoirik falta.
Desamodioa agertu da jada eszenatokian, ezpata eskuan daramala.
Arestian esan bezala, tragedia bat. Zehazki, tragedia greko-PSErromatarra…
Edo, nahiago baduzue, tragikomedia…
Mario Fernandezen memoriak
MARIO FERNANDEZEN MEMORIAK
...egia esaten badizut, amorrua sentitu nuen. Ni ordurako jubilatuta nengoen eta nire burua Copacabanan edota Acapulcon ikusten nuen, Antonio Basagoitiren konpainian...
...baina ez, Copacabanan egon beharrean epaitegiaren aurrean nengoen, zergatik eta pepelerdoren bati Mikel Cabieces-i emandako laguntza hura ustelkeria zela otu zitzaiolako! Hamaika ikusteko jaioak gara!!...
... Cabieces lagundu ote genuen? Jakina! Lagunduko ez genuen ba! ETAren kontrako borrokan lehen lerroan ibilitakoa zen! Zer egingo zenuke zuk, eh? Gainera, hura idatzi gabeko lege bat zen, ETAk iraun zuen bitartean denok bete genuena. Eta barkatuko didazu, ez zait iruditzen 6000 € hilean hainbesterako denik...
...Nola? Ea hura izan zen latzena? Ez, noski. Krisia izan zen latzena. Egun batetik bestera jende asko lanik gabe geratu zen, hipoteka-maileguari aurre egin ezinik....
...kasu lazgarri bat datorkit orain gogora: adineko emakume alargun bat zen. Semeak amaren etxea hipotekatu zuen negozio bat sortzeko baina krisiak pikutara bidali zuen negozioa. Etsipenak jota semeak bere buruaz beste egin zuenean, semerik gabe eta patrikan zulo ikaragarria zeukala geratu zen emakumea. Saiatu, saiatu ginen irtenbiderik onena bilatzen, baina, zoritxarrez, azkenean etxegabetu behar izan genuen...
...gertutik jarraitu nuen gaia, noski. Sukurtsaleko zuzendariari deitu nion galdetzeko ea ordurako azken galdera egina ote zuen. "Bai, Fernandez Jauna -erantzun zidan- dagoeneko galdetu diot ea terrorismoaren kontrako borrokan lehen lerroan egona ote den eta ezetz erantzun dit...
...maldizioka hasi eta, begiak bustirik, telefonoa eskegi nuen...
... ba,egotea zeneukan, emakumea... egotea zeneukan...
Euskal "tronkitoa"
Joan den astean, klasean geundela, euskaltegiko ikasle batek "euskal tronkito" bat naizela esan zidan.
Bai, badakit: horrela esanda, lausengua bainoago iraina dirudi, baina, azalpena entzun ostean, pozaren pozez atera nintzen gelatik, gandorra harro eta auto-estimua zut .
Has nadin, baina, hasieratik.
Kontua da Andoniren testu bat eraman dudala klasera
- Andoni? Nor da Andoni?
Eta ni zur eta lur geratu natzaie begira, txantxetan ari direlakoan.
- Nor den Andoni??? Andoni bakarra dago eta! Gure Andoni! Andoni handia!
Ez, ez eta ez, behin eta berriro errepikatu didate ez dutela Andoni ezagutzen eta azkenean sinetsi behar izan diet. Penaz beterik sinetsi ere.
Izan ere, euskaraz bizi eta euskal kulturaz zertxobait dakien edonork jakin baitaki ezen badirela egile eta sortzaile batzuk abizenaren beharrik ere ez dutenak ezagunak izateko. Euskaraz bizi den batentzat Fermin bakarra dago. Euskaraz irakurtzen duen bati nahikoa zaio Harkaitz idazlearen bisaia irudikatzeko. Euskaldun oso bati Maialen aipa iezaiozu eta berehala ikusiko du txapel bat eszenatoki baten gainean. Esaiozu Amets eta, artxila-murtxila, beste txapela bat agertuko da. Euskaldun oso bati esaiozu Bernardo. Esaiozu Martxelo. Esaiozu Ruper. Esaiozu Benito.
Abizenik izan badute baina ez dute abizenik behar nor izateko.
Esaiozu Andoni.
Bai, egia da, ezagunenak baino ez ditut aipatu. Baina egia da, halaber, euskaraz bizi garenok badugula imajinario kolektibo bat, asetzen gaituena eta gurea dena. Eta, zer nahi duzue nik esatea, pena da EGA titulua eskuratu nahi duten ikasle horiek imajinario kolektibo horren parte ez izatea.
Ez, ez naiz ahaztu, "Euskal tronkito" bat naizela esan zidan ikasleak eta badakit ezen, honaino iritsi bazara, irakurle estimatu hori, neurri handi batean amu horrek erakarrita iritsi zarela.
Behin Andoni handi eta bakar hura Egaña zela argituta -eta taldearen erdiak abizena esanda ere ez zuela ezagutzen frogatzeak eman zidan zartakoa jaso ostean- ikasleen erreferentzia kulturalez aritu ginen hizketan. Ezin jakin nola, Negu Gorriak-era iritsi ginen, handik Ferminengana eta handik Esne beltza taldeko kantariarengana.
- Xabi Solano.... uffffa! Hori Euskal Tronkito bat da... beltzarana... bizarrarekin... guapoa...
Berehala, esan gabe doa, ikasle guztiak ohartu ziren Xabi Solanorentzat baliogarria zen deskribapen hura euren irakaslearentzat ere baliogarria zela eta, gauzak horrela, ikasle txit zoli eta gustu oneko horrek begi-bistakoa zena ahoskatu beste aukerarik ez zuen izan....
Xabi Solanok eta biok elkarren eitea badugu, bai... Pipa erreko balu, igual-igualak...
- Bai, noski, zu ere "Euskal Tronkito" bat zara...
Arestian esan bezala, gandorra harro eta auto-estimua zut, zeharo hanpaturik...
Poesia krisian
POESIA KRISIAN
Ez naiz oso poesia zalea. Ziurrenik, behar baino gutxiago irakurri dudalako. Ziurrenik, ulertzen ez dudalako eta ez dakidalako egiten. Ipuinak gustatzen zaizkit, hori bai. Baita eleberriak ere, beti ere lodiegiak ez badira. Saiakera irakur dezaket, kronika historikoa, abentura liburuak… Eta azken bolada honetan antzerkiari jaramon egiten hasi natzaio. Baina poesiak ez nau gehiegi erakartzen.
Ez nago harro, baina ezta lotsatuta ere. Datu objektibo bat baino ez da.
C’est la vie.
C'est la vie, mon amour!
Eta hala ere... inbidia diet poetei.
Izan ere, poetek izen ona baitute. Poeta bat bada nor. Poetek –hala onek nola txarrek- badute zerbait berezia… nola esango nuke… badute ukitu bat… ipuingileok ez daukagun zerbait… saiakeragileek sekula izango ez duten zerbait… eleberrigileek ere nekez lortzen dutena…
Beno, nahikoa da itzulinguruka ibiltzeaz!
Poetek ez dute liburu ziztrin bakar bat ere saltzen baina, beste idazleok ez bezala, poetak kalera atera daitezke euren idatziak deklamatzera.
Joder, zer gustura geratu naizen!
Lehengo egunean, urrunera jo gabe, taberna bateko terraza batean geundela poeta gazte eta eder bat hurbildu zitzaigun. Karpeta batetik poema bat atera eta eskura eman zigun. Eta jarraian, guk ezer esan gabe, idatzitakoa errezitatzen hasi zitzaigun.
Bejondeinala, neska!
Txanpon batzuk eman genizkion eta berak agur esan zigun irribarre batez.
Eta ni mira eginda geratu nintzaion begira ondoko terrazara zihoan bitartean, bere adats kizkur beltzak eta bere ahots sendoaren indarrak erakarrita.
Zoragarria iruditu zitzaidan ikusitakoa.
Zorte on opa nion.
Aur revoir, ene maitea!
Nire lagun Felixek, ordea, une magiko hura txikitu eta errealitatera itzularazi ninduen esaldi bakar batez.
“Ikusten? –esan zidan-... Behar izanez gero horrek aterako dik bizitza aurrera… Hik segi hire ipuinekin tematuta, segi… pepelerdoa halakoa…”
ARRAUTZAK
ARRAUTZAK
Eibarespazioko Zerbitzu Sekretuek Barne Ministerioko bi funtzionariori grabatutako telefono elkarrizketa.
- Sentitzen diat, Fermin, baina goikoek ez ditek ontzat eman hire proposamena.
- Enteratu nauk, Jazinto... Hau amorrua...
- Gustatu zaiek, eta haiengatik balitz aurrera, baina murrizketak zaudek arlo guztietan eta hire proposamena dirutza lukek...
- Ba, ez zakiat zergatik... mundu guztiak bazakik euskaldunek ez dutela txortan egiten...
- Hi, Fermin, gezur hori guk geuk asmatu genian hemen… Euskaldunek, baita terroristek ere, txortan egiten ditek…
- Gutxi, ordea.
- Gutxi edo asko, guri bost!.
- Ba hortxe zagok arazoa! Guri bost ez! Ministroak argi esan dik: terrorismoa borrokatu behar dugu ekintzak eta erasoak egiten dituenean, baina baita suge horrek bere arrautzak txitatzen dituenean ere… Primeran iruditzen zaidak lege berria, terrorismoagatik kondena duten guztiek irakaskuntzatik at geratu behar ditek, baina motz geratu gaituk… Haiek arrautzak jartzen jarraitzen ditek eta arazoa errotik moztea duk onena…
-Hik zakila moztu nahi diek errotik…
- Terrorismoaren aurkako zikiratze demokratiko-klinikoa esaten zaiok…
- Sekulako gastua ekarriko ligukek…
- Ez diat uste... ETAri oso komando gutxi geratzen zaizkiok…
- Gutxi baina oso jendetsuak… Manifestazio-komandoa, esaterako, gainezka zagok! Badakik… dena ETA duk eta ETA duk dena… Edonor izan litekek ETAkidea…
- Bo, edonola ere, beti geratzen zaiguk B plana.
- B plana?
- Bai, Terrorismoaren aurkako zikiratze demokratiko-ez-klinikoa… funtsean, barrabiletan emandako ostikadaren metodo klasikoa…
- Fermin, mesedez, gu ez gaituk biolentoak…
- Bazekiat, baina hik komenta ezak FAES-eko hurengo bileran…
(Erredakzioan itzulita)
Argazkiak
ARGAZKIAK
Aitor dut asteleheneko sarekadak lur jota utzi nauela. Bitan saiatu naiz umoretik heltzen gaurko Maratilari eta bitan egin dut kale.
Amorrua darie nire hatzei eta nazka nire teklatuari.
Eta beldurra nire arrazoibideari.
Boxeolaria banintz, zabuka nengoke, epaileak asaltoaren bukaera noiz aginduko. Futbolaria banintz, luzapeneko denbora ahalik eta azkarren pasatzeko irrikan nengoke, penaltyetara bizirik iristeko. Txirrindularia banintz, tropelaren erritmoa nekaezina madarituko nuke, bai eta talde ezberdinetako talde-lana ere. Xake jokalaria banintz...
Ez, gaur ez nago ironiarako...
Estatu espainola ez dela mugitzen genioen baina oker geunden. Madrilgo estolderietako pentsalariek txistu egin eta estatua hasi da mugitzen.
Eta erasoa jo du oldarkor.
Bi argazki ekarri nahi ditut gaurko Maratila honetara. Lehenengoa doilorkeriarena. Polizia txanodunak herriaren dirua zenbatzen eta lapurtzen. Izugarria da. Eta izugarria da, ez soilik argazki horrek zerbait larria kontatzen duelako, ezpada Espainiako Barne Ministerioak berak zabaldu zuelako. Lekukoak nahi zituzten. Min egin nahi zuten eta min egin dute. Argazki soil bat botere ikaragarri baten erakusgarri.
FAES-eko pentsatzen du. Epaileek agintzen dute. Txanodunek exekutatzen dute.
Bigarren argazkia ez-argazkiarena da. Iaz ikusi genuen. Aurten, ordea, ez. Orain dela urtebete Espainiako Justiziak ETAko abokatuen kontrako operazioaren lehenengo ekitaldia burutu zuen eta, behin eszenatokiko errezelak zabalduta, debekatu egin zuen Tantaz Tanta ekimenak antolatutako manifestazioa.
Hasier Arraiz eta Andoni Ortuzar batera atera ziren prentsaurrekora, hura guztia onartezina baitzen.
Antzokiko errezelak berriro zabaldu dira orain. Aktoreak berberak dira. Bai eta trama bera ere. Alabaina, FAES-eko pentsalariek aldaera sarkastiko bat proposatu dute orain eta manifestazioa ez dute debekatu.
Debekatu ez, bai, ordea, espoliatu. Denbora emanez gero, maltzurrek ere ikasten duten seinale.
Honek guztiak onartezina izaten jarraitzen du baina Hasier Arraiz bakarrik agertu da prentsaurrekoan.
Gustatuko litzaidake jakitea zer aldatu den, ez baitut ulertzen.
Maltzurrek ikasi egiten dute. Guk ez.
Amorrua.
DETAILEAK
DETAILEAK
Joan den astean Loquillo kantariarekin egin nuen topo Donostiako jatetxe "Michelin" izardun batean.
Beirategitik Zurriola hondartzaren edertasuna genekusan. Hotza gorabehera, surflariek olatuen gainean egiten zuten hegan, paseoko ibiltariek maracuya eta limoizko izozkiak jaten zituzten, udaltzainak auto elektriko eta jasangarrietan paseoan zebiltzan, txirrindulariek semaforoak errespetatzen zituzten eta txakurrek txanda eskatzen zuten han-hemenka barreiatutako "pipican"-etan.
Dastatzen ari ginen ardoaz galdetu zidan Loquillok.
Aipatzea zuen beste gairen bat, nik zer dakit, musika, literatura, zaborraren gaikako bilketa, bosgarren edukiontzia, edota angularen tamaina, jakina baita donostiarrok jantzita gaudela gai horietan guztietan. Baina ez, ardoaz hitz egin zuen.
Bikaintasunetik gertu, erantzun nion.
Handik gutxira enpresari bat hurbildu zitzaigun. Datuak ez zeukala bestelako garrantzirik gaztigatu zigun. "Hemen nago, ergo, langabetu soil bat izan ninteke". Enpresaren mundua arrotza zaidanez, krisiaren bukaeraz galdetu nahi izan nion baina une hartantxe zerbitzariak oskola ere jangarria zuten muskuilu batzuk ekarri zizkigun eta, ahoa bete hortz zein muskuilu, galdu nuen galdetzeko aukera.
Halako batean, kantariak bere bizilekuaz hitz egin zuen. Antza, Lasarte utzi eta Grosen bizi da orain. "Etxebizitzaren eskuragarritasunak bainoago Groseko pintxo-potearen kalitateaz xaxatuta".
Barre egin genuen hirurok.
Postrean -carpaccio de queso trufado con arandanos, espuma de manzana y helado de queso, ezinezkoa omen euskaraz ematea- burutapen barregarri bat otu zitzaidan.
"Dagoeneko ez duzu kamiorik beharko, ezta?" galdetu nion Loquillori.
"Grosen erraz aparkatuko nuke" esan zidan batere ironiarik gabe.
Txapela jantzi eta kontua eskatu nuen. Ordainduta zegoela esan zidan jangelako arduradunak.
National Geographic-ek horrelako detaileak ditu.
Poz-pozik alde egin nuen zoriontasunaren hirirantz.
Pozik, zorion-bitsetan eta esne-mamitan...