Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ate adina maratila / Tragedia

Tragedia

Xabier Etxaniz 2015/02/26 14:03
Desamodioa agertu da jada eszenatokian dago, ezpata eskuan daramala...

 

 

TRAGEDIA

 

                Zerbait txarra baldin badago bikote harremanetan hori desamodioa da. Hain da txarra non nekez irudika baitezaket hori baino tragedia handiagorik. Bizitza osoan pertsona bat maitatu, haren ondoan egon, une onak zein txarrak elkarrekin konpartitu eta, egun batetik bestera, dena alferrikakoa izan dela eta behinola erakarri zintuen horrek zuregan nazka baino ez duela eragiten sentitzeak latza behar du izan.    

Duela gutxi jakin dut bi lagun bereiztekotan daudela. Lagun horietako bat –dei diezaiogun, esaterako, Patxi- bere komunitateko, herriko futbol taldeko eta auzoko elkarte gastronomikoko presidentea izan da hainbat urtez eta bikoteak –dei diezaiogun, esaterako, Mikel- lagundu egin dio zama hori guztia eramaten. Egia da, egia denez, ardura horietan ez dutela beti asmatu, eta egia da, halaber, noiz edo noiz oso zilegi ez ziren neurriak hartu behar izan zituztela. Alabaina, nork jokatzen du beti, uneoro eta egokiera guztietan behar den bezala?

Natorren harira, baina. Kontua da bikotea primeran moldatu dela orain arte.  Mikelentzat ez zegoen Patxi baino pertsona hobeagorik kargu horietarako. Patxirentzat Mikel orfidal bat bezalakoa zen, hor egongo zela jakiteak lasaitzen zuen. Ez beti zuzen baina beti leial.

                Atzo zuria zena, ordea, beltza da egun.

                Patxik, zeinak betidanik ezagutu baititu Mikelek egindakoak, desegoki deritzo gaur behinola egoki irizten zionari. Eta -ezin ukatuko dugu- ez zaio arrazoirik falta.

                Mikel, zeinak betidanik pentsatu izan baitu bikotea zela denetan onena, konturatu da, orain, Patxik sekula ez duela lanik egin bizitzan -izan dituen karguez baino haratago esan nahi baita- eta ez dakiela deus egiten beti dena egin izan diotelako. Eta –hau ere ukaezina da- ez zaio arrazoirik falta.

                Desamodioa agertu da jada eszenatokian, ezpata eskuan daramala.

                Arestian esan bezala, tragedia bat. Zehazki, tragedia greko-PSErromatarra…

                Edo, nahiago baduzue, tragikomedia… 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Etxaniz Rojoren bloga da hau. Donostiarra. Trintxerpetarra. Idazlea. AEK-ko beteranoa. Zutabegilea. Errealzalea. Pipa erretzailea. Aita (biologikoa zein adopzio bidez). Elkarte gastronomikoan sukaldaria. Txiolaria (@xabietxaniz). 2014ko irailetik, Eibar.org komunitateko blogista.

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.