Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ate adina maratila / Kiroltasuna

Kiroltasuna

Xabier Etxaniz 2015/03/05 14:03
Barneak esaten zidan hesia zeharkatu behar nuela...

 

 

KIROLTASUNA

 

                Batzuetan bestelakoa izan nahiko nuke.

                Batzuetan horren politikoki zuzena ez izatea gustatuko litzaidake, ausartagoa izatea eta  dena popatik hartzera bidaltzea. Batzuetan han-hemen ikusten ditudan jarrera deitoragarriak neure egin nahiko nituzke.

                Naizen bezalakoa naiz, baina, eta ez dut uste orain, nire adinean, aldatzen hasiko naizenik.   

                Joan den larunbatean, urrunago jo gabe, futbol-zelai batera salto egin eta partida mozteko tentazio ikaragarria izan nuen. Barneak esaten zidan hesia zeharkatu behar nuela.

                Hesia zeharkatu eta sekulako iskanbila sortu.

                Entrenatzailearengana joan eta zartako pare bat eman adi ez egoteagatik.  

                Arbitroarengana hurbildu eta sekulakoak esan partida bertan behera ez uzteagatik.

                Baina, batik bat, barneak zera eskatzen zidan, jokalari zital eta harroputz horrengana -zeinak, ez dezagun ahaztu, baloia aurkari baten hanka artean pasatu ostean "jajajaja" ozen baten bitartez barre egin baitzion aurkari horri berari-  joatea eta, belarritik tira egin ostean, ostikoka zelaitik ateratzea...

                Bai, hori guztia egin behar nuela esaten zidan barneak baina ez nuen egin.

                Eta ez nuen egin, ez soilik eskola-kirola programaren barruko partida soil bat zelako, ezta hamar urteko alaba zelaian nuelako ere, ezpada bat-batean konturatu nintzelako ezin ditudala haur haien guztien heziketaren zama nire gainean hartu, ohartu nintzelako ezin ditudala nireak ez diren umeak zelaitik atera kiroltasunez eta aurkariaren aurrean errespetuz ez jokatzeagatik.

                Beno, horregatik guztiarengatik eta -ezin ukatuko dugu- hesia zeharkatzeko gehiegi makurtu behar nuelako, erabat antinaturala eta biziki mingarria zirudien keinu batean.

                Eta nire adinean ez naiz horrelakoak egiten hasiko...

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Etxaniz Rojoren bloga da hau. Donostiarra. Trintxerpetarra. Idazlea. AEK-ko beteranoa. Zutabegilea. Errealzalea. Pipa erretzailea. Aita (biologikoa zein adopzio bidez). Elkarte gastronomikoan sukaldaria. Txiolaria (@xabietxaniz). 2014ko irailetik, Eibar.org komunitateko blogista.

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.