Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ate adina maratila / Euskal "tronkitoa"

Euskal "tronkitoa"

Xabier Etxaniz 2015/02/05 14:12
Euskal "tronkito" bat naizela esan zidan lehengoan ikasle batek...

               

 

                Joan den astean, klasean geundela, euskaltegiko ikasle batek "euskal tronkito" bat naizela esan zidan.  

                Bai, badakit: horrela esanda, lausengua bainoago iraina dirudi, baina, azalpena entzun ostean, pozaren pozez atera nintzen gelatik, gandorra harro eta auto-estimua zut .

                Has nadin, baina, hasieratik.

                Kontua da Andoniren testu bat  eraman dudala klasera

                - Andoni? Nor da Andoni?

                Eta ni zur eta lur geratu natzaie begira, txantxetan ari direlakoan.

                - Nor den Andoni??? Andoni bakarra dago eta! Gure Andoni! Andoni handia!

                Ez, ez eta ez, behin eta berriro errepikatu didate ez dutela Andoni ezagutzen eta azkenean sinetsi  behar izan diet.  Penaz beterik sinetsi ere.

                Izan ere, euskaraz bizi eta euskal kulturaz zertxobait dakien edonork jakin baitaki ezen badirela egile eta sortzaile batzuk abizenaren beharrik ere ez dutenak ezagunak izateko. Euskaraz  bizi den batentzat Fermin bakarra dago. Euskaraz irakurtzen duen bati nahikoa zaio Harkaitz idazlearen bisaia irudikatzeko. Euskaldun oso bati Maialen aipa iezaiozu eta berehala ikusiko du txapel bat eszenatoki baten gainean. Esaiozu Amets eta, artxila-murtxila, beste txapela bat agertuko da. Euskaldun oso bati esaiozu Bernardo. Esaiozu Martxelo.  Esaiozu Ruper. Esaiozu Benito.

                Abizenik izan badute baina ez dute abizenik behar nor izateko.

                Esaiozu Andoni.

                Bai, egia da, ezagunenak baino ez ditut aipatu. Baina egia da, halaber, euskaraz bizi garenok badugula imajinario kolektibo bat, asetzen gaituena eta gurea dena. Eta, zer nahi duzue nik esatea, pena da EGA titulua eskuratu nahi duten ikasle horiek imajinario kolektibo horren parte ez izatea.

                Ez, ez naiz ahaztu, "Euskal tronkito" bat naizela esan zidan ikasleak eta badakit ezen, honaino iritsi bazara, irakurle estimatu hori, neurri handi batean amu horrek erakarrita iritsi zarela.

                Behin Andoni handi eta bakar hura Egaña zela argituta -eta taldearen erdiak abizena esanda ere ez zuela ezagutzen frogatzeak eman zidan zartakoa jaso ostean- ikasleen erreferentzia kulturalez aritu ginen hizketan. Ezin jakin nola, Negu Gorriak-era iritsi ginen,  handik Ferminengana eta handik Esne beltza taldeko kantariarengana.

                - Xabi Solano.... uffffa! Hori Euskal Tronkito bat da... beltzarana... bizarrarekin... guapoa...

                Berehala, esan gabe doa, ikasle guztiak ohartu  ziren Xabi Solanorentzat baliogarria zen deskribapen hura euren irakaslearentzat ere baliogarria zela eta, gauzak horrela, ikasle txit zoli eta gustu oneko horrek begi-bistakoa zena ahoskatu beste aukerarik ez zuen izan....

                Xabi Solanok eta biok elkarren eitea badugu, bai... Pipa erreko balu, igual-igualak...

                - Bai, noski, zu ere "Euskal Tronkito" bat zara...

                Arestian esan bezala, gandorra harro eta auto-estimua zut, zeharo hanpaturik...

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Etxaniz Rojoren bloga da hau. Donostiarra. Trintxerpetarra. Idazlea. AEK-ko beteranoa. Zutabegilea. Errealzalea. Pipa erretzailea. Aita (biologikoa zein adopzio bidez). Elkarte gastronomikoan sukaldaria. Txiolaria (@xabietxaniz). 2014ko irailetik, Eibar.org komunitateko blogista.

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.