PEW: Interneten etorkizuna 2020 urteari begira
PEW (PEW INTERNET & AMERICAN LIFE PROJECT) 2020 urteko epemuga jarriz, Interneten etorkizunari buruzko txostena kaleratu du: The Future of the Internet II , non txostena .pdf formatoan , adi 523 KB, eskuratu dezakezuen.
Web bidez 742 adituei egindako inkesta zabala da. Besteak beste, adituei 7 eszenategi posibleren aurrean kokatzea eta lehentasunak jartzea eskatzen zaie.
PEW-ek 115 orrialdeko txostenean bildu ditu emaitzak.
Technorati Tags: Internet, prospektiba, etorkizuna
Berrikuntzaren Zirkoa
Ez da txantxetakoa, jendearen artean eta gizartean berrikuntza kultura zabaltzeko asmoarekin, aste honetan Innovation Circus izeneko ekimena aurkeztu eta martxan ipini dute Copenhagen.
Innovation Circus zortzi lurraldeetako 16 erakunde europarrek ( ikus zerrenda) bultzatzen duten ekimena da eta helburua, zientifiko, politikari, enpresari, ikasle zein gazteen artean, sormena eta berrikuntzarako gaitasunak lantzea da.
Honetan ere irudimentsua izateak asko balio du. Behintzat izen polita du. Ekimena Pro Inno Europe izeneko egitarauaren barnean kokatzen da.
Info gehiago hemen
Innovacio albistegi katalanean ikusia.
Technorati Tags: sormena, berrikuntza
Urteko liburu onenak enpresa arloan
Urtero Financial Times finantzial egunkariak eta Goldman Sachs inbertsio bankoak, bere ustetan negozio edo enpresa arloko liburu onenak direnak saritzen dituzte. Enpresarako eta ESTEko klaseetarako kudeaketa eta enpresa gaietan azken joera eta teoriak ezagutzea ondo datorrenez, liburu hauetan esaten denari adi egotea komeni zaigu.
Aurten finalerako hautatu dituzten liburuen artean, joan zen egunean aipatu genuen Chris Anderson-en The Long Tail dago. Blog Salmon -etik hartuta, zerrenda osoa hau da:
- The Long Tail, Chris Anderson. Negozioak Internet garaian.
- Small Giants, Bo Burlingham. Hasi nahi ez dutenen AEBko 14 enpresen ikuspuntua. Txikia izatearen abantailak goraipatzen dute.
- China Shakes the World, James Kynge. Txinak dituen indar eta ahuldadeen azterketa.
- The Wal-Mart Effect, Charles Fishman. Izen bereko enpresaren barne-ikuspegia.
- The Box, Mark Levinson. Itsas garraioan eman den iraultzaren azterketa.
Printzipioz, ukitzen dituzten gaiengatik, lehengo hirurak iruditzen zaizkit interesgarrienak, baina liburuak saritzeko arauak honako hauek dira:
- liburua 3 urte barru gogoan izateko posibilitatea
- munduari buruzko dugun pentsakeran erabateko aldaketa sortarazi digun, eta
- liburuan dagoen zerbaitek gauzak beste modu batera egitea eragingo duen edo ez.
Liburu irabazlearen izena datorren hilean jakingo dugu ...
Iturria: Blog Salmon Los mejores libros de negocios de 2006
Zientzia eta teknologiaren eragina datozen urteetan
Kalifornian dagoen Institute for the Future delakoak IEEE Spectrum -ekin batera, datozen urteetan zientziak eta teknologiak gizartean izango duten eraginari buruzko inkestaren laburpena argitaratu dute.
Adituei egindako inkesta bat da. Arloaren arabera - konputazioa, genetika, nanoteknologiak, ... - erantzunetan parte hartu duten adituen kopurua aldatzen da, baina 100 eta 250 inguruan daude. Ingelesez Computation and Bandwidth to Burn, Sensory Transformation, Lightweight Infrastructure, Small World eta Extending Biology izendatu dituzte arlo nagusiak.
Artikulua laburra da, 6 orri, eta Marina Gorbis eta David Pescovitz IFTF zentruko ikerlariek sinatzen dute.
Interesatuz gero, Institute for the Future-ren webgunean dago : Tech Experts Forecast the Next Wave of Innovation non .pdf formatoan (adi 3,5 MB) aurkituko duzuen.
Edo, bestela IEEE Spectrum aldizkariaren webgunean: Bursting Tech Bubbles Before They Balloon .
Technorati Tags: prospektiba, berrikuntza
Baidu eta EH 2.0
Mundu osoko laugarren postuan dagoen webgunea baidu izeneko bilatzaile txinatarra omen da. Horrela dio Alexak behintzat. Egunero bisitatzen ditugun webgune famatu gehienen aurretik dago sailkapenetan.
Ez dakit zenbat zeroko merkatu balioa duela eta Google eta Yahoo-ri itzala eta aurre egiten diela ... behintzat Txinan eta inguruetan, hau da munduko zati handi batean.
Google China beherantz doan bitartean Baiduk nabarmenki gorantz egin du azken urtean. China Web 2.0 review-en diotenez , "Googlek ez duelako lokalki pentsatzen".
Gauza batzuk eta besteak lotzen, gutxi gora behera hortaz joango omen dira Euskal Herria 2.0 jardunaldiak. Lokalizazioa eta Internazionalizazioa izango dute hizpide, zentzu zabalean Internet euskaldunarentzat etorkizuneko erronka bezala, ez l10n (lokalizazioa) edo i18n (internazionalizazioa) software zentzu informatiko mugatuan.
Dagoeneko egitaraua prest dute. Bi zita izango dira, irailaren 21ean zein 28an, arratsaldeko 5etatik aurrera Donostiako Arteleku zentroan, Martutene auzoan.
Txinatarrak asko dira eta gutxi gu, baina seguru hausnarketa interesgarriak sortzen direla Internet euskaldunaren inguruan EH 2.0 jardunaldietan.
Del.icio.us hiru urte
Kandelak ikusi ditut logoan eta del.icio.us-ek daukan blogean enteratu naiz tresna hau sortu zenetik hiru urte pasa direla.
Interneten denbora azkar doa, hiru urtetan zenbat tresna sortu eta desagertu diren zaila da jakitea. Baina, argi dago etiketa edo tag delakoak eta errekurtsoak konpartitzeko del.icio.us bezalako tresnak, bere erabilgarritasunari esker, izugarrizko arrakasta dutela.
Gure artean zabaltzen doazela esango nuke, asko dago egite eta zabaltzear baina besteak beste hor daude Gizakom, imh edo IKTeroen adibideak.
Badirudi del.icio.us-ek elkarlanerako dagoeneko duen gaitasuna indartu nahi duela network funtzionalitatearekin. Frogatu beharko da.
Gehiago del.icio.us-en inguruan Social Bookmarking - Interneteko loturak konpartitzen Prospektiba blogeko artikuluan edo del.icio.us: web 2.0ren izarretako bat IKTak Taldearen guneko artikuluan.
Nork behar ditu best-sellerrak?
Arrakasta izugarriko best-seller eta antzekoen beherakada eta merkatu-zoko edo nitxoen garaiaren etorrera iragarri du Chris Andersonek Bilbon, orain arte ohizkoak izan diren marketin eta ekonomia teorien aurka doan bere Long Tail edo buztan luzearen teoria defendatuz. Aurrekoan iragarri nuen Andersonen hitzaldia hemen eta hor doa hartutako apunteekin sortutako txapie.
Gehien bat aldez aurretik The Long Tail edo Interneteko Buztan Luzea kontzeptua ezagutzen zuen jendearen aurrean aritu da Chris Anderson Bilboko Euskaldunan: euskaraz eta gazteleraz aritzen diren blogari batzuk, Interneteko enpresetako jendea, ikerkuntza eta unibertsitate zentroetako batzuk, Recommenders jardunaldian ibilitako jendea, ... eta, Internet behintzat, merkatuen portaera aldatzen doala nahiko sinistuta atera garela esango nuke.
Interneteko Long Tail teoriaren oinarriak
Andersonen esanetan, komunikabideen hedapenarekin batera eta informazioaren zabalkundearen abiadura handitzearekin batera, XX mendearen bigarren zatian kontsumo handiko produktuen, masako merkatuen, garaian bizi izan gara: best seller, great hits, blockbuster, ... edo denontzat berdinak diren merkatu eta kulturan: denentzat berdin ekoizten, denok berdin kontsumitzen. Berez, merkatuek sortzen ez duten buztan luzeko kontsumo eta banaketa kurba jakin bat eratzen.
Fenomeno honen epe muga edo inflexio-puntua, 2000ko martxoaren 21ean kokatu du Andersonek, NSYNC taldearen No Strings Attached diskaren kaleratze eguna izan zen: inoiz eta inon egun batean eta aste batean, gehien saldu den diska.
Aldeketan merkatuetan
Baina gaur egun banatzaile handiak merkatu-kuota galtzen omen doaz, gero eta aukera gehiago dago handietatik aparte eta, lehen ez bezala, gaur egun fenomeno hori garbi neurtu dezakegu Interneten.
Telebista kasua aipatu zuen, 60 hamarkadan I Love Lucy telebistako programak ikusleen %70a lortzen zuen, gauean ikusi eta hurrengo goizean denek zeukaten zerbait amankomuna eta homogeneoa hitzegiteko: gauean emandako Lucyren telesaioa. Gaur egun gehien ikusten den programa CSI da, baina ez du merkatu kuotaren %20a erdiesten. Bestelako audientzia guztia, %80a, sakabanatua dago, besteak beste You Tube bezalakoetan, Internet bidez eta doakoa dena.
Beraz, gero eta dispersio handiagoa dago jendaren aukeretan, lehen ere bazegoen, baina produktuen ekoizpena eta banaketa garestia zenez, konzentrazioa egiten zen produktu gutxi batzuetan.
Gaur egun ekoizpen kostoak jaitsi egin dira eta, Interneti esker, erakusketa eta banaketa gastuak. Lehen, aukera urria zuten produktuak, banaketa kurbaren bukaeran, hau da buztan luzean, geratzen zirenak, ez ziren erakusten, saltzen, banatzen, ... Itogunea banaketan zegoen.
Baina Interneteko merkatuetan kurba hori ez da mozten, askoz ere produktu-gama handiago erakutsi eta saldu daiteke. Denda baten produktuak erakusteko eta saltzeko apalak neurtuak dira, finitoak, dozena batzuk baino ez.
Interneten ez dago apalik, nahi duzun beste erakutsi dezakezu eta, aldi berean, zenbat eta produktuari buruzko zenbat informazio gehiago eman, hobe.
Long Tail teoriaren adibide batzuk
Bere teoria indartzeko, adibide ezagun batzuk erabili zituen Andersonek. Esate baterako, Wal Mart da minorista handiena, baina bere apaletan 55.000 abesti baino ez daude, Rhapsody-n ordea 1.200.000 baino gehiago aurkituko ditugu, Barnes & Noble bezalako liburu denda erraldoi batean, ia liburutegi bat, 100.000 liburu inguru izango dituzte, beraien ustez eskatuenak, Interneteko Amazon-en 3.700.000 liburu, berdin Netflix DVDekin, ...
Kontua da zoko-produktu edo nitxo-produktuen demanda gero eta handiagoa dela, eta itogunea banaketan egon dela, horregatik merkatuaren zati handi bat, buztan luzekoa, gutxien saltzen zena, alde batera uzten zen. Baina, gaur egun egiten daitezkeen kalkuluen arabera, mezprezatzen zen merkatu zati hori izugarria dela konturatu dira, musikan %40a, DVDetan %21a, liburuetan %25a, ... Interneti esker itogune hori gainditu egin daiteke neurri handian.
Merkatuen funtzionamendu berriaren abantailak
Horrela, ohizko banaketa sistemaren itogunea gainditzen da, baina horretaz gain beste abantaila batzuk daude Interneten etorrerakin: produktuen informazio askoz gehiago dugu. Erosteko eta aukeratzeko beharrezkoa dugun informazioa da.
Talentuaren buztan luzea: aukera kultural berriak
Aukera ekonomikoetaz gain aukera kultural berriak sortzen dira eta talentuaren buztan luzea aipatu zuen Chris Andersonek. Interneten banaketa mugak apurtzen direnez, buztan luzean Top-etik kanpo izkutuan geratzen diren bestelako kultura eta talentuentzat aukera berriak sortzen dira.
Nahiko ezagunak diren eta ekoizle tradizionalearekin lehiatzen diren You Tube , My Space, Blogosfera , Flickr , wikipedia , edo Second Life aipatu zituen. Andersonen esanetan, bere aldizkariak ez du lehiatzen beste aldizkari batzuekin, blogosferarekin lehiatzen da.
Bost ikasgai Long Tail teoriatik
Long Tail teoriatik bost ikasgai atera behar direla esan du Andersonek:
- Ez nahastu banaketan dauden mugak gustu edo zaletasun bateratuekin. Jendearen zaletasunak inoiz ez dira izan hain homogeneoak, ezberdintasun handiak daude, baina banaketan zeuden zailtasun eta itoguneak bilatu dute murrizte hori.
- Noizbait mundu guztia desbideratzen da korrontetik. Inor ez da une oro, korrontearen gustoen jarraitzaile.
- Neurri bakarrak ez dio mundu guztiari balio. Desberdintasunak daude.
- Suposatu egin dugu produktu on guztiak goian zeudela. "Top" delakoetatik kanpo baliozko ezer ez dagoela, alegia. Ez da egia.
- Masen-merkatua zokoen masa bat bihurtzen ari da. (The Mass market is becoming a mass of niches). Zoko horietan denatik dago, jakina onena eta txarrena bertan dago.
Indarra kontsumitzailarengan dago
Gaur egungo merkatuetan, indarra eta boterea erabiltzaile eta kontsumitzailetan dago. Inoiz ez bezala, aukeraketarako ahalmena beraiengan dago eta beste kontsumitzaileei errekomendazioak, aholkuak emateko edo, urrutirago joanez, ekoizteko.
Iragarpen batzuk egin ditu Andersonek: musika kate irratiak ixten ari dira AEBetan gaur egun eta egunkari gehienak itxi egingo dira, aldatz behera doaz, aldizkari eta filmetxeak urte batzuk aguantatuko dute agian, baina auskalo. Berak Wired magazinen kontratupean 100 kazetari ditu plantilan, baina bere lehiakideek etxean, pijaman eta doan lan egiten dute: idazleen buztan luze horri ez dakite nola aurre egin.
Hainbeste aukera anitz egon, eta nolatan politikan hain aukera gutxi, bi baino ez AEBtan, galdetu dio Dansek . Bada, hor ere aukera gehiago aurreikusten zituen Andersonek...
Interneteko handiak (Google, Amazon, Yahoo, ...) ordea, gero eta handiagoak direla aipatu dio beste entzule batek eta baietz, baina hasieran baino ez gaudela eta zoko edo nitxoak daudela edo sortuko direla erantzun dio: bilaketa eta kategoria bertikalak, lurraldeen arteko ezberditasunak erabiltzea, ...
Hor omen dago gakoa: nitxoetan ... baina trukoa, gehienen nahia seguruenez, kurbaren buztanetik kurbaren burura pasatzean.
Argazkiak Microsiervoseko Alvy -renak dira CC lizentziapean
Sustatu blogean publikatuta. Anderson eta Buztan Luzea: Nork behar ditu best-sellerrak?
Buztan Luzea Interneten: Chris Anderson Bilbon
Dagoeneko nahiko zabaldua dago Interneten Long Tail edo Buztan Luzea izeneko teoria edo ideia.
Iazko maiatzean aipatu genuen blog honetan eta lehenago Luistxok (Buztan Luzearen soziolinguistika edo Blogen buztan luzea eta harpidetza motza artikuluetan ) edo Jabi Zabalak ( Interneteko buztan luzea edota Internet euskadunari buruzko Euskara sareko buztan luzean artikuluetan) ikuspegi ezberdinetatik plazaratu zuten gaia.
Baina duda barik, Interneteko buztan luzearen teoria-ri buruzko artikulu famatuena, Chris Anderson-ek idatzi zuen Wired aldizkarian: The Long Tail izenekoa. Erreferentziarako artikulu luzea, serioa eta ondo dokumentatua.
Bada, egun gutxi barru, irailaren 12an, Bilbon egongo da Long Tail teoria eta negozioen etorkizunaren inguruan uda honetan plazaratu duen liburu berriari buruz berba egiten Bizkaia Enpresa Digitalak antolatu duen hitzaldian .
Sarrera doan da, baina ezin baduzu joan, Chris Andersonek uztailean kaleratu duen The Long Tail: Why the Future of Business Is Selling Less of More bere liburu berriarekin zerikusia (Amazonen salgai ) duten gaiak jorratzen duen www.thelongtail.com bloga jarraitu dezakezu.
Hemen duzue hitzaldiaren informazioa , eta horrela dio erreferentziako oharrak:
Chris Anderson Wired Magazine aldizkariko erredakzio-burua eta The Long Tail izenburuko artikuluaren egilea da,artikulu hau 2004ko urrian argitaratu zen lehenbiziko aldiz Wired aldizkarian, eta liburu bihurtu zen 2006ko uztailaren 11n.
Chris Anderson Berkeley-n (Kalifornia) bizi da, bere emazte eta lau seme-alabekin. 2001. urtearen erditsuan hartu zuen bere gain Wired aldizkariko zuzendaritza, lehenago zazpi urtez jardun zuen The Economist agerkarian Londresen, Hong Kongen eta Nueva Yorken, bertan hainbat kargutan aritu zen, teknologia saileko erredaktore eta AEBetako finantza saileko erredakzio-buru, besteak beste.
Zarautzko Software asteburu librean
Software asteburu librea antolatu dute asteburu osoan Zarautzko Putzuzulo gaztetxean eta Software librea enpresan gaiari buruz hitz egitera gonbidatu gintuzten.
Gaur arratsalde igandean egon gara bertan eta CodeSyntaxeko esperientzia kontatu dugu. Norbaitek interesa badu, zuzenean erabili izan ez arren, hona hemen jardunaldirako Gari Araolazaren hitzaldi batean oinarrituta, prestatuta neukana . Gutxi gora bera horretaz aritu naiz ni eta Josu Azpillaga lankideak adibide praktikoekin osatu du.
Aurretik, Patxi Gaztelumendik aurkeztutako hitzaldian Iñaki Alegriak Software Librea eta Hezkuntza gaiari buruz hitz egin du.
Eta eguna eta asteburua bukatzeko Richard Stallman, GNU proiektuaren sortzaileak eta software librearen aldeko mugimenduaren erreferente esanguratsuenak Copyright vs Comunidad, en la era de las redes de ordenadores hitzaldia eskaini du. Stallmanen oihartzun mediatikoari jarraituz, leporaino bete da gaztetxea. Bero egiten zuen eta nekatuta zegoen Stallman, hala ere software eta eduki libretaz aritu da ordu t'erdi batean, bukatzeko galdera erantzunak eta, nola ez, kantuak eta bedeinkapenak.
Putzuzolokoek dioten bezala denok daukagu zer ikasia software librearen munduan. Eta denok hasi behar dugu ikasten, pixkanaka. Batzuetan, gainera, desikastea ere beharrezkoa izaten da gero berriz ikasten hasteko. Ni behintzat, ikasten nabil.
Argazki sorta bat hemen
Eguneraketa: Bestalde, Arraio Irratiak zuzenean eman zituen hitzaldiak eta gainera asteburu osoko hitzaldien grabazioak : Librezale, softwarea euskeratu (47:28m); Catix, Katalunyako banaketa askea; EH librea, mahai-ingurua (90:14m); Iñaki Alegria, software askea hezkuntzan; CodeSyntax, software askea enpresetan (41:13m); eta Richard Stallmanen hitzaldia (116:56m)) :eskuragarri ipini ditu hemen .
Technorati Tags: putzuzulo, Zarautz, Software_Librea, CodeSyntax
Premina berriak eta aldaketak informazio sektorean
Internet Actu aldizkari digitalean deigarri egin zaidan konparaketa ikusi dut: Maslow famatuaren preminen piramidean oinarriturik, informazio kontsumoaren beharren piramidea asmatu omen du Cnet Networks France-ko zuzendaria eta Online Publishers Association Europe-ko azpi-lehendakaria den Julien Jacob-ek.
Maslowena bezala, azpiko premiak asetzen dituzun neurrian, piramidean gorago daudenak asetzeko baharra duzula dio Jacobek. Ez dakit, ez dut hain argi ikusten nik, baina baliteke, dudarik gabe gaiaren inguruan aditutzat jo behar dugu Julien Jacob eta.
Dena den, aurkezpen interesgarria aurkeztu zuen UpFing06 bilkuran , komunikazioaren sektoreko datu eta aurreikuspen interesgarriekin: Entre Net et médias, un modèle de medias low-cost ? Ou média 2.0 ? eta hemen dago (Baina ADI: 1,4 MB dira).
Gauza askoren artean, pare bat datu aipagarri:
- erabiltzailea aldatu egin da, bere beharrak ere.
- sektorearen balore erantsiaren katean, aldaketak ematen ari dira. Kazetaritza edukia beherantz, eduki komertziala eta erabiltzaileek sortutako edukiak oraindik txikiak izan arren, goraka doaz taldeko medio guztietan. Merkatal edukia %4tik %12ra eta erabiltzailearena 0tik %10aren ingurura pasatuko dira 2006 eta 2009 urteko tartean.
- 10 urte barru, Internet izango da publizitate soporte nagusia.
Technorati Tags: zientzia, kultura, prospektiba