Nork behar ditu best-sellerrak?
Arrakasta izugarriko best-seller eta antzekoen beherakada eta merkatu-zoko edo nitxoen garaiaren etorrera iragarri du Chris Andersonek Bilbon, orain arte ohizkoak izan diren marketin eta ekonomia teorien aurka doan bere Long Tail edo buztan luzearen teoria defendatuz. Aurrekoan iragarri nuen Andersonen hitzaldia hemen eta hor doa hartutako apunteekin sortutako txapie.
Gehien bat aldez aurretik The Long Tail edo Interneteko Buztan Luzea kontzeptua ezagutzen zuen jendearen aurrean aritu da Chris Anderson Bilboko Euskaldunan: euskaraz eta gazteleraz aritzen diren blogari batzuk, Interneteko enpresetako jendea, ikerkuntza eta unibertsitate zentroetako batzuk, Recommenders jardunaldian ibilitako jendea, ... eta, Internet behintzat, merkatuen portaera aldatzen doala nahiko sinistuta atera garela esango nuke.
Interneteko Long Tail teoriaren oinarriak
Andersonen esanetan, komunikabideen hedapenarekin batera eta informazioaren zabalkundearen abiadura handitzearekin batera, XX mendearen bigarren zatian kontsumo handiko produktuen, masako merkatuen, garaian bizi izan gara: best seller, great hits, blockbuster, ... edo denontzat berdinak diren merkatu eta kulturan: denentzat berdin ekoizten, denok berdin kontsumitzen. Berez, merkatuek sortzen ez duten buztan luzeko kontsumo eta banaketa kurba jakin bat eratzen.
Fenomeno honen epe muga edo inflexio-puntua, 2000ko martxoaren 21ean kokatu du Andersonek, NSYNC taldearen No Strings Attached diskaren kaleratze eguna izan zen: inoiz eta inon egun batean eta aste batean, gehien saldu den diska.
Aldeketan merkatuetan
Baina gaur egun banatzaile handiak merkatu-kuota galtzen omen doaz, gero eta aukera gehiago dago handietatik aparte eta, lehen ez bezala, gaur egun fenomeno hori garbi neurtu dezakegu Interneten.
Telebista kasua aipatu zuen, 60 hamarkadan I Love Lucy telebistako programak ikusleen %70a lortzen zuen, gauean ikusi eta hurrengo goizean denek zeukaten zerbait amankomuna eta homogeneoa hitzegiteko: gauean emandako Lucyren telesaioa. Gaur egun gehien ikusten den programa CSI da, baina ez du merkatu kuotaren %20a erdiesten. Bestelako audientzia guztia, %80a, sakabanatua dago, besteak beste You Tube bezalakoetan, Internet bidez eta doakoa dena.
Beraz, gero eta dispersio handiagoa dago jendaren aukeretan, lehen ere bazegoen, baina produktuen ekoizpena eta banaketa garestia zenez, konzentrazioa egiten zen produktu gutxi batzuetan.
Gaur egun ekoizpen kostoak jaitsi egin dira eta, Interneti esker, erakusketa eta banaketa gastuak. Lehen, aukera urria zuten produktuak, banaketa kurbaren bukaeran, hau da buztan luzean, geratzen zirenak, ez ziren erakusten, saltzen, banatzen, ... Itogunea banaketan zegoen.
Baina Interneteko merkatuetan kurba hori ez da mozten, askoz ere produktu-gama handiago erakutsi eta saldu daiteke. Denda baten produktuak erakusteko eta saltzeko apalak neurtuak dira, finitoak, dozena batzuk baino ez.
Interneten ez dago apalik, nahi duzun beste erakutsi dezakezu eta, aldi berean, zenbat eta produktuari buruzko zenbat informazio gehiago eman, hobe.
Long Tail teoriaren adibide batzuk
Bere teoria indartzeko, adibide ezagun batzuk erabili zituen Andersonek. Esate baterako, Wal Mart da minorista handiena, baina bere apaletan 55.000 abesti baino ez daude, Rhapsody-n ordea 1.200.000 baino gehiago aurkituko ditugu, Barnes & Noble bezalako liburu denda erraldoi batean, ia liburutegi bat, 100.000 liburu inguru izango dituzte, beraien ustez eskatuenak, Interneteko Amazon-en 3.700.000 liburu, berdin Netflix DVDekin, ...
Kontua da zoko-produktu edo nitxo-produktuen demanda gero eta handiagoa dela, eta itogunea banaketan egon dela, horregatik merkatuaren zati handi bat, buztan luzekoa, gutxien saltzen zena, alde batera uzten zen. Baina, gaur egun egiten daitezkeen kalkuluen arabera, mezprezatzen zen merkatu zati hori izugarria dela konturatu dira, musikan %40a, DVDetan %21a, liburuetan %25a, ... Interneti esker itogune hori gainditu egin daiteke neurri handian.
Merkatuen funtzionamendu berriaren abantailak
Horrela, ohizko banaketa sistemaren itogunea gainditzen da, baina horretaz gain beste abantaila batzuk daude Interneten etorrerakin: produktuen informazio askoz gehiago dugu. Erosteko eta aukeratzeko beharrezkoa dugun informazioa da.
Talentuaren buztan luzea: aukera kultural berriak
Aukera ekonomikoetaz gain aukera kultural berriak sortzen dira eta talentuaren buztan luzea aipatu zuen Chris Andersonek. Interneten banaketa mugak apurtzen direnez, buztan luzean Top-etik kanpo izkutuan geratzen diren bestelako kultura eta talentuentzat aukera berriak sortzen dira.
Nahiko ezagunak diren eta ekoizle tradizionalearekin lehiatzen diren You Tube , My Space, Blogosfera , Flickr , wikipedia , edo Second Life aipatu zituen. Andersonen esanetan, bere aldizkariak ez du lehiatzen beste aldizkari batzuekin, blogosferarekin lehiatzen da.
Bost ikasgai Long Tail teoriatik
Long Tail teoriatik bost ikasgai atera behar direla esan du Andersonek:
- Ez nahastu banaketan dauden mugak gustu edo zaletasun bateratuekin. Jendearen zaletasunak inoiz ez dira izan hain homogeneoak, ezberdintasun handiak daude, baina banaketan zeuden zailtasun eta itoguneak bilatu dute murrizte hori.
- Noizbait mundu guztia desbideratzen da korrontetik. Inor ez da une oro, korrontearen gustoen jarraitzaile.
- Neurri bakarrak ez dio mundu guztiari balio. Desberdintasunak daude.
- Suposatu egin dugu produktu on guztiak goian zeudela. "Top" delakoetatik kanpo baliozko ezer ez dagoela, alegia. Ez da egia.
- Masen-merkatua zokoen masa bat bihurtzen ari da. (The Mass market is becoming a mass of niches). Zoko horietan denatik dago, jakina onena eta txarrena bertan dago.
Indarra kontsumitzailarengan dago
Gaur egungo merkatuetan, indarra eta boterea erabiltzaile eta kontsumitzailetan dago. Inoiz ez bezala, aukeraketarako ahalmena beraiengan dago eta beste kontsumitzaileei errekomendazioak, aholkuak emateko edo, urrutirago joanez, ekoizteko.
Iragarpen batzuk egin ditu Andersonek: musika kate irratiak ixten ari dira AEBetan gaur egun eta egunkari gehienak itxi egingo dira, aldatz behera doaz, aldizkari eta filmetxeak urte batzuk aguantatuko dute agian, baina auskalo. Berak Wired magazinen kontratupean 100 kazetari ditu plantilan, baina bere lehiakideek etxean, pijaman eta doan lan egiten dute: idazleen buztan luze horri ez dakite nola aurre egin.
Hainbeste aukera anitz egon, eta nolatan politikan hain aukera gutxi, bi baino ez AEBtan, galdetu dio Dansek . Bada, hor ere aukera gehiago aurreikusten zituen Andersonek...
Interneteko handiak (Google, Amazon, Yahoo, ...) ordea, gero eta handiagoak direla aipatu dio beste entzule batek eta baietz, baina hasieran baino ez gaudela eta zoko edo nitxoak daudela edo sortuko direla erantzun dio: bilaketa eta kategoria bertikalak, lurraldeen arteko ezberditasunak erabiltzea, ...
Hor omen dago gakoa: nitxoetan ... baina trukoa, gehienen nahia seguruenez, kurbaren buztanetik kurbaren burura pasatzean.
Argazkiak Microsiervoseko Alvy -renak dira CC lizentziapean
Sustatu blogean publikatuta. Anderson eta Buztan Luzea: Nork behar ditu best-sellerrak?
Oso interesantia. Igartzen da ikasle ona izan zarala... Eskerrik asko.