Baidu eta EH 2.0
Mundu osoko laugarren postuan dagoen webgunea baidu izeneko bilatzaile txinatarra omen da. Horrela dio Alexak behintzat. Egunero bisitatzen ditugun webgune famatu gehienen aurretik dago sailkapenetan.
Ez dakit zenbat zeroko merkatu balioa duela eta Google eta Yahoo-ri itzala eta aurre egiten diela ... behintzat Txinan eta inguruetan, hau da munduko zati handi batean.
Google China beherantz doan bitartean Baiduk nabarmenki gorantz egin du azken urtean. China Web 2.0 review-en diotenez , "Googlek ez duelako lokalki pentsatzen".
Gauza batzuk eta besteak lotzen, gutxi gora behera hortaz joango omen dira Euskal Herria 2.0 jardunaldiak. Lokalizazioa eta Internazionalizazioa izango dute hizpide, zentzu zabalean Internet euskaldunarentzat etorkizuneko erronka bezala, ez l10n (lokalizazioa) edo i18n (internazionalizazioa) software zentzu informatiko mugatuan.
Dagoeneko egitaraua prest dute. Bi zita izango dira, irailaren 21ean zein 28an, arratsaldeko 5etatik aurrera Donostiako Arteleku zentroan, Martutene auzoan.
Txinatarrak asko dira eta gutxi gu, baina seguru hausnarketa interesgarriak sortzen direla Internet euskaldunaren inguruan EH 2.0 jardunaldietan.