Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Prospektiba

Gipuzkoarrak eta web 2.0a

Eneko Astigarraga 2007/11/07 00:01

Gipuzkoarren Bizimodu Digitala txostena

Gipuzkoan 2007. urte hasieran 15 urte edo gehiago zituzten 1.661 pertsonari egindako inkestatik abiatuta egin den azterketaren arabera, eta hauetatik Internet erabiltzaileei edo digitalki aktiboak diren biztanleei (biztanleria osoaren ia erdia) egindako inkestatik abiatuta prestatu den "Gipuzkoar Gizarteko Bizimodu Digitala 2007" txostenean zehazten denez, erabiltzaileen seiren batek Interneteko foro, komunitate sozial, blog edo wikietan parte hartzen du.

Zenbait datu aipagarriak txostenean:

  • ADSL konexioa ez zaie iruditzen garestia Gipuzkoarrei, bakarrik %1ak ez dauka arrazoi horrengatik.
  • Ekipamendu maila oso ona dute Gipuzkoarrek. Esate baterako % 86ak du mahai gaineko ordenagailua, %35ak eramangarria, %75ak kamera digitala, %66ak MP3 erreproduzigailua, %41ak bideo-jokoen kontsola, %17ak GPS sistema nabigatzailea (azken hau ugariagoa zaharren artean), etabar luzea.
  • Etxetik konektatzen da Internetera %88a, lantokitik %39a.
  • %66ak egunero konektatzen da Internetera
  • %36ak nabigatzen du euskaraz, %98ak gazteleraz nabigatzen duen bitartean edo %22ak ingelesez egiten duen bitartean.
  • Gehien erabiltzen den zerbitzua posta-elektronikoa da, %88a.
  • Internet albisteak, eguraldia, osasuna, trafikoa, finantza zerbitzuak, eta horrelakoak kontsultatzeko erabiltzen da.
  • %11ak Webgune edo blog bat sortu/mantentzen du.
  • %16ak Gizarte-erkidego/blog/foroetan parte hartzen du

Hori dela eta, txostenaren egileen iritziaren arabera, "gipuzkoarren artean, lankidetza eta informazioaren trukaketa erraza sustatzeko helburua duen "web 2.0" filosofia hedatu dela egiaztatzen da, 35 urtetik beherako pertsonen artean, batez ere". Baina bost seirenek ez dute foro, komunitate sozial, blog edo wikietan parte hartzen, eta bakarrik bederatzitik batek webgune edo blog bat sortu edo mantentzen du.

Inkestan jasotako erantzunen arabera, "hamar erabiltzaileetatik hiruk, beren eguneroko bizitzan Internet eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiek benetako garrantzia dutela diote".

Normala denez ere, gazteen artean nabarmenagoa da Interneten aldeko jarrera, 25 urtetik beherakoen artean, hamar erabiltzaileetatik lauk adierazten dutenez, Internetek benetako garrantzia du beraien eguneroko jardueretan. Aldiz, 55 urtetik gorako segmentuan, hamar erabiltzaileetatik bik soilik agertzen dute jarrera hau.

Bat batean botatakoak albistea irakurtzerakoan. Okerrago izan zitezkeen datuak, eta ez dira hobeak inguruan. Animo!

Txosten osoa hemendik jaitsi daiteke (adi .pdf formatoa )


Technorati Tags: , , ,

Wikipedia eta Wikia. Jimmy Wales Gasteizen

Eneko Astigarraga 2007/11/06 07:23

Hasieran despistatu samar agertu zaigu Jimmy Wales gaur goizean Gasteizen egin duen aurkezpenean (Bilbao - Spain zuen idatzita aurkezpenaren izenburuan), baina hitzaldi labur eta zehatz batean, wikipedia proiektuaren ezaugarri eta datu nagusiak eman ditu, eta batez ere duela ia bi urte sortu zuen Wikia proiektuan jarri du bere arreta.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren 2010 Planaren aurkezpenean aipatu zen bezala , Pedro Luis Uriartek Euskadi Europan berrikuntzaren erreferentea izatea lor dezagun Utopia hitza ekarri du gogora bere zentzu onean, eta horretan wikipediarekin konparatu du. Eta Uriartek aipatu duen bezala Innobasque aurkitu dezakegu wikipedian, baina momentuz gazteleraz bakarrik.

Hori lortzeko, hau da Berrikuntzaren erreferentea, lau kontzeptu argi izan behar direla azpimarratu du Ibarretxe Lehendakariak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren astearen inaugurazioan: lidergoa, aurreikuspena, estrategia - kuantitatiboa zein kualitatiboa-, eta konpromezua.

Azkenik, entzulegoaren artean Wikipedia ezagutzen zuen gehiengoaren aurrean, eta non besoa altzatu dutenen kopuruaren arabera, gutxi gora behera 40 wikipedista aktibo zeuden, hitzaldi laburra baina zehatza eskeini du Walesek.

Wikipediaren ezaugarri eta datu nagusiak aipatu ditu, batez ere bilaketen hobekuntzan eta Wikia proiektu berrian arreta ipiniz.

Google edota Yahoo-ren bilatzaileei aurre egin eta beraiekin lehiatzeko asmoa ikusten diote batzuk Jimmy Wales-en Wikia proiektu berriari. Wikiak irabazteko asmoa du eta arrisku-kapitalaren dirua jaso du dagoeneko. Wikipediak Wikia-ri buruz

Seguruenez, une interesgarrienak galdera-erantzun atalean izan dira: wikipedian artikuluak idazteko sistema errazagoaren beharra, zentsurak, eztabaidan dauden artikuluak, hizkuntza gutxituak, web semantikoa, tagging-a, folksonomiak, templateak eta wikipedia, wikipediaren kapitulu nazionalen arazo eta abantailak, wikipedista zaharren ohiturak vs wikipedista berrien eskaerak, etabar. Luze eztabaidatzeko gaiak, baina onena wikipedian bertan egitea.

Informazioaren Teknologiak, Hizkuntzaren Industriak eta Prospektiba PCTI 2010ean

Eneko Astigarraga 2007/10/23 06:10

Zientzia Teknologia Berrikuntza Plana 2010

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren 2010 Planaren aurkezpenean irudian ikusten den liburuxka dotore eta pisutsua banatu zuten (harrituta, baina ez dut erreferentzia digitalik aurkitu oraindik) eta begirada bat eman diot gauean.

Ez du epemuga luzerik (2010a bertan dago), baina estrategiari dagokionez, oinarri sendoak dituela dirudi: berrikuntza sistema, agenteak, erakundeak, pertsonak, ... martxan daude eta dagoeneko bidea irekita dago.

PCTI 2010 planaren jardun arloetan begiratu dut, gertuen bizi ditudanak non ageri diren ikusteko. Lehiakortasuna bultzatzeko eremuan kokatzen ditu Teknologia eta Berrikuntzarako Planak CodeSyntaxek gertutik ukitzen dituen Informazioaren Teknologiak eta Hizkuntzaren Industriak, eta Gizarte berrikuntza eragiteko eremuan, enpresa-eraldaketan, Deustuko Unibertsitatean jorratzen dudan Prospektiba gaia.

Informazioaren Teknologiak

Euskadi informazio gizartean zerbitzu aurreratuetako erreferentzia bihurtu nahi du planak, eta IKTen barruan eta etorkizunari begira, ingurumen-adimenaren kontzeptu berria aurreikusten du, zenbait enpresa-aplikazio identifikatu direlarik:

  • Sentsore sareak (SS)
  • Hari gabeko komunikazioen sareak
  • Sareen segurtasuna
  • Informazioa
  • Errealitate birtuala, gehitua eta mistoa
  • Edukiaren tratamendurako teknologiak
  • Teknologia biometrikoak
  • Pertsona-tresna interfazeak
  • Teknologia semantikoak
  • Asistentzia-teknologiak

Hizkuntza Industriak

Bizi garen gizarte eleanitzean teknologia hauek berebiziko garrantzia dute, eta PCTIak zenbait helburu planteatzen ditu:

  • Herritarren bizi-kalitatea hobetzea, hainbat sistemarekiko elkarrekintza, komunikazioa, zerbitzuak ematea eta hartzea eta informazioa baliatzeko aukera ahalbidetuz.
  • Euskararen normalizazioa maila guztietan sustatzea
  • Informazioaren gizarterako sarbidea erraztea.
  • Herrialdearen industria-hazkundea bultzatzea, eta bere produktu eta zerbitzuak nazioartekotzea erraztuko dioten mekanismoekin hornitzea.
  • Herritarrak, enpresak eta erakundeak hainbat erremintarekin hornitzea, horien bitartez hizkuntzaren erabilera zehatzagoa, zabalkunde handiagokoa eta kokatzen errazagoa lortzeko.

Gizarte Berrikuntza: prospektiba enpresa-eraldaketarako

Planak dion bezala, edozein aldaketa sozial, ingurumen-arloko edo ekonomikok enpresak hartzen ditu eraginpean, aldez aurretik mugitu eta egokitu beharra baitaukate lehiakortasun handiko esparru batean, jarduera ekonomikoek aldaketa bizkor eta gero eta handiagoa bizi duten testuinguruan.

Hori dela eta, ingurune adimenduna bermatzeko gizarte eta ekonomia zientzietako enpresa aplikazioetan teknika kualitatibo berriak, prospektiba bereziki aipatuz, proposatzen ditu planak. Hala bedi!

Eguneraketa 2007/10/24

Gaur aurkitu dut erreferentzia digitala. Azala ezberdina duela dirudi, baina hemen aurkitu daiteke Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren 2010 Plana .pdf formatoan. Adi, 2,6 MB dira.

Ibarretxe Lehendakariak aurkeztutako EUSKADIKO BERRIKUNTZAREN ALDEKO MANIFESTUA hemen dago (.doc 24 KB)

Eta uztaileko aurkezpenan erabilitako .ppt-a, hemen aurkitu daiteke. Baina kontuz, .ppt pisutxua da.


Technorati Tags: , , ,

Berrikuntzaren aldeko manifestoa - dekalogoa

Eneko Astigarraga 2007/10/22 23:52

Zientzia Teknologia Berrikuntza Plana 2010

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren 2010 Plana aurkeztu da gaur Bilbon. Aurkezpenean iragarri denez, euskal erakundeen apustu programatiko nagusia da, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarekiko konpromiso sendoa, datozen urteetan Euskadiren bigarren eraldaketa ekonomikoa deitu izan denari ekin diezaiogun.

Helburu nagusia berrikuntza eremuetan Euskadi erreferentea izatea da, eta hiru ardatz ditu:

  1. Euskal Zientzia eta Teknologiaren ahalmena eta gaitasuna garatzea.
  2. Jakintzaren Gizartea Orokortzea
  3. Eta antolamenduetako kalitate-printzipioa sakontzea, erakunde publiko eta pribatu guztietara hedatuz.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako 2010 Planaren alorrak

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako 2010 Planaren alorrak honakoak dira:

  • Aldaketa kulturala bideragarri eta lagungarri izan behar duena –eta ez bakarrik enpresei dagokienez, baita euskal gizarte osoari dagokionez ere- berrikuntza ezinbesteko gisa ikus dezaten, haren gainean etorkizuneko gure ongizatea oinarritzeko.
  • Zientziaren garrantzia aitortzea ez bakarrik bikaintasuneko oinarrizko ikerketaren alorrean abangoardiako jakintza sortzeko, baita herrialde gisa erronka sozial, enpresarial eta estrategiko berriak bere gain hartzeko gizarte kualifikatu eta prestatu bat eratzeko ere.

Oraina bultzatzea da erronka berriak egiteko oinarria, eta oinarri horiek ez dira soilik "made in Euskadi" konstruktoaren inguruan biltzen, gero eta gehiago biltzen baitira "thought in Euskadi" konstruktoaren inguruan.

  • Sektore berriak sortzeko premia, gure herrialdearen ekoizpen-errealitatea osatuko dutenak hain zuzen ere.
  • Hazteko eta proiekzio globala izateko bokazioa duten enpresa berritzaileak sortzea.

Gainera 2010eko Zientzia Teknologia eta Berrikuntzaren Planaren dekalogo estrategikoa dago.

Planaren arloak eta jardun-programak

Planaren arloak eta jardun-programak nagusiak honakoak dira:

– Egungo oinarri ekonomikoaren lehiakortasuna hobetzeko arloa, bultzatzeko tresna nagusiekin "Hastapena, Innova Lankidetza eta Innova Enpresa" eta berrikuntza irekia bultzatzeko programekin (teknologikoa eta ez-teknologikoa)

– Dibertsifikazio-arloa garatzeko bidean dauden etorkizuneko sektoreetarantz:

  • Biozientziak
  • Nanozientziak
  • Energia alternatiboak
  • Garraio adimendunerako elektronika

Bultzatzeko elementu nagusiak: Etortek eta Etorgai izango dira

– Politika zientifikoko arloa: Karrera ikertzailearen garapena

  • Bikaintasuneko Oinarrizko Ikerketako Zentroak (BERCak) euskal bikaintasun zientifikoaren erakusgarri.
  • Ikerketa Kooperatiboko Zentroak sendotzea sorkuntza zientifiko-teknologikoko mekanismo gisa, balio handiko enpresa-jarduerak sortzeko gai etorkizuneko sektore eta jardueretan.

– Ekintzailetza teknologikoko eta oinarri teknologikoa duten enpresak sortzeko arloa: Connect Gunea eta NET oinarri teknologikoa duten enpresa berriak.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Planaren azken helburua 2010erako Europarekiko Euskadiren konbergentzia zientifiko-teknologikoa lortzea da. Horretarako, Euskadin sorturiko BPGaren %2,25 I+Gra bideratzeko ahalegina egitea planteatzen da, 6.700 milioiko inbertsio publiko-pribatua mugituz.

PCTI 2010 Planeko Behatoki Estrategikoa, jarraipena eta laguntza teknikoa Naider enpresak eramango du.

Berrikuntzaren aldeko manifestoa

Aurkezpen ekitaldian 10 puntu dituen berrikuntzaren aldeko manifestoa aurkeztu da. Gutxi gora behera eta laburbilduz:

  • Berrikuntza eta ekintzalei lotutako baloreak giltzarriak dira: sorkuntza, errespomsabilitatea, ezaguerarekiko pasioa, inguruarekiko konpromisoa, sarean lan egitea, ....
  • Hezkuntza sarea eta modeloaren egokitzapena, pertsonek berrikuntza garatu dezaten
  • Etengabeko ikaskuntza bizitza osoan, pertsonek berrikuntzaren motorea izan daitezen.
  • Pentsamendu kritikoa eta librea bultzatzea, aldaketa areagotzeko, herri modernoa, irekia eta berritzailea lortzeko.
  • Etengabeko berrikuntza erakundeetan, kooperazio, sareko lana, ... puntako ikerkuntza lortzeko.
  • Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren sistema bultzatzea gizarte berritzailea lortzeko.
  • Berrikuntza irekia eragile guztiei.
  • Berrikutza eremu guztietara zabalduta.
  • Nazioartera begira egon behar dituzte enpresa eta erakundeak, une oro konektatuak munduko sareetara.
  • Berrikuntza Euskadiko identitate seinalea bihurtzea, arlo honetan erreferente izateko.

Ez dut aurkitu inon dekalogoa, hurrengo egunetan aurkitzen badut, lotuko dut hemen, baina gutxi gora behera puntu hauek jasotzen dituela uste dut.


Technorati Tags: , , ,

Hacker bila gabiltza

Eneko Astigarraga 2007/09/28 00:37

Gari Araolazak iragarri duen moduan, enpresan lan egiteko hacker euskaldunen bila gabiltza. Iniziatiba, Interneti begirako jarrera aktiboa, ordenagailu zaletasuna eta antzerakoak baloratzen ditugu. Noski, hori oinarrizko teknologiak menderatzeaz gain (ingelera, programazioa, abstrakziorako gaitasuna, RDBMak, SQL, Internet eta abar). Teknosexua arduratzen da hackerren deialdiaz. Idatzi garaolaza abildua codesyntax puntu com helbidera.


Technorati Tags: ,

Europa 2030 - Lurralde eszenategien mapak

Eneko Astigarraga 2007/07/16 12:42

Hilero ESPON (European Spatial Planning Observation Network) izeneko sare europarrak hileko mapa argitaratzen du. 2007eko uztailean etorkizuneko Europaren lurralde mapa, edo hobe esanda mapak, argitaratu du.

Izan ere, 2030 urtean hiru eszenategi ezberdinen arabera - 1) joerakoa, 2) lehiakortasun politikaren ondoriozkoa eta 3) kohesiozko politikaren ondoriozkoa -, Europako lurraldeen mapak, eremu eraginkorrenak azpimarratuz, argitaratu dituzte.

trend

Joerazko eszenategian ESPONek egindako etorkizuneko mapetan aktibitatea erdialdeko eremu metropolitarretan, Pentagonoa izendatzen dutena, biltzen eta ardazten dela ikus dezakegu, baina zerbait zabaltzen da ingurunetako beste herrialdetara, nagusiki hiriburuak eta beste motore Europar batzuetara.

Hau da, Europar Pentagono zentrala, garraio sare nagusiak marrazten dituzten karrajo edo korredoreen zehar hiriburu garrantzitsuetara zabaltzen da. Esate baterako, Bartzelona eta Madril, Roma, Glasgow, Copenhague, Stockholm eta Oslo, Berlin eta Varsovia, Praga, Viena eta Budapest.

Irudian ikus dezakegun bezala, garraio sare nagusiek marrazten duten garapen-karrajoa osta-osta ailegatzen da Euskal Herriraino, eta ESPON ekimenaren ikerketetan ageri diren irisgarritasun mapetan gaur egun, AHT-a osatzen ez den bitartean, eten egiten da Europarekiko lotura. Hau da, Euskadi-Akitania, Eurohiria eta bestelako estrategiak martxan ipini arren, komunikazioa sendotasun eta maiztasunari dagokionez, harrigarria bada ere, ESPON-eko ikerlarien arabera ez da ageri inongo lotura sendorik Iparraldearekin, Bordelarekin edo Frantziako Tolosarekin. Irisgarritasun multimodala (potential multimodal accessibility) neurtzeko adierazleak, abioiez eta trenez eguneko joan-etorria egiteko posibilitatea eta maiztasunean oinarrituta, erabili dituzte.

Mapa asko ageri dira txostenetan, kultura ratioak marrazten dituen mapan, Europa guztian ematen den bataz bestearen bueltan gaude orohar baina, arriskuan direla medio, naturakoetan azpitik gaude.

competitividad

Europako lehiakortasun orokorrari zuzendutako eszenategian oinarrituta marrazten den etorkizuneko mapan erdialdeko Pentagonotik kanpo dauden oso lurralde gutxik (Londres, París, Hamburgo, Munich edo Milano) lortzen dute erakartasun eta aktibitate gune garrantzitsua izatea. Ia aktibitate guztia Europako erdialdeko "pentagono" delako horretan geratzen da.

Aldiz, kohesiora zuzendutako politikaren eszenategian aurreikusten den lurralde-mapan, erdialdeko pentagonoa zabaldu egiten da eta garapena erdialdetik kanpo dauden hiri gehiagotara ailegatzen da. Era berean, erakartasun eta aktibitate gune berriak sortzen dira Europa osan zehar. Euskal Herrian Europa mailako aktibitate-erakartasun gunea (hori kolorez adierazita) osatzen dela ikus daiteke 2030eko mapan ... Baina, Madrilekin baino gehiago Bordela, Paris eta Europako Arku Atlantiko bezala ezagutzen denarekin lotuta ageri da.

Hau da, espero genezakeen legez, kohesio politika batek lurralde orekatuagoa sortarazten du. Dena den, hiriguneak nabarmentzen dira erakartasun, garapen eta aktibitate gune nagusiak bezala.

Ikerketa eta adierazle askoren arabera hiri dentsitatea, elkarrekiko harremanak, noraino irekia dagoen herrialdea eta beste lurraldearekiko loturak dira sorkuntza eta berrikuntzaren motoreak .

Europa luzatuan eman daitekeen Europar garapenaren ikerketa Bruselasko Unibertsitatea Libreak - IGEAT-ek egin du eta dokumentu asko argitaratu dituzte

Mapak .pdf-an dagoen artxibo honetan (adi 4,29 MB) lortu daitezke. Eta Atlas osoa hemen (adi 74,4 MB .pdf formatoan)


Technorati Tags: , , ,

Software Librea eta enpresa: Koopetitzearen abantailak

Eneko Astigarraga 2007/07/04 22:22

Deustuko Unibertsitateko ESIDE Ingenieritza Fakultatearen menpean dagoen ONTE bulegotik (Oficina de Nuevas Tecnologías y Educación) Software Librea eta enpresa-ri buruzko jardunaldia (sl2007.deusto.es ) prestatu dute eta CodeSyntax -ko jendea parte hartzera gonbidatu gaituzte.

Gurekin batera IBM, Sun, Novell, RedHat/Jboss, Telefónica I+D, ESLE eta Irontec-eko ordezkariak hartuko dute parte software libre komunitateak enpresarekiko duen hartu emana eta esperientzia kontatzeko.

Software librearen eraginari buruzko FLOSS impact txostenean edo Holandako Unibertsitateetan partaide garen ZEA partners elkartea Koopetition (coopetition) adibide bezala azpimarratzen dutenez eta koopetitio estrategiaren adibide eta eredu bezala jartzen gaituztenez hori izan da hitz egiteko aukeratu dudan gaia.

Hortara gure esperientzia kontatu dut "Modelos innovadores de negocio. De lo local a lo global, CodeSyntax y ZEA Partners" izeneko aurkezpenean. Norbait interesatuta balego hemen dago .

Nere ustez, horren adibide garbia duela gutxi martxan ipini genuen Plonegov izeneko proiektua da. Sustatun software libreko saria PloneGov ekimenari aipatu nuen Europako software libreko saria PloneGov ekimenari albistean, CodeSyntaxeko albisteetan eta nere blogean gaztelerazko atalean: PloneGov, Software Libre para la e-administración . Azken finean, software libretik eta koopetitio enpresa estrategiak erabiliz e-administrazioarako soluzioak eskaintzen dira proiektu honen bitartez.

Jardunaldiko beste aurkezpenak interesgarriak dira, Telefonica, Sun, Novell, RedHat/Jboss bezalako enpresa handiak, Irontec, Alianzo edo CodeSyntax bezalako enpresa txikien ondoan. Ikuspuntu eta iritzi osagarriak.

Software Librearekiko interes berezia erakusten ari dira aspaldidanik Deustuko Unibertsitatean, batez ere e-ghost taldetik. Aurten ere, ohizko udako ikastaroak izango dira. Berrikuntza bezala, Donostiako Campus-ean ospatuko dira.

Egitarau osoa interesgarria dirudi CodeSyntaxeko laguna batzuk, Nando eta Gari, OpenStreetMap aplikazioaren inguruan Geodatos libres con Open Street Maps ikastaroan parte hartuko dute. Aldiz Txus-ek Introducción a GNU/Linux para informáticos parte hartuko du. Ahal badut Donostian izango naiz ni R eta Gretl ikasten ...


Technorati Tags: , , , , ,

Historia Bizia eta prospektiba

Eneko Astigarraga 2007/06/20 16:46

Cartel Conferencia en Logroño

Normalean historia ikerketak bakarrik gizakion eta gizarteen iraganeko gertakizunak aztertzen dute eta normalean historia iraganak eta iraganeko gertakizunek osatzen dute.

Baina, La Rioja Unibertsitateko Carlos Navajas irakasleak eta zuzentzen duen Grupo de Investigación de Historia de Nuestro Tiempo (GHINT) delakoak, historiak hiru denbora eremuekin (iragana, presentea eta etorkizuna) duen erlazioari buruzko oso interesgarria den ildo teoriko eta metodologikoa lantzen dute: Historia denboraren (edo denboren) zehar subjektuen ikerketa bezala ere ulertu dezakegula.

Gaiari buruz gehiegi ikertu ez bada ere, gutxienez bi zentzutan zuzen-zuzenean lotzen ditu historia eta prospektiba.

Alde batetik, etorkizuna historiaren ikerketa objektu bezala, eta bestetik, Navajas-ek dioen legez, historia prospektiba eta etorkizuneko ikerketen abiapuntu bezala, askotan inplizitoki eman den arren teorian larregi sakondu ez dena.

Ikerlerro hau eta beste batzuen zabaltze lan moduan, GIHNT taldeak hitzaldi zikloa antolatu du maiatza eta ekainean, Logroñoko Espacio Fundación Caja Rioja-Santos Ochoa delakoan, eta bertan izan nintzan atzo Tendencias de futuro en la sociedad actual. Recorrido sobre la sociedad que nos viene hitzaldia ematen (inork interesa badu hemen dago gazteleraz)

Irudian ageri den hitzaldien kartelak deigarri agertu da Logroñon, propagandaren mesederako Breznev y Honeckerren arteko muxu orijinala baino beroagoa dirudi kartelekoa.


Technorati Tags: , ,

Informatu zaitez eta gidatu ezazu ordenagailutik altxatu gabe

Eneko Astigarraga 2007/05/30 02:39




Gari eta Luistxok Tagzania mundura zabaltzeko ahaleginetan Kaliforniako Silicon Valley-ra egin duten bidaia jarraitzen, Googlek mapentzat atera dituen tresna berriekin egin dut topo.

Mapetako tresna horiek mapplets delakoak dira: mapa baten gainean informazioa edo joerak erakusteko balioko dutenak, gasolina edo etxebizitzen prezioak esate baterako. Hasieratik Tagzanian erabiltzen diren georss-en bitartez egin ahal izango da. Dena den, berrikuntza hai dela eta suposatzen dut aukera gehiago gehitu beharko ditugula Tagzanian . Gehiago ikertzeko, ikasteko eta lantzeko.

Aluzinantea eta polita era berean arlo honetan ematen ari diren berrikuntzak. Esate baterako GoogleMaps-eko Street View ikuspegi berri hori. Oraindik esparru mugatu batzuetan baino ez dago, baina ikusgarria da: badirudi kotxe batean zoazela kaleen artean nabigatzen edo gidatzen.

Suposatzen dut horrela hartu dituztela irudiak, kotxe batetik eta alde guztietara filmatuz, Futuroscopeko filma haietan bezala. Baina orain Interneten eta dinamikoki: zu zeuk maneiatzen duzu tresna.

Suposatzen dut ere, gero joango direla kokatzen zeharkatzen dituzun toki guztietako publizitatea irudietan ;-)

Irudietan Stanford-eko Unibertsitatea , San Francisco eta Oakland lotzen dituen zubia eta edozein kale bat.

Hemendik pare bat urtera edo arinago, Bilboko kaleak ikusiko ditugu horrela, seguru.


Technorati Tags: , ,

IEB2007 - Informatikari Euskaldunen Bilkura 2007

Eneko Astigarraga 2007/05/10 05:23

Web 2.0 hemen lemapean Informatikari Euskaldunen VI Bilkura IEB 2007 ospatuko da gaur eta bertan parte hartzeko asmoa dut, horregatik aspaldiko partez lerro hauek blog honetan. Hemen utzi dut aurkezpena.

Duela bi urteko bilkuraren kronikan IEB 2005. Informatikari Euskaldunen Bilkura esaten nuen moduan, informatikaria izan ez arren laugarren aldiz izango naiz jardunaldi hauetan eta beti bezala, ongi antolatuak eta jendetsuak izatea espero dugu.

Lehen edizioan euskarazko softwarea, bigarrenean Euskara eta Internet, hirugarrenean - honetan komunikazioa aurkeztu nuen-, informatikaren irakaskuntza eta informatika irakaskuntzan, laugarrenean informatikaria gizarte elektronikoan gaia edo ardatza jorratu zen eta duela bi urtekoan Softwaregintzaren erronka berriak izan zen.

Bukaerako galdekizuna betetzerakoan aurten web zerbitzuak eta software soziala gaiak jorratzea proposatu nuen duela bi urte, eta nonbait badu antzekotasuna aukeratutako web 2.0 gaiarekin.

Gainera, mahai inguru batean parte hartuko dut Patxi Gaztelumendi eta Aitor Soroa irakaslearekin batera. Teoriaz behinik behin 10 minututan web 2.0-aren prospektiba eta nazioartea gaiaren inguruan zerbait esan behar dut.

Joeraren batzuk bai, azken egunetan argitaratu diren datuen araberakoak esate baterako. Ana Arruarte eta Xabier Artolak jasotzen zituztenak gaur: Web 2.0 guneek jasotzen duten parte-hartze maila oso apala omen da, bisitari gehienek sortu ordez jasotzea nahiago baitute, antza (...) Web 2.0k berarekin dakartzan teknologia eta laguntzak prest dauden arren, aktiboki erabiltzeko ohiturak eta jarrera parte-hartzaileak oraindik heltzeko daudela ematen du.

Nolabait Forrester Research-eko grafiko honek adierazten duena:


gorantz? beherantz?, azken boladan alfertutako sortzaile izanda ere, ez daukat oso garbi nik norantz edo noraino jo dezakeen web 2.0ak.

Ezbairik gabe komunikazio eta sare sozialetan izan dute nolabaiteko arrakasta web 2.0 deitutako aplikazioak, baina nabariak diren arrazoiengatik hain garrantzitsuak diren hezkuntza eta erakunde eta enpresa munduan noraino eman dezaketen ikustear dago.

Erabilgarriak dira eremu horretan?, onuragarriak?, ezagueraren zabalkuntza, berrikuntza edo lehiakortasuna hobetzen dute?, ... nire ustez bai. Baina orduan, zergatik hain gutxi erabiliak? Horra etorkizuneko erronka aplikazio berrientzat.

Beste lankide batzuk parte hartuko dute IEB-ren 2007ko edizioan, Gari Araolaza , Jatsu Argarate edo Josu Azpillagak, seguru ni baino garbiago dutela zer esan (1, 2 )

Aurkezpena hemen


Technorati Tags: , ,

Aurkezpena

"Etorkizuna interesatzen zait datozen urteetan bertan biziko naizelako".

Prospektiba, estrategia eta plangintzari buruzko bloga.