Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Prospektiba

Sostengu eta prestakuntza gutxi

Eneko Astigarraga 2005/02/01 08:21

Garagoittiko Orakuluak Linuxari agur esan dion egunean eta azkenean Gari Linuxeroak Teknosexua Geek euskaldun baten memoriak bloga aurkeztu duen egunean, Porto Alegreko Foro Sozialean itzulpengintzan soft librearen erabilera goraipatzen dela irakurtzen diot Roland Piquepaille-ri bere How new technologies are modifying our way of life blogean.

Eremu honetan, itzulpengintzan, software libreko itzulpen automatikorako sistema iragarri dute duela gutxi. CodeSyntaxen ere software librean garatu ditugu itzulpengintzarako , itzulpen memorietarako, lagungarri izan daitezken tresnak.

Beraz, argi dago software libreak etorkizuna duela. Esate baterako Firefox 1.0, Plone 2.0-Zope , Linux 2.6 , ... 2004 urteko produkturik onenak (Top Products of 2004) izendatu ditu eWeek bezalako aldizkari batek. Milaka produktu eta aplikazio daude.

Kode irekiak garapen teknologiko endogenoa bideratzen du, ezagueraren teknologikoaren zabalkundea, gehitzea eta biderkatzea azkartzen du. Beraz, administrazioak bultzatu beharko luke eta ez oztopatu .

Normalean, CodeSyntaxen Software librearekin lan egiten dugu: Zope, Coreblog, OpenGroupware, Tumatxa eta beste aplikazio askorekin, baina arrazoia du Oierrek soporte gutxi eta formazio gutxi dagoela esaten duenean: Linux sistema eragilliaren tripak aztertzen genduzen, eta... nik ez najuan hori nahi. Nik Windowseko ordenadore bat erabiltzen ikastea besain azalpen errezak nahi najittuan. Neri Linuxa zelan funtzionatzen daben ez zestan ardura; ni zelan erabiltzen zan nahi najuan jakin bakarrik.

Bada, bai software libreko aplikazioak zelan erabili irakasteko ikastaro gutxi daude: Openoffice - word, excel eta accesen ordez - nola erabili, Linuxeko lau gauza nola egin, eta horrelakoak behar dira, baina KZ-etan edo eskoletako informatika orduetan ez dira irakasten. Behin eta berriro, Microsoft aplikazioak erakusten dira, hori ezagutzen dugu eta horregatik Oierrentzat eta gehienontzat hori da naturala.

Noizbait aldatu beharko dugu.

Internet Prospektiba

Eneko Astigarraga 2005/01/31 23:25

Prospectiva_Internet.jpg

Martxoaren 4an eta Informazioaren Gizarteari Buruzko Munduko Gailurrearen barnean, Interneten Prospektiba egingo dute Namur hirian Jules Destrees Institutuak antolatuta.

Hiru ardatz nagusi jorratuko dituzte:

  • Teknologia informazioaren gizartean
  • Giza baliabideak ezagueraren gizarterantz
  • Internet Gobernatzearen zeharkako erronkak

Ardatz gehiago azter daitezke Interneten etorkizuna aurreikusterakoan, baina aukeratutakoak oso garrantzitsuak dira. Ikusi behar ekarpenak nolakoak diren.

Informazioaren Gizarteari Buruzko Munduko Gailurrearekin zerikusia duen gertaera pisuduna izango dugu urte amaieran Bilbon: Bilbao 2005. Cities & Regions World, Hirien eta Agintari Lokalen Informazioaren Gizarteari Buruzko Munduko II. Goi-Bilera , Tunisiako gailurrari begira.

Egitaraua zehaztu gabe dago oraindik, baina hiru lan talde izango ditu:

  • Aplikazioak eta zerbitzu publikoak
  • Interkonexioa eta Lurraldeak
  • Solidaritate Lokala eta Nazioartekoa

Ekitaldia azarorako dago iragarrita, 9tik 11ra.

10.000 pausu egunero

Eneko Astigarraga 2005/01/29 02:35

Alex Steffenek idatzita, gure osasuna hobetzeko aholku batzuk World Changing blogean ikusi ditut, ...

Bai, bai, prospektiba da, etorkizunerako hazia, etorkizunean aginduko duen indarra. Osasunagatik kezkatzea, ez bakarrik Iruinean, azken urteetan gorantz doan joera da, eta datozen urteetan gorantz joko duena, edo hori dirudi behinik behin.

Beno, etorkizunerako joera ezbada ere, ondo etorriko zaizkigun aholkuak. Japonen Manpo-Kei egitaraua gomendatzen dute: Ibili zaitez 10.000 pauso egunero!! (ordu erdi edo ordu bete egunero, gutxi gora behera. Ez da asko eta merezi du)

  • Ibili, paseatu, zure bikotearekin, semeekin edo lagunekin.
  • Txakurra atera kalera
  • Erabili eskailerak, aszensorearen ordez
  • Joan zaitez oinez dendara, eskaparateak ikusi.
  • Jaiki zaitez telebistako kanala aldatzera
  • Bilerak oinez egin
  • Joan zaitez auzokide bat bizitatzera
  • Parkera edo dendak ikustera joan...

Tabakoa utzi dudanez, horrelakoekin hasi beharko dut...

Hainbat herri eta hirietan ez da erreza, baina Copenhagen, zein hiri polita, horrelako egitaraua ipini dute martxan, baina beste neurri osagarriak hartuaz:

-) kaleak oinezkoentzat bihurtu eta prestatu, -) trafikoa eta aparkalekuak pixkanaka kentzen joan, -) erdigunea biziberritu eta jendea bizitzera joan dadila, -) animatu erdigunea ikasleekin... -) eta horrela beste neurri asko, bizikletak, tabernak, terrazak,...

Aspaldiko kontuak, baina ez da plan txarra, ezta?

(bide batez New Yorken egon ginenean Irigoien lagunak atera zituen argazkietariko bat erabili dut)

Garapen jasangarria edo iraunkorra eta eszenategiak

Eneko Astigarraga 2005/01/28 01:24

Tokiko Agenda 21ak direla eta, garapen jasangarria eta jasangarritasuna hitzak erabiltzera ohituta nengoen. Aldiz, Euskaltzaindiak garapen iraunkorra hobetsi zuen, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak behin eta berriro garapen jasangarria terminoa erabili.

Baina tira, blogera ekarri nahi nuena jasangarritasuna edo iraunkortasuna eta prospektibaren eremuak lotzen dituen webgune interesgarri hau da: Scenarios for Sustainability. A consortium to support open methods and tools(www.scenariosforsustainability.org ). Metodoak, softwarea, ... intereseko gauzak, bai.

Iraunkortasuna etorkizuneko joera da eta prospektibak gero eta arreta gehiago eskaintzen dio, ikuspuntu ezberdinetatik gainera.

Eta aurrekoekin batera, Sustainability Now ( www.sustainability.ca ), jasangarritasunaren inguruko errekurtsoak. Kanadan sortua, apur bat Ingurumena webaren estilora, baina ekimen profesional eta pribatutik sortua, British Columbia-ko ingeniero talde batek egina.

Gure artean, esate baterako Euskadiko Portu, Ubide eta Bideetako Ingeniarien Kolejioak edo Euskadiko Baso Injineru Teknikoen Elkarteak sortuko balu bezala. Ez legoke gaizki dena administrazioaren eskuetan ez uztea ...

e-irisgarritasunari buruzko inkesta EB-n

Eneko Astigarraga 2005/01/26 12:41

Europako estatuei zuzendu behar zaien Teknologia Berrien Irisgarritasunari buruz eta ezinduei eskeinitako zerbitzu digitalei buruzko komunikazioa prestatzeko, Europar Batasunak sareko inkesta martxan ipini du. Otsailaren 12arte eman daiteke iritzia, Public on-line consultation on a proposed COMMISSION COMMUNICATION on eAccessibility.

Sustatu blog kolektiboan eta Etiam-ek erabilgarritasunaren ikuspuntutik, ukitu dira gai hauek.

Europar Batasunaren komunikazio hori prestatzerakoan kontutan izan diran ideia batzuk:

  • Sektore publikoetan irisgarritasun baldintzak aurreikustearen derrigortasuna. Bai kontratatutako tresna eta zerbitzu digitaletan, bai bertan garatzen direnentzat.
  • IKT-etan lan egiten duten profesionalen sentsibilizazioa eta formakuntza irisgarritasun gaietan.
  • Irisgarritasunaren eremuan estandarizazioa eta ikerketa bultzatu.

AEB-etan neurri asko dagoeneko legez, 508 Law delakoaren eraginez, indarrean daude.

Iturria: Internet Actu

Aurrerakuntzak etxerako

Eneko Astigarraga 2005/01/26 01:21

Metropolismag aldizkariaren webguneak aipatzen du Electrolux Design Laboratory delakoak antolatzen duen Electrolux Appliances for the Future Competition. Hau da, etorkizunari begira, 2015 urteari begira alegia, Electrolux -ek etxeetan erabiltzeko diseinatutako elektrogailuak asmatzeko lehiaketa.

Denetatik ikus daiteke. Aipagarrienen artean sukaldean egiteko mahaia, frutak eta barazkiak fresko-fresko mantentzeko FooZoo delakoa, Washman erropa garbitu eta lehortzeko tresna, etabar .

Etxeko edonolako lanetan laguntzeko inbento eta aurrerakuntza ederrak aurkeztu dira lehiaketara. Baina etorkizuneko etxeko lanen irudietan agertzen diren pertsonai guztiak emakumezkoak dira ... Horretan ez dirudi aldaketa handirik aurreikusten dutenik Electrolux-ekoek. Ez dut uste Emakunde n pozik egongo direnik.

We Make Money not Art blogean ikusia.

Hiper-dentsitatea

Eneko Astigarraga 2005/01/25 08:10

Portugalete kenduta, Hong Kong da munduko hiririk jendetsuena: 7.566 biztanle kilometro karratuko ditu Hong Kong-ek. Portugaletek, 15.958.

Baina, mundu mailan Hong Kong-ek sona handiagoa du eta horregatik Z+blog -ek Asian ematen ari den Hiper-urbanizazioaren joerak ikertzeko, Hong Kong hiria oinarrizko laborategia dela dio.

Zentzu honetan izugarriak joera honi buruz pare bat argazkilarien lanak:

  • Michael Wolf: Architecture of Density webgunean erakusten duen lana (merezi du introa aguantatzea pixkatean...), eta
  • Andreas Gursky: New york-eko MOMA-n egindako erakusketan

Irudi ederrak eta harrigarriak...

Ikerketa baten arabera erantzukizuna genetikoa da

Eneko Astigarraga 2005/01/23 23:50

Harritu nauen artikulua irakurri dut Tendencias Cientificas -en: La responsabilidad social es genetica. Los genes determinan la mitad de los comportamientos altruistas o agresivos de una persona

Bizkien artean egindako ikerketa baten arabera gure portaera soziala, erantzukizun soziala, altruismoa, enpatia, agresibitatea, ... neurria handi batean - %50etik gora diote - geneek baldintzatzen dute.

Ikerketa Kanadako Western Ontario Unibertsitatean irakasle den J. Philippe Rushton -ek zuzendu du eta Proceedings of the Royal Society aldizkarian argitaratu dute Genetic and environmental contributions to pro-social attitudes: a twin study of social responsibility izenpean. 80 KB duen .pdf artxibo honetan irakur daiteke laburpena.

Behin eta berriro, heziketa, sozializazio prozesua, giro sozialak, etabarren garrantzia entzuten eta azkenean geneek dute gure izaeraren errua. Baina, horrela izanik, etorkizunari begira sikologia, soziologia edo psikologia soziala eta, adibidez, ingeniaritza genetikoa batzen dituzten ikerketetarako eremu berriak zabalduko dira.

Gaindegia eta Datu Talaia

Eneko Astigarraga 2005/01/21 17:22

Gaur aurkeztu da Donostian Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Gaindegiak (www.gaindegia.org) jatorri eta izaera desberdinetako eragileak bildu nahi ditu. Profesionalak, enpresariak, unibertsitarioak, sindikalgintzakoak, hedabideetakoak eta herrigintzako beste sektore batzuetakoak elkartu dira proiektu hau abian jartzeko.

Xabier Isasi GAINDEGIAko lehendakariak honela zehaztu du xede nagusia: Errealitate sozio ekonomiko nazionala abiapuntu, Euskal Herriko sozio ekonomia esparru zabala bizitzea eta biziberritzea, eraketarako zein garapenerako ildo nagusiak aztertuz eta aurrera urratsak egitea ahalbidetuz.

Gaindegiaren sortze-helburuak hiru alor nagusietara laburbiltzen dira:

  1. Egoeraren azterketa,
  2. Loturak sortu, sareak eratu,
  3. Informazioa hedatu eta eztabaidak sustatu.

Webgunea hau da: www.gaindegia.org

Datu Talaia: Euskal Herriko Datuen Talaia. Estatistikarako tresna

Zenbat udalerrik osatzen du Euskal Herria? Zenbat biztanle dago? Zein da langabetuen kopurua? Zeintzuk dira Euskal Herriko sozio-ekonomiaren esparruan daturik esanguratsuenak? Nola gaude Europako estatuekin alderatuz?

Askotan horiek eta tankera horretako makina bat galdera burura datozkigu. Gehienak erantzunik gabekoak. Nor garen dakigulakoan zer garen oraindino ez dakigu. Datu batzuk badaude egon, jakina, baina horiek ere estatistika zerbitzu desberdinetan sakabanaturik han-hemenka, antolatu gabe.

Zalantza horiek gainditzeko Gaindegia ekimenaren barruan Datu Talaia, datu bilgunea sortu da.

Euskal Herriko datuen TALAIA proiektua gabezia hori gainditzera dator. Iturri estatistiko sakabanatu horietan arakatuz eratu da TALAIA.

Euskal Herria osoagoa, berriagoa eta kohesionatuagoa ahalbidetu nahiean sortu da.

Euskal Herriaz hitz egin nahi duen ororentzat informazio zehatza, kalitatezkoa, kontrastatua eta osoa eman nahi da. Baina hitz egitetik harago Euskal Herria artikulatu, osatu eta garatu nahi dutenentzako tresna eraginkorra izateko sortu da Euskal Herriko datuen TALAIA.

Momentuz gaiak lau dira:

  • Demografia
  • Lurraldea eta biztanleak
  • Ekonomia eta gizartea
  • Euskara eta hezkuntza

Informazioa formatu ezberdinetan eskaintzen da (taula estatistikoak, grafikoak, mapak), aukera ezberdinekin, eremu ezberdinetan (Euskal Herria, Herrialdeak, Eskualdeak, Udalerriak) eta lau hizkuntzatan eskaintzeko asmoa dago: euskara, frantsesa, ingelesa eta gaztelania.

Webgunea hau da: www.datutalaia.net

Euskal Herriari buruzko ikerketetarako tresna baliogarria izango delakoan, hurrengo egunetan frogatu beharko dugu.

Airbus 380 vs Boeing. Hegazkingintzaren etorkizunaren aurreikuspen ezberdinak

Eneko Astigarraga 2005/01/20 21:30

Airbus 380 berria plazaratu da. Harrera handia izan du Europa osoan, Airbus 380 -a hegazkingintzaren etorkizuna dela, teknologikoki oso aurreratua dela, Europan Aeronautika sektorea finkatuko duela, enpleguak sortuko dituela, sektoreko lan karga zihurtatuko duela, ... Horrelakoak, Europa osoan, Euskal Herrian, Castilla La Manchan zein Walesen entzun dira.

Euskal aeronautika sektorean hogei urterako lana, bermatuta dagoela irakurri dugu egun hauetan, berdin diote Walesen, Airbus - this is the future for flying : demand for the A380 will be huge and profitable and long-term - hence the jobs eta antzerakoak Castilla-La Manchan: Illescas (Toledo) Se trata de un importante polo aeronautico y con gran futuro en Castilla-La Mancha , aipamen batzuk baino ez egiteagatik.

Horrela izan dadila guztientzat.

Boeing eta Airbus: Hegazkingintzaren etorkizunaren irudi kontrajarriak

Baina - beti bainak topatzen -, gaur IFTF's Future Now. Emerging technologies and their social implications blogean jakin izan dut Boeing-eko marketing burua den Randolph S. Baseler-ek, bloga hasi berri duela . Eta kuriositatez, super-enpresa bateko direktiboaren bloga interesgarria izan zitekelakoan, joan naiz Boeing-eko arduradunaren Randy's journal izeneko bloga ikustera.

Espero zitekeen bezala Airbusaren aurkezpenari buruz ari da: Today is a blue shirt and red tie day. I'm doing some TV interviews on what Boeing thinks of the A380 on the day of the big unveiling event.

Jakina, Airbus 380 eta Boeing 747 Jumbo lehiakide zuzenak dira.

Boeing-eko gizonak ez du hain garbi ikusten Airbus 380 etorkizuneko egazkina dela. Teknikoki oso ona omen da A-380a, baina aeroplano handiegia da merkatu txiki batentzat, joeren aurka doa. Beharbada, horrelako hegazkin erraldoiak Airoportuak ez daudela hartzeko prest esan zutenean bezala, konpetentziaren difamazio kanpaina bat Noel Forgeard Airbuseko presidentearen ustetan.

Baina, Baselerren iritziz, A380-ak ez da aro berri baten hasiera, pasatutako aro baten gailurra baino. Bere ustez merkatuaren joera egazkin txikiagoak erabiltzerantz doa. Eta datuak ematen ditu, konparagarria den Boeing 747 erabileraren datuak: gaur egun, 747 bezalako hegazkin handien irteera edo hegaldiak 90 hamarkadaren erdiak dira.

Boieng-ek defendatu egin behar du bere merkatua, baina datu kezkagarriak dira. Hala ere, batzutan eskaintza on batek merkatuaren joera alda dezake. Gerta izan da, behin baino gehiagotan.

Concorde-arena gerta ez dadila !

Aurkezpena

"Etorkizuna interesatzen zait datozen urteetan bertan biziko naizelako".

Prospektiba, estrategia eta plangintzari buruzko bloga.