Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Prospektiba

Epe luzerako uholde arriskuen aurreikuspenak

Eneko Astigarraga 2004/07/14 20:32

Ingalaterrako Foresight programak etorkizunerako hainbat erronka aztertzen ditu. Besteak beste uholde arriskuak eta kostaldearen babesa kontutan hartzen ditu.

Eta ez dira makalak, ikusi mapan: 2080 urterako eszenategiak egin dituzte!

Programa indartsua, FloodRanger izeneko Uholde simulagailuak , txosten ugari, denbora eta tresna asko darabilena. Hori bai, kontutan izan behar dugu aurreikusitakoaren arabera, 1,7 miloi etxebizitza uholde arriskuko tokietan kokatuta dituztela eta izugarrizko kostuak izango lituzketela okerreneko eszenategia gauzatuko balitz.

CompSpeak 2050

Eneko Astigarraga 2004/07/13 10:23

Bertsolaritza ahozko kulturaren aztarna legez hartzen dugun garai hauetan, William Crosman -en esanetan, Comspeak 2050 (CompSpeak 2050 Institute for the Study of Talking Computers and Oral Cultures) Institutuaren sortzailea, aurrerapen teknologokoari esker 2050 urtearen inguruan gizakiok idatzizko kultura utzi eta ahozko kulturara bueltatuko gara.

Crosman-en iritziz, XXI mendean konputagailuak VIVO izenarekin ezagutuko dira: Voice In, Voice Out (ahotsa sartu, ahotsa atera). Ordenagailuak ez dute izango teklaturik, ez dute testu idatzirik izango, eta ahotsarekin erabiliko ditugu. Era berean, VIVO-ek digitalki sortutako ahotsaren bidez emango dizkigute informazioa eta emaitzak, eta orain dela 6.000 urte sortutako kultura idatzia, guztiz zaharkiturik geldituko zaigu etorkizunean.

Izan ere, oinarrian, idatzizko hizkuntza orain dela 6.000 - 10.000 urte informazioa gorde eta errekuperatzeko sortu zen teknologia bat da, eta etorkizunean VIVO-ek gauza bera egingo dute ahoz, askoz arinago eta hobeto.

VIVO konputagailuak informazioa gorde eta errekuperatu egingo dute ere, baina askoz arinago eta hobeto. Pertsona guztiek erabili ahal izango dituztenez, irakurtzea eta idaztea ez da izango beharrezkoa. Ondorioz, ez da izango funtsezko arrazoirik eskoletan irakurtzen eta idazten irakasteko.

Crosman futuristaren iritziz 2050 urte inguruan herrialde aurreratuak ahozko kulturak bihurtuko dira; eta beranduago, 2150 urte inguruan, planeta osoan ahozko kultura bakar bat zabalduko da.

VIVO-ak garatzeko gaur eguneko ahaleginak gizaki bilakaeraren beste aurrera pausua da, idatzizko hizkuntzaren mugak gainditu nahian eta gizakion komunikazioaren eta informazioaren erro pre-alfabetiko, biogenetiko eta entzun-ahozkoei itzuli nahian.

W C -en esanetan, gazteei liburuak, idaztea edo irakurtzea baino gehiago telebista ikustea, telefonoa, musika edo konputagailu jokoak gustatzeak ez da alfertasunaren edo eskola txarren ondorioa, baizik eta gizaki eboluzioaren adierazle garbia.

VIVO-ak etorkizuneko giza aktibitate guztiak aldatuko dituzte: hezkuntza, arteak, giza harremanak, politika edota merkataritza.

Informazioa bereganatzeko, milioika analfabetok VIVOak erabiliko dituzte eta VIVO-ak erabiltzeko eskubidea XXI mendeko giza eskubideen artean aldarrikatuko da!

Ingelesez gehiago irakurtzeko klik hemen

Eszenategiak enpresan: liburu berria gazteleraz

Eneko Astigarraga 2004/07/11 18:23

El diseño de escenarios en el ámbito empresarial da liburu berriaren izenburua, eta Pirámide argitaletxeak kaleratu du.

José Miguel Fernandez Güell-ek Universidad Politécnica de Madrid delakoaren irakaslea da, Hirigintza eta Lurralde Antolaketa Sailekoa. Orain arte, hirien plangintza aztertu du gehien bat.

Gizakion bizitza itxaropena bikoiztu daiteke XXI mendean

Eneko Astigarraga 2004/07/07 20:27

Zahartzapenaren azterketa eta ezagutzak sekulako aurrerapenak izan dituzte azken 10 urteetan. Gaur egun, askoz hobeto ezagutzen dira zaharkitzean ingurumenak edo faktore biologiko, kimiko eta genetikoek duten eragina.

Telomeroak (Telomeres), edo mitokondriak (mitochondria), edo elikapen hobekuntzak aipatzen dira, besteak beste. Horren ondorioz, zenbaitek diote XXI mendean populazioaren bataz besteko bizitza itxaropena bikoiztu egin daitekeela eta gaur ezagunak diren aurkikuntzak aplikatuz gizakiok 175- 200 urte bizitzera ailegatzeko moduan gaudela.

Baina, horrelako bizitza luzapenak berez onuragarria dirudi arren, eta anti-aging negozio berri askotarako aukera eman arren, egia esanda aldaketa asko ekarriko ditu gizarte antolakuntzan.

Erretreta sistema, erretreta adina, osasun sistema, hezkuntza sistema eta etengabeko ikaskuntza, ekonomia eta lehiakortasuna, baloreak, inmigrazioak, hiri planifikazioa eta abarrei buruz ditugun ikuspuntuak berraztertu beharko ditugu eta adostu.

Gaiari buruz asko hitz egiten ari da azken boladan, Artikulo labur hau , interesgarria, eta era berean kezkagarria, Frantziako Senatuak prospektiba ikerketetarako duen Prospective taldearen buru den René Trégouët-ek idatzitakoa, aurkitu nuen joan zen astean.

Europa osoan ari dira luzapen horren ondorio posibleak aztertzen, Europar Komisioa barne.

Prospektiba eta estrategia lantzeko softwarea

Eneko Astigarraga 2004/07/05 21:48

LIPSOR (Laboratoire d’Investigation en Prospective, Stratégie et Organisation), 3IE (Institut d'Innovation Informatique pour l'entreprise), EPITA (Ecole pour l'Informatique et les Techniques Avancées) eta beharrezko sponsors -ei esker edozeinek jaitsi eta erabili ditzake prospektiban eta estrategian sarri erabiltzen diren MIC-MAC eta MACTOR programa informatikoak.

Normalean, MICMAC softwarea sistema (sektore, enpresa, erakunde, lurralde, herri, ...) egituraren analisi prospektiboa egiteko erabiltzen da. Hau da, etorkizunari begira eraginkorrak izango diren faktoreak ezagutu eta aztertzeko. MICMAC izen zelebrea frantzesetik dator eta Matrice d'Impacts Croisés Multiplication Appliqués à un Classement esan nahi du. Baina hizkuntza propioa duen MicMac izeneko herri bat dago. Mi'kmaq (Mi'kmawi'simk, Mi'kmaw, Micmac, Mikmaq) hizkuntza duena.

Aldiz, MACTOR programa sistemetan aktore eraginkorrek duten harremanak eta eraginak aztertzeko erabiltzen da. Erronka eta helburu jakin batzuen aurrean, aktoreen arteko adostasunak eta ezadostasunak aztertzeko, eta ondorioz, aliantza edota gatazka aukerak eta politikak aurreikusteko.

Informazio gehigarria, gazteleraz

Datorren urteko ESTE-ko klaseak

Eneko Astigarraga 2004/07/04 21:48

Oraindik behin behinekoak dira, baina ahaztu ez nadin hobe apuntatzea: datorren urtean ESTE -ko Prospektiba klaseak astearte eta ostegun goizetan izango ditut.

Konturatu gabe, datorrena klaseak ematen ditudan seigarren urtea izango da. Aurtengo urtea oso ona izan da, normalean baino motibatuagoak ikusi ditut ikasleak, eta motibazioaz aparte maila ona zekarten. Horrela gustora ematen dira klaseak!

Aurkezpena

"Etorkizuna interesatzen zait datozen urteetan bertan biziko naizelako".

Prospektiba, estrategia eta plangintzari buruzko bloga.