Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Chillida Leku eta baboseo monarkikua

Luistxo Fernandez 2004/09/01 18:43

Lagun bat kexu da, Chillida Leku dala-ta. Horra haren mezua

> Chillida Lekun sarreria 7 euro, eta ez ei dauka taberna bat > edo halako zeozer umiari lasai jaten emon ahal izateko. > Gogoa nakan joateko, baina pasatu jata. Jode! denak aberatsak > garela uste juek edo!!!???

Konponbidia emon detsat: ezkondu Borboi batekin, eta duan sartuko zara.

Eduardo Txillida baino baboso monarkiko haundixagorik gitxi Euskal Herrixan. Haren ondorenguak be joera politiko berberekuak dirala emoten dau, monarkia borbonikuan aurrian adurra darixela beti. Errege-erreginak inaugurau zeben hori, eta debalde sartu ziran orduan. Oiñ dala gitxi be, Felipito eta Letizia dibortziatua etorri ziran debalde ikustera.

Ni ez naiz gitxiao. Duan sartzeko aukeria egon zan oiñ dala urte pare bat, Musika Hamabostaldiko ekitaldi doako bat bertan izan zalako, eta orduan sartu nintzan. Zelai politt bat eta Txillidan harri ta burdiñak. Bat erretratuan ikusitta, nahikua: danak igualak dira.

Haizearen Orrazia polittagua, eta nahikua, Txillida ezagutzeko. Eta onduan, tabernia, eta jatetxe barrixa be bai, primerakua: Branka. Ez da merkia (jatetxia, kafeterixia normala), baiña merezi dau erreserbatxo bat egin bertan bazkaldu edo afaltzeko.

Surfista batzuen pintada: Only locals / Bertakoak bakarrik

Luistxo Fernandez 2004/09/01 18:39

Pintada kuriosuen artian, Orruan ikusteko modukua aurtengo udan: Zumaixa eta Getarixa artian surf eitteko baztar hori da. Ba zera jartzen dau hango paret batian:

  • ONLY LOCALS. BERTAKOAK BAKARRIK (GETARIA).


Ze jatorrak, Getariako surfistak. Pentsatzen dut irudiko azpiko lerroak ez duela goikoarekin zerikusirik.

Lagun batek pintada bitxiak Eibartarrak zerrendan aittatu ostian...

Jarrairen lema zahar hura: Soldaduzka honi ez

Luistxo Fernandez 2004/09/01 18:36

Lagun batek antimilitarismoaren eta Jarrairen arteko harreman bitxiez gogorakizuna dakar Eibartarrak zerrendan

> 1- Mobimendu antimilitaristiaren eraginez insumisiñuaren aldeko mobimendua nagusittu zanian, > EHNAMeko gazterixak zalantza une bat izan zeben, eta hasieran apoyo baldintzatu bat egin zetsen > kanpainiari. Gogoratuko dozuez leluak: "Soldaduzka honi ez", "La mili con los milis"...

Uste dot detaille bat nabarmentzia inportantia dala:

Lelengua ba zan lelua, "Soldaduzka honi ez", karteletan eta abarretan publikoki agertzen zana. Bigarrena, txiste moduko bat zan... Baina Jarraik ez zeban publikoki halakorik esaten.

Jarraiko "Soldaduzka honi ez" lemaren ondorixua zan soldadutzara objetatzia edo insumiso eittia ez zebela ondo ikusten. Nik hurretik eta pasiño haundixakin segidu neban sasoi hura, neuk objetatzia erabaki neban epokia zalako. EHNAM-ekuen artian, portzierto, bazeuan beste talde bat (Ta Sugea izenekua, bueno, bi lagun ziran, pentsatzen dot), beste lema gehigarri batekin: "Soldaduzka honi ez: Objetatu". Baina hau ez zeban ondo ikusten Jarraik.

Aittatzeko modukua da orduan uko eitteko modu nagusixa Objeziñua zala. Intsumisioa gero ailegau zan. Orduan nahikua zan objeziñua, ze ordezko zerbitzurik ez zeuan antolatuta eta, hortaz, objetoriak itxaron zerrenda luze batera juaten ziran... Uste dot 12.000 inguru libratu ginttuztela bapatian, 1989 edo 1990 inguruan: ez soldadutzarik, ez ordezkorik, ez prozesu judizialik.

Erizaingo Saila

Luistxo Fernandez 2004/09/01 18:27

Eusko Jaurlaritzak boto elektronikoa sustatu nahi omen du... Webgune ofizial bat dago, eta euskaraz hemen duzue

Jaurlaritzan kontu hau bultzatzen duen sailaren izena birritan dator:

  • batean, ERIZAINGO ZAILA
  • bestean, HERIZAINGO SAILA

 

Bigarrena, hobetoxeago sikiera

Emakumezko kirolariak Olinpiadan: eta haien entrenatzaileak?

Luistxo Fernandez 2004/08/22 10:55

Jakin nahi nuke ba ote den talde-kiroletan emakumezko talderen batean, herrialderen batean, emakumezko entrenatzailerik, ze ikusten denagatik...

Euskarazko prentsa zailtasunekin Joko Olinpikoetan

Luistxo Fernandez 2004/08/22 10:54

Egunkariak Atlantan 96an (Imanol Murua) eta Sidneyn 2000n (Murua eta Gorka Zabaleta) egindako lan bikaina errepikatzeko zailtasunekin dabiltza aurten Berriako Jon Ordoñez eta Andoni Urbistondo, Espainiako Batzorde Olinpikoak akreditazioa ukatu dielako. Benetan kasu negargarria da, espainolen zikoiztasuna. Gero nazionalista erradikalak beste batzuk dira, ikusi beharrik ez La2-eko patrioterismoa...

Los Santxez

moblog 2004/07/30 14:13

Euskal abizenen inguruko kontu batzuk dakartza Administrazioa Euskaraz aldizkariak bere azken alean, Mikel Belasko hizkuntzalariak idatziak. Beste gauza batzuen artean, abizenen top-ak errepasatzen ditu: deitura ugarienak EAEn eta Nafarroan. EAEko ranking-a: 1. Garcia 2. Fernandez 2. Gonzalez 4. Rodriguez 5. Lopez 6. Martinez 7. Perez 8. Sanchez 9. Martin 10. Gomez Nafarroakoa: 1. Garcia 2. Martinez 3. Perez 4. Fernandez 5. Lopez 6. Gonzalez 7. Jimenez 8. Sanchez 9. Rodriguez 10. Goñi EAErako 17. lekuan Agirre aipatzen du Belaskok. 18. Bilbao eta 20. Larrañaga. Nafarroarako, 19. Iriarte. Kuriosoa delakoan...

Iñaki Uriarte

Luistxo Fernandez 2004/07/27 08:46

Atzo hil zen Iñaki Uriarte kazetari bilbotarra. Hainbat lan egindakoa euskarazko prentsan eta euskalgintzan (oharra Berrian )

80ko hamarkadan ezagutu nuen nik. Haren bidez hasi ginen batzuk Argiarako kolaboratzen, ikasle ginela Bilbon. Harekin ikasi nuen ordenagailu arraro bat testuak idazteko erabiltzen, Bilboko AEK-ren egoitza zaharrean.

Heriotza injustua, eta injustua hari azken agurra eman beharko lioketen batzuk kartzelan egotea.

Bloglineseko harpidetzen inguruan

moblog 2004/07/22 04:02

Bloglines-eko euskarazko feed bilduma ikusi ondoren, zera dio lagun batek:

  bataz beste, bakoitzak hiruzpalau "subscriber" du,   harpidedun alegia.  Zer esan nahi termino horrek testuinguru honetan? 

Pentsakizun batzuk horren inguruan.

Bloglines-eko subscriber edo harpidedunak dira: jarraitzaile zintzoak, gutxienez 3. 3 horiek jarraitzen dute blog hori Bloglines feed irakurgailuaren bidez. Hala ere, horrek ez du kentzen:

  • beste harpidedun batzuk izan ditzake blog horrek, beste feed irakurgailu batzuen bidez irakurtzen dutenak. Ezin jakin zenbatek zenbat irakurtzen dituzten horrela.
  • beste irakurle batzuek ere izan ditzakete blogok, web bidez zuzenean klikatuz, aurkitu egin dutelako, edo faboritoen zerrendan dutelako eta bisitatzeaz akordatzen direlako...

Bloglines-eko subscriber kopuruak balio dezake elkarren artean blog-en popularitatea konparatzeko:

  • Telezaborrak 6 ditu.
  • Sarean.com-ek 28
  • Sustatuk 29

Hortaz, Bloglines-en erabiltzaileen artean, Sarean.com eta Sustatuk popularitate bertsua dute, eta Telezaborrak baino dexente gehiago. Hortik kanpora estrapolatu daitekeen? Sarean.com ez dut uste Sustaturen web bisitari kopurua lortzera iritsiko denik, baina...

Bloglineseko harpidetzen inguruko beste hausnarketa batera ere iritsi da beste bat hortik: Analysing Bloglines Subscriber Stats,

Popularrenetakoak Bloglineseko harpidedun kopuruarekin:

  • Dave Winer: 2652
  • Mark Pilgrim: 2100
  • Lawrence Lessig: 2794
  • Jon Udell: 1619

Harritzekoa ote 1-100 proportzioa euskarazko exitosoenen eta hauen artean? gertatzen da Bloglines-en ingelesezko erabiltzaileak milaka aukera dituela harpidetzeko. Zein diren erreferentziazkoak komunitate horretan... dispersiorako aukera gehiago daude gustuetan-eta. Erabiltzaile euskaldunaren kasuan, aukera gutxitxo daude, eta apuntatzen direnentzat Sustatu edo Sarean.com erreferentzia ia segurua izango da.

Yahoogroups-en hatzaparretatik eduki eta software burujabera

Luistxo Fernandez 2004/07/20 11:29

Euskarazko hiru posta-zerrenda beteranok Yahoo Groups atzean utzi dute azken hilabete hauetan. Software libre eta euskaldunera igaro dira. Eta lehen Yahoon pilatutako milaka mezutako, sei urtetako eta dozenaka Megabytetako ondarea berreskuratu dute gainera.

Lehen hiru zerrenda hauek Yahoo Groups-en zeuden. Orain Postaria.com zerbitzuan oinarritzen dira, eta Mailman software euskaratua erabiltzen dute.

  • Eibartarrak zerrenda, Eibar.org elkartearena. Makelist izeneko zerbitzu batean sortu zen, gero eGroups bihurtu zen, eta hura Yahook erosi zuen.
  • Dantzan zerrenda, Dantzan.com gune eta elkarteari lotua. Hau ere eGroups - YahooGroups ibilbidea egindakoa.
  • ItzuL. Euskarazko zerrenda arrakastatsuena seguru aski, EIZIE elkarteak itzultzaileentzat zerbitzu profesional gisa antolatua. Onelist izeneko zerbitzu batean sortu zen 1998an, hura eGroups-ekin batu zen ondoren, eta gero YahooGroups-en egon da urteetan. Trantsizioa egitea erraza zen. Hartu harpidedunak, gehitu zerrenda berri batera, itxi zaharra, martxan jarri berria, eta kitto. Baina YahooGroups-en pilatutako artxiboak ziren koxka. Mila mezu Dantzan-en kasua, 8.000 Eibartarrak zerrendan, eta 20.000 ItzuL-en. Zer gertatu behar zuen horrekin? Akaso interes gabeko berriketa mordo bat besterik ez da. ItzuL-en baliteke intereseko gauza gehiago egotea, zalantza zaharberriei aspaldi emandako erantzun eta konponbideak, baina 20.000 mezutan bilaketak egiteko aukera handirik ere ez zegoen Yahoo-n...

Interesa eta erabilgarritasuna zein direla ere, gauza bat argi zegoen: mezu horiek talde bakoitzaren ondarea dira. Eta gaur zukurik ateratzeko aukera handirik ez balego ere, 10 urte barru, auskalo zein tresna edo interes izango ditugun. Adibidez, 1999-2000 tartekoan ItzuL zerrendan pilatutako mezu eta edukiek balio berritua izan dezakete. Etorkizunerako gordetzeko besterik ez bada, nork bere ondarea eskuetan edukitzea inportantea da.

Eta horixe egin dugu. 30.000 bat mila mezu berreskuratu Yahoo-ren artxibo erdi ezkutuetatik, eta 60 Mb-tako mezu mordo bat antolatu. Mezu mordo hori, talde bakoitzaren eskuetan dago orain, .mbox formatu estandarrean. Morokil bat, oraingoz: beharbada ez dago mezu/testu kantitate hori tratatzeko tresnarik esku eskura... baina egongo da, etorkizunean egongo da.

Zerrenda bakoitzaren artxibo berreskuratuari erabilgarritasun gehiago emateko, bakoitzak orain duen artxibo paralelo batean gehitu dugu, Gmane zerbitzu doako eta harrigarrian.

Orain, zerrenda bakoitzaren korpus osoa dago hor:

Bilaketak egin daitezke korpus oso horretan, eta ez dirudi oso santu dabilenik bilatzeko metodoa, baina, tira, bada zerbait.

Etorkizunean, kontrola norberaren eskuetan

Era berean, Postariak gordetzen du zerrenda bakoitzaren artxiboa, bakoitza Mailman-ekin hasi zen unetik: Itzul - Eibartarrak - Dantzan. Eta are garrantzitsuagoa, aurrerantzean zein delarik ere zerrenda bakoitzaren ibilbidea, dela Postariarekin edo beste baliabide batzuekin, Postariaren fasean pilatutako mezu-sorta osoa talde bakoitzaren esku dago uneoro (Mailman zerrenda-kudeatzaile guztietan dago aukera hau, ez bakarrik Postarian, artxiboak .mbox formatuan eskuratzeko). Beste trantsizio bat iristen bada, ez da egin beharko alkimiarik Yahootik eduki erdi-giltzapetuak berreskuratzeko. Nork bere edukia kontrolpean, bere jardunean burujabe.

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004