Kazetaritza kongresutik bueltan, hausnarketa gehiago
Josu Landari beste gauza interesgarri bat entzun nion Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresuan ostiral arratsaldean. Bere hitzaldia amaitzean, kafetegian elkartu ginenean, gure kointzidentziak eta disidentziak komentatzeko.
Batetik, bere hitzaldian, neurean ez bezala, posta-zerrendak aztertu zituen Josuk, nonbait Eibartarrak
zerrenda honen jarduna hedabide
eta kazetaritza
kontzeptuetatik gertuago ikusten du Landak, neuk baino. Eibartarrak zerrendari lore handiak botatzen dizkio.
Beste alde batetik, euskarazko komunikazioan benetako hito batzuk Interneten gertatzen ari direla uste du Josuk, inork kasurik egiten ez dien arren. Bere berbetatik:
Susmoak nauka Joxe Arantzabalek «Minbizia dudala esan didate medikuek» idatzi zuenean, informazio zientzien esparru autonomoan aro berria ez ote ze zabaldu.
Kafetegian, gero, bere ustez beste hito bat izan dena aipatu zigun:
- Hondarribiko Jokinen kasua aipatu zuen lehen medioa Eibartarrak izan zen, Markos Zapiain.
"Egunen batean norbaitek historia hori kontatu beharko du", halako zeozer ere entzun nion, eta serio ari zen, Jokinen inguruan ez zebilen ironiaz, ez delako horretarako gaia.
Hauxe da mezu hori.
Neure testuetan ageri ez den beste komentario gehigarri bat egin nuen hitoen kontu honetan. Hitzaldia baino lehenago norbaitek aipatu zidan, enfin, orain Euskadi Sioux erakusketa, tesina eta gogorakizun inportanteetarako gaia bada, akaso Etiam bloga ere izan zitekeela urte batzuk barru. Ba bai, izan daiteke.
Disko onenen, kantu onenen eta zutabe-ipuin onenen zerrendak
RockDeLux-ek Espainiako historiako rock disko onenen zerrenda bat atera eta komentarioak inguruan. Tartean, Sustatukoak ere bai Iban Zalduaren eskutik. Zalduak, gainera, euskarazko diskoen zerrenda osa dezagun proposatzen digu.
RDL-koen zerrenda espainolean, baskoen artean faltan bota dut La Dama Se Esconde-ren baten bat.
Euskal zerrendari dagokionez, horra neurea:
- Ruper Ordorika. Ni ez naiz Noruegako errege.
- Hertzainak. Hertzainak.
- Xabier Montoia. Beti oporretan.
- Delirium Tremens. Ikusi eta ikasi.
- EH Sukarra. EH Sukarra.
- Itoitz. Espaloian.
Bestalde, uste dut datozen mendeetarako hit-paradeak, printzipioz, kanten gainekoak izan beharko direla. Album-a, kontzeptu gisa, hiltzat jo daiteke. Kantuz kantuko deskarga legal eta ilegalekin hil dugu.
Bide batez, zorionak eman nahi dizkito blog xume honetatik Iban Zalduari Itzalak liburuagatik. Sustatu prezeski aipatzen duen Conspiration.com ipuina ere sartu du han, Egunkarian argitaratu zen zutabe hura... Lastima hura ez kopiatu izana, orain ez baitago gure artxiboan gordea. Beste bat, aldiz, Egunkariatik kopiatu eta pegatu egin genuen gurean, duela hiru urte: E-maila.
Letitia Zavalak zakil luzapena proposatzen dit
Spam mezu hau jaso dugu bulegoan. Neuk eta lankide batek bai behintzat. Penis enlargment pills eskaintzen dizkigu.
Letitia Zavala hau Zakilixut-en lagun haren senidea izango da, akaso: Nerea Azpitarte Zabala.
Txosten bat, hitzaldi bat, presentazio bat eta blog bateko sarrera sorta
Geroxeago noa Euskalduna jauregira nire txostena aurkeztera Euskal Kazetaritzaren I. Kongresuan.
Txostena Sanferminetarako entregatu behar izan nuen, "argitalpen epeeterako" hala behar zuten, eta harritzekoa egiten zitzaidan halako aurrerapena... total, azkenean webgunean ez aurkitzeko nik uztailean argitaratzeko eman niena (eta ustez besteek ere eman zietena). Diot nik: 21. mendeko komunikazioan, 4 hilabete behar dira zerbait jasotzetik argitaratzeko? (kasu honetan ez argitaratzeko!)
Gainera, lau hilabetean, Interneteko euskal eremuko blog-gintza izanik neure aztergaia, banekien desfasatuta egongo nintzela, eta horregatik oso deserosoa zen niretzat lau hilabete lehenagoko testu batekin joatea Kongresu batera. Horregatik, tira, pixka bat neurea eguneratzeko, blog honetan artikulu sorta batekin osatu dut kongresurakoa. Azkenean, lau diskurtso izango dira.
- Hitzez emango dudana
- Pantailan erakutsiko dudan presentazioa
- Txosten idatzia, nonbait argitaratuko dena
- Blog honetako kapitulu sorta
Ideiak berdintsuak denetan, baina ordena desberdinean bakoitzean.
CodeSyntax-eko Luistxo Fernandezek Euskalduna Jauregian egingo den Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresuan parte hartuko du, Bitartekaritzarik gabeko kazetaritza ponentziarekin.
Blogekoak, honela geratu dira:
- Hartzaileak Interneten informazioa jarraitzeko dituen moduak: zori hutsetik, gogokoetara, eta XML feed-etara Bitartekaritzarik gabeko kazetaritza (1)
- Gaur egungo hedabideetako informazio zeharo bitartekatua Bitartekaritzarik gabeko kazetaritza (2)
- Hartzailea, informazioaren kontsumitzailea, zentzu eraikitzaile eta igorle Bitartekaritzarik gabeko kazetaritza (3)
- Hartzailea igorle: blog edo weblogak Bitartekaritzarik gabeko kazetaritza (4)
- Kazetari talentua blogetan: kazetari sena eta teknika Bitartekaritzarik gabeko kazetaritza (5)
- Josu Landak neuk baino hobeto eta osoago kontatzen du nire burutazioaren ildoa... Bitartekaritzarik gabeko kazetaritza (6)
- Euskal panorama, hedabide estandarrekin konparazioak, eta etorkizuna Bitartekaritzarik gabeko kazetaritza (7)
Kongresurako aurkeztutako txostena, eta aurkezpenean erabilitako presentazioa, hemen dituzu:
- Txosten idatzia (PDF dokumentua, 990 Kb).
- PPS aurkezpena (540 kb)
Eskerrak eman nahi dizkiet, bereziki, PPS presentazioan erabili ditudan irudiengatik:
- Patxi Huarte Zaldi Eroari Berrian De Rerum Natura atalean 2003an argitaratu zuen tira zorrotz hau erabiltzen uzteagatik.
- Eibarko Udaleo Egoibarra batzordeari Castrillo Ortuoste argazki fondoko Alfa-ko produktuen argazki zaharrengatik.
Euskal panorama, hedabide estandarrekin konparazioak, eta etorkizuna
Blog-gintzaz jardun dut artikulu sorta honetan.
Euskaraz ba ote dugu halakorik? Ez, eta bai. Weblog kolektibo bat badago, Sustatu, baina ez da, espainolez informatikaz informatzen duen Barrapunto bezain ona. Funtsean, Barrapunto bezala, hartzaile askoren artean Euskalgintza informazio-gai gisa, ber-prozesatzen duen weblog kolektibo bat da. Hala ere, sortzen diren albiste eta eztabaidetatik sortzen da benetako informazio baliagarria, benetako zentzua? Nire zalantzak ditut. Markos Zapiainek erantzun ironiko batean definitu zuen oso ondo Sustatuko eztabaida tipikoak zein diren. Honako hauek:
- Txintxuak dira ETAkuak, ala piztia kabroi hutsak?
- Euskal Txip labeldunari buruzko jardunaldiak. Txostenak, gaztelaniaz. Ez dago eskubiderik!
Nik gehituko nuke, beste gai hau ere arketipikoa bihurtu dela:
- Gizon batek bere minbiziari buruzko detaile kliniko guztiak ematen dizkigu.
Ez dira, inondik inora, euskalgintzari buruzko informazio-iturri sakon, fidagarri eta probetxuzko bat definitzeko giltzak... baina, hala ere, misterioren bat dela medio, Sustatu interesgarria gertatzen da, eta adiktiboa ere bai askorentzat.
Bere polemika antzu samarren azpian, salaketa eta kontra-salaketen atzean, mezu zentzugabeen ondoan minbiziari buruzko kronika ikaragarri onak irakurtzen ditugularik, zentzu kolektiboa sortzen da, pizten da. Ez da informazio purua, ezta, demagun, informazio kalitatezkoa, baina bada zerbait: bitartekaritzarik gabeko kazetaritza da, bai. Ia-ia kazetaririk gabe egina... Badu tertulia literarioaren aire hori.
Alor pertsonalean ere ez dugu gauza handirik. Baina apurtxo batzuk bai. Jabi Zabalaren Sarean.com da adibide teknologiko bat (aholkularitza zerbitzuaren tankera hartzen diot nik, doan aholkatzen gaitu Jabik, eta eskertzen diogu --neuk bederen), baina beste esparru batzuetan ere badaude perla sortu berriak, 2004. urte honetan bertan. Telebistaz eta modaz idazten duen Telezaborra blog-gile anonimoa fenomeno bat da. Eta Ricardo Gomez filologoak hasitako FiloBlogia blog berriak ere promesa txiki bat dakarkigu berarekin: hizkuntzari buruzko informazio zuzen eta zehatza non lortu edukiko dugula, medioetako kazetariek baino zehaztasun handiagoarekin prozesatutako informazioa iritsiko zaigula esparru horretatik.
Jabi Zabala kazetaria dela, bistakoa da. Baina Telezaborra ez omen da kazetaria, ezta, eta hau esan zidatenean harritu nintzen, telebistako langilea, nonbait. Ricardo Gomez ere ez da kazetaria. Baina kazetaritza egiten dute.
(aurreko bi paragrafoak idatzi nituen San Ferminak baino lehen, ordurako entregatu behar baitzen testua Euskal Kazetaritza Kongresuko antolakuntza sistema absurdo samarrean. Nik Sanferminetan entregatu nuen, beraz, baina oraindik ez dago nire testua ez beste komunikazio edo txostenik Interneten. Enfin, gehitu nahi nuen uztailetik hona blog pertsonal interesgarri gehiago azaldu dela: Eibar.org blog komunitatekoak, eta gehiago).
Nolanahi ere, euskal blogen panorama haziz doa. Gero eta interesgarriagoa da. Gero eta kazetaritza gehiago irakurtzen da haietan. Hedabide estandar euskaldunetan gero eta kazetaritza gehiago edo hobea ote dugun ez dut hain argi ikusten.
Zer gertatuko da hedabideekin eta kazetaritza estandarrarekin
Interneteko aldaketa hauek gora-behera, ez dut uste paperaren, eta uhin hertzianoen munduan, beste kazetaritza eta hedabide eredua desagertuko denik. Ez nago seguru, ezta ere, Interneteko saltsa honek beste horri nola eragiten dion.
Medio horiek Interneten egoteko aukera handiak dituztela ere egia da. Blog kolektibo edo pertsonalak akaso informazio-iturri interesgarriagoak dira niretzat, medio tradizionalen webguneekin alderatuta, baina hala ere, hedabide horien izen-erakarmena handia izango da Interneten, eta edizio jarraituak eta eduki paperezkoak edo hertzianoak sare-bidez zabaltzeko izan dezaketen aukerak audientzia ekar diezaieke medio horiei webean. Ordaindutako edizioek ere tokia izango dutelakoan nago, nahiz eta horrekin, Espainian El Pais-ek ustez izan duen porrotarekin, eszeptikoak asko diren.
Era berean, uste dut medio tradizionalek badutela blog motako informazio modu berriekin saiatzerik.
Internetera egokitutako informazio berria moldatzeko gauza ere izan daitezke hedabide tradizionalak, zergatik ez. Badute materialik eskura. Liberation egunkariak ematen dizkigu adibide pare bat ( liberationwashington.typepad.com eta liberationnewyork.typepad.com ) eta, sarean aurki daitezkeen adibideen artean, Spokesman Review egunkari erregional amerikarrean aurkitu dudana interesgarria iruditu zait... adibide pare bat besterik ez dira, besterik ere egongo da. Zergatik ez ditu Berria-k Juan Cruz Lakasta, Harkaitz Cano edo Imanol Muruaren blog-ak inauguratuko laster? Edo telebista-bloga, ez akaso izen-deitura jakin batekin lotuta? Topagunearen Asteon baino merkeagoa izango litzateke. Ez dago motiborik aukera hauek deskartatzeko. Guztiz posibleak eta egingarriak iruditzen zaizkit, inbidia emateko moduko produktuak.
Berriak badu, hortaz (adibide bat jartzearren), kalitatezko blog sorta bat sarean jartzeko aukera. Baina hala ere, ez du esklusibitaterik izango. Berriak Canoren blog-a argitara dezake, ados jartzen badira, baina Canok ez du behar Berria blog bat izateko. Bere kasa ere izan dezake, okurritzen bazaio behar duela. Eta hain zuzen ere, blog eta informazio-iturri interesgarrientzako aukera hor dago, hedabideetatik kanpoko blog-gintzan, hedabideetakoan baino gehiago. Kazetaritza interesgarriagoa izango da, nire iritziz, hedabideetatik kanpokoa, barrukoa baino.
Ez dut uste honek inor harritu beharko lukeenik. Gaur egungo medio tradizionaletan ere, informazio interesgarriena ez da kazetariek prozesatutako informazio arrunta, sekzioak titularrez betetzen dituzten albisteak edo teleberriko eskaletako piezak, baizik eta sinadura berezia daramaten analisiak: zutabegileak, analista politikoek kontatzen dizkiguten erradiografiak eta sekretutxoak, autoretza argia markatuta daramaten erreportaiak...
Autorearen zutabean, hortxe dago kazetaritza hedabide tradizionaletan, inon badago. Eta zutabearen elementu antzekoena, sarean, blog-a da, beste batean esan dudan bezala.
Internet vs. beste hedabideak: komunikazio esparru estrategiko batzuetan, Internet da giltza
Beste adibide bat aipatzeagatik: Asteon (telebista informazioz osatutako astekari espezialdua) izugarri garestia suertatzen zen, eta laguntza faltan ito egin da. Telezaborra blog-ak ez du gasturik, eta ez du sarrerarik. Akaso ez du Asteon-ek baino askoz gehiago iraungo, baina bitartean, zulorik ez du eragingo, eta buruhauste ekonomikorik ere ez. Ixten denean, agur, eta beste zerbaitetara.
Irismen eta helburuetan, edo garrantzi estrategikoan, Asteon eta Telezaborra konparaezinak direla esango du norbaitek. Irismenean, gaur egunean, doako banaketa masibo paperezkoa ordaintzeko modua badugu, argi dago bai, Interneteko banaketa doako baina murriztuak ez duela bestearen ondoan parekatzerik. Baina helburuen garrantzi estrategikoan nik zalantzak ditut, ea bata bestearen hain gainetik ote dabilen. Helburua bada publizitate-azpiegitura bat posible egitea, eta zortzi laguneko lantalde profesional bat izatea martxan... Tira, Telezaborraren helburuak ez dira horretara hurbiltzen, baina, zorrotz begiratuta, bestearen helburuak horiek baziren, helburuak eta bitartekoak nahasten ditugulako izango da:
- Asteon-en helburua zortzi laguneko egitura profesional bat izatea zen?
- ala informazio alor jakin bat jorratzeko, zortzi laguneko egitura profesionala ezinebestekoa zen?
Zer da lehenago, arrautza ala oiloa?
Jarri dezagun helburua muinean, informazioan. Telebistari buruzko informazioa euskaraz: informazio ziklo bat sortu horren inguruan. Euskararen komunikazio esparrua eraiki horretan ere... plan estrategikoek, nazio biltzabaidaguneek, horrelakoak sarri aipatzen dituzte, baina... Telezaborra telebistari buruzko euskarazko komunikazio esparrua betetzera dator? Bai, zergatik ez. Osagarri xume bat, esan dezagun. Oraingoz, Asteon baino exito handiagoarekin, eta bideragarritasun ekonomiko handiagoarekin. Euskarazko hedabide "arrosak" ere (erreibindikazio zahar bat zenbaitzurentzat), etortzekotan, horrela etorriko dira, Telezaborraren eredutik, eta ez Topaguneak paperezko produktu batean beste diru mordoa jokoan jartzetik... Alternatiba bakarra subentzio infinitoa da: Sorginen Laratza. Asteon-ek ere subentzio infinitoa beste alternatibarik ez zuen, seguruaski... Ez dut esaten, hala ere, mereziko ez zuenik. Subentzio infinitoak ezinbestekoak dira Euskal Herrian, eta kasu batzuetan eztabaidatu ere ez dira egiten (EITB). Baina hori baino estrategia iraunkorragoa, ekonomikoki zentzuzkoagoa, da Internetekoa: ez horrenbeste diru sarrerengatik, gastu faltagatik baizik. Telezaborra ia doan da.
Ia doan, baina ez doan. Telezaborra ere ez da doan. Lana kostatzen da. Egilearen lana... Kontua da, egileak, edozein motibogatik, konpentsatzen ahal duela lan hori. Bizimodua beste nonbaitetik egiten du (edo bulego orduetan bere nagusiei denbora kentzen). Blog teknologikoak egiten dituztenek, adibidez, software librearen ereduan bezala, informazio ematen dute, feedback-a eta erantzunak jasoko dituztelako esperantzarekin. Edo bere burua promozionatzeko... Ze kurrikulum hobea Interneteko garaian, gai jakin batean duzun ezagutza eta esperientzia erakusteko, blog bat elikatzea baino?
Besterik gabe, akaso, zerbait esateko aukera eta gogoa izatea, eta gogo hori blog batean gauzatzea, nahikoa ordain da blog-gilearentzat. Beharbada, panorama informatibo eskasa ikustea izan daiteke beste akuilu bat: honetaz ez da informatzen edo ez da ganoraz informatzen euskaraz! egin dezadan nik behar bezala! Ausartuko naiz esaten horretaz badagoela zerbait Telezaborraren eta Ricardo Gomezen motibazioan, baina, bueno, haiei galdetu beharko litzaieke. Norbaitek elkarrizketatu beharko lituzke. Baina ez dut nik egingo, ze ni jada ez naiz kazetaria, izatekotan beraiek dira, Ricardo Gomez eta Telezaborra, bitartekaritzarik gabeko kazetaritzaren lehen adibide euskaldun xumeak.
Norbaitek pentsatuko du txantxetan nabilela. Ez nabilela esaten serioski etorkizuneko kazetaritza euskalduna Ricardo Gomez edo Telezaborra bezalako ereduetan dagoela. Ba bai, serioski dihardut. Bi adibide besterik ez dira, eta, noski, ugaritasunetik bakarrik sor daiteke kalitatea. Bi blog euskaldun egon eta biak onak izatea, zorte onegia da hori. Baina 20 sortzen direnean, bakanen bat egongo da txukuna.
(aurreko esaldi hori ere, uztailekoa da, txostenerakoa; orain azaroan, badaude 20, eta badaude sorta horretan oso txukunak, badago bat, bereziki, irailean sortu eta urrian amaitu zena, eta tarte horretan ikaragarrizko maila eman zuena, orain arteko blog euskaldun onena batzuen iritziz: Etiam )
Bestalde, bulego orduetarako, behintzat, Internetera konektatzen garenean, hori da eredua. Bulegoa esatean, bulegoari lotutako esparru komunikatiboak uler dezakegu: euskarazko informazio ekonomikoa, profesionala, teknikari lotua, inon garatuko eta hedatuko bada informazio hori euskaraz Interneten izango da. Prentsa arrosa baino esparru informatibo interesgarri eta estrategikoagoak dira horiek, eta inon badute garatzeko aukera, Interneten izango da, ekonomikoki bideragarria izan daitekeelako eta informazio-banaketarako ereduak badaudelako: bitartekorik gabeko kazetaritza, kazetari tituludun gabekoek emana blog-etan, edo ingurune korporatibo batean erakunde bakoitzak zuzenean emandakoa...
Gero etxean, butakan, beste zerbait izango dugu eskuartean eta pantailan... orain bezalatsu, akaso.
Josu Landak neuk baino hobeto eta osoago kontatzen du nire burutazioaren ildoa...
Flipatuta nago. Gaur egon naiz Kazetaritza Kongresuko 3 saio entzuten. Bide batez, txostenen CD-a hartu dut, ze antolatzaileek ez dute www.ehu.es/kongresua webgunean txostenik jarri orain artean.
Etxera ekarri, gauez ireki, eta batzuei errepasoa eman diet. Josu Landarena ireki dudanean, flipatuta geratu naiz: nik esan nahi nuen gauza berak esan ditu, baina hobeto esan... Eta gauza gehiago esaten ditu, orain irakurri ditudanean neuk esan nahi nituela konturatzen naizena...
Nire blogean atalka kargatu dudan nire interbentzioaren (Bitartekaritzarik gabeko kazetaritza) ildoak eta ideiak ikusi ditut errepikatuta Josurenean, baina hobeto adierazita, izen propio gehiagorekin... tartean Eibartarrak zerrenda aipatzen da, eta Eibar.org-eko blogak ere bai. Izen propioetan errore bat portzierto: Gabi Araolaza ;-) Fofo eta Miliki falta ja ja ja
Nik ostiral goizez emango dut nirea Euskaldunan. Josu Landak arratsaldez. Aldrebes beharko luke izan, bereak hartuko duelako "errepikakor" itxura horrela, eta nireari zegokion paper hori.
CD-tik ateratakoa kopiatu, eta Eibartarrak zerrendara bidali dut, baimenik eskatu barik eta hala, por el morro. PDF batetik atera dut, eta hala hola dago lerro mozketa-eta.
Hemen duzue, beraz, Josu Landaren hitzaldia
Eta errebelazio honen ondoren, ea bihar denbora pixkat hartzen dudan nire mezu sortako azkena edo azkenak osatzen.
Kokein
Gauza bat aitortuko dut: ez naiz joaten kontzertuetara. Internetek isolatuta nauka; joan zen mendetik, 1996-2004 tartean, honetan hasi nintzenetik (1996 edo), uste dut hiru kontzertutara joan naizela bakarrik (herriko plazan jaietan Mikel Urdangarin ikusteak ez du balio, niretzat): The Lemonheads ikusi nituen Bilboko Kafe Antzokian, eta Cafe Tacuba New York-en andrearekin egin nituen opor batzuetan.
Eta joan den ostiralean, Kokein, Eibarko pop taldea. Joan den ostiralean ikusi nuen Kokein, Altza-Larratxoko kultur etxean, Donostian. Split 77 taldeak jo zuen lehenago. Lokal majoa, zabala, gimnasio itxurakoa, Nirvanaren smells like teen spirit bideoko eszenarioa dakarkizu gogora... baina, klaro, 50 lagunekin huts samar.
Onak dira Kokein, euskal musikan estilatzen denerako. Baina ez da nire taldea: horixe deskubritu nuen, ze haien ezer entzun barik joan nintzen, bakarrik seguruenik Gabiriak irratian entzundako singlea, kasu honetan nik DVD-bideo batean ikusia (oso polita, oso mobidua).
Suerte txarra ere izan zuten soinuarekin, eta hori aurrekoak, Split 77, soinu potente eta majoarekin entzun nituela. Gau osoan gauza bakarra ulertu nion Zaloa kantariari: aupa, eskerrik asko, kantu-tarteetan.
Eibartarrak zerrendan gurekin dabil Jatsu baxujolea. Eta haren musika deskubritu du Julen Gabiriak, mezu batean esaten digunez. Guapoak iruditzen zaizkio Juleni Kokeinekoak eta egia da guapoak direna. Eibar.org-en, duzue irudi parea, eta diskoaren informazioa.
Hori bai: ikusgarriena kantaria da. Halako tripatxo biribil bat dauka, eta oso ondo mugitzen du, sabel-dantza hipnotiko batean darabil kantu gehienetan, a-lo-Shakira, baina Arrateballeko estiloan. Ezin ulerturik zer zioen, horri erreparatu nion kontzertuan: biejoberde bat naiz, zer egingo diogu.
Kazetari talentua blogetan: kazetari sena eta teknika
Blogak irakurtzearen plazerra aipatzen nuen atzoko mezuan. Bai, gauza onak irakurtzen ahal dira. Kazetaritza ona. Badago kazetaritza talenturik blogetan.
Niretzat bi gauza dira, funtsean, kazetari talentua: sena eta teknika.
- Kazetari sena, funtsean, gauza batentzako gustua izatea dela uste dut, berria apreziatzen jakitea, euskaraz eta gutxi gora-behera gure inguruko erdaretan terminoak duen adiera bikoitzean: albiste zer den detektatzea eta hura gustatzea, eta gauza berriak apreziatzen jakitea, betikoa hauesten duen aldaketa zerk dakarren igartzea... eta aldaketen aurrean zirrara sentitzea.
- Kazetari teknika ere, gauza bat da, funtsean, Interneten: idazten jakitea, gauzak kontatzen jakitea. Internet oro har, eta bereziki blogak, medio idatziak dira. Ez multimedia eta ez kristorik, ez sinistu holakorik: medio idatzien kategoriakoa da Internet. Eta hortaz, abilezia tekniko nagusia behar du Interneteko komunikatzaileak: ondo idaztea, oro har, eta bereziki Interneterako. Horrez gain, Interneteko teknologiaren gaineko kontrol hobea duenak hobeto komunikatu ahal izango du, baina bigarren mailakoa da hori...
Eta... badago talentua Interneten?
BAI, ugari. Kantitate handiagoan, ale gehiago. Mila bloggerren artean 10 ale on egongo dira akaso. Ba 2000ren artean, 20 izango dira.
Talentuak beste esparru batzuetan ez dituen askatasunak dauzka sarean:
- "bitartekarien" morrontzarik ez
- zierre ordurik ez (karaktere zenbaketarik ere ez)
- soldatarik ez (abantaila moduan aurkeztuko dut, bai!!!): bizimodua irabazi beharra vs. zerbait esateko gogoa daukazulako esateko aukera
Talentua ez da hain gauza urria, eta Interneten talentua ugari dago (artikulu interesgarri bat honi buruz Escolar.net-en ). CD-en edo DVD-en salmenta gainbehera etortzearekin, musika edo sormenerako talentua arriskuan jartzen dela esaten digute, baina ez dago horren frogarik: sarean irudi eta soinu sorkuntzarako zelako grina dagoen ikusi besterik ez dago. Enpresa batzuek software-patenteak bultzatzen dituztenean, enpresaren jakintza eta informatikarien talentua babestu nahi dutela diote, baina software librearen munduak erakutsi du Bulgariako logela urrun batean lanean dabilen mutil batek ere eskain dezakeela bere talentu programatzailea sarea erabiliz, talentua partekatzeko sistema bat eskaintzen bazaio (software librearen eredua).
Hedabide tradizional batzuetatik esaten digute adi ibiltzeko (Jabi Zabalak komentatzen ditu halako ahalegin batzuk hemen ),zentzua eraikitzeko Interneteko informazio-itsasoan, beharrezkoa dela erakunde mediatikoaren eta bere kazetari berezituen talentu prozesatzaile ofizialdua...
Nik kontrakoa uste dut, hedabideen informazio-kate "bitartekatuan" talentua egon badagoela, baina ez dela han argiago ikusten Interneteko blogosferan baino. Hartzaile bakoitza igorle bihurtzeko aukera eman, eta ehun hartzailetarik bat igorle bihurtuko da, eta hamar igorletarik batek talentua erakutsiko du, edo hamar igorleren mezuen kakofoniatik, bestela, zentzun apur bat eraikiko da... Sarearen efektu ireki horretan sinesten dut, eta talentu askearen ugaritasunean. Oro har, gainera, ez dut uste erredakzio jakin batean, 30 kazetariko lagina harturik, sarean lanean ari diren 30 injineruko laginarekin alderatuta, batean bestean baino kazetari-talentu handiagorik dagoenik. Ez hedabideek gaur egunean duten lan egiteko modua, ez kazetariek izaten duten prestakuntza, ez dira berme kazetari-talentuaren pizteko, nire ustez.
Eta talentua dagoenean ere, kazetari talentudunak sen hori zierre ordurako dagokion espazioa betetzen gastatu behar du, eta aldiz, akaso sarean lanean dagoen injineruak, zierre ordu barik, blog batean inbertitu dezake daukan kazetari-sen ezkutu hori...
Kazetari batzuek buelta eman diote kontu honi. Finlandiatik BBCko korrespontsalak zer kontatuko ote duen, ez dakit (Finlandiako aktualitateak ez nau horrela bereziki erakartzen), baina Fiona Romeo alias foe delakoak, blog interesgarri bat badaukala badakit...
Gainera, hedabide-egitura batean sartuta ez dagoen blog batek, hedabideen munduko morrontza ekonomikoetatik askeago egoteko aukera dauka. Hedabide tradizionala, eta hartan lan egiten duten kazetari eta prozesatzaileak, presio eta oreka ekonomiko zailetan lan egitera behartuta dauden negozio garesti batean dabiltza: paper produkzioa, edo telebista produkzioa (ez horrenbeste irratia), oso garestiak dira. Hortaz, faktore ekonomikoen bitartekaritza eta presioa handiagoa da.
Soldatarik gabe bloga egiten? Inbertsio bat egiteko modu bat
Internet merkeagoa da. Blog bat edukitzeko ez da diru asko behar. Baina dirua kostatzen da, hala ere. Akaso ordutan neurtzen den dirua. Eta, sarrerarik, edo ez dago, edo oso murritzak dira. Baina nik uste dut blog-lariarentzat kostu hori ez dela gastu hutsa: nik uste inbertsioa dela.
Blog-lari batek bere bloga bere kasa finantzatzen du, soldata beste nonbaitetik lortzen duelako normalean (hedabideko kazetari gehienek ez bezala), eta, zentzuren batean edo bestean, retorno-a ere ekarriko diolako blogak. Badako konpentsaziorik blog-lariarentzat: bere lanbidean esperientzia trukea, kontaktuak edo ezagutza gehiago garatzea... horixe izan daiteke ebidenteena. Propaganda ere bai, lan, kontratu edo enkargu ekonomiko berri edo hobeak lortzeko. Eta satisfakzio intimo eta emozionalak ere badaude, eta ez dira txikiak.
Blog-eko, sareko, kazetariaren motibazioak hauek izan daitezke, beraz:
- Inork ez ditu hauek esaten, ba nik esango ditut
- Promozio profesionala / kontaktu profesionalak
- Norberaren egoa elikatu, edo konplexuak uxatu, edo...
- ...
Hartzailea igorle: blog edo weblogak
Informazioaren ziklo zuzen-zuzena deskribatu dizuet aurreko mezu batzuetan, erakundeak informazioa zuzenean publikoari bidaltzekoa. Baina, horrez gain, informazio ziklo konplexuagoak ere badaude Interneten. Hartzailea igorle bihurtzeko gaitasuna duen medioa delako Internet, benetako komunikazioa, bi norabidetakoa, gauzatzeko bidea ematen duen tresna da. Horrek, sorkuntza kolektibo eta indibidualerako aukera handiak ematen ditu. Informazioaren hedapenerako ere bai.
Informazio hedapenerako modu batzuk ezagutzen ditugu. E-posta bidezko komunikazioa, posta-zerrendak... Baina azken aldi honetan, indar bereziz ezarri direnak weblogak dira.
(Ostiralean emango ditut kontu hauek Kazetaritza Kongresuan. Espero dut jendeak ez diola kasu egingo Andu Lertxundiri gaur, eta ez dela joango Leioara, baizik eta Bilboko Euskalduna Jauregira.) Weblog-a estandar bat da dagoeneko. Informazioa, albisteak antolatzeko modu arketipikoa weblog-arena da gaur egunean. Azken albisteak goian, haren azpian, atzeranzko ordena kronologikoan, gainerakoak. Lehen orrian hamar sartzen badira, bat berria kargatzen denean, 10.a orritik irten egiten da, baina (idealki bederen) artxibatuta jarraitzen du. Weblog-aren eredu sinple honi jarraitzen diote albistegi ia guztiek Interneten. Baita berez blog-ak ez direnek: egunkari digital gehienak eta prentsa-ohar korporatiboen bildumak, adibidez, goitik beherako ordena kronologiko horretan egituratzen dira.
Hortik aurrera, ñabardurak has daitezke. Bi motako weblogak daudela esan daiteke:
- Kolektiboak, lehen jeneraziokoak. Slashdot izan zen aitzindari, eta Kuro5hin haren ondorengo nagusia. Gaztelaniaz Barrapunto sortu zen, eta tinko dirau. Euskaraz, Sustatu. Oro har, weblog terminoa erabiltzen da horientzat.
- Pertsonalak. Pertsona edo taldetxo bakarrak sortzen eta kudeatzen dituenak. Intimitate bitxiak anonimatotik kontatzen zituen neskarena izan zen, beharbada, era honetako lehen weblog esanguratsua, baina harrezkero espertoenak asko indartu dira. Hauentzat, gehiago erabiltzen da bitakora terminoa, edo blog, laburtuta, forma luzearen ordez.
Berez, blog eta weblog gauza bera dira, baina badago halako ñabardura lexiko bat bien artean, kolektiboak (weblog) eta pertsonalak (blog) desberdintzen dituena.
Blog-ak, halaber, idazteko orduan partehartze-aukera desberdinen arabera ere sailkatu daitezke. Kolektiboetan, erantzunak posible izaten dira ia beti, eta parte-hartze ireki samarra ere egoten da, baina mezu nagusien zein erantzunen argitalpenerako, moderazio, ponderazio edo kontrol sistema desberdinak egon daitezke.
Blog pertsonaletan ere, egileek batzuetan ez dute nahi erantzunik, eta ez da egoten. Beste batzuetan, erantzun moderatuak egoten dira, eta blog-gile batzuek erantzun libreak ere sustatzen dituzte. Blog pertsonaletan beste erantzun mota ere badago: trackback-a, artikulu bati beste blog batetik egiten zaion deia edo erreferentzia.
--- Bitartekariek, bitartekotza ezabatzeko funtzionatzen dutenean
Aurreko mezuan azaldu dut batzuetan hartzaileengan miraria gertatzen dela. Hartzaile bat espertoa da esparru jakin batean, iturri askotarako sarbidea du sarean, hango informazio desberdina prozesatzeko gauza da, eta bera ere, igorle bihurturik, informazio-banatzaile bihurtzen da: Bitartekari bat gehiago (bloglari esperoa), baina bitartekaritza gutxiago informazioaren zikloan, horra Interneten ondorio bat.
Batzuetan ez da ezinbestekoa esperto handi bat izatea informazioa prozesatzen duena. Esperto txiki mordoak, edo, nahi bada, tonto mordoxka batek ere efektu bera egin dezakegu. Honela, blog kolektiboan:
Era honetako informatibo kolektiboak badaude, eta ez nolanahikoak. Hartzaile mordo baten artean osatutako Barrapunto.com albistegia da, adibidez, espainolez informatikaz eta teknologiaz oro har informatuta egoteko mediorik onena.
Hartzaile bakoitza igorle izan daiteke Barrapunton, eta beharbada mezu ertaina edo hartzaile bakoitzak interesekotzat jotzen duen gai medioa memelokeria handi bat da, baina oro har, zaborraren artean, harribitxiak ere sortzen dira, analisi sakonak, edo informazio benetan berriak.
Gainera, artikulu bakoitza ere, jatorrizko "informatikaren mundu informatiboa" bezala, hartzaile mordo baten eskuetatik pasatzen da, eta erantzunez hornitzen da, datu osagarriz, errefutazio biribilez, eztabaidez... Kakofonia horretan askotan zarata besterik ez da sortzen, baina beste batzuetan, zentzua eta benetako informazioa.
Era berean, Armentiaren bezalako bloga, edo blog kolektibo hauek, informazioaren ziklo orokorrean sartzen dira. Nik sartuta ditut zenbait blog eta filtro nire informazio-iturrietan, eta feed-irakurgailuen bitarteko teknikoak erabiliz, zentzu zehatzagoa ere lor dezaket horrela. Honela jarraitzen du Luistxok informatika enpresa handi-handi batzuen informazioa Interneten:
Googlek eta Microsoftek zuzenean esaten didatena sinistu baino, beste batzuek informazio-katean ezarritako filtroen bidez irakurtzen dut. Filtro horiek ez dira, inola ere ez, "hedabideen bitartekaritza", beste internauta batzuek ezarritakoak baizik... Armentia eta bere bloga, edo Barrapunto, teknologiaren inguruko blog kolektiboa: horrelakoak eskura izanda, zertarako behar ditut kazetariek prozesatutako zientzia eta teknologiari buruzko albisteak? Ezertarako ere ez. Prozesatzaile hobeak dira haiek...
Blog irakurketa: zutabegilearen esperientzia, eta tabernako tertulia
Gainera blog irakurketak badu beste ezaugarri kalitatezko bat. Blog bat irakurtzea, zutabegile bat jarraitzea bezala da. Eta zutabegileak bezala, gai zehatz batean duten ezagutza apreziatzen duzu batetik, baina ez hori bakarrik, bere idazteko era ere apreziatzen duzu... Mikel Elorza irakurtzen dut igandero Berrian, eta politikaz ematen dizkidan pistak gustatzen zaizkit, baina baita txiste txoroak egiten dituenean ere. Nire blog faboritoak ere hala irakurtzen ditut: apreziatzen ditut Mini-D-ko [6] argentinarrak web diseinuaz esaten dituenak (maisutzat daukat horretan), baina bere fetitxe japoniarrak aipatzen dituenean ere interesa du bere blogak.
Zutabea ez da, gainera, beti sorkuntza literarioarekin lotu behar... perfil teknikoa, akademikoa edo ekonomikoa duten blog-gile asko dago sarean. Hauen zutabeak jarraitzea, nolabait, aholkularitza zerbitzutxo bat izatea bezala da...
Blog kolektiboak, berriz, zutabe pertsonalarena baino gehiago, kafetegiko tertuliaren antza daukate. Eztabaidak proposatzen dira, eta ideiak trukatzen dira, edo desbideratzen dira... Tertuliano nagusienek gidatzen dute eztabaida, eta arau demokratiko edo autokratikoak egon daitezke tertulia bakoitzean, baina guztietan dago, gutxienik, adi-adi egoteko aukera, eta ia beti, halaber, norberak aportatzekoa.
Hortaz, gorago egindako blog-en sailkapenean, beste ezaugarritxo bat:
- Blog pertsonalak, zutabegileeak jarraitzea bezala.
- Blog kolektiboak, kafetegiko tertuliak.
Informazio ziklo honetan sarturik, blog-gile bakoitzak ziklo bitartekatuan beste begizta bat suposatzen du:
Feed eta blogak irakurtzen dituzten hartzaile aurreratuak dira, era berean, igorle bihurtzeko aukera gehien dutenak. Eta igorle direnean, feed-arekin hornituta irteten dira plazara: Informazio zikloaren zentzu-kalitatea hobetzen dute, bitartekotza katean katebegi gehiago azaltzen dira, baina informazioa bera araztuago, garbiago, irteten da amaierna.
Blog-en arrakasta non dago: ez hedabidean, baizik eta kontsumitzailean
Eztabaidak ikusi ditut Interneten: Blog fenomenoaren arrakastaren faktorea zein da?
- Arrakastazko blogak, oso irakurriak, komentatuak, eragina dutenak? ze ezaugarri dituzte.
Eztabaida okerra iruditzen zait. Niri hau interesatzen zait:
- Arrakasta duten irakurleak: ondo informatutako jendea
Blogak jarraitzearen porbetxua neuk ateratzen dut. Horretan datza blogen arrakasta, ez horrenbeste Euskara eta Publizitatea blogak izan ditzakeen irakurle edo audientzia handi edo txikian, baizik eta bere harpidedunak hura irakurtzetik lortzen dugun jakintza apurrean. Hori da blog arrakastatsu bat niretzat, niri laguntzen didalako, berak, eta beste mordoxka batek, jarraitzea erabaki ditudan blog eta Interneteko iturri multzoak...
- Blogosferan, ez da hedabideen, igorleen, arrakasta komunikazio-prozesuaren faktore klabea, irakurleena baizik.
Gainera, blog jarraipenean, orakurtzearen plazerra ere aurkitzen dut:
- Kazetari sen oso-osoa duten blog-gileak: "berria" ulertzen dutenak, eta idazten dakitenak
- Zutabegilea jarraitzearen ohitura: idazkera gustuko dugulako, profesional informatutzat daukagulako
- Enpatia: artikulu pertsonalen xarma (mezu profesionalen artean, nota pertsonalak sartzea oso normala da), tertulia giroa weblog kolektiboetan
GeroZZZZZZZZZ eta hurbilago
Belarriko mina ematen didan gipuzkoarrismo horietako bat: geroz eta..., geroz-ta
Euskaltzaindiak aspaldi dio gero eta ...ago dela, eta hala dago jasoa Hiztegi Batuan baina hainbat tokitan ez dira enteratu.
Joan den astean berritu zen Gipuzkoako Foru Aldundiaren webgunea, eta Gipuzkoa.net berrirako lema bat ere aukeratu dute: Gero eta hurbilago. Hala ageri da gunearen goiburuan.
Lema horrek kalitate-kontrola pasatu duela ematen du, baina ez erabatekoa: e-postaz bidaltzen duten buletinean, beste lema bat ageri da: Geroz eta hurbilago. Irudian ikusten da nola:
Kalitate kontrolak ez zuen buletinekoa detektatu, baina bai ordea webgunekoa, eta bada zerbait: zorionak dagokionari.
Izan ere, beste kalitate kontrol batzuk hobea izatea demostratu du euskararen gainekoak: joan den astean inauguratu zenean, Gipuzkoa.net ez zen egoki ikusten Mozilla nabigatzaile libre eta euskaratuarekin. Hiruzpalau egunen buruan etorri da zuzenketa.