Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Kazetari talentua blogetan: kazetari sena eta teknika

Kazetari talentua blogetan: kazetari sena eta teknika

Luistxo Fernandez 2004/11/10 07:42

Blogak irakurtzearen plazerra aipatzen nuen atzoko mezuan. Bai, gauza onak irakurtzen ahal dira. Kazetaritza ona. Badago kazetaritza talenturik blogetan.

Niretzat bi gauza dira, funtsean, kazetari talentua: sena eta teknika.

  • Kazetari sena, funtsean, gauza batentzako gustua izatea dela uste dut, berria apreziatzen jakitea, euskaraz eta gutxi gora-behera gure inguruko erdaretan terminoak duen adiera bikoitzean: albiste zer den detektatzea eta hura gustatzea, eta gauza berriak apreziatzen jakitea, betikoa hauesten duen aldaketa zerk dakarren igartzea... eta aldaketen aurrean zirrara sentitzea.
  • Kazetari teknika ere, gauza bat da, funtsean, Interneten: idazten jakitea, gauzak kontatzen jakitea. Internet oro har, eta bereziki blogak, medio idatziak dira. Ez multimedia eta ez kristorik, ez sinistu holakorik: medio idatzien kategoriakoa da Internet. Eta hortaz, abilezia tekniko nagusia behar du Interneteko komunikatzaileak: ondo idaztea, oro har, eta bereziki Interneterako. Horrez gain, Interneteko teknologiaren gaineko kontrol hobea duenak hobeto komunikatu ahal izango du, baina bigarren mailakoa da hori...

Eta... badago talentua Interneten?

BAI, ugari. Kantitate handiagoan, ale gehiago. Mila bloggerren artean 10 ale on egongo dira akaso. Ba 2000ren artean, 20 izango dira.

Talentuak beste esparru batzuetan ez dituen askatasunak dauzka sarean:

  • "bitartekarien" morrontzarik ez
  • zierre ordurik ez (karaktere zenbaketarik ere ez)
  • soldatarik ez (abantaila moduan aurkeztuko dut, bai!!!): bizimodua irabazi beharra vs. zerbait esateko gogoa daukazulako esateko aukera

Talentua ez da hain gauza urria, eta Interneten talentua ugari dago (artikulu interesgarri bat honi buruz Escolar.net-en ). CD-en edo DVD-en salmenta gainbehera etortzearekin, musika edo sormenerako talentua arriskuan jartzen dela esaten digute, baina ez dago horren frogarik: sarean irudi eta soinu sorkuntzarako zelako grina dagoen ikusi besterik ez dago. Enpresa batzuek software-patenteak bultzatzen dituztenean, enpresaren jakintza eta informatikarien talentua babestu nahi dutela diote, baina software librearen munduak erakutsi du Bulgariako logela urrun batean lanean dabilen mutil batek ere eskain dezakeela bere talentu programatzailea sarea erabiliz, talentua partekatzeko sistema bat eskaintzen bazaio (software librearen eredua).

Hedabide tradizional batzuetatik esaten digute adi ibiltzeko (Jabi Zabalak komentatzen ditu halako ahalegin batzuk hemen ),zentzua eraikitzeko Interneteko informazio-itsasoan, beharrezkoa dela erakunde mediatikoaren eta bere kazetari berezituen talentu prozesatzaile ofizialdua...

Nik kontrakoa uste dut, hedabideen informazio-kate "bitartekatuan" talentua egon badagoela, baina ez dela han argiago ikusten Interneteko blogosferan baino. Hartzaile bakoitza igorle bihurtzeko aukera eman, eta ehun hartzailetarik bat igorle bihurtuko da, eta hamar igorletarik batek talentua erakutsiko du, edo hamar igorleren mezuen kakofoniatik, bestela, zentzun apur bat eraikiko da... Sarearen efektu ireki horretan sinesten dut, eta talentu askearen ugaritasunean. Oro har, gainera, ez dut uste erredakzio jakin batean, 30 kazetariko lagina harturik, sarean lanean ari diren 30 injineruko laginarekin alderatuta, batean bestean baino kazetari-talentu handiagorik dagoenik. Ez hedabideek gaur egunean duten lan egiteko modua, ez kazetariek izaten duten prestakuntza, ez dira berme kazetari-talentuaren pizteko, nire ustez.

Eta talentua dagoenean ere, kazetari talentudunak sen hori zierre ordurako dagokion espazioa betetzen gastatu behar du, eta aldiz, akaso sarean lanean dagoen injineruak, zierre ordu barik, blog batean inbertitu dezake daukan kazetari-sen ezkutu hori...

Kazetari batzuek buelta eman diote kontu honi. Finlandiatik BBCko korrespontsalak zer kontatuko ote duen, ez dakit (Finlandiako aktualitateak ez nau horrela bereziki erakartzen), baina Fiona Romeo alias foe delakoak, blog interesgarri bat badaukala badakit...

Gainera, hedabide-egitura batean sartuta ez dagoen blog batek, hedabideen munduko morrontza ekonomikoetatik askeago egoteko aukera dauka. Hedabide tradizionala, eta hartan lan egiten duten kazetari eta prozesatzaileak, presio eta oreka ekonomiko zailetan lan egitera behartuta dauden negozio garesti batean dabiltza: paper produkzioa, edo telebista produkzioa (ez horrenbeste irratia), oso garestiak dira. Hortaz, faktore ekonomikoen bitartekaritza eta presioa handiagoa da.

Soldatarik gabe bloga egiten? Inbertsio bat egiteko modu bat

Internet merkeagoa da. Blog bat edukitzeko ez da diru asko behar. Baina dirua kostatzen da, hala ere. Akaso ordutan neurtzen den dirua. Eta, sarrerarik, edo ez dago, edo oso murritzak dira. Baina nik uste dut blog-lariarentzat kostu hori ez dela gastu hutsa: nik uste inbertsioa dela.

Blog-lari batek bere bloga bere kasa finantzatzen du, soldata beste nonbaitetik lortzen duelako normalean (hedabideko kazetari gehienek ez bezala), eta, zentzuren batean edo bestean, retorno-a ere ekarriko diolako blogak. Badako konpentsaziorik blog-lariarentzat: bere lanbidean esperientzia trukea, kontaktuak edo ezagutza gehiago garatzea... horixe izan daiteke ebidenteena. Propaganda ere bai, lan, kontratu edo enkargu ekonomiko berri edo hobeak lortzeko. Eta satisfakzio intimo eta emozionalak ere badaude, eta ez dira txikiak.

Blog-eko, sareko, kazetariaren motibazioak hauek izan daitezke, beraz:

  • Inork ez ditu hauek esaten, ba nik esango ditut
  • Promozio profesionala / kontaktu profesionalak
  • Norberaren egoa elikatu, edo konplexuak uxatu, edo...
  • ...
markos zapiain
markos zapiain dio:
2004/11/11 01:40

Nire motibazioak, blogile naizen aldetik, konplexuak uxatuz:

-norberaren egoa elikatu -promozio eta kontatu profesionalak -aber irakaskuntzatik ateratzen nauten

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004