Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Ondo igaro Gabonak!

Luistxo Fernandez 2004/12/23 12:33


Ze ume politak, ezta? Gure mutikoak zera eskatu dio Olentzerori:

GENBOLLA
EGASKIN TELEGIDATUA

Ez bata eta ez bestea ez du jasoko. Gameboy-aren kontuarekin, bideojokoen zoramen eta engantxetik ez dugu askatuko mutila, hori segurua da. Horiekin haziko da, telebistarekin haziko den bezala (bigarren kontu honetan, bere gurasoak ere hazi ginen).

Baina bideojokoekin jardutekotan, hartu dugu erabakia: etxean eta ordenagailuan. Ez eskukorik kalera joan eta antxitxika ibili barik apalankatuta egoteko. Ezta konsolarik ere etxerako. Garestiak dira, jokoak kartutxoetan izaten dituzte-eta.

Ordenagailuko joko eta CD-etara ohitu dadila. Akaso informarikaren zera orokorra ere geratuko zaio, edo kopiak egiten ikasiko du, jokoak elkarri pasatzen eta pirateatzen.

Beraz, bideojokoetako indarkeria zentzugabea, bai; baina ordenagailuan.

Donostiako Erraustegia elastikoan

moblog 2004/12/23 04:28

Datorren urtean Eibar igoko balitz lehen mailara, eta Reala bajatu bigarrenera, ez litzateke aukera txarra publizitate instituzionala jartzeko SD Eibarren kamisetan: DONOSTIAKO ERRAUSTEGIA.

Aurrekaririk ez da falta.

Baina neure indar prospektiboek esaten didate Eibar ez dela igoko...

Emakumezko blogari eta informatikari euskaldunak

Luistxo Fernandez 2004/12/22 08:54

Etiam blogosfera aktibora itzuli den honetan, komentario bat. Eztabaida izan dugu azarotik hasi eta abenduan barrena ere Eibartarrak zerrendan, emakumezkoei sarbidea eta bazkidetza debekatzen zaien soziedade tradizional horien inguruan.

Eibar.org elkartean ez dago, Kerizpe soziedadean ez bezala, andrazkoen sarbidea galerazten duen legerik, eta halan-da-be, gure blog komunitatean ez dago emakumezko blogaririk. Elgoibarko neska bat dago, Maite-Etiam. Eibarren ez dago, ostera, andrazko blogaririk. Hori da datu hutsa. Ze esango nuke ETXEKOANDREAK OI bloga ez dela, izatez, femeninoa...

Horixe azpimarratu nuen duela egun batzuk mezu batean eta biharamunean, prezeski, Sustatun artikulua gero eta neska gutxiago apuntatzen dela Informatika ikastera EHUn.

Blogosferan ere, neska euskaldunak urri...

Animo Animatu!

Luistxo Fernandez 2004/12/21 07:53

Aspaldiko lagun batekin egin dut topo berriro, Pernan Goñi marrazkilariarekin. Orain enpresa batekin dihardu jo ta sua: Animatu. Bere mezu pribatu bat traizionatuz:

Enpresarioa naiz, hiru sozio gara, SL bat gara, eta bi informatiko fijo dauzkagu. Gure xedea orain da telefono mugikorrentzako jokuak egitea. Bat egin dugu, Kukuxumusuren markaren lizentziapean, eta beste bat egiten ari gara, osorik euskeraz, "Zelda" moduko bat (Zelda da joku klasiko bat, GAme Boy, PC eta segapotoentzako ere badago) baina gure jokuan ez dago ezpatarik, ez inor hiltzerik. Euskarazko lehen jokua izango da mobilentzako.

Animatukoak Bilbon daude fisikoki, eta animatu.com domeinuan sarean. Mezu elektronikoak ere erantzuten dituzte, bestela.

Bloga egiten duenari nola esan euskaraz?

Luistxo Fernandez 2004/12/16 21:57

Eibartarrak zerrendan irten zen gaia, nola EITBn talde armeroa eta armeroak esaten dieten SD Eibar taldekoei. Belarriko mina ematen du herrian, bai. Mesedez, armagin deitzeko eskatu dio eibarnauta batek ETBko kirol arduradunari, Pedro Mari Goikoetxeari.

Baina eztabaida luzatu zen armagin berbaren modernotasun eta egokitasunera, eta baita -gin amaierako beste termino batzuetara. Nik blogen kontura aldatu nuen mezuen haria:

  blog-gintza eta blog-gile aipatu izan ditut hortik,   eta ez dakit blog-gin egin beharko ote genukeen...   Eta idazkera ere g+g horretan nola moldatu?  blogintza, bloggintza, blog-gintza? 

Arrapaladan etorri dira beste proposamen batzuk.

  • Nik G bakarra erabiliko nuke, errezagoa delako, baina auskalo arauak zer dioen. blogin, blogile, blogintza...
  • Beste herri batzuetan -zale atzizkia ere edozer gauzari pegatzen diote. Nire etxean ezagututako esneduna Getarian esnezale esaten da, baina -zale hori edozerri pegatzen diote. Amaginarrebaren jatetxetik txakazalia pasatzen da batzuetan, chatka banatzen duena. Haientzat akaso blogzalea da. Atzizki hau euskara batuan kamioizale terminoarekin lotuta entzuten dugu hedabideetan, eta hau benetan arraroa egiten zaigu Eibarko askori, baina atzizkiaren bizitasunaz ez dut uste dudarik dagoenik.
  • Asierrek diosku: Gipuzkoako -zale horren lekua -dun atzizkiak hartzen du Eibarren: esneduna, argiduna, egurduna, arrainduna... Blogdunak be esan leike, orduan. Izatez, esango neuke blogdun egokixagua dala blogin edo blogile baino. Arrateko Ama blogina izan leike, baina Amatiño eta Mendigreen blogdun huts (oraingoz).
  • Beste aukera bat ba badago; beste leku batzuetako -le, -taile da Eibarren: emotaile, lotaile, jotaile... Aditzekin lotzen dala dirudi (ez izenekin), baina blogeatzen dabena blogtaillia litzake?
  • Amatiñok dio -ari forma zuzen-zuzenean itsatsita ondo legokeela: blogaria, Eibarko euskaraz blogarixa.
  • Horren haritik, eta koblakari hor delarik, akaso blogakari?

Blogdun eta blogari horien forma fonetikoekin, aukera gehiago. Berriro, Asier da gidaria: Berba konposatuak edo eratorrixak sortzeko, euskeriak jokera hori daka, bai:

  ardi > art (artalde)  ogi > ok  (okin)  burdi > burt (burtera) edo bul (bulpartika) 

Baina blog moduko berbarik ez dago euskeraz. Hortaz, posible ote hauek:

  blokin? blogin?  blogdun? blotun?  blogari? blokari? blolari? 

Azkenik, lagun batek esandakoa, Eibar baterako jatorrena akaso:

  • blogista, -a artikuluarekin esanez gero Eibarren, blogistia

CodeSyntax diseinatzaile bila dabil

Luistxo Fernandez 2004/12/14 13:39

Lan poltsa osatzeko diseinatzaile bila ari gara gure enpresan kolore, forma eta diseinu konbinazioan gustua duena. Interneterako diseinu majoak egiteko jende saiatu eta berria nahi eta behar dugu.

Maite Rementeria gure diseinatzaileak oso gauza politak egiten ditu, adibidez gure azken OAI demoaren azpi-web-a, eta bere logo ederra:


Sinplea baina dotorea, ezta? Ba orain horrelako gehiago nahi dugu, lan gehiago, diseinu gehiago, Maite bezalako pertsona zoragarri gehiago... Internet gustatzea inportantea iruditzen zaigu CodeSyntax-en, ez horrenbeste Interneteko esperientzia akumulatua duzula enpresa honetan edo hartan jardun izanagatik... Hori baino interesgarriagoa iruditzen zaigu zure portafolioa sarean erakusteko webgunetxo bat baldin baduzu, edo blog pertsonal batean zure kezkak argitaratzen badituzu.

Hala ere, Interneteko esperientzia ere ez da guztia, eta baloratuko dugu beste alor batzuetako esperientzia: irudi korporatiboan, arte zuzendaritzan, testu inprimatuaren maketazioan. Komunikazio proiekturen batean ibili izana, alderdi grafikoan, edo mezu-hedapenaren prozesuan gauzak egiten...

Gehien baloratuko duguna:

  • CSS estilo orriak ezagutzea
  • HTML lengoaia ezagutzea
  • Erabilgarritasun (usability) kontzeptua apreziatzea

Ez da ezinbestekoa erraminta horien kontrola, baina, azkenean, geurekin jardungo duenak, horrekin lan egingo du, horretan sinetsiz.

Zuen kurrikuluma edo lan-eskaera, mesedez zuzendu gure webguneko datu-orritik. Ez dugu nahi Word fitxategirik. Testu hutseko azalpenak nahi ditugu, mesedez, eta datu-orri horretan kopi-pega eginda bidaltzea nahi dugu. Mesedez, egindako lanen URL-ak edo portafolioaren Interneteko helbidea eman, halakorik bazenu.

Iragarki honen testurako apur bat inspiratu gara Microsiervos-en Internality enpresarako egin duten eskaintzan, baina harekin konparatuta, askoz ausardia gutxiagorekin...

OAI demoa sarean dago jada

Luistxo Fernandez 2004/12/13 09:43

Joan den astean iragarritako OAI demoa sarean dago jada. Hau duzue helbidea: www.codesyntax.com

Lagin batzuen gaineko liburu edo artikulu bilatzaile bat (disko batzuk tartean). Ez da, izatez, hori baino askoz gehiago, baina hala ere, eskertu beharrekoa da lagina utzi dutenei emandako laguntza. Gainera, demo hutsetik, aplikazio praktiko eta irekietara urratsa erraz eman daitekeelakoan gaude. Euskal Herrian, bereziki, aplikazioa izan dezakeelakoan gaude, eta asteburuan bertan jakin dugu badagoela inguruan beste OAI ekimen bat martxan: Banque Numerique du Savoir Aquitain edo BNSA delakoa, Akitaniako Jakintzaren Gordailu Digitala. Nire lankide Enekok gehiago dakar bere blogean, baina nire iritziz, oraingoz BNSA hori beta bertsioan dago, eta bilaketak oso zuzen ote dabiltzan zalantza dut. Baina bada zerbait, eta poztekoa iruditzen zait.

Hau OAI uzta-biltzaile baten demo txiki bat da. Aukerak erakusteko asmo hutsez egina. Begiratu ezkerreko menuan orri desberdinak:

  • Bilaketa sinplea: adibidez, nola egin daitekezkeen bilaketak tituluan eta egilean
  • Bilaketa aurreratua: formatuaren kanpo guztietan bilaketak
  • Irteera posible batzuk: zer zerbitzu eman ditzakeen uzta-biltzaileak berak
  • Produktuak: demo konkretu hau nola egin den
  • Laginak utzi dizkigute demo honetarako, honako erakunde hauek:

    Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailaren Saiotek ekimeneko laguntza ere jaso du proiektuak.

    Viakal eta King Kong

    Luistxo Fernandez 2004/12/11 09:58

    Gauza handia da aita izatea. 6 urteko baten bizipenak gertutik ezagutzea, adibidez. Zein xaloa den euren mundua, eta aldi berean, zein antzekoa: gure imaginarioa osatzen duten mito berberekin bizi dira haiek ere, baina beraientzat, mitoak egiazkoagoak dira.

    Publizitatea

    Lehengoan joan zen gure Peru lagun baten etxera (Manex). Bi mutikoak sei urtekoak. Telebisiño aurrean zirela, berriketan entzun zituenn Manexen amak, Aitziberrek. Literalki:

    MANEX: Viakalek oso ondo garbitzen du, dena oso distiratsua uzten du.

    PERU: Bai, egia da, eta gainera ez du karerik uzten.

    Zinema

    Gauez, lotarakoan, ipuina ezinbestekoa da Perurentzat. Irakurri-ikusiak, Asterixenak adibidez. Neuk ipuin bihurtzen dizkiodan filmen kontakizunak ere gustatzen zaizkio. Birekin, bereziki, exito handia dut: E.T. eta King Kong.

    Negar malkoak irteten zaizkio E.T. ustez hilda dagoenean baina espaziountziaren hurbiltasunarekin berriz bihotza pizten zaionean... baita King Kongek etxeorratzaren puntan, tirokatzen dutenean, bere maitea esku ahurrarekin babesten duenean, etxe gainean uzteko neska, hilzorian jausi aurretik.

    gaztelumendi.blogthing.com

    Luistxo Fernandez 2004/12/10 19:32

    Patxi Gaztelumendik bloga sortu du gaztelumendi.blogthing.com/ helbidean. Eta Josu Landa berarekin hasi da mezu batzuk idazten. Ongi etorri biei blogosfera euskaldunera.

    Blogthing-en bitakorak sortzea erraza da.

    http://astiz.blogthing.com/
    http://goiatzl.blogthing.com/
    http://gorpal.blogthing.com/
    http://inhar.blogthing.com/
    http://iradelpa.blogthing.com/
    http://janigoikolea.blogthing.com/
    http://janiremendi.blogthing.com/

    http://josunebiku.blogthing.com/
    http://korta.blogthing.com/
    http://lur.blogthing.com/
    http://maddi2.blogthing.com/
    http://oihanekorres.blogthing.com/
    http://rebeka.blogthing.com/
    http://sasiblog.blogthing.com/

    Zergatik ez zatitu bitan Gaztelumendi, Josu Landak berea propioa izan dezan? Zergatik ez Armiarman edo Susa-lit-en blog egitura propioa? Bueno, Josuk bere iritzi propioa du eta bertantxe utzi du idatzia.

    Joxe Aranzabalengana harpidetu

    Luistxo Fernandez 2004/12/08 11:57

    Euskara ere aldatzen zaigu aukera teknologiko berriekin. Deklinabidearekin zer egin ez dakigu. Ni Berria-ra harpidetua nago, eta goizero ekartzen didate egunkaria etxera. Sustatu-ra ere harpidetzen ahal zara, bai e-postaz edo feed irakurgailu baten bidez (Bloglines-en bidez).

    Baina pertsona batera edo batengana harpidetzerik ba ote dago? Deklinatzeko orduan, ez dakit, baina praktikan, bai, eta pertsona batzuengana harpidetzea merezi du. Dudarik gabe, Joxe Aranzabalengana harpidetzea ideia ona da.

    Ze, Joxe, harpidegarri dugu osoki.

    1. Zer pentsatzen duen, esaten duen eta bizi duen jakiteko, bere bloga dauka, Faroa eta haren feed-era harpidetu zaitezke.
    2. Zer ikusten duen, ateratzen dituen argazki xaloak, Flickr-en dauzka eta haren feed-era harpidetu zaitezke.
    3. Sarean zer deskubritzen duen, zer ikasten duen, del.icio.us-en kargatzen du eta haren feed-era harpidetu zaitezke.

    Hor duzue, Joxe konpletoa: harpidetu zaitezte.

    Faroaren lidergoa

    Bloga, Faroa, bada pare bat aste martxan duela, eta ez diot ongi etorririk eman neuretik. Berandu bada ere, hemen da, mezu honetan. Lehen mezuetako bat bereziki zorrotza eta egokia iruditu zait, Euskadiko Kutxak iragarki batzuetarako Juanito Oiartzabal kontratatu izana kritikatzen du. Kritikari erreparatuta, antzeko zeozer pentsatu nuen neuk ere iragarkiok ikustean. Mezu horretan lidergo hitza aipatzeak ere atentzioa deitu dit.

    Orain dihardut liburu bat irakurtzen lidergo kontzeptuari buruz, Secrets of Leadership: Hitler and Churchill. Andrew Roberts-ena. Gaztelaniazkoarekin nabil eta polita (ideologikoki oso oso Bush-zalea izan arren).

    Gutako askorentzat, Joxerena bai lidergoa. Eta Faro honen argia, Interneten nabigatzeko itsas-argi bihurtuko zaigulakoan nago.

    Blogger, Blogspot, Google: edukiaren jabe?

    Blogspot-Blogger hautatu du Joxek blogerako, Googleren bloggintza zerbitzua. Horren harira, galdera zuzendu diot: Bloggerrekin pozik?

    Artikulu sorta handik bat-batean deskargatzerik ba ote dauka? Hau da, han pilatzen joango den ondarea, Joxeren kontrolpean dago ala Googleren eskuetan?

    Beste batzuek ere antzeko kezkak dituzte. Microsoft-en Spaces.msn.com blog zerbitzua abiatu delarik, Many 2 Many blog interesgarrian zera irakurri diot Liz Lawleyri: And in general, I’m always nervous about having my blog posts hosted on a central service that I don’t control—I like having my text on a server that I can back up whenever I’d like.

    Bai, neu ere uzkur agertzen naiz zerbitzu horiekin. 1998an hasi ginen gu Eibartarrak zerrenda egiten Makelist izeneko zerbitzu batean, gero Yahoogroups bihurtu zena. 2004an, 8.000 mezu, denak Yahooren eskuetan, eta sekulakoak egin behar izan genituen handik berreskuratzeko. Orain gure kontrolpean daude. Hemen kontatzen dut.

    Eibarko blogen kasuan, hasieratik, dena kontrolpean: domeinua, softwarea eta edukia.

    Aurkezpena

    Luistxo Fernandez

    Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

    The English Cemetery

    El cementerio de los ingleses

    Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

    Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

    E-postaz harpidetu: hemendik.

    artxiboa
    2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004