Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Bloga egiten duenari nola esan euskaraz?

Bloga egiten duenari nola esan euskaraz?

Luistxo Fernandez 2004/12/16 21:57

Eibartarrak zerrendan irten zen gaia, nola EITBn talde armeroa eta armeroak esaten dieten SD Eibar taldekoei. Belarriko mina ematen du herrian, bai. Mesedez, armagin deitzeko eskatu dio eibarnauta batek ETBko kirol arduradunari, Pedro Mari Goikoetxeari.

Baina eztabaida luzatu zen armagin berbaren modernotasun eta egokitasunera, eta baita -gin amaierako beste termino batzuetara. Nik blogen kontura aldatu nuen mezuen haria:

  blog-gintza eta blog-gile aipatu izan ditut hortik,   eta ez dakit blog-gin egin beharko ote genukeen...   Eta idazkera ere g+g horretan nola moldatu?  blogintza, bloggintza, blog-gintza? 

Arrapaladan etorri dira beste proposamen batzuk.

  • Nik G bakarra erabiliko nuke, errezagoa delako, baina auskalo arauak zer dioen. blogin, blogile, blogintza...
  • Beste herri batzuetan -zale atzizkia ere edozer gauzari pegatzen diote. Nire etxean ezagututako esneduna Getarian esnezale esaten da, baina -zale hori edozerri pegatzen diote. Amaginarrebaren jatetxetik txakazalia pasatzen da batzuetan, chatka banatzen duena. Haientzat akaso blogzalea da. Atzizki hau euskara batuan kamioizale terminoarekin lotuta entzuten dugu hedabideetan, eta hau benetan arraroa egiten zaigu Eibarko askori, baina atzizkiaren bizitasunaz ez dut uste dudarik dagoenik.
  • Asierrek diosku: Gipuzkoako -zale horren lekua -dun atzizkiak hartzen du Eibarren: esneduna, argiduna, egurduna, arrainduna... Blogdunak be esan leike, orduan. Izatez, esango neuke blogdun egokixagua dala blogin edo blogile baino. Arrateko Ama blogina izan leike, baina Amatiño eta Mendigreen blogdun huts (oraingoz).
  • Beste aukera bat ba badago; beste leku batzuetako -le, -taile da Eibarren: emotaile, lotaile, jotaile... Aditzekin lotzen dala dirudi (ez izenekin), baina blogeatzen dabena blogtaillia litzake?
  • Amatiñok dio -ari forma zuzen-zuzenean itsatsita ondo legokeela: blogaria, Eibarko euskaraz blogarixa.
  • Horren haritik, eta koblakari hor delarik, akaso blogakari?

Blogdun eta blogari horien forma fonetikoekin, aukera gehiago. Berriro, Asier da gidaria: Berba konposatuak edo eratorrixak sortzeko, euskeriak jokera hori daka, bai:

  ardi > art (artalde)  ogi > ok  (okin)  burdi > burt (burtera) edo bul (bulpartika) 

Baina blog moduko berbarik ez dago euskeraz. Hortaz, posible ote hauek:

  blokin? blogin?  blogdun? blotun?  blogari? blokari? blolari? 

Azkenik, lagun batek esandakoa, Eibar baterako jatorrena akaso:

  • blogista, -a artikuluarekin esanez gero Eibarren, blogistia
asier
asier dio:
2004/12/17 15:22

Neri "blogistia" gustatzen jata gehixen; Eibartik zer esango dogu ba! :-)

Blogari be aukerakua izan leike. Biharbada onena.

Blogin hartu ezkero, Eibartarrak zerrendako Oier Gorosabelek aittatu zeban, biharbada "blokin" biharko leukiala, "okin" moduan. Biharbada bai. Baina bide hori aukeratu ezkero, nere ustez "blogin" hobeto; errezagua behintzat bai.

Nik neuk nere botua honi: blogari.

Luistxo
Luistxo dio:
2005/01/02 13:15

Eibar.org webguneko edukietan bilaketa egiteko aukera dugula-eta, Eneko Astigarragak aurkitu du "Blogista" berba erabiltzen lehena Xabier Mendiguren Elizegi izan zela...

Luistxo
Luistxo dio:
2004/12/20 08:59

Jon Agirrek proposatu du blog-egile ItzuL-en eta Mikel Irizarrek blogero Joxe Aranzabalen Faroan

Bestalde, nik hemen zale komentatu eta biharamunean Anjel Lertxundik Zalea artikulua Berrian (2004.12.17). Copyright eskubideak urratuz, hemen kopiatuko dut:

Zalea
Titulu ederreko pelikula txar bat bezain iruzurtia da zale izenondoa: ardoa gustatzen zaionari eta ardoa saltzen duenari, biei deitzen zaie ardozalea (tabernariek ondo ezagutzen dute biak batera izateak dakarren deskalabru finantzaria). Baina, badaezpada ere, ez nioke gonazalea deituko arropa-saltzaile bati. Proxenetek, aldiz, neskazale hitzaren bi adierak onartuko lizkizukete. Burtsan dabiltzanak zein adieratan dira diruzale? Eta zer ulertu behar dugu drogazale bat atxilotu dute diotenean? Eta Durangoko azoka itxi berrian zein adieratako liburuzaleak ibili dira setatsuago, orri-pasaren zaleak ala euro-pasarenak? Zer da larruzale bat, zer eltzezalea, zergatik ibili da bertsozale bat baino gehiago magnetofoi batekin?

Horra galderak, horra zergatik jartzen naizen atezuan ni legezalea naiz edo ni herrizalea naiz edo ni literaturzalea naiz entzun orduko.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004