Kiiv, Ukraina
Abenduko nazioarteko notiziek, eta Eibartarrak-eko mezuren batek gogora ekarri dit 1992ko udazkenean hilabete egin nuen oporretan Ukrainan. Zerrendako mezuan irakurri dut ukrainarrak izatez apalak omen direla. Nuek han ez nuen sentsaziorik izan apalak zirenik. Herrialde handia da Ukraina, oso handia, eta hango nazionalismoari herrialde handienen txaubinismoaren traza gehiago hartu nion, euskal nazionalismo txikiagoarena baino. Feeling gutxi, hortaz, hango nazionalismoarekin.
Hizkuntza ere aipagai izan dugu, eta herrialdearen izena. Hango ahoskeran ukraÃna esaten da gutxi gora-behera, diptongoa hautsi egiten da.
Bi eremu linguistikotan dago banatua herrialdea, hego-ekialdea errusieraz mintzo da Janukovitxen aldeko lurraldea da, eta mendebaldea ukraineraz. Hiriburuan esaten dute errusiera gehiago entzuten dela, baina sentimendua mendebalderantz gehiago. Noiz errusieraz eta noiz ukraineraz ziharduten, doinuan ez nuen ezer igartzerik, berba batzuk ez badira. Errusieraz etengabe spasiva eta khoroxio (eskerrik asko / ondo da) esaten dizute, eta ukraineraz yakuyu eta dobre.
Idatziz, ordea, oso erraz desberdintzen dira, eta Justxenko eta Janukovitxen aldeko karteletan ere egin daiteke jokoa, igartzeko nor ari den errusieraz eta nor ukraineraz. Bi hizkuntzak alfabeto zirilikoz diren arren, letra berezi bat gehiago dago ukraineraz: I. Errusieraz, gure i idazteko espilu batean iraulitako N baten tankera duen letra erabiltzen dute. Ukraineraz N irauli hori ere badute, baina beste I bat ere bai, I latinoaren berdina. Ahoskeran ñabardura bat bada bien artean, bata i eta bestea yi, edo holako zerbait. Hortaz, idazkiren batean I latinoak ikusten badituzue, hori ukraineraz dago.
Izan ere, ukrainera i-z betea dago. Hirien izenetan ere, mapetan errusierazkoak ikusten ditugu oraindik: Kiev, Ternopol, Lvov... Baina ukraineraz hiri horiek Kiiv (kÃyiv ahoskatua), Ternopil eta Lviv dira.
Oso interesgarriak, Luistxo, idatzi dituzun bi artikulu horiek. Bai India eta baita Ukraina ere puri-purian dauden honetan, oso ondo etorri zaizkit lurralde horiek beste ikuspegi batetik ikusteko, zure begietatik.
Eskerrik asko, eta Urte Berri On!