Kaniyakumari, Tamil Nadu
Itsasikara, tsunamiak. Europako ikuspegitik, badirudi turisten inguru tailandiar horietan gertaturikoa dela larriena... Baina askoz milaka hildako gehiago izan dira beste toki batzuetan. Nik horietako bat ezagutu nuen, Tamil Nadu, Indiako hegoaldean. Turista gisa, jakina.
Kostalde pobrea du Tamil Naduk, eta ez oso ikusgarria. Laua, natura pobrekoa, hondartza zakar eta luze-luze bat da, Landetan bezala edo. Tamil Naduko edertasunak beste nonbait daude, mendialdeko naturguneetan, eta, batez ere, geografia humanoan: historian, hiri eta tenplo harrigarri eta bizietan. Egipto, Yucatan edo Grezia bezala da apur bat: tenploz tenplo zabiltza, hiri honetan tenplo bat, eta hurrengoan, bi, eta dena hola. Baina desberdintasuna zera da: tenploak funtzionalak dira! Martxan daude. Egiptoko paretetan kokodriloak ikusten dituzu, baina auskalo noizkoak. Tamil Nadukoetan elefanteak paretetan, baina aldamenean ere bai, bizirik eta tenplo barruan... Santuak kolorez eta kopinez igurtziak eta inguratuak, bikoteek umeak eskatzeko, lurra irekiten eta zu ortozik ibili behar...
Ikusten da kostan pobreak bizi direla, arrantzaleak-eta, egurrezko txalupa moduko batzuekin, hondartzan uzten dituzten untziekin. Haiei esker, hala ere, dieta alaiagoa dago han: ez bakarrik arroza, arraina eta itsaskiak ere jaten dituzu, dena pikantearekin jakina.
Pare bat turismo punto daude kostalde horretan, Mahabalipuram-eko tenploak Madrasetik gertu eta Indiaren amaiera: Kaniyakumari lurmuturra.
Badakizue nola India hiruki bat den, hegoalderantz begiratzen duena. Ba hirukiaren punta-puntako lurmuturra da Kaniyakumari. 200 lagun hil omen dira han, turistak gehienak, baina ez atzerritarrak: Indiako turistak.
Andrearekin izan nintzen Kaniyakumarin, 1996an. Abuztua zen, eta turistaz betea zegoen, baina denak indiarrak. Ez dut gogoratzen okzidental bakarra ere ikusi genuenik. Haientzat, hura espeziala da: hiru itsaso elkartzen dira han (gure ikusmiratik bakarra den arren, Ozeano Indikoa), eta India amaitzen da; hori esatea mundua han amaitzen dela esatea bezala da haientzat.
Tenplo bat dago lurmuturrean, eta apur bat itsasorago, irlatxo bat beste memorial batekin. Gandhi hil zenean, haren errautsak hortik haizeratu zituzten itsasorantz. Jendea puntu honetara iritsi, eta zoratzen ziren pozez, peregrinazio moduko bat zen haientzat: santoi mordo bat zegoen gillette kutxilekin, jendeari ilea mozteko prest, eta halaxe, hantxe geratzen ziren burusoil, familia osoak, ondoren denak bainatzeko, batzuk jantzita etorri diren bezala, eta beste batzuk bilusik, India amaitzen den harkaitz haietan. Makina bat hilko ziren hala, poz horretan olatuak harrapatuta, joan den domekan.
Umeak izan baino lehen izan nintzen Tamil Nadun. Berriz itzultzeko gogoa badut, umeekin. Turista bat bezala, noski, ze erremedio, baina herrialde eder hura umeei erakusteko irrikitan nago.
Kaniyakumariko tsunamiaren berri ematen duen blogger tamil bat (nonbait blogosferan lehendik ere ezaguna) dabil hortik, Rohin Gupta.
Blog gehiago ere bada tsunamiaren inguruan: informazio eta lotura interesgarriak kontu honetan primeran funtzionatu duen Wikipedian aurkituko dituzue.