Iparraldekoak ala Hegoaldekoak
Ipar haizeak ala hego haizeak ematen digu euskaldunoi? Kulturalki, nordikoak gara, ala mediterraneoak? Uste orokorraren kontra, nik esango dut Hegoaldekoak garela. Eta bide batez, turismo sustapenerako gomendio bat: galdetu Aguraingo turismo bulegoan eta joan ikustera Sorginetxeko trikuharria eta Alaitzako eliza zoragarria.
The Searchers edo zentauro aspergarri eta arrazistak
Zinearen historian John Ford-en western bikainena dela irakurria dut, eta Top zerrenda askotan ere bai. The Searchers, edo, gaztelaniaz zabaldu zen bezala, Centauros del Desierto. Kritikarien puntuazioetan ere, 100 puntutik gertu hemen.
Baina ikusi gabe neukan eta Joxe Aranzabal xaxatu nuen, zinearen historiako ale aukeratuak euskaratzen ari denez, hau ere euskaratu zezan. Ez dakit zer pentsatzen duen filmaz Joxek, baina nik, ikusi eta gero, dezepzio handia jaso dut eta damutzen naiz Joxe bultzatu izana hau euskaratzera.
The Searchers iruditu zait filma arrazista eta txar bat. Doinu ideologikoa garaiarekin lotu daiteke, eta hortaz, horren gainetik igaro gintezkeen, baina kasu honetan filman ezerk gutxik zuritzen du bekatua. Istorioa jauzi logiko absurdoz betea dago, eta ildo arrazista da, azken batean, zentzu pixkat ematen duen hari bakarra.
Tira, western-aren urrezko garaiko film hobeak egon badaude, eta pare bat euskaratuta daudenak gomendatzearren, beste bat zuzendari berarena eta John Wayne ere agertzen dena: Liberty Valance tirokatu zuen gizona. hau ere Joxe Aranzabalek itzulia.
Bestea, 1940ko The Westerner, Gary Cooper antologiko batekin.
Konjic-eko autobus geltokiaren kalea, Bosnia
Bidaia pixkat inprobisatua zen eta Konjic izeneko herri batera iritsi ginen. Urteko beste sasoi batzuetan gauza interesgarriagoak zituen, baina orduan ez bereziki, eta hurrengo egunean joan egin ginen.
Autobusa hartu behar genuen Sarajevora. Ez zegoen terminalik; geltoki bat kale nagusian, eta dendatxo batean erosten zenituen txartelak. Hantxe geundela zain, kale hartan, gure pareko etxeei begira, zuloz beteta zeudela ikusi genuen. Metralla, obus edo balak, zerk eginak ziren auskalo, baina porlanezko partxez konponduak zeuden hiruzpalau solairutako etxe haien paretak.
Partxez betetako paretena ez da ikustaldi arraroa Bosnian, baina kale hartan geundela, pentsatu genuen: nondik demontre egin zieten tiro etxe hauei? Ez zen oso zaila izan igartzea, buelta eman, gora begiratu eta kalearen gure aldeko 2. eta 3. solairuak ere zuloz beteak zeuden. Kale hartako 20-30 metroko zabalera, bi espaloiak, gerrako frente bat izan ziren une jakin batean. Pentsatu, Hernani kalea Donostian, zenbaki bakoitiak zenbaki bikoitien kontra tiroka; horrelako zerbait.
Gerrako oroigarri bat zegoen Konjic-eko plaza batean, izen musulmanez betea. Beste batzuk ere hilko ziren, baina akaso beste nonbait oroituko dira haietaz. Tayyip Erdoganen aldeko mural handi bat ere gogoratzen dut, Turkiak lagundu baitu herriko gauza askoren berreraikuntzan. Herri nagusiki musulman bat da, baina elizaren bat ere ikusi genuen. Tabernetan erre egiten da eta gizon nagusi kabalek, ardoa barik, yogur likidozko basokadak hartzen dituzte mokadutxo bat egunkariarekin gozatu bitartean, berriketan. Meskita handi eta moderno bat dago, petro-emirren batzuek ordaindua seguruenik, baina zaharrak ere bai. Argazkikoak itxura ia euskalduna du, bere teila gorriekin: minaretea nahita konpondu barik utzi zutela ematen du, gerraren oroigarri.
Bosnia herrialde ederra da, bertako kultura musulmana nik ikusi dudan Europako gauza interesgarrienetakoa da. Bidaiak merezi du, merkea eta segurua da, eta buruarentzako elikadura ere bada.
Zer behar da gizon bat, gizon egiazko bat izateko?
Horra gaztelerazko post hura. Pasartea orain, euskaraz, Itziar Diaz de Ultzurrunen itzulpenetik hartua.
***
Zer behar da, zehatz-mehatz, gizon bat, gizon egiazko bat izateko? Emozioak itoaraztea. Sentiberatasuna isiltzea. Norberaren samurtasunaz eta ahuleziaz lotsatzea. Haurtzarotik brastakoan eta behin betiko irtetea: ume itxurako gizonak ez dira fama onekoak. Buztanaren tamainaz larritzea. Emakumea gozarazten jakitea emakumeak berak ere ez dakienean nola, edo ez dionean gizonari esan nahi. Ahuleziarik ez adieraztea. Sentsualitatea bridatzea. Kolore hitsak janztea, zapata txepel berberak eramatea beti, ilearekin ez jolastea, bitxi gehiegi ez eramatea, ezta inolako makillajerik ere. Lehen urratsa egin behar izatea, beti. Inolako jakintza sexualik ez izatea norberaren orgasmoa hobetzeko. Laguntza eskatzen ez jakitea. Ausarta izan beharra, ausarta izateko batere gogorik izan gabe. Indarra balioestea, norberaren izaera gorabehera. Oldarkor agertzea. Aitatasun urritu batez baino ezin gozatzea. Arrakasta soziala lortzea emakumerik hoberenak ordaindu ahal izateko. Norberaren homosexualitateaz beldurtzea, zeren gizon bati, egiazko bati, ezin zaio ipurditik eman. Txikitan panpinekin ez jolastea, eta plastikozko auto nahiz pistola itsusi mortalekin etsi beharra. Gorputza askorik ez zaintzea. Beste gizonen basakeriei men egitea, kexatu gabe. Zeure burua defendatzen jakitea, otzana bazara ere. Emetasuna galarazia izatea, emakumeek beren barriko gizontasunari uko egiten dioten neurri berean, ez egoera batek edo nortasun batek hartaraturik, baizik eta gorputz kolektiboak hala eskatzen duelako. Helburua, garbia: emakumeek gerrarako opatzea beren semeak, beti, eta gizonek gerrara joatea onartzea, erail ditzaten, ikusmolde laburreko hiruzpalau ergelen interesak babestearren.
*** (honaino Despentesena) ***
Banuen intentzioa pasarte hau argitaratzekoa duela denboratxo bat... Aitzakia aurkitu dut Iñaki Segurolaren testu zatar batean. Kirtenkeria hutsa da gizontasuna halako parametroetan deskribatzea.
Mosku eta Osaka
Mosku
Errusian 1917ko iraultzaren mendeurrenarekin topo egitea espero nuen. Baina ez dago haren aztarnarik. Ez dira ari ezer ospatzen. Paso egiten ari dira.
Krabelin anonimoak topatu nituen plaza batean, Armada Gorriaren eskultura baten oinetan. Iraultzaren mendeurrenaren oroigarri ote? Ez. Eta ez da garai sobietarra tabu delako, ez.
Lenin, izenak, monumentuak ez dituzte ezkutatu. Harrotasun historikoa, bereziki militar eta kosmonautikoa, agerikoa da, baina oroitzen eta ospatzen dena, nire aburuz, Estatua eta Autoritatea dira. Horietxek dira Putinen kutunak, eta ez iraultza, bistan denez. Herriaren matxinada ez ospatzekoa, ezta aldaketa erradikalak: aginte indartsu eta egonkorra da Errusiako estatuak nahiago duena.
Era horretan, 2017ko Mosku garesti eta biznes-zale horretan bateragarriak dira nostalgia sobietarra, tsarismoaren ikonografia (buru biko arranoak dira estatuaren ikur), parafernalia elizkoia, eta oro har macho-man jarrera ideologiko eta estetiko bat, strip-club-en ateetako Mercedes ugariek baieztatzen dutena...
Neuri, osagai horien artean, nostalgia sobietarrarena interesatu zait gehien.
Osaka
Tokyo metropolis ikaragarri bat da, 38 milioi lagun area metropolitanoan, baina Osaka ez da txikia ere: 17 milioi pertsona (Moskun 14 milioi bizi dira).
Tokyo bezalako megalopolis bat, baina zaratatsuagoa, kaotikoagoa da Osaka. Lurrazpi, lur-azal eta plataformetako "nibeletan" antolatua dago, eta alde horretatik gogoratu zidan Putzu-Hiria, Moebius eta Jodorowskyk L'Incal-erako irudikatu zutena.
Tren-geltoki nagusiaren inguruko eraikin komertzialen eskala apabullantea zaila da ulertzen, inurri bat zara 17 milioi inurriren artean. Station City esaten zaio inguru horri. Jarriko bazenu bertan Iberdrola dorrea goizetik arratsaldera, inork ere ez lioke erreparatuko gehikuntzari.
Ea Google Earth-eko irudi honek ikusarazten dizuen... Adibidez, ikusten den noria hori zentro komertzial batean dago, baina bere oinarria 8. pisuan edo horrela egongo da, hortik gora doa (!)
Bestalde, Tokyoren bertsio ganberroagoa bat da Osaka. Fama bullazalea du, ingelesez jende gutxiagok daki, azento propio bat dauka, turista mendebaldetar gutxiago ikusiko duzu, eta erdialdean harritu gintuen gaueko giroak: gizon trajedun nagusiak neska escort gazteekin (bat edo bi) jatetxe eta discoetara sartzen, kanpoaldean txofer uniformedunak Toyota vintage-ekin geratzen diren bitartean... Halako kaleak Tokyon ere ba omen daude, baina ez genituen aurkitu. Nolanahi ere, giro horretan ere, irten eta kalean lasai ibiltzea ez da zaila, eta prezio onean ondo jan daiteke mila lekutan.
Emakumezkoen ikus-ezintasuna ausaz aukeratutako 50 filmetan
Denbora libreko nire hobby nagusia Azpitituluak.com hornitzen jardutea da. Tarteka nik azpidazten ditut gauzak, baina azken aldi honetan Jaurlaritzaren bidez euskaratu ziren hainbat filmen azpidatziak ber-sinkronizatzen eta dokumentatzen jarduten dut.
Multzoka prestatzen ditut Jaurlaritzak subentzionatzen dituenak, eta igotzen ditut Azpitituluak.com-era. Halako azken sorta, 50 filmekoa, duela egun batzuk kargatu nuen, albistetxo honekin. Eta ilustratzeko, sorta horretako 6 filmen irudia atera nuen.
Asko pentsatu gabe atera nuen pantaila-irudia... Eta gero konturatu naiz. Denak gizonezkoak dira. Amatxo/Mommy izeneko pelikulan ere mutil bat ageri da!
Baina errepasatu film guztien irudiak eta, nire pantaila-irudia baino hoberik egiterik ba ote dago? 50 film hartu, gutxi gora-behera ausaz, azken bi urteetako produkzio komertzialetik, eta ematen duten irudia guztiz guztiz maskulinoa da. (irudi honetan, gainbegirada bat, sorta horretako poster gehienena)
Emakumeak agertzen direnetan, gizonezkoaren ondoan da gehienetan. Hor dugu Diane Keaton, nolabait kondenatua aktore zaharren "neskalagun" aldakor izatera, kasu honetan Michael Douglas-ekin...
Eta emakumezkoak bakarrik agertzen direnean, ba... Maitagarriak, mojen istorio bat (bere meritua izan dezakeena, baina ez dakit), eta Amelia Barquinek bere estereotipo jasangaitzengatik salatu zuen How to be Single.
Azkenean... ba nolabait salbatzen dira bi irudi hauek, akaso. Emakumezko polizien istorio bat, eta harreman poliandriko baten ingurukoa izan daitekeen (ez dut ikusi) Effie Gray delakoa.
Ez dakit lagin grafiko hau ezeren adierazgarri den, baina susmoa dut baietz. Emakumezko zuzendarien falta, rol femenino ganorazkoen eskasia... Zinezalea naiz, eta uste dut horri ere arreta gehiago jarri behar diodala. Akaso zaila dela Jaurlaritzaren multzotik ekartzen ditudan filmekin hori egitea, baina nik euskaratu beharrekoetan... tira, betaurreko moreak ere jartzea komeni daitekeela. "Kostatu zaizu konturatzea", esaten badit inork, onartuko dut kritika.
Alien sagaren gainbehera biologikoa (spoilerrak tutiplé)
Arrazoi zinematiko edo abarrak alde batera utzita, gauza bategatik bakarrik deskalifikatuko ditu Prometheus eta Covenant: motibo biologikoengatik. Alienak sortzeko metodo biologikoan gertaturiko tranpa estupido eta negargarriagatik.
Alien originalean ezagutu genuen munstroaren bizitza zikloaren oinarrizkoa: arrautza handi batzuk lotan egon daitezke urteetan, baina biziduna igartzen badute gertu, ireki egiten dira haren lau ezpain gainaldean, bizidunak aurpegia gerturatzen badu... arrautzatik salto egiten dio esku-olagarro moduko batek, zeinak ahotik eta lepotik estutzen duen.
Esku-olagarroak ez du bere harrapakina hiltzen, aldiz, bizirik mantentzen du, eta ordu batzuen buruan, askatu ere egiten du, ustez osasuntsu.
Baina biktimaren barruan hazia geratu da, ordu batzuen buruan, garapen hiperazkarrarekin, bularretik kanpora irtengo da munstro txiki eta zurixka. Txikia... denbora gutxirako, ze laster bilakatuko da gauza handi eta beltz batean.
20. mendeko lau Alien filmetan koherentea izan zen bizitza-ziklo hau, bigarren filmean (Aliens) jakin genuen berrikuntza inportante batekin: nondik sortzen dira arrautzak? Erregina erraldoi batetik. Hortaz, arrautzetatik sortzen diren alienen artean, tarteka bat eme edo erregina izango da, gutxiengo bat. Bigarren filmeko berritasun hau koherentea zen 1.ak utzitako inkognitarekin, eta berdin jarraitu zuen hurrengoetan, Aliens 3 eta Alien Resurrection filmetan.
Guztietan, bizitza ziklo konplexu hau. Eta inguruko tramak ere horretara egokitzen dira. Alien Resurrection-en, adibidez, erregina bat klonatzeko ahaleginen ostean, arrautzak lorturik, bahitutako gizaki batzuk arrautza batzuen aurrean jartzen dituzte zientzalariek, alien berriak sortzeko.
Erregima > Arrautza > Parasitoa > Alien ziklo hau galdu zen Prometheus filman, eta doi-doi agertu da Covenant-en (inkongruentziaren batzuekin). Kontua da 21. mendeko film hauetan alienak sortzeko ez dela behar ez arrautzarik ez ezer. Nahikoa da gauza beltz baten tanta bat, edo hauts partikula batzuk edozein infektatzeko.
Eta infekzioaren zikloan ere... edozer, berdin bihurtuko zaizu biktima mutante arraro bat, edo gorputz barrutik irtengo da neo-alien bat, baina ezta beharrezkoa ezta bularretik izatea ere: bizkarretik edo eztarritik ere irtengo zaizu.
Eta likido beltzaren zikloaz zer... Ezer ez. Ez azalpenik, ez logikarik ez ezer. Besterik gabe, hor dago, litroka, anfora batzuetan, edo lurreko putzuetan, edo astaputz bihurtuta landaredia arruntaren inguruan. Edozein tokitan, edonor kutsatzeko moduan.
Hortik, nolabait, Alien "estandar" bat nola sor zitekeen azaltzen saiatzen da Covenant, baina ez du ezer argitzen, egiazki: zer da lehenago, erregina ala arrautza? Eta gainerako tramak ere logika askorik gabeko putzu batean geratzen dira: ingeniari batzuek sortu zutela gizakia, eta gizakiak androideak sortzearena gero... Sakontasun ustezko horretan ez dago indar mitikorik batere, konparatuta Alien orijinalaren biologia sinplearekin.
Gure munduan bezalaxe da: sorkuntzaren mito dibinoak ez dira ezer biologia darwiniarren errealitate fisiko zoragarriaren ondoan. Ridley Scott-ek ez daki hori, ematen duenez, eta lastima da, ze sekuela-egile txarra ere ez da. Oraintsu berrikusi ditut The Silence of the Lambs Jonathan Demme-rena, eta haren jarraipena, Hannibal, Ridley Scott-ena, eta nik uste dut film horrekin asmatu egin zuela Scott-ek, oso zaila zeukanean aurrekoak jarritako markagatik.
Gure aitaren sindikatu galdua, ELA(a)
Bueno, ingelesezko bertsioan esistitzen da ELA(a), baina ez euskarazkoan. Eta lastima da. Aspaldi izan nintzen erdi-wikipedista eta artikulu bat edo beste idatziko nuen, baina edizio-ohiturak guztiz ahaztuta, ez naiz gauza orain erdarazko artikulu batetik beste bat euskaraz sortzeko. Ea norbaitek egiten dion mesedea ELA(a) zenari, Wikipedian txokoa egiteko.
Mutikoa nintzeneko urteak oroituz, aitaren jardun politiko eta sindikalaz pixkat gogoratzen dut. ELA (a) honetan parte hartzen zuen, eta etxean Lan-Deya izeneko aldizkari bat jasotzen genuen. Uste dut etxera etortzen zen edozein harpidetza irakurtzen nuela, ze oso gogoan dut ze nomenklatura erabiltzen zen han: eurak, txintxoak, ELA(a) edo ELA(askatuta) ziren, eta besteak, gaiztoak, STV-Eibar ziren. Itxuraz, Eibarren izandako batzar batean zatitu ziren ildoak, eta han nagusitu zena, alde ez-jeltzale gaiztoa, "Eibarko" moduan markatuta geratu zen. Bitxia egiten zitzaidan hura ze gure aita ere Eibarren bizi zen, bertan egiten zuen lan, gu Eibarkoak ginen.
Jubilatu ondoren... ez zen etxera Lan-Deya gehiago etorri. Wikipedia ingelesezkotik jakin dut 1990an bat egin zuela ELA(a)-k berriro ELA nagusiarekin.
Urkullu, Kenny eta abade katoliko abusatzaileena
Kasualitatea izango zen, Urkullu Vatikanoko ordezkari batekin elkartu behar izana, hain juxtu euskal eliza (edo eliza katoliko euskalduna, nahi baduzue), abusu kasu batean nahastu denean. Hala ere, hobeto prestatua ager zitekeen Lehendakaria, ze esan egin behar da, esan, "Elizari dagokion prozesu bat" dela Juan Kruz Mendizabal apaizarena.
Ez, lehendakari jauna. Agintari batek beste gauza batzuk esan eta egin behar ditu halako kasuetan, eta Elizak barik, aginteak hartu behar du esku delitugileen kontra.
Eredu hoberik bada hortik. Urkulluren ildotik ustez gertu behar lukeena ere bai: Enda Kenny. Hala ere, horra aipu bat Irlandako Taoiseach edo lehen ministroarena @iurkullu lehendakariarentzat:
Josef Ratzinger kardinalak esan zuen: «Gizarte zibilaren jokabide arauak edo demokraziaren funtzionamendua ezin zaizkio bere horretan eta sinpleki Elizari aplikatu».
Orain, Vatikanoa Cloyne Txostenaren inguruko hausnarketa prestatzen ari delarik, nik, taoiseach-a naizen aldetik, argi eta garbi utzi nahi dut, estatu honetako umeak babesteari dagokionez, Elizak beretzat egoki jotzen dituen jokabide arauak ezin direla aplikatu, eta ez direla aplikatuko, errepublika honetako demokraziaren eta gizarte zibilaren funtzionamenduan. Ez bere horretan, ez sinpleki, ez bestela.
Enda Kenny abertzale eskuindar bat da, baina ganorazko politikari bat ere bai. Irlanda erreskatearen murrizketetan murgildu zuen, baina, adi, erreferenduma deituta neurriak onartzeko (!).
Goiko aipua, Elizaren abusuei buruzko txosten baten harira izan zen, Elizak Gobernuaren "esku-hartzea" kritikatu zuen une batean. Orduan, erantzukizun politikoarekin, hitzaldi batez ZAPLA suntsitu zuen Kennyk Irlandako Errepublikaren klerikalismo historikoa. Irakurri testua, eta ikusi bideoa.
Elizarekin erlazioak irauli ditu Kennyk Irlandan, eta bere agintean onartu da sexu bereko ezkontza, besteak beste. Eta bai, abertzale eskuindar bat, Urkullu bezala... baina ez Urkullu bezalakoa. Urkulluren antipodetan dagoen abertzale bat da Kenny.
Bestalde, Elizak "jada erabakiak hartu dituela", Urkulluk dioen hori... ikusteko dago erabakiak ze sakontasunez, asmoz eta hurrenkera kronologiko zehatzean hartu diren. Onartuta ere, gauzen argitan, Elizak berak zabaldu duela kasua, eta Munilla gotzainak aurpegia emanda jakinarazi direla gertaerak, esan izan diren gauza batzuek ez dute logika handirik. Esplikatu izan da Mendizabal "damututa eta terapian" zegoela apiriletik, eta hala ere, duela pare bat aste eskaini zion elkarrizketa bat Goienari, komentzimendu osoz bere egoera isilpean geratuko zelakoan, ez damu eta ez terapia.
(eskerrik asko Ana I. Morales, Kennyren berbak euskaratzeagatik)
Bizitzaren udazkenean
Jai txiki bat izan zen nire egunaren bezperan eta lagun pare batek bi testu eskaini zizkidaten. Jarraian itsasten ditut.
Gizon zakarra
Galdera filosofiko bat dabilkit gogoan bueltaka, seguru asko hemen gauden guztiok noizbait pentsatu duguna: Luistxo zakarra delako maite dugu ala zakarra den arren?
Zakarra delako maite dugula esateak gehitxo eman dezake: ez gara masokistak, kariñoa estimatzen dugu, elkarri ondo esatea, batak bestea zaintzea... Baina Luistxo maite dugu.
Zakarra den arren maite dugula esatea, ordea, ez da guztiz egia, eta puntu krudel bat izango luke: Luistxoren izaearen parte funtsezko bat arbuiatzen dugla esan nahiko bailuke.
Hortaz, zer? Zakarra delako ala zakarra den arren? Agian zakartasun horrek bihotz samur bat ezkutatzen duela esan liteke, esne merengatuz beteriko txokolate beltzezko bonboi baten antzera. Edo zakartasun horrek baduela gozo puntu bat, laranja garratzezko marmeladak bezala?
Edozein modutan eta dena delako, zakarra den arren eta zakarra delako, maite dugu Luistxo.
Mende erdiko trastea
Berrogehita hamar urte,
mende erdiko lastrea!
urtea motz egiten duk
eta luzea astea.
Bihotzerre kalbizie
miopia desgastea,
kolesterola ezin jaitsi
eta igo bai 'trastea'?
Honez gero urrun daukak
tetrisean jolastea
Etxepare porno edo
Excelai irabaztea,
Orain snooker brandya
eta batina jaztea...
Baina, lasai, izpirituz
hi beti MUTIL GAZTEA!!
******
Duela hilabete idatzi behar nuen blog sarrera hau, baina gora-beherak izan dira. Neskalagunaren ama hil zen, hain juxtu, neure urtebetetzeko egunean larrialdi bat izan eta bi egunera. Gabonetako egunen zurrunbiloan ere, anaia baten osasunak sustoa eman zigun mahaira esertzekoak ginela (osatzen ari da, zorionez).
Bi gertakariek oroitarazi didate izenburuan diodan metaforarena: bizitzaren udazkenean abiatzen naizela, amaierarantz, pixkanaka. Dena dela, uste dut geratzen zaidala tarte bat, eta 50 urteen balantze bat eginda, mende erdi on bat osatu dudala pentsatuz, beste erdi on baten bila noa, irribarre batekin.