Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Mosku eta Osaka

Mosku eta Osaka

Luistxo Fernandez 2017/09/03 08:50
Aurreztutakoak aprobetxatu ditut bidaiatzeko. Japonian eta Errusian izan naiz, eta honenbeste kalifikatu naiz turista gisa turismoari buruzko mahai-inguruetan parte hartzeko (deitu konpromiso barik, tarifa egokiak). Horrez gain, apunte labur batzuk utzi nahi ditut ezagututako bi hiriri buruz: Osaka eta Mosku.
Mosku eta Osaka

Osaka Station City, 3d ikuskatzea Googlen

Mosku

Errusian 1917ko iraultzaren mendeurrenarekin topo egitea espero nuen. Baina ez dago haren aztarnarik. Ez dira ari ezer ospatzen. Paso egiten ari dira.

Krabelin anonimoak topatu nituen plaza batean, Armada Gorriaren eskultura baten oinetan. Iraultzaren mendeurrenaren oroigarri ote? Ez. Eta ez da garai sobietarra tabu delako, ez.



Lenin, izenak, monumentuak ez dituzte ezkutatu. Harrotasun historikoa, bereziki militar eta kosmonautikoa, agerikoa da, baina oroitzen eta ospatzen dena, nire aburuz, Estatua eta Autoritatea dira. Horietxek dira Putinen kutunak, eta ez iraultza, bistan denez. Herriaren matxinada ez ospatzekoa, ezta aldaketa erradikalak: aginte indartsu eta egonkorra da Errusiako estatuak nahiago duena.



Era horretan, 2017ko Mosku garesti eta biznes-zale horretan bateragarriak dira nostalgia sobietarra, tsarismoaren ikonografia (buru biko arranoak dira estatuaren ikur), parafernalia elizkoia, eta oro har macho-man jarrera ideologiko eta estetiko bat, strip-club-en ateetako Mercedes ugariek baieztatzen dutena...

Neuri, osagai horien artean, nostalgia sobietarrarena interesatu zait gehien.

Osaka

Tokyo metropolis ikaragarri bat da, 38 milioi lagun area metropolitanoan, baina Osaka ez da txikia ere: 17 milioi pertsona (Moskun 14 milioi bizi dira).

Tokyo bezalako megalopolis bat, baina zaratatsuagoa, kaotikoagoa da Osaka. Lurrazpi, lur-azal eta plataformetako "nibeletan" antolatua dago, eta alde horretatik gogoratu zidan Putzu-Hiria, Moebius eta Jodorowskyk L'Incal-erako irudikatu zutena.



Tren-geltoki nagusiaren inguruko eraikin komertzialen eskala apabullantea zaila da ulertzen, inurri bat zara 17 milioi inurriren artean. Station City esaten zaio inguru horri. Jarriko bazenu bertan Iberdrola dorrea goizetik arratsaldera, inork ere ez lioke erreparatuko gehikuntzari.

Ea Google Earth-eko irudi honek ikusarazten dizuen... Adibidez, ikusten den noria hori zentro komertzial batean dago, baina bere oinarria 8. pisuan edo horrela egongo da, hortik gora doa (!)

Bestalde, Tokyoren bertsio ganberroagoa bat da Osaka. Fama bullazalea du, ingelesez jende gutxiagok daki, azento propio bat dauka, turista mendebaldetar gutxiago ikusiko duzu, eta erdialdean harritu gintuen gaueko giroak: gizon trajedun nagusiak neska escort gazteekin (bat edo bi) jatetxe eta discoetara sartzen, kanpoaldean txofer uniformedunak Toyota vintage-ekin geratzen diren bitartean... Halako kaleak Tokyon ere ba omen daude, baina ez genituen aurkitu. Nolanahi ere, giro horretan ere, irten eta kalean lasai ibiltzea ez da zaila, eta prezio onean ondo jan daiteke mila lekutan.

 

haritz
haritz dio:
2017/09/04 11:56
Artikulu interesgarria irakurraldi azkar batetan bi hiriei usaina hartzeko. Kronika zuzena eta zelataria, xehetasun txikiei erreparatuz. Gustatu zait.

Bide batez, nik ere turismoaren inguruko mahai-inguruetan parte hartzeko eskaintzen dut nire burua, zure tarifa baino zentimo bat merkeago. ;)
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004