Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Konjic-eko autobus geltokiaren kalea, Bosnia

Konjic-eko autobus geltokiaren kalea, Bosnia

Luistxo Fernandez 2017/10/03 08:01
Jugoslavia desegin zenean, Eslovenia izan zen independentzia lortzen lehena eta 63 lagun hil ziren gatazka armatu labur batean. Bosnian, berriz, 100.000 lagun hil ziren 1992 eta 1995 artean. Iaz, alabarekin, 12 urte zituela, han izan nintzen oporraldi labur batean.
Konjic-eko autobus geltokiaren kalea, Bosnia

Konic-eko meskita bat, gerrak apurtutako minaretearekin.

Bidaia pixkat inprobisatua zen eta Konjic izeneko herri batera iritsi ginen. Urteko beste sasoi batzuetan gauza interesgarriagoak zituen, baina orduan ez bereziki, eta hurrengo egunean joan egin ginen.

Autobusa hartu behar genuen Sarajevora. Ez zegoen terminalik; geltoki bat kale nagusian, eta dendatxo batean erosten zenituen txartelak. Hantxe geundela zain, kale hartan, gure pareko etxeei begira, zuloz beteta zeudela ikusi genuen. Metralla, obus edo balak, zerk eginak ziren auskalo, baina porlanezko partxez konponduak zeuden hiruzpalau solairutako etxe haien paretak.

Partxez betetako paretena ez da ikustaldi arraroa Bosnian, baina kale hartan geundela, pentsatu genuen: nondik demontre egin zieten tiro etxe hauei? Ez zen oso zaila izan igartzea, buelta eman, gora begiratu eta kalearen gure aldeko 2. eta 3. solairuak ere zuloz beteak zeuden. Kale hartako 20-30 metroko zabalera, bi espaloiak, gerrako frente bat izan ziren une jakin batean. Pentsatu, Hernani kalea Donostian, zenbaki bakoitiak zenbaki bikoitien kontra tiroka; horrelako zerbait.

Gerrako oroigarri bat zegoen Konjic-eko plaza batean, izen musulmanez betea. Beste batzuk ere hilko ziren, baina akaso beste nonbait oroituko dira haietaz. Tayyip Erdoganen aldeko mural handi bat ere gogoratzen dut, Turkiak lagundu baitu herriko gauza askoren berreraikuntzan. Herri nagusiki musulman bat da, baina elizaren bat ere ikusi genuen. Tabernetan erre egiten da eta gizon nagusi kabalek, ardoa barik, yogur likidozko basokadak hartzen dituzte mokadutxo bat egunkariarekin gozatu bitartean, berriketan. Meskita handi eta moderno bat dago, petro-emirren batzuek ordaindua seguruenik, baina zaharrak ere bai. Argazkikoak itxura ia euskalduna du, bere teila gorriekin: minaretea nahita konpondu barik utzi zutela ematen du, gerraren oroigarri.

Bosnia herrialde ederra da, bertako kultura musulmana nik ikusi dudan Europako gauza interesgarrienetakoa da. Bidaiak merezi du, merkea eta segurua da, eta buruarentzako elikadura ere bada.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004