Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Teknosexuaren neurria

Luistxo Fernandez 2005/02/02 08:17

Garikoitz Araolaza, Teknosexua blogaren sortzailea: ongi etorri blogosfera euskaldunera. Honetan ere, nik uste, neurriak eta inbidiak badute bere zera. Gariren pendriveak giga bateko neurria du. Nireak bakarrik 128 Mb. snif.

Uztarria.com-eko Josu Azpillagarekin Argia Sarietan

Luistxo Fernandez 2005/01/30 09:20

Poz handia izan da niretzat Uztarria.com-en Sareko Argia Saria.

Sari banaketan Josu Azpillagaren ondoan egon nintzen Lasarte-Orian. Josuk asmatu eta egin zuen Uztarria.com. Eta bere herriko talde handi horrek, Uztarria koordinakundeak, sinetsi egin zuen Josuren ikusmiran eta tresnan eta horrela eman diote bizia, Interneteko herri-ekimen sendo bat egin arte. Uztarria.com sortu zenean Josu Azpillaga Ikerlanen zegoen; orain lankide dut CodeSyntax-en.

Sari banaketan Kepa Urbieta Uztarria.com-eko editoreak eskertzako ohar bat irakurri zuen (errezitatu, ia ia), eta hona ekarriko dut. Pare bat puntu nabarmentzeko, dirulaguntzak nork ematen dizkien esan zuenean, Eusko Jaurlaritza falta: euskara eta teknologia berrien laguntzetan Kultura Sailak ez du aintzakotzat hartzen Uztarria.com. Ulertezina da, injustizia bat. Miren Azkarate Kultura Sailburua han zegoen, eta jakin beharko luke. Bestalde, blogekin hasiko ote diren iradoki zuen Kepak. Ea ba.

Lehendabizi, eskerrik asko Uztarriaren izenean Argia-ri, Internet arloko saria emateagatik.

Uztarria Kultur Koordinadora, Azpeitiko elkarte zabal bat da, 1998an sortua, eta herriko hezkuntza, euskara eta kultur erakundeek osatua. Lan arloan, Komunikazioa, Euskara eta Kultura dira Uztarriaren ardatzak, eta Komunikazio ardatzaren barruan, proiektu hauek ditugu abian:

  • Uztarria herri aldizkaria.
  • uztarria.com webgunea.
  • Eta Urola-Kostako Hitza egunkaria.

Hain zuzen, 2002an sortu genuen uztarria.com, eta horrekin ere apustu handia egin genuen Uztarria Kultur Koordinadoran arlo komunikatiboan. Gure moduko elkarte txiki batentzat, komunikazio arloan esperimentu berriak abiatzea apustu handia delako. Komunikazio tresna dinamikoa egitea genuen helburu. Herritarrei eta herriko taldeei hitza ematea: beraiek albisteak egiteko aukera jarriz, iritziak egiteko, eztabaida gunean parte hartzeko, albisteei erantzuteko, inkestan botoa emateko. Eta, horretarako, dinamizatzaile papera beharrezkoa zela ikusi genuen. Hori izan da uztarria.com egiten dugunon lana: ataria dinamizatzea albisteak gehituz, eztabaidak proposatuz, hanka sartuz, asmatuz...

Atal berriak gehitu genituen duela urtebete, esperimentu txiki berriak eginez: elkarrizketak on-line, efemerideak, euskara atal berria... Batzuek besteak baino hobeto funtzionatu dute. Ikasten ari gara. Baina, egia da, parte-hartzeak eta jaso ditugun bisitak geu ere harritu gaituela. Jende gutxi omen dabil Interneten, oro har. Azpeitian gutxi gara. Baina, edo azpeitiar denok konektatuta bizi gara, edo kanpokook interes handia duzue gure herriarekin. Ez dakigu. Orri asko erakusten ditugu, behintzat: 1.000 bisita egunero, 6.000 orrialde egunero. Eta parte-hartzea goraka joan da beti.

Komunikazio tresna dinamikoa egitea dugu oraindik ere helburu. Eta baditugu aurrera begirako asmoak ere: herriko artxibo digital handia sortu nahi dugu (herriko historia, hautes emaitza denak, udaletxeko informazio xehetua, turismoa, liburuak, herritar ezagunak…), zerbitzu arloa indartzearekin batera (telefonoak, ordutegiak…); blog-ekin ere, hain modan dagoen kontzeptuarekin ere, esperimentatzen hasteko gogorik ez zaigu falta... Ikusi egin behar. Esperimentatu egin behar. Helburua: gero eta jende gehiagorentzat izatea uztarria.com Azpeitiko ataria.

Besterik gabe, eskerrak:

  • Berriz ere Argiari.
  • Eskerrak uztarria.com diruz laguntzen duten bi erakunde publikoei (Azpeitiko Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari).
  • Teknikoki, hasieran batik bat, lagundu ziguten CodeSyntax enpresakoei.
  • Eskerrak Uztarriako bazkideei (1.025 gaur egun).
  • Eta eskerrak, nola ez, uztarria.com-en irakurle eta parte-hartzaile guztiei.

 

 

Besterik gabe, 2005eko urtarrilaren 28an, Lasarte-Orian, Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinadora

Txitxardin Beltza jatetxean lagun asko ikusi nituen. Aspaldi ez nuen Jose A. Del Moral Berrinet ikusi eta han zegoen, bere proiektu berriak, Alianzo enpresak, ematen dizkion buruhausteekin. Sareko Argiako arduradun Eli Pombo ez nuen ezagutzen, eta harekin ere topo egin nuen. Grazia egin zidan Iñigo Aranbarriren hitzaldiak, merezitako sari bat jaso ondoren. Kazetari ez den bati prentsakoa ematea, urrezko baloia Ronaldinhori barik, haren masajistari ematea zela esan zuen. Orduan pentsatu nuen: Ronaldinhori barik, Asier Riesgori ematea bezala akaso? Baina ez, txantxa da. Hizlandia beharrezkoa da, batez ere, Gaztelumendik azpimarratu eta ondo entzun zuen bezala, ideologia duelako gaia, ez filologia.

Sustaturen argazkiak, XML feed batean

Luistxo Fernandez 2005/01/28 13:58

Sustaturen argazkien sekzioa iragan irailean ireki genuen. Orain, ikusmira grafiko honi XML feed edo jario bat ezarri diogu.

Harpidetza egin feed irakurgailuarekin felbide honetera (http://www.sustatu.com/argazkia/rss) eta zein irudi dagoen jarraitu daiteke, orain, Sustaturen azala edo argazki atala zuzenean bisitatu barik.

Bloglinesetik ederto jasotzen da. Honela:


Euskal blogosferan, fotolog izenda daitekeen blog pare bat badago, Sarean.com-eko Jabi Zabalaren argazkien bloga, (benetako fotolog hutsa) eta Begietatik, Patxitrapero blogariaren alderdi grafikoa. Beste blogari batzuen feed-etan irudiak ere sartzen dira, eta, azkenik, bere burua argazkilaritzat aurkezten duenik ere bada, urtarril honetan bertan estreinatu den Jose Luis Irigoien blogari eibartarra.

Honenbestez, beraz, hiru feed eskaintzen ditu Sustatuk, artikuluena, argazkiena eta Jamaika ikusteko jaio gara atalarena

Zirkoa Eusko Legebiltzarrean

Luistxo Fernandez 2005/01/26 16:20

Gaur albistegiak ondo ulertu baditut, polita dator datorren astelehena Eusko Legebiltzarrean.

2004. urteko azkenengo bozketa parlamentarioak zirko polita izan ziren. Batean, legebiltzarkide batek hankasartze bat egin zuelako, urte osorako aurrekontuak onartu ziren. Bestean, Batasunakoek hiru baietz eta hiru ezetz esan, eta Ibarretxe Plana, onartuta.

Zera da egutegia:

  • Otsailaren 1ean, asteartean, Madrilgo Kongresuan bozkatuko da estatutu proposamena, Ibarretxe Plana. Eusko Legebiltzarreko ordezkaritza batek defenditu behar omen du.
  • Bezperan (astelehena, urtarrilak 31), erabakiko du Eusko Legebiltzarrak nor bidali.

Orain, adi ze gertatu daitekeen astelehen horretan, Teleberrin entzun dudanagatik.

Bi bozketa gertatuko dira.

Batean erabaki behar da ea ze ordezkaritza bidali. Hiru lagunekoa izan daiteke gehienez, edo gutxiagokoa. Edo zero, Atutxak esan duenez, ordezkaritzarik ez. 0, 1, 2 edo 3 beraz. Bozketa gehiengo sinpleak erabakiko du, eta Batasunak du giltza, hortaz.

Bigarrenean, erabaki behar da nor doan. Hiru laguneko ordezkaritza erabakitzen bada, hortxe dago koxka, zeren eta, entzun dudanez, legebiltzarkide bakoitzak izen bakarra eman behar du bozketa bakarrean. Hau da, hirukoak denek batera Ibarretxe aukeratu dezakete, baina baita PPk Leopoldo Barreda. Hirukoak bi hautagairen artean banatu ditzake bereak, adibidez, Ibarretxe eta Larreina, baina horrela ere ezingo du Barreda PPk aurrera ateratzea.

Hortaz, lehen bozketan hiru lagunen alde irteten bada bozketa, Barreda joango dela ia segurutzat jo daiteke... Baina zeinek lagunduko dio? Akaso erabaki dezake hirukoak bere botoak Arnaldo Otegi eta Jon Salaberriaren artean banatzea, Batasunekoak joan daitezen Madrilera Barredarekin astearteko egun haundira... Ibarretxe ezinezko bozketa batean Barredaren ondoan agertaraztera behartzen badute, akaso horri uko egin eta Otegi operazioarekin antzezpena salatzea erabaki dezakete.

Jabi Zabala trackback-etara egokitu da

Luistxo Fernandez 2005/01/26 08:39

Duela egun batzuk kontatu nuen zer zen trackback kontu hau eta nola euskarazko blogosferan batzuk ez dauden sistema honetara egokituta (adibidez, Bloggerren bidez dabiltzanak, beren edukiak munduko behartsuenei opari ematen, Googleren eskuetan doan uzten, alegia). Beste batzuk, gaitasun teknikoa bai, baina nonbait aktibatzeke zeukaten aukera. Horien artean zegoen Sarean.com Jabi Zabalaren bitakora interesgarria. Ba, hara, egokitu du bere sistema. Nik honen bidez hara egingo dut trackback. Adi egongo naiz berak handik hona noiz egiten duen.

MacGyverren irudi gogoangarriak

Luistxo Fernandez 2005/01/24 13:21

MacGyverren bideo famatua, euskaldunen kontra, Jabi Zabalak saretik berreskuratutako ondare ederra, Sarean.com webgunean jarri du Jabik.

Xabier Pagola Euroberri proiektukoak aurkikuntza komentatu du eta honako pantaila irudiak atera ditu, denon gozamenerako:


Pantailak erakusten duen moduan, portzierto, MacGyver da A itsatsiarekin hor tartean, eta ez McGyver.

Ikuslizunak eta Euskaltelen euskarazko beste testu antologiko batzuk

Luistxo Fernandez 2005/01/21 14:06

Duela pare bat egun azaldu zen irudi hau Sustatun.

Gasteizko Mediomortokoek aurkitua, Euskaltelen kable bidezko eskaintzaren berri ematen duen aldizkarian, atal tematiko bat, zer ikusi daitekeen telebistan: ikusLizunen saila... IKUSLIZUNAK!

Azalean Finding Nemo marrazki bizidunetako filmeko marrazoa ageri den alea omen da.

Euskaltelek egindako beste antologiko batzuk, ItzuL-en joan den gizaldiko artxiboetara bidali nituen bere garaian. Horien artean, nire faboritoa, Txartela Euskaltela, vaya tela

Zera izan zen: Produktu berri baten propaganda bidali zidan Euskaltelek. Euskarazko izena jarri zioten: Txartela Euskaltel.

Zertarako balio zuen? Gaztelaniaz azalduta, honetarako: "A partir de ahora, con la Txartela Euskaltel podrá realizar llamadas interprovinciales..."

Euskaraz azalduta, berriz: "Hemendik aurrera, Txartela Euskaltel-arekin probintziartera, nazioartera eta..."

Txartela Euskaltela, vaya tela

Beste batean, beste publizitate elementu bat etxera. Kasu honetan "kartoi mugikorra" da publizitate puska hori. Paperean testutxo bat ageri zaigu, baina tolesdura batetik tira egin eta azpian beste testutxo bat irakurriko dugu. Hala diote goiko (a) eta beheko (b) testuek gaztelaniaz eta euskaraz.

Gaztelaniaz:

  a) Y te regalamos 500 ptas. en llamadas  b) Y 500 ptas. MAS si contestas a nuestra encuesta 

Euskaraz:

  a) Eta 500 pta. erregalatuko dizkizugu deietan  b) Eta 500 pta. erregalatuko dizkizugu deietan 

Kasu hau aspaldi hartan kontatu nuen ItzuL-en.

Bizkaie.biz, RSSa eta blogak

Luistxo Fernandez 2005/01/18 10:55

Bizkaie aldizkariko Koldo Isusik elkarrizketa egin dit, eta han dago, sarean. Blogintzaren inguruan jardun dugu.

Argazkiak azarokoak dira, Koldo Euskarazko Kazetaritza Kongresuan ezagutu nuenekoa (2004ko azaroa), eta benetan itxura tristea ematen dut gero! Berriketaldia (bizkaieraz) berriagoa da, jakina. Galde-erantzunetan ziri txiki bat sartu diot Bizkaie-ri, eta bere horretan argitaratu dute, zintzo:

Bizkaie!-k, uste dot nik, albistegi jarraitua euki eikean, beraren RSS feedagaz, alez aleko argitaratze modu hori euki beharrean. Eta blog personalak be sortu zeinkiez zeuon azpiegitura horretan. Ez dot gatx ikusten, eta bai, ostera, logiko.

Ba horixe.

Technoratiren tag bilatzailea, web semantikorantz urratsa

Luistxo Fernandez 2005/01/14 21:48

Technoratik tag bilatzailea estreinatu du gaur, Flickr, Del.icio.us eta blogosfera oro har elkarlotzen, eta berehala hasi gara testeatzen lanean. Garik ez du blogik, eta beraz bere berbak hemen jarriko ditut:

Konturatzen zarete, tag kontu hau dela web semantikoan pauso handia ezta?

Interneteko zerbitzu guztietan tag-ak definitzen baditugu...

Adibideak:

Technoratirena web semantikoranzko urrats gisa uler daiteke, eta baita folksonomia kontzeptu berri-samarraren orain arteko triunfo handitzat hartu. Baina Technoratitik harantzago doaz inplikazioak: web zerbitzuen adibide on bat, bere kategorian lehena, eskaini digu Technoratik. Beste hainbat web zerbitzu berri ere ikusiko ditugu, eta egingo ditugu geuk ere bai, bai horixe.

Ez gaude geldi. Gaur egokitu dugu Sustatu bere atalak blog tag gisa uler ditzan Technoratik. Egina. Ikusi martxan bilaketa hauetan:

Ikusten da halaber, Wordpress-ekin egindako blog euskaldunak prest daudela aurrerakuntza honetarako, hor ageri baitira Berriemaile.com-ekoak eta Gaztelumendi ere.

Eibar.org-eko blogak ere ez dira geldi geratu. Erral-ek hack bat asmatu du gure azpiegitura Technoratiren tresnara egokitzeko, eta Coreblog-en komunitatean zabaldu dugu jada horren berri. Aplikatzen ere hasi gara, eta lehen emaitzak ikus daitezke jada, nola Erralen weblog-eko sarrera batzuk ageri diren hor zehar:

Axier Lopez eta Mambo

Luistxo Fernandez 2005/01/14 14:36

Irudiak kudeatzeko programa polit eta doako bat, XNView euskaratu zuelako ezagutu nuen (telematikoki) Axier Lopez bere garaian.

Berriro gurutzatu naiz berarekin, eta orain Ekogaia.net-ekin dihardu. Bere mezu pribatu batetik kopiatzen dut jarraian datorrena. Ez da haserretuko, ze, berak dioenez, Creative Commons Lizentziapean dauka burmuina eta hortik ateratzen den gehiena... Nire blogeko edukiak ere lizentzia bertsuarekin doazenez, horra:

Ekogaia pasa dan urtean burutu genuen proiektuaren izena da. Gure buru eta poltsikotik ateratako ideia ta proiektua ;-) Energia berriztagarrien erabilpena Euskal Herrian sustatzeko taldea. Horretarako estreineko ekimena izan zen Europan dauden esperientziak gertutik ezagutzeko 4 hilabetez bueltaka ibili ginen.

Webgunean egon ginen zenbait herrialderen inguruan egin nituen kronikak azaltzen dira(erdia baino gehiago falta da eskegitzeko). Irratiko elkarrizketak, bideoak, argazkiak... nahikotxo faltan ondino egia esan.

Aurten heldu behar diogu honi, ea behar bezala jartzen dudan weba. Hasiera batean energia berriztagarrien ataria izateko idea zegoen eta.

XNView da oraindik ere euskarazko nire programa faboritoetakoa! Beste batean idatziko dut haren gainean blog honetan.

Axierrek ez dio software doakoa itzultzeari utzi. eMule Plus p2p programarekin ere ibili zen. Orain Mambo paketearekin ari da. CMS librea da Mambo. Euskarazko bertsioa jada bukatuta omen du Axierrek eta orain zenbait osagairekin dabil.

Zorte on, Axier.

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2025 2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004