Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Uztarria.com-eko Josu Azpillagarekin Argia Sarietan

Uztarria.com-eko Josu Azpillagarekin Argia Sarietan

Luistxo Fernandez 2005/01/30 09:20

Poz handia izan da niretzat Uztarria.com-en Sareko Argia Saria.

Sari banaketan Josu Azpillagaren ondoan egon nintzen Lasarte-Orian. Josuk asmatu eta egin zuen Uztarria.com. Eta bere herriko talde handi horrek, Uztarria koordinakundeak, sinetsi egin zuen Josuren ikusmiran eta tresnan eta horrela eman diote bizia, Interneteko herri-ekimen sendo bat egin arte. Uztarria.com sortu zenean Josu Azpillaga Ikerlanen zegoen; orain lankide dut CodeSyntax-en.

Sari banaketan Kepa Urbieta Uztarria.com-eko editoreak eskertzako ohar bat irakurri zuen (errezitatu, ia ia), eta hona ekarriko dut. Pare bat puntu nabarmentzeko, dirulaguntzak nork ematen dizkien esan zuenean, Eusko Jaurlaritza falta: euskara eta teknologia berrien laguntzetan Kultura Sailak ez du aintzakotzat hartzen Uztarria.com. Ulertezina da, injustizia bat. Miren Azkarate Kultura Sailburua han zegoen, eta jakin beharko luke. Bestalde, blogekin hasiko ote diren iradoki zuen Kepak. Ea ba.

Lehendabizi, eskerrik asko Uztarriaren izenean Argia-ri, Internet arloko saria emateagatik.

Uztarria Kultur Koordinadora, Azpeitiko elkarte zabal bat da, 1998an sortua, eta herriko hezkuntza, euskara eta kultur erakundeek osatua. Lan arloan, Komunikazioa, Euskara eta Kultura dira Uztarriaren ardatzak, eta Komunikazio ardatzaren barruan, proiektu hauek ditugu abian:

  • Uztarria herri aldizkaria.
  • uztarria.com webgunea.
  • Eta Urola-Kostako Hitza egunkaria.

Hain zuzen, 2002an sortu genuen uztarria.com, eta horrekin ere apustu handia egin genuen Uztarria Kultur Koordinadoran arlo komunikatiboan. Gure moduko elkarte txiki batentzat, komunikazio arloan esperimentu berriak abiatzea apustu handia delako. Komunikazio tresna dinamikoa egitea genuen helburu. Herritarrei eta herriko taldeei hitza ematea: beraiek albisteak egiteko aukera jarriz, iritziak egiteko, eztabaida gunean parte hartzeko, albisteei erantzuteko, inkestan botoa emateko. Eta, horretarako, dinamizatzaile papera beharrezkoa zela ikusi genuen. Hori izan da uztarria.com egiten dugunon lana: ataria dinamizatzea albisteak gehituz, eztabaidak proposatuz, hanka sartuz, asmatuz...

Atal berriak gehitu genituen duela urtebete, esperimentu txiki berriak eginez: elkarrizketak on-line, efemerideak, euskara atal berria... Batzuek besteak baino hobeto funtzionatu dute. Ikasten ari gara. Baina, egia da, parte-hartzeak eta jaso ditugun bisitak geu ere harritu gaituela. Jende gutxi omen dabil Interneten, oro har. Azpeitian gutxi gara. Baina, edo azpeitiar denok konektatuta bizi gara, edo kanpokook interes handia duzue gure herriarekin. Ez dakigu. Orri asko erakusten ditugu, behintzat: 1.000 bisita egunero, 6.000 orrialde egunero. Eta parte-hartzea goraka joan da beti.

Komunikazio tresna dinamikoa egitea dugu oraindik ere helburu. Eta baditugu aurrera begirako asmoak ere: herriko artxibo digital handia sortu nahi dugu (herriko historia, hautes emaitza denak, udaletxeko informazio xehetua, turismoa, liburuak, herritar ezagunak…), zerbitzu arloa indartzearekin batera (telefonoak, ordutegiak…); blog-ekin ere, hain modan dagoen kontzeptuarekin ere, esperimentatzen hasteko gogorik ez zaigu falta... Ikusi egin behar. Esperimentatu egin behar. Helburua: gero eta jende gehiagorentzat izatea uztarria.com Azpeitiko ataria.

Besterik gabe, eskerrak:

  • Berriz ere Argiari.
  • Eskerrak uztarria.com diruz laguntzen duten bi erakunde publikoei (Azpeitiko Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari).
  • Teknikoki, hasieran batik bat, lagundu ziguten CodeSyntax enpresakoei.
  • Eskerrak Uztarriako bazkideei (1.025 gaur egun).
  • Eta eskerrak, nola ez, uztarria.com-en irakurle eta parte-hartzaile guztiei.

 

 

Besterik gabe, 2005eko urtarrilaren 28an, Lasarte-Orian, Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinadora

Txitxardin Beltza jatetxean lagun asko ikusi nituen. Aspaldi ez nuen Jose A. Del Moral Berrinet ikusi eta han zegoen, bere proiektu berriak, Alianzo enpresak, ematen dizkion buruhausteekin. Sareko Argiako arduradun Eli Pombo ez nuen ezagutzen, eta harekin ere topo egin nuen. Grazia egin zidan Iñigo Aranbarriren hitzaldiak, merezitako sari bat jaso ondoren. Kazetari ez den bati prentsakoa ematea, urrezko baloia Ronaldinhori barik, haren masajistari ematea zela esan zuen. Orduan pentsatu nuen: Ronaldinhori barik, Asier Riesgori ematea bezala akaso? Baina ez, txantxa da. Hizlandia beharrezkoa da, batez ere, Gaztelumendik azpimarratu eta ondo entzun zuen bezala, ideologia duelako gaia, ez filologia.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004