Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

(In)justizia

Leire Narbaiza 2021/12/26 08:35
Argia aldizkariko 2760. zenbakian argitaratua
(In)justizia

Wikipediatik hartua

Prozesu judizial baten barruan gaude orain sei bat urte. Auzokideok umedade arazo bat izan genuen fatxada egin zigun enpresarekin, eta epaitegian kateatuta gaude. Aste honetan aldatu digute epaiketaren data, seigarrenez, laugarren epaileak hartuko duelako auzia. Erraza izan behar zena, Kafkaren prozesu bihurtuta sistemaren erruz, eta pandemia bat tartean.

Batzuentzat huskeria izango da; baina sufrituz gero, jakingo lukete antsietatea, amorrua eta tristura eragiten dizkigula egoerak, bizitzan oztopoak sortzen dituelako, txikiak baina oztopo. Osasunean ere kalteak.

Justizia motela da esan ohi da. Baina hain astiro ibilita ez da justizia, mesede egiten diolako kalte-egileari, inpunitate osoz jarrai lezakeelako bere kontuetan. Eta kaltea jaso dutenak gero eta okerrago daude. Sufritzaileek sufritzen jarraitzen dute, eta hurrengorako argi dute epaitegietara ez dutela joko. Kontzientzia bakoendako, ostera, fabore, inork konturik hartuko ez dielako libre sentitzen dira joko zikinean jarduteko.

Abandonua jaso dugu hamarkada erdi honetan, inori ardura ez diogula sentiarazi digu (in)justiziak.

Argian

Gabonetan gereziak

Leire Narbaiza 2021/12/19 11:10
Gipuzkoako Hitzaren Urtekarian 2021eko abenduaren 17an argitaratua
Gabonetan gereziak

Gereziak

Izango dira hamar bat urte Gabon aurretxoan gereziak salgai jartzen dituztela frutategietan. Geurean udaberri beteko fruta gozoa da gerezia, eta udaren irudia dakarkigu dendetan ikusten dugunean. Tira, oraingoek ez. Izan ere, eurite betean geundela ikusi nituen estreinakoz negu bihurtutako udazken honetan. Txiletik zetozen pinporta gorriak, gutako askok baino bidaia luzeagoa egina zuten, prezioa ere halakoa zeukaten. Gabonetarako ekarriko zituztela pentsatzen dut. Kapritxo zoroak!

Oraingoa ere, ikusi nituenean, “Gabonetan keixak (gereziak)” esamoldea etorri zitzaidan akordura, Debabarrenean eta Bergara aldean erabiltzen zena (dena?). Hala dago jasota Orotariko Euskal Hiztegian: Gabonetan gereziak (g. keixak V-gip ap. Etxba Eib y Elexp Berg). “Promesa con que los mayores agradecían a los menores algún servicio. Eldu aiz? Gabonetan keixak!” Etxba Eib. “Hi haiz mutilla hi. Errekaua zintzo asko ein ddostak. Gabonetan keixak. (Noski, gabonetan ez dago keixarik)” Elexp Berg. Ene, azken esaldi hori desfasatuta geratu zaigu dagoeneko, eta esan genezake globalizazioak esamolde zaharrak ere deuseztatuko dizkigula —guk lehenago euskara akabatzen ez badugu, behintzat, prozesu hiltzaile horretan bete-betean murgilduta gaude-eta—.

Baina Gabonetan gereziak jan? Zer nezesidade? Egia da beste urtaro batzuk fruta kontuetan askoz oparoagoak direla, gustu eta kolore gehiagokoak. Gozatu itzela da aho eta begiendako. Baina oraingoak ere ederrak dira. Sasoi beteko laranja urtsu baten zaporea ezin da ezerekin berdindu, esate baterako. Edo baserriko sagar gorri zatar baina bizi horien gustua. Zoragarriak denak!

Esan dudan moduan, sasoiko lehenengo gereziak ikusteak ematen duen poza ez da makala, gero. Negua guztiz joanda dagoela iragartzen digute, Zea Maysen kantua baino fidagarriago, gainera (artoa beranduago heltzen da-eta!). Beharbada, gerezi-denbora esperantza garaia da, etorriko dena momentukoa baino hobea izango delakoan. Orain ikusteak, ostera, niri neuri ondoeza ematen dit, gizarte honen eredurik zoroena erakusten digulako, apeta hutsalen erresuma, diruarekin dena lor litekeela iradokitzen duena. Kapitalismoaren absurdorik absurdoena.

Lekak Marokotik, laranjak Hegoafrikatik, dilistak AEBetatik, garbantzuak Mexikotik. Hemen bertan ez bazen, gertu erein eta hazten ziren elikagaiak gero eta urrunagotik datozkigu, eta batzuetan gertuko produktuak baino merkeago. Aldaketa klimatikoaz jardungo dugu, eta energia aurrezteko esango digute, automobila erabil ez dezagun iradoki. Ederto, egin beharrekoak dira horiek. Baina, bitartean, itsasontzi erraldoiak (eta hegazkin batzuk ere bai) buelta-bueltaka dabiltza etengabe, erregaia kontsumitzen, ozeanoa kutsatzen. Mugimendu horiek guztiek ez ote dute aldaketa klimatikorik eragiten? Inork ez gaitu ohartaraziko kontsumo zentzugabeak sortzen duen kutsaduraz?

Argi dago, pikota edo anpolari, gurean Gabonetako gerezi bakarrak, esamoldekoak. Zuei, amaieraraino iristeagatik, eskerrik asko, eta “Gabonetan gereziak!” erantzuten badidazue, ni pozarren!

Gipuzkoako Hitza

Sisifo euskaldunen nekea

Leire Narbaiza 2021/12/03 17:55
Gipuzkoako Hitzan 2021eko abenduaren 3an argitaratua
Sisifo euskaldunen nekea

Sisifo

Egunero zerbaiten nazioarteko eguna izaten da. Ia beti laguntza beharrean edo arriskuan dauden kausen aldekoa. Hala da gure hizkuntza arraro eta gutxituarekin, gaur da bere nazioarteko eguna, Txinan hilzorian zegoen Xabierrek ingurukoek ulertu ezin zituzten berba batzuk egin zituelako. Sukar-ametsak eragindako hizkera zentzugabea izan zitekeen, baina mintzaira misteriotsua zela erabaki zuten, euskara alegia. Hara, data jartzeko aitzakia aurkituta.

Eta 1995etik gabiltza gaurko egunez “euskararen garbiketa” jasaten, edo gure euskal erdiko agintariek esan gurago luketen legez basque whashing-a sufritzen; hau da, urtean zehar ezer gutxi egiten duten horiek itxurakeriatan euskararen aldeko diskurtsoak jaurtitzen, argazkietan agertzen, eta inoiz baino euskaldunagoak direla esaten. Baina hilaren 5erako dena ahaztuta (4an salbuetsita, prentsan zenbat bider azaldu diren kontatu behar dutelako). Zein nekagarria!

Halere, benetan sinisten dugunok gure hizkuntzaren etorkizunean, abenduaren 3koan ekintzak egiten segitzen dugu. Ezinbestean. Aurten ere, jardun(go) dugu.

Lan egiten dudan udalerriko euskara zerbitzuak Zeu zara euskara izeneko ekimena jarri du martxan: nerabe eta gazteei proposatu die kontatzea ea nolakoa litzatekeen egun bat euskara balira. Zer sentituko luketen. Eta euskaltegietakook gauza guztietara apuntatzen garenez, klasera eroan nuen proposamena ea zer zetorkien burura ikusteko, gero testuren bat edo egin zezaten. Eta ikasle batek horrela bota zidan: “Jipoituta sentituko nintzateke”. Labur baina biribil jaurti zuen. Harritu ninduen, bat-batean esan zuelako, eta ez nuelako hain erantzun argia espero.

Niri galdetuko balidate euskara banintz zer sentituko nukeen, ez dut uste “jipoituta” litzatekeenik lehenengo erantzuna. Ziur nago “nekatuta” esango nukeela. Erabat kantsatuta. Eta ez txikiegia edo zaharregia naizelako izan ere, euskara izan banaiz, euskara izatea akigarria delako oso baizik.

Euskara izatea, zein euskaldun izatea. Euskaldun kontzientziaduna, jakina. Sisiforen lanak eskatzen zaizkigulako: harria lepoan hartuta maldan gora egin, mendi puntaraino. Baina tontorra ikusi orduko, ilusioa piztu bezain laster, harria jausi egiten zaigu beheraino. Jaso, eta atzera ere bideari ekin behar diogu, etengabe. Pot egin arte. Era berean, ezin amore eman, osterantzean gure akabua dator, eta jakitun gara.

Ofizialtasunak —Euskal Herri erdian baino ez bazen ere— babestuko gintuela uste genuen; ez da hala izan, ordea. Pentsatu genuen irakaskuntza euskaldunduta, umeak euskaldun oso bihurtuko zirela, baina ez. Hizkuntza eskakizunak martxan jartzeak zerbitzuak euskaraz jasotzeko aukera emango zigula sinisten genuen; 30 urteren buruan ez da hala izan, eta, gainera, eskakizunok sendotuta zeudela iruditu arren, auzitegi batek auzitan jarri ditu. Teknologia gure hizkuntzan erabiltzeko modua izan denean, ahots bidez kontrolatzeko gailuak asmatu dituzte; berriro ere ilaran gaude grabazioak egiten Commonvoice-n. Unagarria.

Angela Davisek Euskal Herria bisitatu zuenean esan zuen militanteak ere deskantsatu behar duela. Gelditu, indarrak hartu, berriro ere borrokari ekiteko. Hizkuntzaren hautuan gaitza delakoan nago, egunero kontu txikietan gabiltzalako Sisiforena egiten, aurpegia eta gorputza jartzen, nekatuta. Harria, gutxienez, jausiko ez balitzaigu!

Gipuzkoako Hitza

Eguzkitan

Leire Narbaiza 2021/11/22 17:55
Argia aldizkarian 2755. zenbakian argitaratua

Urriko domeka eguerdi ederra da, freskoa baina eguzkitsua. Ogitara eta egunkaria hartzera irten naiz, igande bazkal aurreko buelta egitera. Hain eguraldi ederra dago, ezen parkeko banku batean jesartzeko gogoa piztu zaidan berripapera irakurtzera. Udazkenean gaude, eta badakigu egun argi hauek aprobetxatu beharrekoak direla.

Halaxe egin dut: bankuan eseri, eta goxo-goxo egunkaria leitu. Bat-batean konturatu naiz igande eguerdi horretan jarleku publiko batean nagoela; parkean egonean, zaintza lanik egiteko ez badut ere; ezer kontsumitu gabe; periodikoa paperean irakurtzen. Irakurtzen. Euskaraz. Paperezko egunkaria euskaraz irakurtzen.

Egoeraz kontziente izan naizenean, outsiderra sentitu naiz lehen momentuan. Gerora, zaharrunoa, beste sasoi batekoa.
Ez dut performance bat egin nahi izan, baina hori dirudi. Inguruan kazeta gutxi ikusten dira, eta ikusten direnak kirol prentsa eta elperiodico dira, denak gaztelaniaz.

Kontsumitu ez, eta espazio publikoa okupatu. Definitiboki, periferia naiz eta demodé nago.

Haize kontra nabil, baina hain da goxoa (eta erraza) eguzkitan hori egitea!

Argian

Azaroa ez da arazoa

Leire Narbaiza 2021/11/19 17:55
2021eko azaroaren 19an Gipuzkoako Hitzan argitaratua
Azaroa ez da arazoa

Gaztaina erreak

Udazkeneko ordu aldaketaren ostean inguruko askok komentatu didate azaroa dela hilabeterik tristeena. Niri ere hala begitantzen zait: lehenago iluntzen du, tenperatura freskatu eta eguraldia gaiztotu. Urriko egun gozoak atzean geratu direla kontziente egiten gaitu, eta negua gurean maiatzera artekoa izan litekeela konturatu. Hilabete txarrena.

Udazken honetan euskara irakasteaz gain, eguraldiaren gaineko gomendioak ematea ere tokatu zait. Badakizue euskaltegian lanean jarduteak kontu zoro eta zoragarri askorako ematen duela. Aurten eguraldiak hartu ditu klaseak: hotzak, hain zuzen. Izoztuta daude ekainean eta irailean Euskal Herrira etorritako gure klaseko kubatarra eta perutarra. 12 gradutik jaitsita ez dela fresko dioste, hotza dela. Nik ezetz, handiagoak ere egiten dituela, urtean behin-edo elurra ere egin lezakeela. Begiak talo eginda adierazi dute beren egoneza. Azkenean, kamiseta termikoa eros dezatela aholkatu diet. Esan eta egin. Dagoeneko ez dute hotzik pasatzen. Ezin ukatu gurea zerbitzu publikoa ez denik!

Hotz dela, freskoa dela ibili gara. Hemen urte gehiago daramatzatenek gure klima era gordinean azaldu diete. Ez dakit Euskal Herrian ala Antartikan nagoen. Niri neuri ere kamiseta eta praka termikoak erosteko gogoa eragin dit, barren! Eta goretexezko gabardina! Nola liteke bizirautea klima horrekin? Mesedez! Esango nuke biek unetxo baten birplanteatu dutela hemen bizitzen segitzea, jasangaitza egingo zaielakoan. Ikaragarria da pertsona batzuk zein tremendistak diren, eta zenbat gustatzen zaien beste batzuk ikaratzea! Ni ere laga naute eguraldia bezala: triste eta ilun. Azaroko musua ez ezik, azaroko gorputzaldia eta umorea.

Egia esatera, ikasle bi horiek izaten ditut akorduan eguraldi iragarpena entzuten dudanean, eta koitaduek zenbat sufrituko duten egun horretan pentsatzen dut. Ikasleekiko ardura txarto ulertua, edo pertsonekin lan egitearen ondorio zuzena, ez dakit.

Azaroa azaro dabil: ospel eta goibel. Ni ere zertxobait kutsatu nau, nahiz eta ez didan eguraldiak beste batzuei beste eragiten. Azaroak ez dauka kontu onik, inguruko askoren eguna bada ere.

Aldarte hori neroan iluntze baten etxerako bidean, errekadu ez gogoko batzuk amaitu ostean, gaztain erreen usaina hartu nuenean airean. Gaztain saltzaileek jarri dituzte postuak, jakina! Eta badago usain ederragorik gaztain erreena baino udazkeneko iluntze hotzetan? Badago ezer iradokitzaileagorik? Suspergarriagorik? Ezezkoan nago. Egur errearenarekin batera, promesaz betetako usaina da: etxera iritsitakoan txoko epela izango dugula aditzera ematen digu, udazkenaren alderdirik desatseginena ere edari bero batekin konpon litekeelako iragarpena ere egiten digu. Konfort egoera lortuko dugula ziurtatzen digun usaina da.

Beraz, hori guztiori airean usainduta dozenatxo bat gaztain erre erosi nuen. Zatar-paperean batuta eman zizkidan saltzaileak, eta hamabi fruitu gozoak poltsikoan sartuta egin nuen etxerainoko bidea, eskua epel, irribarrea ahoan, betetasun moduko bat barruan eta soinean, patrikako kukurutxoan dozena bat zorion txiki neramatzalako. Azaroa ederra ere badela erakutsi zidan gaztain erreen usainak. Eguraldiak eguraldi, zapuztaileak zapuztaile: azaroa ez da arazoa!

Gipuzkoako Hitzan

Ipurdipeko hotza

Leire Narbaiza 2021/11/05 17:50
Gipuzkoako Hitzan 2021eko azaroaren 5ean argitaratua
Ipurdipeko hotza

Metalezko bankuan EuskoTreneko geltokietan

Gaueko bederatzi eta erdiak dira, eta azken trena hartzera zoaz. Leher eginda zaude, oraintxe bertan irten zarelako lantokitik, eta etxera ailegatzeko deseatzen zaude. Oraindik hamar minutu falta dira trena iristeko, traste asko daramatzazu, eta zain egoteko bankuan eseri zara geltokian bertan. Baina, ai, aulkia metalezkoa da. Ipurdia izoztu egingo zaizu, asko freskatu duelako, baina hain kantsatuta zaude, non jartzea erabaki duzun. Gora zistitisa!

Zoritxarrez, ipuintxoa ez da geltoki bakarrean gertatzen, ezagutzen ditudan Euskotreneko geltoki guztietan ipini dituzte metalezko bankuak. Nori bururatu ote zaio metalezko jesarlekuak ezartzea? Gainera, ez dira denak berdinak, hiru modelo badaude, gutxienez: metalezko barra urdinak dauzkana (kalean ere badaude halakoak); zulo laukiak dituzten jarleku baxuak; eta berrienak, egurrezkoak beharrean osorik metalezkoak direnak. Hiruretan ez dakit zein den okerrena, baina hiruretan metalaren hotza eta beroa sartzen da izter-ipurdian.

Jakina, eserleku hauek guztiauek geltokiko eraikinetik landa daude, beti nasetan; kanpoko aldean, beraz. Bertan hotzaren eta beroaren eragina askoz handiagoa izanda, okerrago. Nori bururatu ote zaio jesarlekuak kanpoan baino ez ezartzea? Tiketa erosita eser liteke, bestela ez.

Nioen moduan, geltoki barruko aldean ez dago non jesarri. Tira, inoiz leihoan eserita ikusten da jendea, ezinbestean. Neguan, eguraldi berdea denean, nonbait babestu behar; izan ere, nasetan dauden aterpetxoak Almerian erabilgarriak lirateke, baina Euskal Herri ozeanikoan estalpea benetakoa izan behar da, euriak eta haizeak gogor erasaten dutelako ezker-eskumatik. Nori bururatu ote zaio nasetan babesleku subtropikalak ezartzea? Beharbada, hegoalderagoko klima lehorragoetan ere ez lirateke aterpeok eraginkorrak, eguzkitik ere justuan babesten dutelako.

Baina merezi du artikulu oso bat Euskotreneko metalezko bankuei eskaintzea? Jakina, baiezkoan nago. Ez da bankuen kontra dudan amorrua, adibide zehatza baino ez da adierazten diguna espazio publikoak ez direla jendearendako pentsatzen. Eta garraio publikoan makinatxo bat adibide topa genitzake pixka bat erabiliz gero. Esate baterako, autobus geralekuetan, markesinetan, gero eta banku gutxiago dago. Batzuei eserleku deitzea ere asko esatea da, inklinatutako taula —egurrezkoa oraingoan— da, justuan ipurdia pausatzeko, ez jesartzeko. Nori bururatu ote zaio halako oholak ezartzea aulkien ordez?

Kalean ere agerikoa da gero eta banakako aulki gehiago dagoela, erdian besoa duten bankuak gero eta ugariagoak direla, eta iturri gutxiago daudela. Helburua? Inor ez dadila behar baino luzaroagoan egon, inor ez dadila egonean geratu, sustraiak bota izan balitu bezala. Espazio publikoa igarobidea izan dadin, tabernara joan gaitezen, dendetara. Problemarik eman ez dezagun, kontsumi dezagun. Pasokoak izan gaitezen. Nori bururatu ote zaio herri eredu hori ezartzea?

Erraza da: herrien planifikatzaileei, espazio publikoen diseinatzaileei, eta hiri altzariak erosten dituztenei. Arduradun horiek erabiltzaile berba darabilte gu izendatzeko. Ez gauzkate pertsonatzat; beraz, ez dugu egarririk, ez txizagurarik, ez gaude inoiz nekatuta. Gainera, horiek guztioriek ez dute garraio publikoa erabiltzen. Hor dago koska: inoiz ez dute probatu ipurdipean metalaren hoztasuna edo errea.

Gipuzkoako Hitzan

Nagusikeria

Leire Narbaiza 2021/10/27 07:15
Argia aldizkariko 2750. zenbakian argitaratua

Herriko atso autubatzaileek begiradaz goitik behera egiten ziguten errepasoa: “egoki” jantzita geunden, ondo orraztuta, zapatak lustrez ondo garbituta generamatzan… Kontrol sozialerako begirada gaiztoak ziren, bakoitza bere lekuan kokatzeko, eta bakoitzari etiketa bat jartzeko. Ondo/gaizki, onarpena/destaina, irribarrea/bekozkoa. Moralaren zaintzaileak, zentsore eta inkisizio bihurtuta, txutxumutxua zabaltzeko beti prest. Nagusikeria morala.

Jaurtitzen zizkiguten begiradak erdi-disimuluan egindakoak izaten ziren. Nahiz eta guk ederki genekien epaiketa zorrotza eta gupidagabea jasaten genbiltzala. Eurak egia moralaren jabe ziren, besteon gainetik kokatzen zuten euren burua.

Esango nuke, zahar klasista eta moralaren zaintzaile horiek denborarekin desagertzen dabiltzala, edo, beharbada, egindako epaiek inportantzia galdu dutela. Baina erreleboa lortu dute: gazteagoa, kulturetagoa, “nik badakit, zuk ez” esanez lez begiratzen duena, besteen arrazoiak entzuten ez dituena. Beti gainetik begiratu, besteok klasifikatu nagusikeria moralaz, sudurra gorago. Modernoak ustez, baina autubatzaileak lakoak.

Argian

Txipiroiarena

Leire Narbaiza 2021/10/22 15:05
Gipuzkoako Hitzan 2021eko urriaren 22an argitaratua

X belaunaldikook badaukagu gugan gaitz endemiko bat, etengabe errepikatzen duguna: gure gazte-denbora oraingoa baino… (bete zuek hutsunea). Mitifikatu egiten dugu, alegia, gure gaztaroa. Horregatik entzuten da orduko sasoia latzagoa, gogorragoa, bizi ezinagoa zela, eta guk imajinazioz, indarrez, sormenez… aurrera egin genuela. Uf, zelako klixea, belaunaldi guztiek errepikatzen dutena! Gizaldi guztietan izan dira estualdiak eta sasoi gogorrak, bestela galde diezaiegun gerrak bizi izan dituztenei. Ume-denbora, ostera, oraingoa baino naturalagoa, sortzaileagoa, hobea… izan zen, mitozaleon ahotan. Beti hobea gurea. Amama-aitita Kipuleta bihurtzen gara gu baino gazteagoekin berba egiten dugunean. Eta gustatzen zait Kipuleta bihurtzea, batez ere oraingo ume eta gazteei gure bizimodua nolakoa zen kontatzeko, transmisioa egiteko. Ahalik eta gutxien idealizatuta, jakina; albait errealen. Ezin delako jakin nora goazen, ezagutu barik nondik gatozen.

Aurreko baten kontatu zidaten 12 urteko mutiko batzuek bakarrik bazkaltzen zutela euren logelan, etxeko besteek elkarrekin jaten zuten bitartean. Ahoa itxi ezinda geratu zitzaidan luzaroan, begiak talo eginda. Ezin nuen sinistu. Agian koronabirusagatik bakartuta zeudela esan nuen, eta ezetz erantzun zidaten, hori zela etxe horietako errutina. Katakrak egin zidan buruak. Eta beharbada kontserbadoreegia, antzinakoegia, zaharrunoegia nintzela otu zitzaidan. Burua galderaz gainezka neukala, barruan daroadan Amama Kipuleta esnatu zen, eta lezioa emateko prest zegoela sentitu nuen.

Joera berri horrek arrazoi askogatik asaldatu ninduen. Praktikotasunetik, esaterako, ez da batere eraginkorra eta garbia gelan bazkaltzea, ezta? Zoparik edota lapikokorik jaten ote dute aurrenerabe horiek? Ezezkoan nago, kuartoan gaitza delako halakorik hartzea. Sardexkaz irensten diren jakiak jango dituzte, ezinbestean. Dieta hala moduzkoa, nire iritziz. Beti pantaila baten aurrean. Garbitasun eta elikaduran kale, eta teknologian morrontza.

Hain zuzen ere, bazkalorduko bakartzea horretarako da, inoren kontrolik barik jokoari ekiteko, euretako batzuek guraso kontrolak aktibatuta ere ez dituztelako sakelakoetan. Logelak, gainera, teknologia guztiaz hornituta dauzkate (telebista, tableta, telefono, ordenagailu, switch…) eta wifia ere libre. Harreman barik etxean, hikikomori izatetik gertu.

Astegunetan ume handi horietako batzuek eskolako jangelan bazkaltzen dute, eta asteburuetako eguerdiko otorduetan bakartzen dira gelan. Beraz, noiz egoten dira familiako beste kideekin? Eskola eta eskolaz kanpokoak badituzte, lagunekin ere ibiltzen dira, afalordua ere antzekoa izango da… Nola egiten dituzte familia harremanak? Ezin, ez dute unerik horretarako. Argi dut jatorduak tripazorriak akabatzeko ez ezik, komunikaziorako tarteak ere badirela. Heziketa jasotzeko, berriketan egiteko, forma onak ikasteko, aholkuak, barreak, haserreak… konpartitzeko. Elkarrekin egoteko, berba baten. Nire barruko antzinako andreak munduaren akabera ikusten du moda horretan, desafekziorako urrats itzela, gizartearen gainbehera.

Erabat aztoratuta Txipiroiaren estrategia telesailaz jardungo dugu, nolatan ikusten duten hain txikiek. Bada, horrela, lagunok: utzikeriaren tinta beltza baino ez dugu behar pantaila aurrean txipiroiak izateko.

Gipuzkoako Hitzan

Ostrukarena

Leire Narbaiza 2021/10/08 17:50
Gipuzkoako Hitzan 2021eko urriaren 8an argitaratua

Batzuetan ostrukarena egin nahiko nuke: burua zulo batean sartu, ea arazoen aurrean ez ikusiarena eginda desagertu egiten diren, berez. Baina, zoritxarrez, ez du funtzionatzen. Beste arazo batzuen aurrean, ostera, su eman nahiko nioke problema eragin duen horri. Baina horrek ere ez du askorako balio, amorrazioa ateratzeko baino ez.

Zenbait albisterekin ere ez entzunarena egin nahiko nuke, izugarriegiak direlako. Batzuetan gustura amatatuko nituzke irrati eta telebista, egunkaririk ez zabaldu edo Interneten ez sartu, horrek guztiorrek balioko balu notizia ikaragarri horiek ezabatzeko. Baina, jakina, ostrukarenak ez du inoiz funtzionatzen.

Halako berri batzuk izaten ditugu nahi baino sarriagotan. Azken asteotan Euskal Herrian gertatutako bik itzel asaldatu naute beste batzuen gainetik.

Arabako Fiskaltzak hamar heldurendako kartzela zigorra eskatu du abusuengatik eta prostituziora bultzatu omen zituztelako foru aldundiaren tutoretzapean zeuden adin txikikoak. Sansohetako egoitzan bizi ziren gaztetxoak, eta 2016an eman zen ezagutzera gertatutakoa.

Bestalde, Gipuzkoako zahar etxeetan egoera inhumanoa eta lotsagarria dela salatu dute langileek, egoitza gehienetan egoiliarrek ematen dituztelako hamalau ordu inguru oheratuta, eta ezer jan gabe.

Astebetean jakin ditugu biak. Eta ileak laztu zaizkigu. Batean nerabeak, bestean zaharrak. Lehenengoan, teorian erakunde publiko batek babestuta euren etxeetan nahikoa babes ez zutelako; bigarrenean, euren kabuz bizitzeko gai ez diren pertsonak, instituzio kontzertatuen anparoan, ustez.

Tutoretzapeko gaztetxoak, egoitzetako zaharrak, mundu bi zeharo desberdinak, baina komunean puntu bat dutenak: zaurgarritasuna. Kostako da kolektibo kalteberagorik topatzea gure gizartean. Babes handiena behar dutenek tratu arbuiagarria jaso dute babestu behar zituztenen eskutik. Eta okerrena, begirale lanak egin behar zituzten erakundeek ardura efektiborik hartu barik. Gainera, ez dezagun ahantz kaltetuak “geure” nerabe eta zaharrak direla. “Gureekin” horrela jokatzen bada, zer ote da “gureak” ez direnekin? Paper bakoekin? Ezin dut imajinatu, ez dut imajinatu nahi, hobeto esanda.

Sala genitzake tutoretzapeko etxeetako eta zaharren egoitzetako arduradunak. Erakundeak eta agintariak akusatu, eta ardurak eskatu. Baina gu denok, gizarte osoa, jartzen gaitu ituan. Izan ere, gertakariez gain, gehien harritu nauena izan da zein oihartzun gutxi izan duten biek. Zer garrantzi gutxi eman zaien biei, sumendi bati begira geundelako, agian, milaka kilometrora dagoen sufrimenduari begira. Presbizia moduko bat sufritzen dugu, gertukoa ikusten lagatzen ez diguna, eta selektiboa izaten da sarritan. Esan liteke ostrukarena egiten dugula, ikusten ez duguna existitzen ez delakoan. Horrela bizi gara Euskal Oasian, ongizatean omen.

Kontua da makalenei egi(te)n diegula kale, eta asko dio gutaz horrek. Zer sozietate ustel muntatu dugu ahulenak horrela tratatzen baditugu? Ongizatearen mitoa sinistu eta irentsi dugu, eta pozarren gabiltza burua estalita. Baina ostrukarenak ez du inoiz funtzionatzen, burua ezkutatzeak bidea libre lagatzen dielako errudunei, kaltetzen jarrai dezaten.

Gipuzkoako Hitzan

Bernak, takoiak eta kanona

Leire Narbaiza 2021/09/24 17:55
2021eko irailaren 24an Gipuzkoako Hitzan argitaratua
Bernak, takoiak eta kanona

Takoiak Arantzazun

Uda amaitu zaigu, eta bernak oraindik ez zaizkit beltzarandu. Tira, urtebete Kariben bizi izango banintz ere beti praka laburretan eta gonetan ibilita, ez dut uste belztuko litzaizkidakeenik. Izterrak eta oinak bai, baina bernak? Zuri nuklearra desagertuko zaie, baina gorputzeko beste atal batzuk baino zuriago izaten ditut beti. Eta jende gehiagori ere gertatzen zaio hori!

Bitxikeria hori kontuan hartuz gero, imajina zenezakete zelan neuzkan hanka zati horiek uztailaren erdialdean, izan dugun eguraldi ez udako horrekin! Zuri fosforeszente! Hondartzara joan barik, praka luzeak jantzita hilabeteetan, eguzkirik ikusi gabe ezin bestela izan. Orduan etorri zitzaidan zalantza: soinekoa jantzi ala ez? Hanka-bistan ibili edo ez, alegia. Zelan erakutsi hain zuri edukita? Baina, era berean, nola beltzaranduko zitzaizkidan, erakutsi ezik? Azkenean, soinekoa janzteko gogoa (edo fresko ibiltzeko premia) gailendu zitzaidan, eta berna “islatzaileak” edonoren begi bistan geratu ziren, zorionez.

Prozesu mental hori guztiori izan nuen aspaldiko lagun batekin bazkaltzera joateko prestatzen nenbilela. Eta hori bernok ile barik zeudela! Depilatuta nengoen, hori izan baitzen lehenengo pentsamendua. Askok kontakizunari lehenengo munduko problema iritziko dio; eta hala da, zeren pateran datorren emakume batek, edota Afganistandik ihesi dabilen andrazkoak arazo handiagoak dauzka hanketako ileak edo kolorea baino. Konforme. Baina ez dezagun demagogiarik egin. Gure problemak ez dira batzuetan hil ala bizikoak, baina oztopo eta enbarazu izaten dira bizimodu natural eta zoriontsuagoa izateko.

Eta traba horiek, ia beti, emakumeok bizi ditugu. Ez dut gizonezkorik imajinatzen trantze horretan: praka laburrak ezin jantzi zuriegi dagoelako, edo depilatu barik (tira, mutil gazte batzuk agian bai). Askatasuna dute euren gorputza den modukoan erakusteko, natural. Andrazkook, ostera, kanonari jarraitu behar diogu, estiloari eutsi. Eta ez da justua.

Pasa den astean Arantzazuko argazki bat ikusi nuen. Bertan, Gipuzkoako Foru Aldundiko zenbait kide agertzen ziren. Erretratuan bederatzi pertsona ikusten dira, hiru gizon eta sei emakume. Gizonek zapata itxi eta takoi txikidunak daramatzate. Bost andreri baino ez zaizkie oinak ikusten argazkian. Lauk takoi altuak eta finak dituzte jantzita. Arantzazun, eliza aurreko aldapa buruan. Galtzada-harriz egindako aldapa buruan. Nik bernen kolorearekin izandako buru-jana izan ote zuten andre ordezkari horiek takoiak aukeratzeko orduan? Ezetz esango nuke. Pentsatu ote zuten zelan moldatuko ziren bertako harrien gainean ibiltzen? Ez ote dira orkatila bihurrituen beldur? Bestalde, Arantzazun takoiak jantzita ibiltzea ez ote da ustezko dotoretasunaren izenean emakumeon oreka eta mugimendu askatasunari zepoa jartzea? Ez dakit, deigarria, gutxienez bada.

Kontu horiek guztioriek azaltzen digute andrazkook onar gaitzaten, onar dezagun geure burua, performance hutsean jardun behar dugula gorputzarekin, guztiz gurea ez delako, antza, gorputz hori. Naturala dena eraldatu behar dugu: kolorea, ileak, ibilera eta abar, perfekzio irreal horretara zentimetro bat hurreratu gaitezen, geure gorputza ez-gai delakoan.

Bernak zuri dauzkat oraindik, baina bistan izango ditut hotzak debekatzen didan arte!

Gipuzkoako Hitzan

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua