Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Twitter, facebook eta enparauak

Twitter, facebook eta enparauak

Leire Narbaiza 2011/01/19 00:00
Zurrunbiloan egonda, bueltaka dabiltzanak.

Aurreko batean jardun nuen blogean sentitzen dudan zorabioaz. Zoramen honek badauka zer ikusia sare sozialekin: jaten diguten denborarekin eta sortzen diguten egonezinarekin. Post honetan nire pentsamenduak eta sentsazioak argitzen ahaleginduko naiz.

Nire ibilbide pertsonalean posta elektronikoaren ondoren eibartarrak posta zerrenda egon da. Bertan sartezak eta parte hartzeak gauza asko eman dizkit. Batez ere, sarean ibiltzeko makuluak; eta garrantzitsuena, sarean bakarrik ez ibiltzea, ziberlagun asko eman baitizkit. Blogari ere zerrendari esker naiz, behin baino gehiagotan azaldu dudanez. Gaitz ikusten dut bloga zabaltzea inork zirikatu eta animatu izan ez banindu. Beraz niretako, zerrenda familia da.

Blogak ere gauza on asko eman dizkit. Idaztea gogoko izan dut beti, eta aitzakia polita izan da zaletasun hau lantzeko. Eta asko ikasteko, ikaragarri. Bloga nire etxea da, hipoteka bakoa, auzo interesgarri asko dauzkana (eibartarren blog komunitatea), eta independenteki elkarri laguntzen diona. Kalamuatik Txargainera ez dago banku edo kutxen mailegurik, oso-osorik nirea baita.

Blogean esan nezake nahi dudana, nahi dudan luzeran, nahiz eta askok gomendioak eman. Blogean idazten denean, munduari idazten zaio, hiru jarraitzaile izan arren. Beste toki batzuetan, ostera, lagunak eta ezagunak daude, eta horiei begira idazten da edo "atsegin zait" klikatzen da. Lagunak omen dauzkagu, baina batzuk enpresak izan daitezke, edo bistaz baino ez ezagutu.  Facebook, lagunarte zabala litzateke, koadrila eta inguruko ezagunak. Soziala, aurpegi onarekin agertu behar delako.

Iturrik dioenez, twitter taberna izango litzateke, eta tabernetan, normalean, garenak baino guapoago, graziosoago eta -ago agertzen gara. Hau guztiau Iban Arantzabalek idatzitako "Twitter sorkuntza kapagailu: sakontasuna behera eta zitak gora" postean lagatako erantzuna da. Ibanek bertan idatzitako ia gauza guztiekin ados nago. Blogek gorakada handia izan zuten duela urte batzuk eta badirudi azken alde honetan beherakada izan dutela, batez ere euskaraz idazten direnak. Esango nuke asti gutxiago dugula hainbat gauzari dedikatu behar dugulako daukagun denbora urria. Twitterrek asko balio lezake, albiste iturri ona da (ikaragarria askotan) eta  abantailak ditu. Hala ere, esango nuke Ibanek esaten duen moduan, eduki horiek elikatu behar direla, lotura horiek egin behar direla eta euskaraz osatu behar direla. Beharbada hori da falta zaiguna, euskarazko edukiak.

Horrek harritu nau. Euskara hutsean ezagututako lagunak, sarean euskaraz ibili direnak, zenbat erdara egiten duten twitterren. Ez nuke pentsatuko horrelakorik inoiz. Gainera konturatu naiz, hainbatek loturak ez dituztela euskaraz jartzen, gure hizkuntzan egon arren. Adibidez, eitb.com-eko albiste, bideo eta abarrak bietara egonda, segundorik ere ez dute galtzen euskarazkoa topatzen. Eta euskaraz blogak elikatu ezik, eta loturak gaztelaniaz, honek ez dauka atarramentu onik!

Aipatu dudan Ibanen artikulu horretan bertan, erantzunetan "ziberpaboneo" berba aipatu nuen, hau da, denen aurrean zein ederrak garen eta zenbat dakigun erakustea. Azalekoa ere badela esango nuke. Hala ere, twitterrek libertimendutik ere badauka asko, eta alde ludiko hori gustatzen zait. Luistxok CodeSyntaxeko jardunaldietan esan zuen komunikabidea dela. Nik ez dut ukatuko, baina uste dut informazio onak eta zehatzak jasotzeko jende konkretu bati jarraitu behar zaiola, eta ez jende larregiri, bestela, ezinezkoa da. Luistxok "zarata" (twit asko) ere aitatu zuen, ona delakoan. Agian, kapazitate handiagoko jendeak ahal izango du, baina nik nahiago gutxi eta onei jarraitu. Bestela ez dago ez dibertitzerik, ez ondo informatzerik!

Dena den, geroak esango digu hauek guztiak zelan geratzen diren. Futurologia egiteak ez dauka etorkizunik. Twitter moda huts kontua den Negropontek elkarrizketa batean esan zuen bezala; ala blogak desagertuko diren ikusiko da. Gainera, auskalo zelako gauza berriak etorriko zaizkigun! Guk, baina, gure etxetxo euskaldun honetan jarraituko dugu jo eta sua, barrena husten, salagarria salatzen, mundua konpontzen eta barre egiten. Talde txikian edo koadrila zabalean, nahi dugun arte!

leire
leire dio:
2011/01/23 19:34

Futurologa eskasa naiz ni, Eneko. Horregaittik ez dot egiten, beti sartzen dodalako hankia. Loterixan ez dot jokatzen iñoiz ez jatalako ezer (ezta dirua atzera be) tokau! Hori bai, irakortzen eta idazten hori seguru egingo dodala, 2040xan be! Ondo segi!!

Eneko
Eneko dio:
2011/01/21 17:16

Ados idatzitako gehienarekin Leire, baina "Futurologia egiteak ez dauka etorkizunik" diozu. Bada ez, horretan ez nago ados :-)

Futurologia egiteak badu etorkizuna, neska: etxebizitzen prezioa edo hipoteka eta maileguen hobari edo interesa gora edo behera egingo duen asmatzetik hasita, etorkizuneko estandarra iPad, PlayBook, HPren WebOS, Motorola Xoom edo MS tabletak izango diren asmatzetik pasata, eta Kopako hurrengo txapelduna nor izango den asmatzeraino!

Futurologia merkea: 2020an Leirek idazten eta irakurtzen jarraituko du :-)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua