Martxoaren 9 ez da emakumeon eguna
Atzo emakumeon nazioarteko egun izan bazen ere, gaur ez da. Urtean 364 egun ez dira geureak, eta arazoek berdin diraute, baina inork ez ditu kontatzen. BBCren bideoa ikustea besterik ez dago (pena da, baina blogean sartzeko aukera kendu dute).
Euskal sindikatuek ere hainbat gauza aldarrikatu zituzten atzo; izan ere, andrazkook nozitzen ditugu, batez ere, murrizketak. ELA eta LABen ordezkari biri eta beste aditu batzuei ere egin zieten elkarrizketa Hamaika telebistan, oraingoan bai, oraingoan sartzeko baimena badugu:
Torturetan ere, ez da ezer aldatu eta, zoritxarrez, hauek existitzeaz gain, sexistak ere badira. Irakurtzea besterik ez dago Beatriz Etxebarriak salatu duena. Sexua erabiltzen dute izua eta terrorea zabaltzeko atxilotu eta isolatuta dauden emakumeengan.
Nahiz eta erakundeek adin konkretu bateko eta eskotedun karteleratzen gaituzten, erakutsi beharko dugu atzera ere, berdintasuna ez dugula lortu eta eskotearekin edo barik; gazte, heldu edo zahar, langile zein langabetu, era askotakoak garela eta berdinak bagara ere, anitzak garela.
Argi dago, martxoaren 8a ezin bestekoa dela, baina urteko beste364 egunetara zabaldu behar dena, bestela ezingo dugu inoiz benetan martxoaren 8a ospatu.
Campanades a Morts
Duela bost urte Lluís Llachek Gasteizen eman zuen kontzertua, gaurko egunez, 1976an gertatutakoa gogorarazteko: bost behargin erailda eta zauritutako pila bat. Joateko aukera paregabea izan nuen lagun bati esker (eskerrik asko Sonia, wapa!), eta benetan oso kontzertu hunkigarria bizi izan genuen. Egun horretan bertan, poliziak manifestazioaren aurka kargatu, eta jendea atxilotu zuen.
Martxoaren 3an, lan arazoengatik protestan ari ziren eta eliza batean protestan jende andana itxi zen. Poliziak hori bazekien ere, eliza barruan sartu eta kargatu egin zuen. Sarraskia saihestezina zen.
Llachek orain 35 urte idatzi zuen "Campanades a Morts" kantua, albistearen berri izan zuenean, hain zuzen ere. Orain bost urte eskatzen zuena, atzera ere eskatzen gabiltza: justizia, oraindik horrelakorik ez zaie egin eta. Ez omen dira biktima, asasinatu bazituzten ere.
Facebooketik izan dut bideo honen berri. Mila esker, Ricardo
Otsailaren 27a
Arabiar Errepublika Demokratiko Saharara duela 35 urte sortu zuen Fronte Polisarioak. 35 urte okupatuta edo deserrian, euren lurraldean morroi, inoren lur mortuan babestuta.
Herri kementsua, desertuaren lekurik gogorrenean, Hammadan, bizirauten duena, duin eta burua zutik. Eta Sahara okupatuan borrokan jarraitzen duena, bere askatasunaren eta eskubideen alde.
Egunotan Afrikako iparraldeko matxinaden aitzindari. Ez dezagun ahatz eurek izan zirela lehengoak Agdaym Izik kanpamentua muntatu zutenean, nahiz eta errepresioa eta sarraskia baino ez jasan, eta okupazioak horretan jarraitu.
Bideo interesgarria topatu dut sarean. Horregatik itsatsi dut azpian:
Power point bat ere bidali zidaten aspaldi, gaztelaniaz. Gorde, eta aukera ona izan zitekeelakoan gaurkoa, euskaratu egin dut. Norbaitek nahi balu erabili deskargatzea dauka eta atzera-aurrera ibili: kopiatu, blogean itsatsi, lagunei bidali... informatzea du helburu.
Herri sahararren historia
Espero dezagun Ipar Afrikan dabiltzan askatasun haizeek eragina zian dezatela Marokon, eta askatasuna hel dadila herri bietara; bai Marokora, bai Saharara.
Hau prestatzen nenbilela jakin dut asteburuan Okupatutako Saharan kolono marokoarrek eraso dietela sahararrei eta euren etxeei. Zaurituak izan dira eta etxe asko hondatu dituzte. Informazio gehiago nahi izanez gero (komunikabide arruntetan ez baituzue aurkituko ezer) egin klik lotura hauetan, eta ahal duzuen neurrian zabaldu, mesedez:
http://poemariosaharalibre.blogspot.com/2011/02/continuan-los-ataques-contra-la_27.html
http://tenerifeconelsahara.blogspot.com/2011/02/comunicado-urgente-de-la-plataforma-de.html
Bideo batzuk ere badaude sarean:
Flow-urarekiko maitasunez
Consume hasta morir web interesgarrian topatu dut dokumental interesgarri hau. Uraren kalitateaz, balioaz eta komertzializazioaz dihardu. Batez ere herrialde pobretuetan urak daukan garrantziaz. Uraren pribatizazioak dakarren kalteaz ere badabil. Baita multinazionalek aspaldi ikasi zutela ere zein inportantea den errekurtso hau kontrolatzea.
Nahiko luzea da, eta zatika dator. Egon naiz egunean bat jartzekotan, baina denak ikusi ostean, konturatu naiz ez duela merezi, nahiko txarto daude moztuta atalak eta hobe zela Consume hasta morir-en jarri duten moduan ipintzea: bata bestearen atzean, oso estetikoa ez den arren.
Beraz, pazientzia hartu eta hamar atalak ikusi. Ez zaizue damutuko, merezi du-eta!
Sareko lagunekin aurrez aurre
Egunotan kontu batzuk dirala eta, sarian ezagututako persona batzuekin aurrez aurre egon naiz. Benetan existitzen dirala jakin ahal izan dot, batzueri abotsa eta bidio batzuk be ikusitta netsezelako. Baiña beti geratzen da dudia, benetan existitzen ete dira, ala makiña batek sortutakuak dira?
Pasau jatan guztietan oso rarua izan da. Alde batetik, ezagutzen dogulako jente horren zeozer, baiña beste alde batetik ezezagunak dira. Halan da be, lagunak, kidiak, kolegak edo ezagun-ezagunak izan leikez. Egixa esateko, euretako batzuekin lagun-min batzuekin baiño gehixagotan egiten dogu berba, eta alkarren barri sarri izaten dogu. Baiña, zer dira hórrek pertsonok? Zelan saludau bihar dittugu? Laztan bikin agurtu? Eurengana juan ikusi orduko, ala itxain bihar dogu tarteko batek esan arte?
Trantze gogorra da; hain zuzen be, iñork ez dabelako holako gauza barrixendako etiketarik jarri, protokolorik. Iñoiz pasau izan jata oso "efusiba" juatia ustezko ziber-lagun batengana, eta honek txepel txamar hartu! Puf! Ze gaizki! Beste baten ez ikusixana beegin neban, ez nekixalako zelan jokatu, eta beste baten zaiñ egon bihar izan nintzan ziber-ezaguna konturatu arte. Txarto, oso txarto!
Txarto urduri jartzen naizelako holakuetan, eta tontokerixak baiño ez dittut esaten. Horretara, emoten dodan inpresiñua eskasa izaten da. Eta hazur-haraagiz ezagututako horrek irribarre egitten badau, gaitz-erdi! Karettako txankia baiño serixuagua geratzen bada, hori, hori mortala da! Batzuek ez dabe ikasi zer dan feed-backa, ala? Teklauakin hobeto moldatzen dira, bai horixe!
Gauza polittak be gertatzen dira. Lehengo egunian batzuk bistaz ezagutzen nittuan ikastaro batetik eta eurak esan zesten: "zu ez zara Sustatun idazten dabena?". Nik baietz. Eurak barrez lehertzen "zelan zan zure azkena?....boltsuena? Zenbat barre, ze ondo!". Lotsia pasau neban, baiña era berian oso politta eta eskertzekua izan zan. Neska hónek gauza polittak, era oso jatorrian esan zestezen, eta pozarren joan nintzan, egoa eta autoestimia altzauta!
Baiña polittenak, espero ez diran pertsona hórrek dira. Kasualidadez berbetan hasi, eta galdera baten ostian deskubridu pertsona horrek gatxizen bat daukala, eta idatzi izan dabena oso gustokua daukagula! Zelako sorpresia! Eta emoziñua! Berak bazekixan ni zein nintzan, baiña nik bera ez! Eskerrak deskubridu neban; izan be, oso erraza egin jatan berba egittia eta gauzak kontatzia. Hori, baiña, kalean ezagutzen dan edozeiñekin gertatzen dan moduan: batzuek dohaiñak dakez aurrez-aurrerako, eta beste batzuek ez.
Hori bai, oso politta izaten da ziber-lagunen batzarrak. Asko disfrutatzen da, eta gaiñera bakoitxa bere "frikadiakin". Ia noi dakagun beste sarao-ren bat, desiatzen nago-eta!
Ama-hizkuntzaren eguna
Unescok 1999an otsailaren 21a izendatu zuen ama-hizkuntzaren eguna. Harrezkero, hainbat ekimen antolatu ditu ama-hizkuntzaren alde. Euretako bat, bideo hau:
Bideoan zehar behin eta berriro aipatzen du umeek euren ama hizkuntzan ikasi behar dutela. Batek baino gehiagok zalantzan jarriko du, beraz, gure B eta D ereduak, hainbat umek euskara ez dakitelako eskolara joaten direnean, eta euren ama hizkuntzan hezten ez direlako. Esanak esan, gure kasuan beste hizkuntza baten ikasteak mesede egiten duela ziurra da.
Nola izan daiteke ama-hizkuntzan ikastea defendatu eta hurrengo lerroan D eredua edo murgiltze eredua defendatu? Oso erraza. Tradizonalki, maila sozial altuetako familietako haurrek beti ikasi izan dute ingelesez, frantsesez, alemanez.... eta horrek ez die inoiz kalterik eragin; alderantziz, euren mesedetarako izan da. Gakoa dago euren ama-hizkuntzan alfabetatuak ere izan direla, kultura bai bere ama-hizkuntzan, bai bigarren hizkuntzan jaso dutela.
Arazoa dator umearen ama-hizkuntza estituko ez balitz bezala tratatzen denean: ikustezin, menderatu, gutxitua denean. Haur horiek analfabetoak dira ama-hizkuntzan eta gainera, kultura-hizkuntza beti izango da bestea, dominatea. Euskarari mendez mende gertatu zaiona, duela gutxira arte.
Milaka hizkuntza daude munduan, eta hauen artean, gehienak daude egoera honetan, ez dira eskolako hizkuntza. Gaiinera, kalkulatzen dute munduan 3000 hizkuntza daudela hilzorian, gurea talde horretatik atera badute ere arrisku bizian daudenen multzoan sartu dute
Baina euskara salbatuta dagoela diote. Salbatuta? Galdetuko baten batek. Bai, euskararen gramatika, hiztegia, fonetika, fonologia,.... jasota dago. salbatuta daude. Salbatuta ez dagoena da bere iraupena hizkuntza bizien artean. Izan ere, gramatikek, fonemek, aditzek, hizktegiek...ez dute ezertarako balio erabiltzen ez badira. Hori da bizirik egotea!
Hizkuntza guztiek elakarren artean komunikatzeko ez ezik pentsatzeko ere balio dutelako. Edo alderantziz: pentsamendua eratzeko balio dute hizkuntzek, ondorioz, komunika gintezke. Pentsamentua eratu, kultura eta jakintza transmititu. Hizkuntza guztiak era desberdinean, baina horretarako balio dute, horregatik babestu behar ditugu.
Euskarazko galde-erantzun jolasen bilduma egin nahian
Maite Goñi atzo goizean, @wwwhatsnew -ren tuit batetik Testeando gunera iritsi zen. Gustatu zitzaion bertan irakurri zuen eslogana: ” Si estás testeando estás aprendiendo” (ez bereziki haren edertasunagatik, bere esanahiarengatik baizik). Bertan DBH eta Batxilergoko edukiak (Geografia, Lengua, Historia, Filosofia…) errepasatzeko galdeketak biltzen dira, jolas edo trivial moduan emanak. Jakina da mota hauetako jarduera arinek ez dutela goi mailako adimen-gaitasunak garatzeko balio; halere, baliagarriak izan daitezke hainbat eduki kontzeptual barneratzeko orduan. Baliagarriak eta erakargarriak gure ikasle gehienentzat.
Maitek lan handia egiten du arlo honetan, horren lekuko bere euskaljakintza web ezin interesgarriagoa. "Testeando" horrek ideia hau sortu zion, eta hausnarketa eragin. Gero sare sozialek beste bidea egin zuten. Horregatik bere proposamena itsatsi dut blogean, berak mamitu duen arren, nik ere laguntza eman nahi diodalako.
Hona hemen Maiteren hausnarketa joko/jolas hauek biltzeari buruz, eta ostean Maite eta biok egindako proposamena mundu zabalari:
Ez naiz luzatuko ikasleei sorrarazten dizkiedan ariketei buruzko azalpenak ematen, baina kontua da arrazoi askorengatik jarduera hauek oso gustuko ditudala. Gauzak horrela, mota honetako guneak topatzen ditudanean, beti gorde egiten ditut egunen batean antzekoak garatzeko astia izango dudan itxaropenaz edo, besterik gabe, ideia eman eta beste norbaitek garatuko duen esperantzaz.
Ur sakonagoetan sartzen garen bitartean, Leire Narbaiza ( @txargain ) eta biok, Facebooken honetaz ari ginela, pentsatu genuen eduki mota horiek euskaraz jasotzen dituzten guneak identifikatu eta nonbaiten biltzea ideia ona izan zitekeela. Horretarako, laguntza behar dugu. Ezagutzen duzue euskarazko trivial, hitz-joko, galde-erantzun jolasak, hitzapasa edo, nolabait esatearren, euskarazko edukiak modu honetara lantzen dituen gunerik? Hala bada, hauxe da proposatzen dizueguna:
Delicious edo Diigon kontua izanez gero, gorde #euskalquiz etiketarekin. Twitter bidez helarazi: @euskaljakintza edo @txargain Mezu honetan bertan erantzun.
Guk hauexek ditugu:
* Argia: denbora-pasak
* Xedera: hitz-jokoak
* Euskara ikasteko.net
* Hitzapasa
* Euskaljakintza: hitz-jokoak
Besterik ezagutzen?
Hona hemen gure proposamena, denen esku egongo dena. Animatu eta loturak bidali!
Erosi, bota, erosi!
Televisión españolako la 2 katean oso dokumental interesgarria eman zuten duela aste batzuk. Sarean ere bueltaka ibili da, eta zatika ikusi ondoren, nik ere jartzea pentsatu dut, ikaragarria delako eta merezi duelako ikustea.
Dokumentalaren izena "Comprar, llençar, comprar" da (eros, bota, erosi) eta obsoleszentzia programatuaz dihardu; hau da, erosten ditugun produktuak sortzen direnetik ez irauteko eginak direla. Asmatuta daude luzaroan irauten duten bonbillak, galtzak, elektratresnak,.... baina fabrikatzaileei interesatzen ez zaienez, askoz denbora laburragoa irauten dutenak produzitzen dituzte, horrek dakarren kontsumo neurri gabez, eta zabor piloaz.
Eta zabor hori nora doa? Birziklatzera? Askotan ez, hirugarren mundura, herrialde pobreetara. Zabortegi bihurtu ditugunak.
Merezi du, zatika ere ondo jarraitzen da. Kontsumoari beste begirada bat.
Botere larregi (izan) duten gizontxoak
Tunisia eta Egiptoko matxinadek begiak eurengan jarrarazi dizkigute. Orain arte guretzat oporleku edo turismo bidaiak egiteko gunea baino ez dira izan, nahiz gertuan eduki. Euren agintarien izenak, kasurik onenean, ezagunak egiten zitzaizkigun, baina aurpegirik jarri, nork? Nazioarteko analistaren batek, edo. Orain, baina, argazkiak ikusi ditugu eta badakigu zein itxura duten. Horrek harritu nau, pentsatuko duzuenez (hau Zer erantzi da!). Argazkiak jarriko ditut, eta buruan egin ditudan loturak argitu. Hauxe Zine El Abidine Ben Ali da, Tunisiako azken lehendakaria. Beltzaran morroskoa, alajaina!
Beste hau Hosni Mubarak Egiptoko lehendakari ohia:
Beste ilebeltz bat.
Biak boteretik jaurtiak. Biak ilea tindatua! Honekin artikulu bat idatz liteke? Ez, baina jakingo duzue badabilela horrelako kiniela bat ea nor den hurrengoa. Bertan Maroko, Aljeria, Libia, Siria, Yemen eta Jordaniako errege/presidenteak daude. Marokok, Siriak eta Jordaniak errege eta presidente gazteak dauzkate, 40ren bueltan daudenak, eta ez dute nire jakin-mina piztu. Baina azpian dituzue agintari autoritario nagusi (edo edadetu) horien erretratuak:
Libikako Muammar al-Gaddafi:
Gadaffik berak Zer erantziko post oso bat merezi luke erabiltzen dituen look horiekin! Klikatu, bestela, lotura honetan!
Hona hemen Ali Abdullah Saleh, Yemengo presidentea:
Beste beltzaran bat, ilea tindatua!
Koadrila honetan Aljeriakoa falta zaigu, Abdelaziz Bouteflika:
Hau ez da sartzen besteen parametro berberetan. Baina ilea tindatuta ere badauka, eta ilea, falta zaionez, Anasagasti-erara darama orraztuta.
Hauek guztiak ikusitakoan, neure buruari galdetu diot ez ote dagoen botere nahi horrekin batera horrelako deklarazio bat: boteretsuena ez ezik, gaztea eta ederra naiz! Autoafirmazio bat, azkenean gixontxoak direla, beste guztien moduan miseriak dituztenak; eta, beharbada, autoestimu oso baxua.
Argazkiak birpasatzen nenbilela beste bat etorri zait burura: Sadam Hussein zena, Irakeko presidentea:
Honek ere ilea tindatua, beltz-beltza! Beti gazte itxuran.
Hala ere, amaitzen niharduela beste gixontxo bat ere etorri zait burura, hauen guztiauen koadrilan ere sar litekeena. Batzuek esango dute ez dela diktadorea, baliteke. Demokratikoki aukeratua zain dela esango duzue, konforme. Baina inork ezin dit esan ez duenik hainbat absolutistaren jarrerarik; ezta goikoen joerarik ere. Zein da? Inork asmatu du?
Bai, Italiako Silvio Berlusconi:
Gehiegizko botere politikoak arlo pertsonalari ere eragiten ote dio? Jainkotze politiko horrek alor pribatuan ere ahalguztidunak diela pentsarazten die? Seguru baietz, bestela ez da ulertzen nola gera litezkeen hain barregarri, ezin erakargarriago daudela pentsatuta.
Jakingo balute hauek guztiek zelako higuina sortzen duten euren ustezko seduktore plantekin, ez lirateke horrela ibiliko! Pena eta barregura baino ez dute sortzen-eta beren itxurarekin! Galai helduak direla uste dute, baina agure gordinak eta lizunak baino ez dira!
Ziber-bizitza eta bizitza erreala
Askotan nire bizitza errealean eta ziber-bizitzaren artean itzelezko arrakala ikusten dut. Hezur-haragitan ikusten ditudan pertsonak (lagunak, lankideak, familiakoak) ez dira ia existitzen nire bizitza birtualean. Eta alderantziz, lagun digitalak edo numerikoak (segun mugaren zein aldetan zauden), ez dira hezurmamitzen nire egunerokoan. Sentsazio arraroa da, oso arraroa.
Askotan bizitza bi bizi ditudala iruditzen zait: digitala eta erreala. Batean dagoena bestean ez dago. Beraz, lotura egitean bien artean gaitza egiten zait. Esango nuke ia bizkarra emanda dauden bi errealitate direla, nahastezinak. Umetako koadrilako ia guztiek aste honetan jakin dute blog bat dudala. Eta hori bost urte daramatzadala jo eta su! Gainera, enteratzeko telebistan agertu behar izan dut Nickdutnik-en eta, gainera, hileta bat izan. Konjuntzio handitxoegia aukeran, blogaren berri izan dezaten.
Honek niri eskizofrenia puntu bat ematen dit. Uki nitzakeen pertsonei ezin diet nire beste bizitza honetaz ezer esan, ez dutelako piperrik ere ulertzen. Gainera, ematen du neure buruari lar irizten diodala Sustatuko zer edo zer komentatuta, edo fikzio bat asmatu dudala. Aurpegi arraroa ere jartzen didate. Ez daki, berezia da dena
Frustragarria da askotan, esan dudan moduan mundu bi direlako. Gogorra da norberarendako ez lagun ez familiakoak ez irakurtzea idatzitakoa. Inongo ilusiorik ez izatea baten "lanagatik", ezta Sustatukoaz ere! Sarritan bloga (eta Sustatu) ere zer den azaldu behar izan dut. Orduan, begirada bai berezia! Leire zoratu egin zaigu!
Arrakala hau pitzadura baino gehiago, faila edo troka ere badela esango nuke, ziber-bizitza daukagunok askotan zubigintzan jardun behar izaten dugu amildegia pasatu ahal izateko, gure ingurukoak ez galtzeko.