Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Botere larregi (izan) duten gizontxoak

Botere larregi (izan) duten gizontxoak

Leire Narbaiza 2011/02/17 08:54
Sustatuko Zer erantzirako idatzitako artikulua

Tunisia eta Egiptoko matxinadek begiak eurengan jarrarazi dizkigute. Orain arte guretzat oporleku edo turismo bidaiak egiteko gunea baino ez dira izan, nahiz gertuan eduki. Euren agintarien izenak, kasurik onenean, ezagunak egiten zitzaizkigun, baina aurpegirik jarri, nork? Nazioarteko analistaren batek, edo. Orain, baina, argazkiak ikusi ditugu eta badakigu zein itxura duten. Horrek harritu nau, pentsatuko duzuenez (hau Zer erantzi da!). Argazkiak jarriko ditut, eta buruan egin ditudan loturak argitu. Hauxe Zine El Abidine Ben Ali da, Tunisiako azken lehendakaria. Beltzaran morroskoa, alajaina!

Beste hau Hosni Mubarak Egiptoko lehendakari ohia:

Beste ilebeltz bat.

Biak boteretik jaurtiak. Biak ilea tindatua! Honekin artikulu bat idatz liteke? Ez, baina jakingo duzue badabilela horrelako kiniela bat ea nor den hurrengoa. Bertan Maroko, Aljeria, Libia, Siria, Yemen eta Jordaniako errege/presidenteak daude. Marokok, Siriak eta Jordaniak errege eta presidente gazteak dauzkate, 40ren bueltan daudenak, eta ez dute nire jakin-mina piztu. Baina azpian dituzue agintari autoritario nagusi (edo edadetu) horien erretratuak:

Libikako Muammar al-Gaddafi:

Gadaffik berak Zer erantziko post oso bat merezi luke erabiltzen dituen look horiekin! Klikatu, bestela, lotura honetan!

Hona hemen Ali Abdullah Saleh, Yemengo presidentea:

Beste beltzaran bat, ilea tindatua!

Koadrila honetan Aljeriakoa falta zaigu, Abdelaziz Bouteflika:

Hau ez da sartzen besteen parametro berberetan. Baina ilea tindatuta ere badauka, eta ilea, falta zaionez, Anasagasti-erara darama orraztuta.

Hauek guztiak ikusitakoan, neure buruari galdetu diot ez ote dagoen botere nahi horrekin batera horrelako deklarazio bat: boteretsuena ez ezik, gaztea eta ederra naiz! Autoafirmazio bat, azkenean gixontxoak direla, beste guztien moduan miseriak dituztenak; eta, beharbada, autoestimu oso baxua.

Argazkiak birpasatzen nenbilela beste bat etorri zait burura: Sadam Hussein zena, Irakeko presidentea:

Honek ere ilea tindatua, beltz-beltza! Beti gazte itxuran.

Hala ere, amaitzen niharduela beste gixontxo bat ere etorri zait burura, hauen guztiauen koadrilan ere sar litekeena. Batzuek esango dute ez dela diktadorea, baliteke. Demokratikoki aukeratua zain dela esango duzue, konforme. Baina inork ezin dit esan ez duenik hainbat absolutistaren jarrerarik; ezta goikoen joerarik ere. Zein da? Inork asmatu du?

Bai, Italiako Silvio Berlusconi:

Gehiegizko botere politikoak arlo pertsonalari ere eragiten ote dio? Jainkotze politiko horrek alor pribatuan ere ahalguztidunak diela pentsarazten die? Seguru baietz, bestela ez da ulertzen nola gera litezkeen hain barregarri, ezin erakargarriago daudela pentsatuta.

Jakingo balute hauek guztiek zelako higuina sortzen duten euren ustezko seduktore plantekin, ez lirateke horrela ibiliko! Pena eta barregura baino ez dute sortzen-eta beren itxurarekin! Galai helduak direla uste dute, baina agure gordinak eta lizunak baino ez dira!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua