Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Joana Albret

Europako Liburutegi Digitala aurrera!

albret 2010/04/26 12:16
EUROPEANA

Joan zen astean Europako Batzordeko lehendakariak, Jose Manuel Barrosok iragarri zuen ondare kulturalaren bultzatzeko adituen batzordearen sorkuntza. Halaber, politiko europearrak adierazi zuen digitalizazioa belaunaldi honetako eginbeharra dela, eta dauzkagun arazoak gainditu behar ditugula oraingo eta etorriko diren belaunaldien mesedetan.  

 Egun EUROPEANA (Europako Liburutegi Digitala) 7 milioi agiri dauzka digitalizatuta, kopuru handia eta garrantzitsua izan arren, Europan gordetzen den ondare zati bat baino ez denez, Europako Batzordeak digitalazazioa bultzatu nahi du. Horregatik, sortu da aipatutako adituen batzordea (Maurice Lévyk, Elisabeth Niggemannek, Jacques de Deckerrek osaturik) martxan dauden digitalizazio ekimenak, jabetza intelektualari dagozkion arazoak, eta baliabide ekonomiko ezak aztertu ondoren,  Europako liburutegiek, museoek eta artxiboek gordetzen dituzten ondare bildumen digitalizazioa ahalbideratzeko, gehitzeko eta bizkortzeko asmoz.

 Adituen ondorioak edo txostena urtea bukatu baino lehen plazaratuko dituzte.

 http://europeana.eu/portal/

Gerardo Luzuriaga

Dokumentazioari buruzko III. jardunaldiak

albret 2010/04/16 09:43
EHUko Kazetaritza Sailak "Dokumentazioa eta Ondare Bibliografikoaren Komunikazioari buruzko III. Jardunaldietara" gonbidatzen zaituzte.

Jardunaldiak apirilaren 20an eta 21ean ospatuko dira, Leioako Campusean, eta hitzaldiak, mahai-inguruak eta tailer praktikoak egongo dira bertan.

Informazio gehiago:
http://doku2010jardunaldiak.blogspot.com/

EGITARAUA

apirilaren 20an

9:00- 9:15 MATERIALA JASOTZEA.
9:15 - 9:30 IREKITZEA. Alfonso Unceta. Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Dekanoa. Begoña Zalbidea. Kazetaritza Saileko Zuzendaria.
9:30 - 10:30 Euskal Bibliotekaren ametsa. Joan Mari Torrealdai, Bibliografoa, Kazetaria eta Euskaltzaina. (Euskaraz) 10:30 - 11:30 Kataluniako Liburutegia, liburutegi irekia, fidagarria eta gizartearentzat onuragarria. Dolors Lamarca. Kataluniako Liburutegiko zuzendaria. (Gazteleraz) 11:30 - 12:00 KAFEA.
12:00 - 13:30 AURKEZPEN LABURRAK ETA MAHAI INGURUA. Dokumentazioa eta Ondarearen komunikazioa Interneten. Moderatzailea: Alazne Aiestaran. 
EHUko irakaslea. (Euskaraz)
- Armiarma.com: Literaturaren sarea. Mikel Elorza. Egitasmoaren kidea.
- GureGipuzkoa.net: Atzoko eta gaurko Gipuzkoa iruditan. Xabier Eskisabel Sampedro. Atariko kudeatzailea. Gipuzkoako Foru Aldundia.
- Ahotsak.com: Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea. Asier Sarasua. Egitasmoaren koordinatzailea.
- Badok.info: Euskal kantagintzaren ataria. Jon Eskisabel. 
Egitasmoaren arduraduna.
14:00 - 15:30 BAZKARIA.
15:30 - 18:00 TAILERRA. Irratiko dokumentalista, eguneroko erronka. 
Ana Martínez Concejo. Ser irrati kateko Dokumentazio zerbitzua. 
(Gazteleraz)


apirilaren 21ean

9:00 - 9:30 Komunikabideetako informazio dokumentalaren eskaintza. 
Alazne Aiestaran, Teresa Agirreazaldegi, Idoia Camacho, Carmen Peñafiel eta Milagros Ronco. EHUko Kazetaritza Saileko Irakasleak. 
(Euskaraz)
9:30 - 10:00 Informazioaren zatiketa eta kazetaritzaren papera. Gorka Julio. Elurnet enpresako ingeniari teknikoa. (Euskaraz) 10:00 - 10:30 Sematags: Folksonomiak hobetzeko proposamena. Egoitz Gonzalez. Ingeniari teknikoa informatikan. (Euskaraz) 10:30 - 11:30 La Vanguardia-ren edizio digitala eta memoriaren erabilpena. Ismael Nafría. La Vanguardia /Godo Taldeko Eduki Digitalen Zuzendaria. (Gazteleraz) 11:30 - 12:00 KAFEA.
12:00 - 12:30 Ser Kateko Dokumentazio zerbitzua, balio erantsia antenarako. Ana Martínez Concejo. Ser irrati kateko Dokumentazio zerbitzua. (Gazteleraz) 12:30 - 13:30 Dokumentazioa sormenaren alde: "Urdanetaren sekretua" 
dokumentalaren gidoia eta osaketa. Mikel Urretabizkaia, dokumentalaren zuzendaria eta ETBko egitasmo berrien burua.
13:30 - 14:00 AMAIERA EKITALDIA ETA DIPLOMA BANAKETA. Carmelo Garitaonaindia. Bizkaiko Campuseko Errektoreordea.
14:00 - 15:30 BAZKARIA.
15:30 - 18:00 TAILERRA. Irratiko musika saio baten gidoia eta dokumentazioa. Joseba Martín, Radio Euskadi-ko La Jungla sonora Saioko zuzendaria eta EHUko irakaslea. (Euskaraz)


Teresa Agirreazaldegi
Kazetaritza Saila
Euskal Herriko Unibertsitatea
644 Posta Kutxa
48.080 Bilbo
tel. 94 601 52 13
fax-a: 94 601 33 99

Euskadiko Liburutegia?

albret 2010/04/13 12:53
Liburutegien gaineko informazioa

Atzoko (apirilak 12) Diario Vasco egunkarian "un pacto ciudadano por las culturas" izeneko artikuluan Antonio Rivera Eusko Jaurlaritzako sailburuordeak Euskadiko Liburutegiari buruz honako hau adierazi zuen: "Creo que Praileaitz está adecuadamente encarrilado, aunque es obvio que va a seguir habiendo un pulso de opinión. En el tema Balenciaga, independientemente de lo que pase en los tribunales, opina otro tanto. ¿Biblioteca Vasca, Tabakalera, Archivo Histórico...? En curso, y sin muchos más problemas que los derivados de la situación económica y ajustes varios".  

http://www.diariovasco.com/v/20100412/cultura/pacto-ciudadano-culturas-20100412.html

Gaurko Diario de Noticiasek artikulu interesgarri hau dakar "Navarra. La gestión de los recursos humanos es una delas debilidades del Servicio de Bibliotecas".

http://www.kultura.ejgv.euskadi.net/r46-4879/eu/contenidos/informacion/bibliotecas_prensa/eu_8378/adjuntos/2010-04-13NotNavarra.pdf

Gaur, apirilak 13, liburutegien etorkizunari buruzko hitzaldia eskainiko du Eppo van Nispen tot Sevenaer-ek Tabakaleran. Ekitaldia 19:30etan hasiko da eta zabalik egongo da gai honekiko interesa duten guztientzat. Liburutegien etorkizuna da Eppo Van Nispenek eskainiko duen hitzaldiak informazioaren teknologiaz, kudeaketaz eta erabiltzaileen ohituraz jorratzeaz gain, liburutegietan gertatutako araldaketez eta hartu beharreko norabideaz ere jardungo du.  Sarrera libre.

Gerardo L.

Liburutegiei buruz

albret 2010/03/23 12:37
Garbi dago irtenbideak ez direla kanpotik etorriko...

Blanca Urgell, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Egunon Euskadi izeneko irratsaioan  16 minutu baino gehiago mintzatu da Guggenheimez, Urdaibaiz, kulturklikez, kultur bonuz, arte eszenikoz, Etxepare institutuz; bitxia, baina ez du hitz bat ere aipatu liburutegiz. Irratian 16 minutu luzeak dira; baina ez du eduki tenorerik liburutegiz mintzatzeko, ezta liburutegiak aipatzeko ere. 

Gerardo Luzuriaga

Agian pentsatuko du liburutegi eremuan dena egina dagoela, eta ez dela beharrezkoa ezer hobetzea, ezer sortzea, ezer aldatzea, ezer berrantolatzea. Bitxia.

 Batzuetan ibiltari bakarti sentitzen naiz basamortu erdian izango banintz bezala, ideia berak behin eta berriz errepikatzen; baina garbi dago  irtenbideak ez direla kanpotik etorriko;  hortaz, oraingoz horretaz jabetu garenok jarraitu behar ditugu aldarrikapenak egiten. 

 

         Noizko Liburutegi Nazionala?

        

         Noizko Irakurketa Publikoaren Mapa?

 

              Gerardo Luzuriaga

    

 

Ekipamendu kulturalak

albret 2010/03/05 14:28
Politikoek eremu guztiak bere onurako erabiltzen dituztela esateak ez dut uste inor aztoratuko dudanik.

Aste honetan  Donostiako alkateak adierazi du: “Euskadik ezin du kultur ekipamenduen etengabeko hazkundearekin jarraitu”. Ez dakit bada, beste eremu batzuetan ez du ematen horrela izango denik. Hor dago garraiobideetako kontua. Nik beste era batean planteatuko nuke afera hau: ekipamendu kulturalak herri osoaren beharrei begira sortu beharko genituzke. Herri osorako  planteamendu orokorrik gabe beti herritarrak izango baikara kaltetuak, politikoen kapritxoen mesedetarako, hain zuzen ere.

Donostiako alkatearen hitzak ere kontestu honetan sartuko nituzke, bada, adierazpen horiek egin zituen une berean,  bere hirirako hiru proiektu kultural aurrera ateratzea eskatu zion Patxi Lopezi: 2016ko Europako Kultur Hiriburu izateko hautagaitza, San Telmo Museoa eta Bakearen Etxearena.

Politikoek eremu guztiak bere onurako erabiltzen dituztela esateak ez dut uste inor aztoratuko dudanik. Oro har, politikak eremu guztietan eragina baitauka, eta eremu guztien gainetik baitago. Areago, politikariek gai guztiak bere komenientziaren arabera erabiltzen dituztela agerian baitago.

Ez dago salbuespenik. Eremu guztietan adibide ugari daude, bai osasun eremuan, bai garraiobidean, bai ekonomian, bai enpleguan, bai hezkuntzan…

Dena den, eremu guztiak politikarien eskuetan izan arren,  eta bere gustuen arabera antolatu arren, eremu guztiak ez direla berdinak ere begi-bistakoa da. Izan ere, oro har,  eremu batzuk herriaren beharrei begira antolatuta eta araututa dauden bitartean, ogasuna, zergak edo polizia lekuko;   beste batzuk, berriz,  alderdien nahikeriaren mende daude, eta  ikur moduan erabili ohi dira.  Hauen artean, bereziki  kultura ekipamenduak izan dira.

Badaramagu urteak eta urteak herriak behar dituen ekipamendu kulturalak aldarrikatzen, seguru gehienok gogoratuko duzuela Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiak azken urte hauetan aldarrikatu duen Liburutegi Nazionalaren egoitza edo kulturako kontuetarako Euskal Herria oinarritzat hartzea.

Liburutegi eremuari dagokionez, Euskadik irakurketa publikoaren mapa egokia behar du; baita Euskal Herriak liburutegi mapa egokia ere. Euskadiko eta  Euskal Herriko liburutegi mapa egiteke baitago.  

Orain arte, proiektu gehienak probintzialismo kutsu eduki dute; izan ere, tokian tokiko politikoen indarren arabera sortu dituzte ekipamendu kulturalak, azterketa teknikoak, adituen iritziak, eta herri beharrak eta ezaugarriak kontuan hartu gabe.  Euskal kultur ekipamenduei dagokienez, garaia da planteamentu orokorra eta irizpide tekniko batzuen arabera jartzeko eta antolatzeko. 

Gerardo Luzuriaga

 

Iparraldeko aldizkarien katalogoa

albret 2010/03/04 16:59
LAPURDUM aldizkariaren azken zenbakian 1.375 aldizkari deskribatzen dira, mota guztietakoak, ezagunenetatik elkarterik txikienaren barne-albistari xumeeneraino.

Gaur goizean jaso dut LAPURDUM aldizkariaren azken zenbakia, 12.a; berez 2008. urteari badagokio ere, oraintxe atera omen da moldiztegitik.

 Atzerapenak beti deitoragarriak badira ere, kasu honetan emaitzak guztiz estaltzen du izandako hutsa eta lan bikain bat eskaintzen digu: Iparraldeko aldizkari guztien katalogoa, 1944-2004 epean.

 Zenbaki monografiko honetan guztira 1375 aldizkari deskribatzen dira, mota guztietakoak, ezagunenetatik elkarterik txikienaren barne-albistari xumeeneraino. Izan ere, exhaustibotasuna da bilketa honen helburuetako bat; beste bat, deskribapenen zehaztasuna eta fidagarritasuna. Guretzat bereziki aipagarria, agian, hizkuntzari buruzkoa: argitalpen guztietatik %15 bat edo euskarazkoa edo elebiduna da, eta beste horrenbesteko bat euskarari toki duin bat ematen diona (%5 eta %25 bitartekoa).

 Katalogatutako izenburu gehienak (%90) Frantziako katalogoetan aurki daitezke, bereziki Frantziako Biblioteka Nazionalean (BnF), Parisen.

Tamalez, ez dakigu horietako zenbat aurki daitezkeen Euskal Herrian, ez Ipar ez Hegoan, baina pentsa dezagun laster martxan jarriko omen den Euskadiko Liburutegiak egin beharreko lanen artean honi ere ekingo diola. Halabiz.

 Bukatzeko esan dezagun egilea, Jean-Claude Poitelon jauna, oker ez banago une honetan erretiratua dela, baina bere karrera profesionala Frantziako Biblioteka Nazionalean garatu zuela, non zerbitzuburu izatera iritsi zen eta bibliotekonomia alorreko lan ugarietan parte hartu zuen. Bihoazkio hemendik nire zorionak eta eskerrak egin duen lan mardulagatik.

 Hauxe da LAPURDUM aldizkariaren zenbaki monografiko honen erreferentzia zehatza: Poitelon, Jean-Claude, "Bibliographie des publications périodiques du Pays Basque parues en France de 1944 à 2004" in LAPURDUM, XII (2008) [zenbaki monografikoa]

LAPURDUM aldizkaria Baionako Iker taldeak argitaratzen du eta eros daiteke Elkar sareko edozein liburudendetan.

 http://lapurdum.revues.org/index.html

 http://www.iker.cnrs.fr/?lang=fr

 Pruden Gartzia

Azkue Biblioteka

Euskaltzaindia

 

Kataluniako Irakurketa Publikoaren Mapa

albret 2010/02/20 21:22
ASNABI elkartearen TK aldizkariaren 20 zenbakiak Javier Nietoren “aproximación al nuevo mapa de lectura pública de Cataluña (2008)” artikulu interesgarria jaso du.

2003 urtean Kataluniako irakurketa publikoaren mapa indarrean jarri zen, urte hauetati hona sortutako beharrak egokitzeko 2008 urtean gaurkotu da.

Irakurketa publikoaren maparen xedeak bi hauek dira:  irakurketa publikoaren beharrak jasotzea eta herri  bakoitzari dagokion zerbitzuak esleitzea. Mapa Generalitateko Gobernuak Liburutegien Batzordeak  eta Liburutegien elkarteak kontsulta ondoren onartzen du.

Liburutegietako inbertsioak aipatutako mapan egindako aurreikuspenen eta iritzien arabera egiten dira.  Horrela, Mapa lurraldeko planifikaziorako eta administrazioen ekintzen banaketarako ezinbesteko tresna da. 

 Liburutegien Batzordeen eta  tokian tokiko administrazioen elkarteen  proposamenek  ez dute suposatzen  Generalitateko Gobernurako epe  jakin batean betetzeko beharra  ; izan ere,  5.000 biztanle baino gehiago daukaten udaleei dagokielako legalki liburutegi publikoren zerbitzuak ematea, eta ez Generalitateari.

Hona hemen bi proposamen bitxi:

3.000 eta 5.000 biztanle daukaten herrietan liburutegi ordezkaritzak eta  eskualdeko hiriburuetan, nahiz eta populazio minimora ez heldu, liburutegiak sortzea proposatzen dute. Horrela barruko edo mendi  eskualdeetan ere liburutegi zerbitzuak bermatzen dira.

 

Populazioren aldaketak.

Mapa aldiro gaurkotu behar da, populazio aldaketak kontuan hartzeko. Hau da 3.000 biztanleko herriek sortuko  dituzte liburutegi ordezkaritzak, 5.000koek  toki liburutegiak, eta 30.000koak liburutegi zentrala eta liburutegi zerbitzuak antolatuko dira auzoetan ere.

2003 urtean 338 liburutegi zeuden, 2008, berriz 421. Hortaz liburutegi kopurua gehitu da, 83 leku berri sortu baitute.

 

Beste standar berri  batzuk.

Standar horiek finkatzeko, 2006 urtean Kulturako Departamenduak, Hedabideek, Bartzelonako Aldundiak, eta Bartzelonako liburutegi partzuergoak osatu zuten batzorde bat.  Standar horiek modulu zaharrak gaurkotzen dira: erabiltzaileen ordutegia, pertsonala, kontsultarako lekuak, sarbide elektronikoen lekuak, liburutegien espazioen banaketa, horniduren  edo ekipamenduren m2, eta bildumen  berrantolaketa.

 

Ikus ditzagun Standar horiek zertan datzaten: biztanleko toki agirien ratioak gehitzean eta bildumen banaketa proposamen berrietan, horniduren m2 gehitzean;  ikasketa-prozesu,  kultural zentro, aisialdiko eta sozialen funtzioak bermatzean  eta sustatzean; informatikorako sarbide lekuak eta  langileen kopurua gehitzean;  eta profesionalen  perfil berrien sortzean, liburutegi publikoen zerbitzuen xedeak hobetzeko.

 

Irakurketa publiko eguneratuaren mapa.

Mapa horien prozesuak informatizatuak izan dira. Eta hortaz, herriz herri  ondorengo informazioari buruzko datuak  lortu daitezke:

-          Liburutegien egoera erreala.

-          Programaren proposamenak, hau da, oinarrizko programa,  biztanleen udal datuen arabera, eta kasu bakoitzean aplikatzeko standarren arabera antolatuta dagoena: zerbitzu mugikorrak,  liburutegi ordezkaritzak, toki liburutegiak, liburutegi zentralak, eta eskualdeko liburutegi zentralak.

-          Oinarrizko programa horien barruan 30.000 biztanle baino gehiago daukaten hirietarako plangintza zehazten da.  Alde batetik liburutegi zerbitzuak deszentralizatzen dira, eta bestetik , hiri hauek biztanle kopururen arabera liburutegi zentralaz gain, 1etik 6ra hurbiltasun toki liburutegi  ere eraikiko ditu.

-          Herriz herriko Liburutegi egoera erreala proposatutako programarekin alderatuko da. Hortaz,  herri bakoitzeko liburutegi egoeraren diagnostikoa edukiko dugu, eta ondorioz, aurrera eramateko proposamenak eskuan edukiko  dugu.

Adibidez:

Herri batean ez badago liburutegirik, proposamena liburutegia sortzea izango da; horniduren m2 desegokia bada, beste ekipamendu bat eraikitzea izango da…

 

Kataluniako Irakurketa publikoaren mapa http://cultura.gencat.cat/biblio/mapa helbidean irakur daiteke.

            Gerardo Luzuriaga

Azken bertsioko irakurgailuak ailegatzear daude. Erne.

albret 2010/01/30 17:18

Bai, bai elektronika etxe batzuk liburuak irakurtzeko gailu berriak merkatuan jatzen ari dira. Gaitasun berri askorekin, irakurgailua izateaz gain   ahalmena edukiko du interneten nabigatzeko, egunkariak irakurtzeko, argazkian ordenatzeko eta gordetzeko, bideoak ikusteko edo emailak bidaltzeko eta baita bideojokuetan ibiltzeko ere.

Oraindik hilabete batzuk iraun beharko dira Euskal Herrira ailegatzeko, baina zalantzarik gabe, laster ailegatuko da, abantail askorekin, orain arte txuri-beltz soilik ikusi ditugun pantailak kolore garbi eta distiratsuak izango dira. Kablerik gabeko gailu honek 700 gramo baino gehiago ez du pisuko, erraz erabiltzeko eta leku batetik bestera eramateko. Ez ditu edukiko teklarik, baina beste aldean edukiko ditu, baizik eta idatzi beharretan idazteko teklatua  pantailan agertuko da.

Espero genuena ailegatu zaigu, gailu batean integratu dituzte ordenagailuen eta liburuen irakurgailuen onura guztiak eta gainera salneurri egoki batean.

Gerardo Luzuriaga

Euskadiko Liburutegia Kolokan

albret 2009/12/28 13:10
Urriaren 26ko 11/2007 Legean, Euskadiko liburutegiei buruzkoan, laugarren xedapen gehigarriak adierazten du liburutegien legea indarrean sartu eta gehienez ere 18 hilabetera eratuko dela Euskadiko Liburutegia. Hortaz, 2009ko maiatzaren 19rako sortua eta arautua izan behar zuen legez.
 

Gerardo Luzuriaga (Euskadiko Liburutegien Aholku Batzordeko kidea)

Larunbatean Gara egunkarian argitatatutako artikulua)

Badaramat bi urte baino gehiago gai honi buruz paperezko prentsan idatzi barik, eta ikustean Gobernu berriak ere ez daukala asmorik Euskal Liburutegia sortzeko, animatu naiz honen gainean lerro batzuk idaztera, nahiz eta ideia gehienak ez diren berriak, nik neuk azken urte hauetan behin baino gehiagotan plazaratu baititut.

Badakigu denok Eusko Alderdi Jeltzalea agintean izan den urteetan ez dela gai izan gainontzeko autonomia erkidegoetan aspaldi sortutako erakunde kultural hau sortzeko. 1990. urtean Liburutegi Nazionalaren Sistema arautu zuen, Euskal Kultura Ondareari buruzko legea indarrean jartzearekin batera. Gehienok espero genuen Euskal Liburutegi Nazionala ere abian jarriko zutela, baina ez zen horrela izan. 1997ko urriaren 2an sortu zen Joana Albret Bibliotekonomia Mintegia, aldarrikapen jakin eta temati bat aurrera eramateko, Euskal Liburutegia sortzeko asmoarekin, hain zuzen ere. Kulturako arduradun politikoekin hamaika elkarrizketa eduki ondoren, eta komunikabideetara idatzi ugari bidali eta gero, azkenean, 2007. urtean Euskadiko Liburutegien gaineko Legea indarrean jartzea lortu genuen.

Lege honekin ere Joana Albreteko kideak kritiko samarrak izan ginen. Lege-proiektuari hamaika zuzenketa egin genizkion, arrakasta handirik eduki gabe. Baten bat aipatzearren, izenari dagokionez, egokiago iruditu zitzaigun Euskal Liburutegia, edo Euskal Liburutegi Nazionala, Euskadiko Liburutegia baino. Nafarroa eta Iparraldearekiko lotura ekonomiko, geografiko, sozial, eta kulturalak kontuan edukita, eta batik bat hizkuntza bera izanda, garrantzitsutzat jo genuen proiektu batzuk elkarrekin egin ahal izatea, eta hori legean espresuki jaso ez izana gogor kritikatu genuen.

Azken lau urte hauetan EAJ ibili da Euskadiko Liburutegia kokatu nahian. Hasieran Donostiako Tabakaleran 1.000 m2 utzi zuten erakunde horretarako. Ulergaitza egin zitzaigun 25 urte itxaron ostean, horrelako lardaskeriarekin ateratzea. Gero etorri zen Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak sinatutako hitzarmena. Ez batak ez besteak ez zeukan ez hankarik ez bururik. Lehenengoan langileak ere ez baitziren sartzen emandako leku eskasean, eta bigarrenean, besteak beste, ez zeukalako zentzurik gipuzkoar guztiak zerbitzurik gabe uztea, Koldo Mitxelena Kulturgunea Euskadiko Liburutegi bihurtzean.

Gauzak horrela, Gobernura PSE iritsi da, eta hara non, heldu bezain laster, Blanca Urgell Kulturako sailburuak adierazi duen, krisi ekonomikoa dela eta, legegintzaldi honetan ez dela azpiegitura berririk izango. Hilabete batzuk igaro ondoren antzerako zerbait adierazi zuen elkarrizketa batean sailburuordeak. Ondo hasi dira! Gureak egin du! Ez ditut errepikatuko Joana Albreteko taldekideok askotan Euskal Liburutegiaren alde prentsan beste artikulu batzuetan eman ditugun argudio teknikoak. Soilik esango dut alde batetik, aipatutako urriaren 26ko 11/2007 Legean, Euskadiko liburutegiei buruzkoan, laugarren xedapen gehigarriak adierazten duela liburutegien legea indarrean sartu eta gehienez ere 18 hilabetera eratuko dela Euskadiko Liburutegia. Hortaz, legez 2009ko maiatzaren 19an, dagoeneko duela 7 hilabete, sortua eta arautua izan behar zuen. Beste alde batetik, krisi ekonomiko batean sartuta gaudenez, proiektu kultural honen sorrerak milioi asko inbertitzeko eta lanpostu ugari sortzeko aukera emango digu, lehendabizi, eraikuntza egiteko, eta gero, langile finkoen lanpostuak sortzeko.

Azkenik, ikus ditzagun, zertzelada batean, zer-nolako eginkizunak beteko dituen Euskadiko Liburutegiak: liburutegi sistemaren buru izango da eta arduratuko da Euskadin eta euskararen hizkuntza-esparruan argitaratu edo ekoiztutako lanaz; ahaleginak egingo ditu Euskadiko bibliografia-ondarea gordetzeko eta zabaltzeko; Autonomia Erkidegoko bibliografiarako eta ikerketarako zentroa izango da, baita euskal ondare digitalaren egoitza ere; nazioarteko bibliografia-arauak egokituko ditu; Euskadiko libururutegien eremuko erreferentzia izango da...

Euskadiko Liburutegiak betebehar hauek eta aipatu ez ditudan beste batzuk izango ditu Euskal Erkidegoko lurralde osoan. Eginbehar hauek duintasunez aurrera eramateko Administrazioak honako baldintza hauek derrigorrean bete behar ditu: lehenik, 11/2007 Legean datorren bezala (IV. titulua, 28. artikulua), Eusko Jaurlaritzako Erakunde Autonomoa sortzea. Bigarrenik, erakunde honen eskumen guztiak Eusko Jaurlaritzari atxikiak izan behar dira, biblioteka guztien buru eta koordinatzaile izan dadin. Hirugarrenik, Euskadiko Liburutegirako eraikuntza berria sortu behar da, beste arrazoi batzuen artean, euskal kultura komunitatearen ikurra eta erreferentzia izan dadin. Gainontzeko autonomia erkidegoetan aspaldi sortuta daude: Andaluzian 1994an (Granada), Aragoin 1990ean (Zaragoza), Errioxan 1988an (Logroño), Extremaduran 1995ean (Badajoz), Gaztela eta Leonen 1989an (Valladolid), Gaztela-Mantxan (Toledo), Kantabrian 1999an (Santander), Katalunian 1939an (Bartzelona), eta Madrilen 1989an (Madril). Laugarrenik, aurrekoa bezain garrantzitsua da azpiegitura egokia bermatzea, kasu honetan ere ez dago ezer asmatu beharrik, aldamenekoek dauzkaten baliabide materialak eta giza baliabideak begiratzea besterik ez baitaukagu. Adibidez, Nafarroan bukatzear dagoen Nafarroako Liburutegia, non honezkero 14.000.000 euro inguru inbertitu baitituzte, 24.000 m2 edukiko duen eraikuntza berrian. Bosgarrenik, lekua gutxienekoa izan arren, Liburutegi Sistemaren buru izango den erakunde honetarako lekurik aproposena Gasteiz dela uste dut; alde batetik, Gasteiz Euskadiko hiriburu administratiboa delako eta, bestetik, Gasteizen egoteak ahalbidetuko duelako Euskadiko biblioteken sareko irizpide estrategikoak, politikoak eta teknikoak gauzatzea.

Unibertso digitalaren doakotasuna

albret 2009/12/10 17:52

Jakinen 173. aleak liburu elektronikoen inguruko hausnarketa interesgarri ugari (aldaketak, abantailak, izena, garapena, egile-eskubideak…)  dakartza, nire iritziz interesgarrienetariko bat doakotasunari buruzkoa da, ikuspuntu berria bezain funtsezkoa.  Joan Marik argi adierazten du doakotasunak kontsumitzaileen mendekotasuna eta askatasun eza ekar dezakeela, baizik eta erabiltzaileak  telekomunikazioko operatzaileen eskuetan harrapatuta gera daitezke. 

  Izan ere, orain arte artikulu ugari argitaratu ditugu gaur-gaurko egoera salatzeko, bada agintarien alferkeriei esker etorkizunean errentagarriak izango diren proiektu digitalak esku pribatuetan (Google, Microsoft, Amazonas…) gelditzen ari dira. Behin baino gehiagotan, adierazi dugu aurrerantzean, erremediorik izango ez denean, denok ordainduko dugula oraingo batzuen erruak. Etorkizunean orain doain diren zerbitzuak garesti ordaindu behar baitugu.

 Liburutegietako ikuspuntutik, horrela gertatzeak ez dauka ez hankarik ez bururik, liburutegi publikoek aspalditik gorde dute ekoizpen bibliografiko historikoa erabiltzaileen eskuetan jartzeko asmoz, doain gainera. Salbuespena digitalizazioarekin etorri da, orain arte inori ez zaio bururatu Liburutegi Nazional pribatua antolatzea, sortzea eta kudeatzea. Ez da izango, proiektu honetan  negoziorik ez  zegoela, eta orain berriz, ekoizpen digitala kudeatzea erraza izateaz gain pagotxa delako?  Teknika aldetik erraz egin daiteke, baita pertsonal aldetik ere, eta horren ondorioz hor dago diru pribatua sartuta erakunde publikoek egin behar dutena egiteko, gero etekinak haien poltsikoetan sartzeko.  

 Torrealdaik  doakotasunari buruz dioena egokitzat jotzen dut, beste kontu batzuen artean, nazioarteko digitalizazioaren norabidea aldatzeko abiapuntua izan daitekeelako, modernidadearen izenean orain arte izandako zerbitzu publikoak enpresa pribatuen eskuetan uzten ari baikara.

 

Gerardo Luzuriaga

 

Katalogatzeko Terminologia

Euskaraz katalogatzeko terminologia Joana Albret mintegikideen ahaleginez egindako lana da. 2000 urtean argitaratu zen Eusko Jaurlaritzako IZOren gainbegiratuarekin eta Iametza enpresaren laguntzarekin internet datu-base bezala eskaintzen da hemen.