Unibertso digitalaren doakotasuna
Jakinen 173. aleak liburu elektronikoen inguruko hausnarketa interesgarri ugari (aldaketak, abantailak, izena, garapena, egile-eskubideak…) dakartza, nire iritziz interesgarrienetariko bat doakotasunari buruzkoa da, ikuspuntu berria bezain funtsezkoa. Joan Marik argi adierazten du doakotasunak kontsumitzaileen mendekotasuna eta askatasun eza ekar dezakeela, baizik eta erabiltzaileak telekomunikazioko operatzaileen eskuetan harrapatuta gera daitezke.
Izan ere, orain arte artikulu ugari argitaratu ditugu gaur-gaurko egoera salatzeko, bada agintarien alferkeriei esker etorkizunean errentagarriak izango diren proiektu digitalak esku pribatuetan (Google, Microsoft, Amazonas…) gelditzen ari dira. Behin baino gehiagotan, adierazi dugu aurrerantzean, erremediorik izango ez denean, denok ordainduko dugula oraingo batzuen erruak. Etorkizunean orain doain diren zerbitzuak garesti ordaindu behar baitugu.
Liburutegietako ikuspuntutik, horrela gertatzeak ez dauka ez hankarik ez bururik, liburutegi publikoek aspalditik gorde dute ekoizpen bibliografiko historikoa erabiltzaileen eskuetan jartzeko asmoz, doain gainera. Salbuespena digitalizazioarekin etorri da, orain arte inori ez zaio bururatu Liburutegi Nazional pribatua antolatzea, sortzea eta kudeatzea. Ez da izango, proiektu honetan negoziorik ez zegoela, eta orain berriz, ekoizpen digitala kudeatzea erraza izateaz gain pagotxa delako? Teknika aldetik erraz egin daiteke, baita pertsonal aldetik ere, eta horren ondorioz hor dago diru pribatua sartuta erakunde publikoek egin behar dutena egiteko, gero etekinak haien poltsikoetan sartzeko.
Torrealdaik doakotasunari buruz dioena egokitzat jotzen dut, beste kontu batzuen artean, nazioarteko digitalizazioaren norabidea aldatzeko abiapuntua izan daitekeelako, modernidadearen izenean orain arte izandako zerbitzu publikoak enpresa pribatuen eskuetan uzten ari baikara.
Gerardo Luzuriaga
Tira, erantzunez baino haren haritik segituz.
Nik ere irakurri dut Jakin 173 eta benetan interesgarria iruditu zait. Nire iritzia Gerardorenaren oso antzekoa da eta bi puntutan laburbiltzen da:
1) Liburu elektronikoa badator; hemendik aurrera trantsizio fase batean sartuko gara, zeinetan paperezkoak eta elektronikoak borroka egingo duten merkatuaren zelaian. Nork irabaziko du? Galdera okerra, hau da benetakoa: noiz desagertuko da paperezkoa? Bost urte barru? Hamar urte barru? Hogei urte barru? Edo beste modu batera esanda, zein merkatu (edo produkzio) kuotari eutsi ahal izango dio paperak? Gaiaren arabera? Kalitatearen arabera? Zeren arabera?
2) Eta bibliotekak zer? Dena modu digitalean egiten bada, eta zati handi-handi batean esku pribatuetan, gertatuko da beste iraultza handi bat, orain arte pentsezina: biblioteken pribatizazioa. Alegia, uste dut ezer ez dela munduan egon publikoagorik, beren sorreratik, bibliotekak baino... baina agian ospitalak bezala bukatuko dugu, hots, publiko-pribatu dikotomia batean, paraleloan, diferentzia batekin, pribatuetan askoz ere zerbitzu digital hobeak egongo direla. Eta honetan ere: bost urte beharko dira? Hamar? Hogei?
Damu zaitezte, munduaren akabera hurbil dugu!
Bihur zaitezte Ordenagailuarengana!
Josefateko zelaian ikusi arte.
Pruden