Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Joana Albret

Euskadiko Liburutegien Aholku Batzordea

albret 2009/04/29 15:18
Atzoko (2009-04-28) EHAAren 78 zenbakian agindu hau argitaratu zen

Kultura Saila

AGINDUA, 2009ko martxoaren 26koa, Kultura sailburuarena, Euskadiko Liburutegien Aholku Batzordearen osaeraren berri emateko dena.

Euskadiko Liburutegien Aholku Batzordeari buruzko abenduaren 30eko 232/2008 Dekretuak Euskadiko Liburutegien Aholku Batzordearen osaera, izendapen-era, antolaketa eta funtzionamendu araubidea ezartzen ditu, Euskadiko Liburutegiei buruzko urriaren 26ko 11/2007 Legeak xedatutako esparruan.

Dekretuaren 4. artikuluak ezartzen duenez, Euskadiko Liburutegien Aholku Batzordeak Irakurketa Sare Publikoak aukeratutako hiru ordezkari izango ditu, unibertsitateetako eta ikastetxe publikoen izenean ordezkari bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren menpekoak izan arren Irakurketa Sare Publikoan sartuta ez dauden liburutegien ordezkari bat, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrean liburutegien alorrean eskudunak diren organoen izenean ordezkari bat, liburutegi eta ondare bibliografikoaren alorrean sona handia duten elkarte, erakunde eta pertsonen artean ordezkari bi, Foru Aldundi bakoitzeko ordezkari bat. Bada, kide horiek guztiak dagoeneko izendatu direnez, bidezkoa da Euskadiko Liburutegien Aholku Batzordeko bokalak zeintzuk diren jakinaraztea, jende guztiak horren berri izan dezan.

Ondorioz,

EBATZI DUT:

Lehenengoa.- Honako hauek dira Euskadiko Liburutegien Aholku Batzordeko bokalak:

Irakurketa Sare Publikoaren aldetik:

- Felisa Sanz Etxeberria andrea.

- Gregorio Layana Martínez jauna.

- José Egaña Makazaga jauna.

Unibertsitateetako eta ikastetxe publikoen aldetik:

- Eva María Martín Ugarte andrea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren menpekoak diren liburutegien aldetik:

- Gloria Osacar Arraiza andrea.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrean liburutegien alorrean eskudunak diren organoen aldetik:

- Francisca Pulgar Vernalte andrea.

Liburutegi eta ondare bibliografikoaren alorrean sona handia duten elkarte, erakunde eta pertsonen aldetik:

- Rosario Valverde Tejedor andrea.

- Gerardo Luzuriaga Sánchez jauna.

Arabako Foru Aldundiaren aldetik:

- Teresa Castro Legorburu andrea.

Bizkaiko Foru Aldundiaren aldetik:

- Montserrat Petralanda Gorrotxategi andrea.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik:

- Carmen Bilbao Ariño andrea.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko martxoaren 26a.

Kultura sailburua,

MIREN AZKARATE VILLAR.

Nafarroako liburuzainen manifestua

albret 2009/04/23 13:20
Gaurko berria egunkariak liburu egunean manifestu hau dakar. Izenburu egoki honekin: Herri liburutegiak denontzat.

Pellokeria adierazpen honen izenburuan ezta? Horrela izanen litzateke Nafarroako gizartean eta Nafarroako Liburutegi Publikoetan bertan erraten dena gaur egun zalantzan ez balego. Liburuzainok kezkatuta gaude. Baita herritarrak ere, jakina. Alarma piztu da 2009ko otsailaren aldean, Barañaingo Liburutegi Publikotik bertzeen artean ziren bi egunkari desagertu direlarik (eta ez ospa egin dutelako). Zergatia arras sinplea da: herritar batek -zinegotzia- ez zituen gustukoak, eta desagerraraztea erabaki du. Eta bertze herritar batek ere -Liburutegi Zerbitzuen zuzendariak-, zergatik ez dakigula, horrela erabaki du. Zenbait aste geroago, alarma piztu da berriz Iruñeko Liburutegi Publikoetan.

Alarmen zeregina arreta jasotzea da, eta gaixotasuna gero eta gehiago zabaltzea nahi ez badugu, kasu egin behar diegu. Beharbada, horrela auzia min kultural eta moral arin batean bakarrik geratuko da. Beharbada, zaintza egoki batekin, dena bere onera itzuliko da.

Ezinbestekoak diren zainketen artean, liburutegi publikoen ezaugarrien hausnarketa egitea dago. Hori da, hain zuzen ere, orain egingo duguna: herritar batzuen gustukoak ez badira ere, liburutegiak ez dira horrelakoak. Liburutegiek ez dute baztertzen. Liburutegi publikoak oso ehun berezi batez eginak dira, salerosgai ez den ehun batez eginak. Ehun hori ez da ideologikoa, handitu daiteke neurririk gabe, eta ez da sekula ehun zentsuratzaile izanen. Bere iragazkortasunean eta bere mugagabetasunean datza bere handitasuna.

Liburu berri bat, aldizkari berri bat, egunkari berri bat, eskuz izkiriatutako pentsamolde berri bat kaleratzen den momentu berean, liburutegia zentimetro batzuk zabalago egiten da, heldu berriari lekutxo bat egiteko asmoz. Hala, sortu den guztiak eta sortzeko dagoenak badu bere tokia liburutegi publikoan. Horrela har dezake arnasa, horrela alderatu daiteke, horrela munduaren eskura jartzen da. Eta horrela ez bada, liburutegi publikoa gaixotu egiten da, eta duen sendagai bakarra honako hau da: berregin berezkoa duen soineko elastiko hori, berregin barnean infinitua jaso dezakeen ehuna, sekula hautsi behar ez zena.

Liburutegi publikoa kulturaren oinarrizko ardatzen artean dago. Eta kultura, zibilizazioa, zera baino ez da: erabat herritarra den liburuzain batek urkiaren azalari buruzko liburu bat maileguan eman dezan bere irribarre hoberenarekin. Azalez azal (eta ez azala azalaren kontra) elkarrekin bizi daitezen fisika kuantikoaz mintzatzen den liburua eta erlatibitatearen teoria irmoki defendatzen duena. Paperean irakur daitezkeen liburuak eta Interneten irakurtzekoak egon daitezen. Liburutegiko atarian topo egin eta elkarri agurtu diezaioten Salieriren disko bat daramanak eta Mozarten disko bila doanak. Gauza, pertsona eta ideia guztiak liburutegi publikoan lekua izatea da kultura.

Mila aldiz erran izan dugu «bada liburu bat irakurle bakoitzarentzat», eta honela adierazten genuen gure ametsik preziatuena: denak izan gaitezen liburu baten maitaleak, ondoren bertze mila libururen amoranteak bilakatzeko. Zer gertatzen da irakurle batentzat ez bada bere liburua? Eta okerrago, zer gertatzen da liburua egonik eskuetatik kentzen badiogu? Liburu bat, aldizkari bat, egunkari bat edo zentzuz idatzitako paper bat ez bada ongi etorria liburutegi publikoetan, ez tronpatu: horrek esan nahi du irakurle bat, eta agian bertze bat, eta bertze bat, eta bertze hori ere -zuk bezainbeste eskubide dituen hori- ez direla ongi etorriak liburutegi publikoetara. Ez. Ez tronpatu: segun eta nor hurbiltzen den «Sarrera debekatuta» erranen zuen txartel bat zabalduko bagenu bezalaxe da. Lehen eta bigarren mailako irakurle txartelak egingo bagenitu bezala izango litzateke, segun eta nori, kolore batekoa edo bertzekoa emateko. Liburuaren Egunean txartel handi batean «Irakur ezazu, baina ez irakur denetarik» idatziko bagenu bezala izango litzateke. Egunkari baten irakurleari gustukoa eta irakurri nahi duena eman beharrean, niri gustatzen zaidan egunkaria emango bagenio bezala da. Azpimarratua joan behar dena liburutegi publikoan azpimarratu beharrean «publikoa» komatxoen artean jartzea da.

Idazki hau sinatzen dugunak idazki hau idazteko momentua heldu izanak tristuraz betetzen gaitu.

Artikulu hau beste 600 lagun inguruk izenpetu dute.

Adela Bikandi Yolanda Rodriguez (Liburuzainak)

Nafarroako Liburutegia eta Filmoteka

albret 2009/03/31 16:19
Nafarroako Liburutegi eta Filmotekaren lanak aurrera doaz

Mendebalde auzoan eraikuntza aurrera doa. Dagoeneko 11.343.793 € inbertitu dira. Eraikuntza berri honek hiru solairu eta sotoa dauzka, lehenengo solairuak, hau da beheko solairuak 6.000 metro kuadro inguru dauka. Blog honetan eta baita beste leku batzuetan ere askotan kritikatu dugu Nafarroako agintarien proiektuak edo proektu eza, kasu honetan Nafarroako Gobernuaren jokabide txalogarri hau goraipatu nahi dugu.

Gerardo Luzuriaga

Politika bibliotekarioaren balorazioa

albret 2009/03/26 13:22
Ezagutu bako ona baño, ezaututako txarra oba

Aspalditik gogoa neukan EAJk zortzi legegintzaldi hauetan eraman duen politika bibliotekarioaren azaleko balorazio txiki bat egiteko. Labur-labur esanda,  ez du gainditu, gutxiegi du. Nahi duenak blog honetan irakur daiteke ematen dugun gutxiegi horren arrazoiak: 25 urte pasa eta gero…, lehengo lepotik burua, taifen erreinua…  Ez dugu lortu Euskal Herrian sistema bibliotekario komuna lortzea, ezta Euskadin ere. Ikus ditzagun  adibide batzuk: banatuta jarraitzen dugu, gure hizkuntza jarraitzen du baztertuta izanda,  Espainiako eta Frantziako eredu bibliografikoen mende jarraitzen dugu…  

 

Zortzigarren legegintzaldi honetan ekimen parlamentario batzuk aurrera eraman badituzte ere, eta Euskadiko Liburutegien legea indarrean jarri bada ere, Espainiako ereduei jarraitzen zaiela heltzen bistan dago. Ezin baitugu ahaztu zein alderdiren botuekin atera zuten aurrera aipatutako legea, eta zer baldintzak jarri zituzten, non izenean ere ez ziren ausartu euskal eta nazional hitzak onartzen.   Hona hemen azaleko adibide bat Euskal Liburutegi Nazionala golpe batez Euskadiko liburutegi bihurtu zen.


PSEk Eusko Jaurlaritza lortzen badu, aldaketa handirik ez duela ekarriko uste dugu, eta baldin badute atzera egingo dute kontu gehienetan: euskara politikan, EITBko ditsozko mapetan, baita liburutegi eremuan ere, jakina; baina berriengan gutxi espero arren, eremu honetan behintzat eman dezagun  merezi duten konfiantzako epea.

 

Gerardo Luzuriaga

Krisialdi ekonomikoa

albret 2009/03/18 13:08
Nafarroako agintari politikoek liburutegien aferan egindako hanka sartzea atera nahian ibiltzen badira ere, arriskua daukate gorputz osoa sartzeko eta lokatzan irentsiak geratzeko.

 

Baranaingo liburutegian Gara eta Berria egunkariak erosteko debekua  politikoek eman ondoren,  bazter guztietatik azaldu dira kritikak, batez ere ikusi dugunean  Barañainen egindakoa Nafarroako herri liburutegi guztietara  nahi dutela zabaldu, dagoeneko Iruñeko liburutegietara ere Berria eta Gara egunkariak erosteko debekua eman baitute.

 

Aste hauetan arduradun politikoen jarrera – Fermin Guillorme, Pablo Gomez, Paz Prieto – gogor kritikatu dugu,  baita zentsuratzat ere jo dugu. Betidanik, askatasun esparrua izan diren liburutegiak haien esanetara baitute utzi nahi,  herri liburutegietan  zer irakurri ahal izango duten erabakitzen baitute,   liburuzain profesionalen eta erabiltzaileen duintasuna zapaltzen baitute, azken finean irizpide teknikoak baztertzen baitute bere irizpide politikoak jartzeko.

 

EAEn duela urte batzuk, herri batzuetan, nik dakidanez, antzerako jukutria gertatu  zen, -honekin ez dut esan nahi gaur ez dela gertatzen- Unescoren adierazpenak argudiatu genituen, eta eragina eduki zuenez, ea kasu honetan  Nafarroan ere zorte bera daukagun!

 

Unescoren liburutegien adierazpenek informazioa eta ideiak eskuratzeko askatasuna bermatzeak daukate oinarri. Ikus ditzagun zer-nolako aginduak diren: liburutegietako zerbitzuak hiritar guztiei eskaini behar zaizkie, hiritartasuna, erlijioa, kultua, iritzi politikoa, sexua kontuan hartu barik;  fondo publikoekin finantzatutako oinarrizko informazio zerbitzuak, materialak eta tresnak doan eskuratzeko aukera izango dute erabiltzaileek, eta erosteko almena edozein izanda ere, erabiltzaile komunitateko kide guztiek eskubide berak izango dituzte;  materialak eta baliabideak aukeratzerakoan, bertako komunitateen aniztasuna hartu beharko dute kontuan, eskainitako formatuei, hizkuntzei eta edukiei dagokienean; liburutegi bateko bildumaren garapena, liburuzainaren irizpide profesional independentean oinarrituko da, eragin politikoak, alderdikoiak, komertzialak edo beste motakoak kontuan hartu gabe, gutxiengoei, euren hizkuntzan dagoen materiala eskainiko diete, material hori, bertako kulturarekin lotuta eta euren komunitate zabalagoaren kulturan ilustratuta egongo da, hau ere bertako hizkuntzan.

 

Antzerako arrazoibideak ikusita Nafarroako arduradun politikoek bere horretan eusten badiote ere, atzera egin dute eta beste argudio batzuek erabili dituzte. Gauzak horrela, liburutegi nafarretan eguneroko prentsa erostearen ardura udalei dagokiela edo aipatutako egunkariak ez erosteko  arrazoi ekonomikoak direla  adierazi  du  Juan Ramon Corpas Kultura kontseilariak.

 

Lehen konbentzituta bageunden Nafarroako liburutegietan Gara eta Berria egunkariak ez erosteko erabakia erabat politikoa bazen, zer esanik ez argudio ekonomikoa erabiltzea erabaki dutenean. Egunkari batek euro bat inguru balio du. Urte osoan asko jota 800 € gastatuko dute aipatutako bi egunkari erostean. Benetan, arrazoi ekonomiko hau penagarri iruditzen zaigu, batez ere 800 € horiek 22.000 biztanle inguru artean banatu behar dituenean. Asma ditzaten aitzakiarik aproposenak, edo  isil daitezen betiko.

Gerardo Luzuriaga

Zentsura

albret 2009/02/25 09:53
Barañainen gertatutakoa eta Nafarroako Liburutegien Zerbitzuko Zuzendariaren jarrera oso arriskutzat jo dugu. Non ote gelditzen da gure duintasun profesionala zentsura aurrean?

Berriro, liburutegiak zentsuratu dituzte, kasu honetan Nafarroan, Barañaingo UPNko zinegotziak debekatu du Berria eta Gara egunkariak erostea. Hori zentsura da. Agintari eskuindar hauek noraino nahi dute ailegatu? Hemendik aurrera, gertakaera hau onartuz gero, liburutegien funts-bibliografikoei dagokienez edozein agintariren mende izango gara liburuzainok. Ez dago lotsarik.

Ezbairik gabe, Baraiñanen gertatutakoa zentsura da. Oraingoan behinik behin Nafarroako liburuzainok mobilizatu dira, honez gero 160 bat liburuzainek Pablo Gomez bertako UPNko kultur zinegotziak egindakoa gaitzetsi dute. Halaber Nafarroako Liburutegi Zerbitzuko zuzendariari agindu hori baligabetzea eskatu diote aipatutako liburuzainek eta baita Nafarroako Liburuzainen Elkarteak ere.

Era berean Nafarroako Liburutegien Zerbitzuko zuzendari Fermin Guillormeren jarrera salatu nahi dugu.  

Gerardo Luzuriaga

Liburutegien egoera

albret 2009/02/08 13:33
Duela gutxi Deustoko Unibertsitate berriaren Liburutegien ateak ireki zuten, Espainiako errege-erreginak Bilbon izan zirelako, berriz, berria izan zen berri.

Horretaz gain, aste honetan liburutegiei buruzko ikerketa publikoa egin da.

Consumer Eroski aldizkariak egindako ikerketak honako hau adierazi digu: a)Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiako liburutegi publikoak estatuaren onenetarikoen artean daudela. b) Bilbokoak Iruñeakoak baino egoera hobean daudela. c) Ikerketa honen arabera Gasteiz eta Gonostiakoak "ondo" atera dute, eta Bilbokoak "oso ondo", Iruñeako liburutegi publikoak, berriz, "gutxi" atera dute.

Lan honetan, instalazioak, baliabideak, eta hamaika ezaugarri gehiago kontuan hartu dute, baina profesionalen lan egoera kanpoan utzi dutelakoan nagoenez, alde batetik lan kontratua tinko edo azpikontratatuak diren, eta bestetik langileen aldarrikapen interesgarria azterketatik at utzi dute. Aspalditik ez gatoz bat, liburutegien arduradunei atxikitzen zaizkien futzioak mailarekin. Liburutegi publikoen arduradunak A mailakoak izan beharko dira, eta langile teknikoak gutxienez B mailakoak.

(Gerardo Luzuriaga)

Nafarroako Gobernuak eta Jaurlaritzak euskara sustatzeko elkarlan hitzarmena sinatu dute

albret 2009/01/26 18:36
Pozik bai, baina...

Aspaldiko partez berri pozgarri batekin natorkizue. Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eremu batzuetan aspalditik kultura esparrurako proposatzen genuen  elkarlana aurrera eraman dute eremu mugatu batzuetan. Arestian Justizia esparruan emandako aurrerapausoak ekarri nituen hona, orain hizkuntza alorrean elkarlanean aritzea erabaki duten berriak pozten gaitu. Ea noiz helduko zaion kulturaren gaineko gaiei. Euskararen ikerketa, aholkularitza, itzulpengintza, helduen euskalduntzea, belaunaldien arteko hizkuntzaren igorpena eta toponimia dira, besteak beste, etorkizunean bi aldeek elkarren artean jorratuko dituzten gaiak.

 

Kulturan ere hamaika gai daude zain elkarren artean aritzeko, bidea leuntzen dela dirudienez, hurrengoa izango ahalko da!

 

Baina berriak, tamalez  badauka bere alde goibela, aurrerapauso galanta izan bada ere, aurrekoetan behin baino gehiagotan adierazi dudana laburbilduko naiz, kezka handiak ematen dit “eusko” hitza alde batean soilik ikustean. Bereziki, honetako hitzarmenetan agertzen denean, eusko terminoa ez da soilik Euskadiko (Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako) Jaurlaritzarena, Nafarroako Gobernuarena Eusko Jaurlaritzarena bezain propio baita. Nabarraldeko azken Haria aldizkarian, 23. zenbakian, eusko terminoaren erabilera egokiari buruz artikulua daukazue.  Dena den,  hain da pozgarria ikustea bi euskal gobernuak elkarlanean aritzen, non oraingoz ospa dezagun, eta ea emeki-emeki euskaldun guztiak elkarlanean bukatzen dugun aritzen.

Gerardo Luzuriaga

Liburuak katalogatzeko terminologia

albret 2009/01/07 03:21
Hemendik aurrera Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiaren blogeko KATALOGATZEKO TERMINOLOGIA alorrean datu-basea kontsulta daiteke

Dagoeneko Katalogatzeko terminologia eremuan liburutegiei buruzko edozein termino datu-base baten bidez kontsulta daiteke, eta gaztelaniazko, frantsesezko edo euskarazko ordainak agertuko dira.

 http://tresnak.kapsula.com/joana-albret/

Datu-base honen ezaugarri garrantzitsuenak hauek dira:

a) Euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez daude termino guztiak

b) datu-basean edozein terminotatik galde daiteke.

c) Zerrenda osoa euskaraz nahiz gaztelaniaz nahiz frantsesez lor daiteke.

(Gerardo Luzuriaga)

 

Bilaketak � Terminologia � Laburdurak � Ohar erabilienak � Deskribapen fisikoa
  Adibideak

 

 

Hitza:      Guztian
    Hiztegian
    Oharretan

Nola idatzi-irakurri

 

 

Zentsura Durangon

albret 2008/12/07 20:56
XXI. mendean Durangoko Liburu azokan ere zentsura agerian!

Liburuak hain arriskuttsuak dira? ez dut uste. Baina, agintariek poterea daukatela frogatu behar dutenez, hona  hemen lekukoa. Aurten Gerediaga Elkarteak, auskalo zergatik?, Hiru argitaletxea euskal liburu azokatik at uztea erabaki du.

Hartu duten erabakia ulertezina izateaz gain, liburu munduan ibiltzen garen bat baino gehiagoren haserrea sortu du. Ulergaitza da Hiru argitaletxeko lagunek jasan duten zentsura.

Durangoko liburu azoka ez da gaurkoa, inork ez du gogoan, zer garai gogorretan sortu zen? Euskal liburu azoka denon artean aurrera eraman dugun! Hortaz, zer dela eta ekintza baztertzaile hau? Ulergaitza, benetan.

Gerardo L.

Katalogatzeko Terminologia

Euskaraz katalogatzeko terminologia Joana Albret mintegikideen ahaleginez egindako lana da. 2000 urtean argitaratu zen Eusko Jaurlaritzako IZOren gainbegiratuarekin eta Iametza enpresaren laguntzarekin internet datu-base bezala eskaintzen da hemen.