Nafarroako liburuzainen manifestua
Pellokeria adierazpen honen izenburuan ezta? Horrela izanen litzateke Nafarroako gizartean eta Nafarroako Liburutegi Publikoetan bertan erraten dena gaur egun zalantzan ez balego. Liburuzainok kezkatuta gaude. Baita herritarrak ere, jakina. Alarma piztu da 2009ko otsailaren aldean, Barañaingo Liburutegi Publikotik bertzeen artean ziren bi egunkari desagertu direlarik (eta ez ospa egin dutelako). Zergatia arras sinplea da: herritar batek -zinegotzia- ez zituen gustukoak, eta desagerraraztea erabaki du. Eta bertze herritar batek ere -Liburutegi Zerbitzuen zuzendariak-, zergatik ez dakigula, horrela erabaki du. Zenbait aste geroago, alarma piztu da berriz Iruñeko Liburutegi Publikoetan.
Alarmen zeregina arreta jasotzea da, eta gaixotasuna gero eta gehiago zabaltzea nahi ez badugu, kasu egin behar diegu. Beharbada, horrela auzia min kultural eta moral arin batean bakarrik geratuko da. Beharbada, zaintza egoki batekin, dena bere onera itzuliko da.
Ezinbestekoak diren zainketen artean, liburutegi publikoen ezaugarrien hausnarketa egitea dago. Hori da, hain zuzen ere, orain egingo duguna: herritar batzuen gustukoak ez badira ere, liburutegiak ez dira horrelakoak. Liburutegiek ez dute baztertzen. Liburutegi publikoak oso ehun berezi batez eginak dira, salerosgai ez den ehun batez eginak. Ehun hori ez da ideologikoa, handitu daiteke neurririk gabe, eta ez da sekula ehun zentsuratzaile izanen. Bere iragazkortasunean eta bere mugagabetasunean datza bere handitasuna.
Liburu berri bat, aldizkari berri bat, egunkari berri bat, eskuz izkiriatutako pentsamolde berri bat kaleratzen den momentu berean, liburutegia zentimetro batzuk zabalago egiten da, heldu berriari lekutxo bat egiteko asmoz. Hala, sortu den guztiak eta sortzeko dagoenak badu bere tokia liburutegi publikoan. Horrela har dezake arnasa, horrela alderatu daiteke, horrela munduaren eskura jartzen da. Eta horrela ez bada, liburutegi publikoa gaixotu egiten da, eta duen sendagai bakarra honako hau da: berregin berezkoa duen soineko elastiko hori, berregin barnean infinitua jaso dezakeen ehuna, sekula hautsi behar ez zena.
Liburutegi publikoa kulturaren oinarrizko ardatzen artean dago. Eta kultura, zibilizazioa, zera baino ez da: erabat herritarra den liburuzain batek urkiaren azalari buruzko liburu bat maileguan eman dezan bere irribarre hoberenarekin. Azalez azal (eta ez azala azalaren kontra) elkarrekin bizi daitezen fisika kuantikoaz mintzatzen den liburua eta erlatibitatearen teoria irmoki defendatzen duena. Paperean irakur daitezkeen liburuak eta Interneten irakurtzekoak egon daitezen. Liburutegiko atarian topo egin eta elkarri agurtu diezaioten Salieriren disko bat daramanak eta Mozarten disko bila doanak. Gauza, pertsona eta ideia guztiak liburutegi publikoan lekua izatea da kultura.
Mila aldiz erran izan dugu «bada liburu bat irakurle bakoitzarentzat», eta honela adierazten genuen gure ametsik preziatuena: denak izan gaitezen liburu baten maitaleak, ondoren bertze mila libururen amoranteak bilakatzeko. Zer gertatzen da irakurle batentzat ez bada bere liburua? Eta okerrago, zer gertatzen da liburua egonik eskuetatik kentzen badiogu? Liburu bat, aldizkari bat, egunkari bat edo zentzuz idatzitako paper bat ez bada ongi etorria liburutegi publikoetan, ez tronpatu: horrek esan nahi du irakurle bat, eta agian bertze bat, eta bertze bat, eta bertze hori ere -zuk bezainbeste eskubide dituen hori- ez direla ongi etorriak liburutegi publikoetara. Ez. Ez tronpatu: segun eta nor hurbiltzen den «Sarrera debekatuta» erranen zuen txartel bat zabalduko bagenu bezalaxe da. Lehen eta bigarren mailako irakurle txartelak egingo bagenitu bezala izango litzateke, segun eta nori, kolore batekoa edo bertzekoa emateko. Liburuaren Egunean txartel handi batean «Irakur ezazu, baina ez irakur denetarik» idatziko bagenu bezala izango litzateke. Egunkari baten irakurleari gustukoa eta irakurri nahi duena eman beharrean, niri gustatzen zaidan egunkaria emango bagenio bezala da. Azpimarratua joan behar dena liburutegi publikoan azpimarratu beharrean «publikoa» komatxoen artean jartzea da.
Idazki hau sinatzen dugunak idazki hau idazteko momentua heldu izanak tristuraz betetzen gaitu.
Artikulu hau beste 600 lagun inguruk izenpetu dute.
Adela Bikandi Yolanda Rodriguez (Liburuzainak)