Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Zerbitzu publikoak eta pribatuak

Zerbitzu publikoak eta pribatuak

Mikel Iturria 2022/12/04 19:05
Azken egunetan entzundako lau saio: Isaac Rosa Karmele Jaiorekin, Garbiñe Larrea Arantxa Iturberekin, Qatar-eko mundialaz 5W aldizkarian, Felix Zubia Oier Aranzabalekin...

Pasa dira jada egun batzuk hemen azken lerroak argitaratu nituenetik. Tarte honetan Isaac Rosa entzutera joan nintzen azaroaren 21ean. Literaktum jaialdian egon zen Kutxak Tabakaleran duen guneetako batean. Sarean entzungai duzue Karmele Jaiorekin izandako solasaldia.

Gero birus erasokor baten bisita izan nuen eta egun batzuk egon naiz k.o.

Baina altxatu nintzen aste hasieran eta nola edo hala egin izan diot aurre.

Larunbat goizeko paseoa Garbiñe Larrearekin egin nuen. Tira, Larreak Arantxa Iturberekin izandako solasaldia entzuten, eta Iñaki Segurola zenaren Ganorexia liburua hizpide. Ezin laburtu ia ordubeteko jarioa, hainbat hari dituelako.

Baina bai esango dudala bi agerraldi egingo dituela Garbiñek datozen egunetan, hirugarrena pasa egin delako (Katakrak-en egon zen ostiralean). Lehena, Durangoko Museoan izango da, abenduaren 10ean: Iñaki Segurola etorriko ez litzatekeen ekitaldia (bera gogoan egingo duguna). Bigarrena, Zarauzko Egaroan egitekoa da, baina ez dut webgunean topatu: esango nuke abenduaren 14an izango dela.

Igande goizean bi audioren konpainia izan dut: 5W aldizkarikoek Qatarri eskainitakoa izan da lehena. Ondo dago ederto laburbiltzen duelako nondik datorren Qatarreko mundiala: Al Jazeera, Frantziako garaiko eliteak (Sarkozyk eta Platinik) jokatutako rola, kirolaren diplomazioa, eta abar.

Bigarrena bertakoa da: Barruan gaude Felix Zubiaren etxean sartu baitzen aurreko batean.

Felix kexu agertzen da pandemiaren gogorrenean komunikabide batzuk laburbildu, moztu eta titularretara eraman izan zituztelako Euskadi Irratiko Osasun Etxeko hainbat saio. Ni ez naiz komunikabide bat, ez dut agenda markatzen, eta bai ekarriko dudala topaketaren bukaera aldera esandako hainbat kontu. Besteak beste, erabat ados nagoelako berarekin.

Oier Aranzabalen galdera:

Asko hitz egiten da zerbitzu publikoen gainbeheraz. Pentsioaz, adibidez. Eta osasungintzaz. Badu etorkizunik gure osasun publikoak?

Felixen erantzuna:

Ez badugu zaintzen eroriko da. Eta denon artean zaindu beharreko zerbait dela iruditzen zait, baina osasun publikorik ez bada, ez da gizarte justiziarik izango.

Garbi hitz egin da: munduan dagoen herririk aberatsena seguruenik Ameriketako Estatu Batuak izango dira. Eta Ameriketako Estatu Batuek duten sistema dementziala da. Dementziala da eta gizarte justiziaren kontrakoa da. Hori nahi baldin badugu, aurrena kontra irteten ni neu. Eta eredu hori bada, eta hori kontatu nahi badigute, faborez, argi eta garbi esan dezatela, zeren kontra ateratzeko mugimendu handia egin beharra dago. AEBn dirurik ez duena tratamenturik gabe hil egiten da. Garbi hitz egin da.

Hau da, badago ongizatezko edo osasungintza bat, apendizitisa duena operatzeko, edo kolpe bat jaso duenari arta emateko, baina minbizi bat badu eta dirurik ez badu, pertsona horri ez zaio arretarik ematen eta minbizi horrekin hil egiten da. Hau da, aberatsentzat goi mailako medikuntza, eta pobreak hiltzen.

(...)

Gure intentsiboetako unitatean egun bat pasatzeak 1.800 euro balio ditu. Baditugu pazienteak 30 egun pasatzen dituztenak. Ospitaleko egonaldia barne, bota 90.000 euro. Nik pozik gastatzen ditut nire zergak eta sekula erabili ez.

Ez pentsa osasun pribatua eusterik dagoenik maila horretan. Gaur egun aseguru pribatuetara doan jende asko, eta konplikatzen denean, aseguruak esaten dio "bukatu zaizu eta segi osasun publikora". Eta iristen zaizkigu.

Orduan osasun publiko unibertsala, denentzat berdina dena, eta denon artean mantendua, altxor bat da. Hezkuntza publikoa den bezala, eta beste zerbitzu publiko asko diren bezala.

Eta hori ez badugu zaintzen, ez badugu mimatzen, ez da gizarte justiziarik izango.

Oierrek jarraian botatako galdera hau ere interesgarria da:

Zer iruditzen zaizu osasun publikoan eta osasun pribatuan lan egitea bateragarri izatea?

Felixen erantzuna:

Bi alderdiak ezagutu ditudala (...) Nik ezagutu ditut lankideak, bukatu espezialitatea eta lan txukunik, lan duinik gabe egondakoak. Eta nolabait bizi behar eta osasun publikoan eta pribatuan lan egin behar zutenak hilabete bukaerara iristeko. Hor akatsa non dagoen badakigu: lan duina ematen ez zaion momentutik.

Ez zait ondo iruditzen behin lanpostu finkoa izanda osasun publikoan, edo lanpostu jarrai bat eta toki jarrai bat izanik, pribatuan lan egiten duen medikuntza, medikuaren jarduna ez zait ondo iruditzen. Ohikoa da eta ez zait etikoa iruditzen. Bata ala beste. Gure aitak esango lukeen bezala: apaiz edo praile, baina bi gauzak ezin dira izan. Zergatik? Interes borrokak sortu daitezkeelako eta jendeak gaizki pentsa dezakeelako.

(...) Galdera hau guztiz zilegizkoa da: pertsona horrek badu interesik publikoan zerrenda laburrak izateko? Hor interes borroka zuzena baitago. Are gehiago: osasun publikoan zerbitzuburu denak ezingo luke pribatuan jarduera bat eduki (...) Nire ustez horrek debekatua beharko luke.

Gehiago ere kontatzen du Zubiak, baina hemen geratuko naiz. Interesa baduzue, entzun solasaldia.

Servicios públicos y servicios privados, este apunte en castellano.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter