Victor Coyote bigarren mailako errepidetan barrena
Aurkezle aldaketa egon da. Lehen gizonezko batek aurkezten zuen eta orain Laura Barrachina kazetariak.
Sorpresa pozgarria izan zen entzutea Victor Coyote elkarrizketatzen ari zela Barrachina. Pista aspaldi galdu nion galiziarrari eta orduantxe jakin nuen bi nobedade dituela aurten: «Días de alarma» komikia eta «Comarcales» diskoa. Liburua alarma egoeran egunero Instagram sarean argitaratutako irudiek osatzen dute eta diskoa pandemia lehertu aurretik plazaratu zuen, baina soilik kontzertu bakarra emateko aukera izan omen du.
Kontzertu bakarra
«Gogorra zen, baina era berean pertsona asko hiltzen ari zen garai hartan. Gaur egun egoerak bere horretan jarraitzen du eta uste dut kontzertuak beste modu batean egin daitezkeela. Hau da, antzokietan antzezlanak taularatzen diren moduan. Publikoa sartu, eseri eta amaieran atera. Edo aire librean. Guk baten bat egin dugu horrela».
Terrazitak
«Terrazek makailoaren antza dute: ona dagoenean, ondo, baina ez dagoenean, ezinezkoa da hura irenstea. Terraza batzuk marabilla dira, baina izkin batean edo autoak dabiltzan kale batean daudenak amesgaizto dira niretzat. Gero diminutiboak erabiltzeko joera hori dago. Grazia egin izan dit beti: terrazita, afaritxoa... Norbaitek afaritxo batera gonbidatzen bazaitu, ondorengo sexua txarra izango da».
Artista izan aurretik langile autonomoa
«Bi ogerlekoren truke edozein joan zitekeenez Berlin edo Amsterdamera, jendeak ez zuen uste langilea zenik. Kardashian ziruditen. Ni langilea naiz lan egiten dudalako. Gero autonomoa naiz Ogasunari pagatu behar diodalako. Hirugarren mailan bada ere, artista naiz, norberak aitortzen badit hori. Artea ezin baita Joku Olinpikoetako 100 metroko lasterketa baten moduan neurtu. Nahiz eta adostasuna dagoen Velazquez, Shakespeare... onak direla esateko ordua. Baina garaiak eta garaiak daude eta ez da beti berdin».
Reggaetoia
«Garai batean anatema zen Londres, Berlin edo Amsterdamera ez begiratzea. Neurri batean gaur ere gertatzen da. Adibidez reggaetoiarekin, nahiz eta aldatzen ari den. Garai batean kaka zaharra zela zioten, letra matxistak zituela, rockak izango ez balitu bezala. Urte batzuk barru idazle famatu batek goraipatu egingo du reggaetoia eta baimenduta geratuko da. Beti dago atzetik doan stablishment-eko jendea».
Txisteak
«Denak poztuko dituen txisteek ez dute korritzen. Niretzat asturiarren umorea da prototipoa. Asko gustatzen zaizkit asturiarrak, baina beraien umorea atseginegia da ene irudikoz. Alde kabroia behar du txisteak, bestela palmeroen zerbait dirudi. Gainera, norberak bere buruari barre egitea efektiboa iruditzen zait».
Elkarrizketa osoa entzungai El Ojo Crítico saioaren webgunean.
Soinu banda gisa entzun «Soy un trabajador, soy un autónomo, soy un artista» kanta.
P.S. Apunte hau telefonoaren teklatua erabiliz idatzia izan da.
Coyote y sus alarmas comarcales, este apunte en castellano.