Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Miguel Angel Blanco hil zutela hamabost urte

Miguel Angel Blanco hil zutela hamabost urte

Mikel Iturria 2012/07/11 08:30
Zortzi urte egingo ditu asteburu honetan blog honek. ETAk Blanco erail zuela hamabost urte beteko dira uztailaren 12an. Zer kontatuko nukeen garai hartan bloga izan banu? Hortik sortu da apuntea. Hortik eta gauza asko kontatzeke daudelako.

Ez dut gogoratzen nola jakin nuen Ermuako zinegotzia bahitu zuela ETAk, baina bai gogoan dudala 1997ko uztailaren 11n Hondarribian nengoela, lagun baten ezkontza ospatzen. Ostiral gauean elkartu ginen.

Gurekin batera ikasten ibilitako bat ertzaina zen. Eta Miguel Angel Blancoren bahiketari buruz aritu ginen hizketan. Tipoa goiz erretiratu zen, hurrengo egunean lan handia aurreikusten zuelako.

Ezkontzaren ondorengo eguna, Irundik Donostian izan nuen lehen etxebizitzara aldatzeko aprobetxatu genuen. Bazkalostean telebistari begira ari ginela, ajea gainetik kendu nahian, ETBko flash batek esnatu ninduen: Lasarte inguruan agertu zela arratsaldeko 16:30ak pasata zinegotziaren traza zuen pertsona bat, larriki zauritua. Goizaldean zendu zen gizona eta Dorre Bikiak erori ziren eguneko sentsazioa bera izan nuela dut gogoan. Munduaren akabera edo.

Igandean, oker ez banago, elkarretaratzea deitu zuten agintariek Gipuzkoa plazan, Foru Aldundiaren aurrean. Hainbeste jende zegoen bilduta, ezen orduko Herri Irratia (oraingo Onda Vasca) emisoraren parean egon baikinen, plazara sartu ezinik.

Gure aurretik pasa zen Álvarez Cascos ministroa, PPko hainbat buruzagi eta bizkartzainekin, jendearen txalo artean. Gaurko egunetik begiratuta hori ere ez diot ETAri barkatzen: elkarretaratze batera joatea eta Cascos bezalako jendilajearekin topo egin behar izatea.

Lizarra-Garazikoaren ondorengo urteetan, ETAk norbait akabatzen zuenean, Donostiako Udaletxe aurrean deitutako elkarretaratzeetara joaten nintzen. Halako batean, nazkatu egin nintzen politikariek komunikabideen aurrean egiten zuten showaz eta horietara joateari utzi egin nion.

ETAri kosta egin zitzaion ulertzea agur esan behar zuela, baina azkenik zorioneko erabakia 2011ko urrian hartu zuten.

Esan bezala, gauza asko idatzi dira urte hauetan guztietan, baina beste hainbeste izango ditugu kontatzeko.

Blogari gisa, horrelako ariketak tokatzen dira noizean behin; lagun gisa, 1997ko uztailaren 11n ezkondu ziren haiek zoriontzea tokatzen den bezala.

patxi lurra
patxi lurra dio:
2012/07/11 16:57
Ni egun (zapatua izan zan?) eta asteburu hartan Lekeition egon nintzan, lagun bategaz. Hondartzan egon behar zan reggae kontzertua berton behera gelditu zan, eta hori gertakariaren larritasun seinalea izan zan neuretzat, non eta Lekitton! Neu ordurarte beste leku batera begiratzen neban nagusiki, eta neugaz egoan laguna "ekintzak" txalotzen ebezan horietakoa zan. Maiteminduta nengoan, zeingotsat ba!
iturri
iturri dio:
2012/07/11 22:35
Eskerrik asko komentarioagatik, Patxi.

ETAren bidean mugarri ezberdinak egon dira. Hura izan zen bat. Ez da komeni hori ahaztea.

Gabon.
patxi lurra
patxi lurra dio:
2012/07/12 07:02
Neska hura be mugarria izan zan neure bidean. ETAk legez eboluzinoa bide beretik eginda edukiko dau berak be bai? Espero dot baietz. Besarkada bat.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Besarkada bat Iturri! Gari, 2023/12/26 05:44
Eskerrik asko lotura jartzeagatik, Xabier. iturri, 2023/05/21 10:57
Zumaiako hitzaldiko argazkia eta albistea hemen. ... Xabier, 2023/05/21 10:29
Aspaldiko, Amatiño. Erabat ados. Iturri, 2022/11/11 19:12
Stat counter