Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Mendebaldeko Estatu Batuetatik barna (II)

Mendebaldeko Estatu Batuetatik barna (II)

Mikel Iturria 2018/11/18 21:25
Urriko bidaiari dagokion bigarren apuntea. San Frantziskon pasatako egunak.

Lehen sarrera irakurri nahi baduzu: Mendebaldeko Estatu Batuetatik barna. Nondik nora ibili ginen aipatu nuen, baita San Frantziskori buruzko bi kontu ere: hiru eguneko musika jaialdia (Hardly Strictly Bluegrass Festival) eta homeless-en arazoa gainetik.

San Frantziskon bueltaka, txino bati su eske

BAP!! taldeari eginiko keinua da izenburua.

Esan bezala, urriaren 5etik 7ra egunero joan ginen Golden Gate Park-era aipatutako musika jaialdira. Kontzertuak eguerdian hasten ziren eta iluntzerako amaitu. 6an, larunbat goizean, Fisherman’s Wharf-era igo ginen. Hilaren 7ko goizean, berriz, Castro auzotik pasa ginen.

Castro auzoa 

8an, astelehenean, Fisherman’s Wharf-era berriro eta 39. kaian Sausalitora doan ferry-a hartu genuen. Alcatraz utzi genuen eskubira, baina ez genuen interes berezirik hura bisitatzeko; gidek diote aldez aurretik erreserbatu beharra dagoela.

Kalifornia Unibertsitatearen Berkeley campusean egon ginen 9an. BART (aldiriko trena) hartuz hurbildu ginen. Free Speech Movement kafetegian hartu genuen kafetxo bat, besteak beste.

Free Speech Movement Cafe

Hilaren 10ean goizez City Center inguruan (udalerriko hainbat eraikin ofizial biltzen dituen zonaldea) ibili ondoren, San Francisco Public Library-ren gune nagusian sartu ginen, baina ez da erraza di-da ulertzea eraikin hark biltzen duen guztia.

Gertu Asian Art Museum-a zegoen, Asiako artea jasotzen zuen AEBetako museorik garrantzitsuena omen da. Sarrerak 15 dolar balio zituen. Hirugarren solairua itxita zegoen, baita bigarreneko zati bat ere: Japoniako artearen eremua berritzen ari omen ziren.

Txinakoa eta Koreakoa ikusi ondoren, arreta gehien deitu ziguna Indiako Mithila zonaldeko emakumezkoen artelanen erakustaldi bat izan zen.

Mithilako emakumeen artelanak

Diego Riveraren muralak

Arratsaldez, berriz, BART trena hartu eta Pan American Unity izeneko Diego Riveraren murala ezagutzera abiatu ginen. Ausartegi jokatu genuen: webgunean konprobatu genuen zabalik zegoela, baina ez genuen txanda hartu.

Geltokitik ordu laurden oinez egin eta City College of San Francisco erakundearen campus batera sartu ginen. Kostata, baina topatu genuen Diego Rivera Theater, murala jasotzen duen eraikina.

Zaintzaile lanetan zegoen emakumezko batek kasu egin zigun (pena ez galdetzea izena). Trabak jarri zizkigun, baina gutaz errukitu eta sartzen utzi zigun. Goiko gelan bilera bat zegoen (bitan jaitsi zen tipo bat isilik egoteko eskatuz, nahiz eta apenas egin guk zaratarik). Hainbat gauza kontatu zizkigun muralari buruzkoak.

Diego Riverak mural gehiago ditu San Frantziskon.

SF Moma Museoa

Urriko hasierako aste horretan ez genuen museoa patxadaz ikusteko betarik izan eta, bidaiaren amaieran bi egun genituenez, igande goiz bat eskaini genion.

Rene Magritte margolariari buruzko erakusketa zegoen eta eraikinaren barrualdean geundela konturatu ginen egun horretan bertan, urriaren 28an, amaitzen zela. Beraz, jendetzarekin egin genuen topo eta ezin izan genuen behar den bezala ikusi.

Sarrera ez da merkea: ohiko erakusketak ikusteko 25 dolar; Magritte-rena barne, 35.

10:30ak aldera sartu eta Belgikan jaiotako artistaren lanak ikusteko ordua 12:30ean eman ziguten. Gainerako aretoak eta artelanak ikusteko aprobetxatu genuen tarte hori.

SF Moma Museum: Magritte

Presidio

Golden Gate Park baino handiagoa da Presidio parkea, Golden Gate zubira itsatsita dagoena. Lehendik buelta bat eman bagenuen ere, azken egunean hurbildu ginen bidaia patxadaz amaitzeko.

Besteak beste, National Cemetery dago barrualdean; hots, 30.000 soldadu, agintari eta abarren gorpuzkiak biltzen dituen hilerria. Ez ginen sartu, baina hain da handia ezen zaila baita hura ez ikustea.

Transit Center-aren aldamenenean dagoen tabernan badago jan-edana egin eta atsedena hartzeko parada.

Oinez egin nahi ez bada, parkeko zonaldeak lotzeko autobus zerbitzu debaldekoa dago.

Errepidearen beste aldean, itsasotik gertu, Crissy Field dago. Armadaren aerodromoa izandakoa, gaur egun paseatzeko eta korrika egiteko gune aparta da.

Crissy Field

Marriott hoteletako langileak: One Job Should Be Enough

San Frantziskora iritsi bezain pronto, hotel jakin batzuen kanpoaldean piketeak zeudela konturatu ginen. Piketeak 24 ordukoak ziren eta, hilabete bukaeran, bere horretan jarraitzen zuten protestek.

Unite Here sindikatuaren onejob.org webgunean eta Twitter-en duten profilean izan genuen grebaren berri zehatzagoa: gatazka Marriott kateko hoteletan da, munduko hotel talderik handienean.

Etxean jada irakurri genuen Oakland-eko hotel batean lortu zutela akordioa. Lerro hauek hemen idazten ari nintzela, hauxe ikusi dut sarean.

BIG NEWS! We have reached a tentative agreement and have a ratification vote scheduled for 2pm at the Hynes Convention Center today. No picket lines tomorrow! See the moment workers walking the final picket lines of the day heard the news. #MarriottStrike #1job pic.twitter.com/BntBnKEsvn

— UNITE HERE Local 26 (@UNITEHERE26) 2018(e)ko azaroaren 17(a)

Ostatua non hartu

Autorik ez baduzu, zentroan hartzea da gomendagarriena. Gu auzo txinatarraren alboan egon ginen, Bush Street kalean, Powell eta Market kaleetatik gertu.

Tenderloin aldekoa saihestu, trapitxeo zona baita.

200 dolar inguruko aurrekontua behar da gaueko. Prezio horren bueltan dauden hotelak zaharrak dira eta hemendik joanda denei iruditzen zaigu garestiegiak direla, baina hiria ez da merkea.

1.- San Francisco Plaza Hotel. Lehen astea bertan eman genuen. Txinatar jatorriko jendea ari da beharrean. Estatubatuarrak politeagoak dira forman eta hauek zuzenagoak. Jatorrak ere bai. Alde ona, goizeko gosaria, nahiz eta gela txikiegia izan elkartzen ginen jende-kopururako.

2.- San Francisco Grant Hotel. Bueltan prezio onean harrapatu genuen hotel hau. Beste hotela baino koska bat gorago. Oso oinarrizkoa zen gosaria eta ohea ez zen beste mundukoa (bidaia osoan izan genuen txarrena?). Izan ere, oso ohe onak izan baikenituen bidaian zehar. Hotela autoa hartu genuen Alamo Rental Car bulego baten aurrealdean zegoen, baina hau hurrengo apunte batean kontatuko dut. Borrokan ari bainaiz beraiekin.

20 days waiting, @Alamo! This morning I call my attorney. When will you pay back the 100$ you owe me? @alamocares pay me NOW!#iturriagainstalamo

— Mikel Iturria (@iturri) 2018(e)ko azaroaren 16(a)

Una vuelta por la Costa Oeste de los Estados Unidos (II), este apunte en castellano

Flickr-eko albumean argitaratu ditut argazki gehiago.

AEBetako Mendebaldea: 2018ko urria

Anonimoak dio:
2018/11/18 23:47
Kontuan izan hotelen prezioa, hala nola bestelako ostatuena, sarri-sarri hirian dauden kongresu eta tankerakoen gorabeheran aldatzen dela.
iturri
iturri dio:
2018/11/19 09:12
Mila esker komentarioagatik.

Egia da diozuna. Hori esan zidaten eta komeni da kontuan hartzea.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Besarkada bat Iturri! Gari, 2023/12/26 05:44
Eskerrik asko lotura jartzeagatik, Xabier. iturri, 2023/05/21 10:57
Zumaiako hitzaldiko argazkia eta albistea hemen. ... Xabier, 2023/05/21 10:29
Aspaldiko, Amatiño. Erabat ados. Iturri, 2022/11/11 19:12
Stat counter