Loretopetik (XXVII) Kontuak argi eta garbi, faborez
Irutxuloko Hitzan 2008ko azaroaren 19an argitaratutakoa, Loretopetik atalean.
Gasteizko Parlamentuan iraileko bigarren aste bukaeran Politika 2.0 jardunaldietan herritar blogariak eta politikari blogariak bildu ziren, batez ere. Ni ez nintzen bertan egon, baina nahi duenak topatuko du sarean Politika 2.0 honen arrastoa.
Badakizue azken bolada honetan dena dela 2.0 (bi puntu zero). Politikarekin ari dira orain, Obamak markatutako bideari jarraikiz. Uxue Apaolazak zioen, penatuta, amaitu dela fikzioa eta berriro errealitatea gailenduko dela AEBetako hauteskundeen ondoren.
Euskal politikariak lehendik ibiltzen ziren Interneten, eta ikusiko dugu zer egiteko gai diren. Euskal Herria osoan ez, baina Euskadin (EAEn) ere hauteskundeak izango baititugu martxoan. Jada une barregarria bizitzeko parada eskaini digu, Donostian bertan, Basagoitiren pop politikak: inoiz egon gabea naiz jendea horrela mugitzen den pop kontzertu batean.
Estatu Batuetan sei hilabete pasa zituen lagun batek bueltan esandakoa dut buruan itsatsita azken aste hauetan. Lagunak kontatu zidan Utah-ko gobernadorea (Utah-koa zela uste dut) Txinara joan zela udaberrian. Bertako prentsak argitaratu omen zuen bisita horretan gobernadoreak gastatu zuena, xehetasun osoz. Era berean, gobernadoreak besapean ekarri zituen kontratuak ere zerrendatu ei zituen. Gauzak horrela, erraza zen batuketak eta kenketak egitea. Kasu honetan, bisita defizitarioa izan zen eta horrela agertu zen iritzi publikoaren aurrean.
Balorazio kuantitatiboa ez da egin beharreko ebaluaketa bakarra, baina eskertzekoak lirateke antzeko adibideak hemen. Horregatik, gustura irakurri nuen urrian hemengo periodiko batean hamalau lagunez osaturiko Gasteizko udal delegazioa joatekoa zela Japoniara kultur eraikinak ikustera. Ez dut bisitaren kostua zehatz-mehatz gogoratzen, baina 50.000 eurotik gorakoa zen.
Eusko Jaurlaritzako goi karguak ere ibiltzen dira jotafuego munduan zehar. Euskadi Irratian eskainitako elkarrizketan, Joku Paralinpikoetan hamabost egun baino gehiago pasako zituztela Beijingen aipatu zuen Jaurlaritzako ordezkaritzaren buruak irailaren hasieran. Ondo da Joku horietan egotea, baita Joku Olinpikoetan ere, baina hainbeste denbora pasa behar da atzerrian?
Krisia ate joka dagoen garai honetan, Donostiako zenbait politikarik, alkatea buru, soldata % 3 murriztuko dutela iragarri berri dute. Lau haizetara zabaldu da jada albistea, baina sindikatuak agertu dira esanaz gauzak ez direla hain sinpleak. ERNEk, adibidez, salatu du alkateak erabiliko duen auto berri garestia garaje batean dagoela hautsa pilatzen, aurkezteko une egokiaren zain.
Bi puntu zero edo zero puntu bi, lagunok, berdin du: izan gaitezen zorrotzak.