Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Leihotik begira

Leihotik begira

Mikel Iturria 2020/05/25 21:05
Edo balkoitik. Hauxe da kirol nazional berria.

Astelehen goiza. 11:00ak aldera gure kalean danbatekoa entzun da. Mutil kozkor bat dago lurrean, errepidean. Auto batek harrapatu omen du. Ez dakit zer gertatu den. Realeko elastikoa soinean, monopatina gertu. Ez dirudi kontu larria, baina bai zalapartatsua. Anbulantziak eta ertzainak etorri arte ibilgailuen trafikoa geldirik. Heldu batzuk, batez ere gizonezko bat, daude umearen alboan gizajoa lasaitu nahian. Halako batean ailegatu da anbulantzia, artatu dute zauritua eta kalea libratu da. Denak betiko martxa jarraitzen du, ezer gertatu izan ez balitz bezala.

Istripua hileta zerbitzuen garaje parean gertatu da. Itxialdiaren lehen egunetan, asko erreparatzen nien furgoneten sartu-irtenei. Ez ziren asko, baina baziren egunak non pare bat aldiz altxatzen zen atea eta horrek ezinegona sortzen zidan.

Garajeko sarreraren goiko aldean terraza handi bat dago, alboko pisuan bizi diren bizilagunena. Kalkuluak korrika eta presaka eginda 80 bat metro koadro izango ditu. Luxu itzela entzierroko egunetan. Senar-emazteak eta bi seme-alabak hantxe aritzen ziren gorputza askatzen. Ez da oso toki diskretua. Lehen egunetan saskibaloian, frontenisean... aritzen ziren bertan. Orain semea bakarrik, noizean behin kick-boxing egiten.

Larunbat goiz batean emakume gazte bat entzun nuen atentzioa deika plazako eserleku batean jesarrita zegoen gizon bati. Galarazita zegoen kalera irtetea. Emakumeak lotsa gutxi izatea egotzi zion plazakoari. Nola egon zitekeen han denen bistan irakurtzen egunkaria, etxeko haur txikia kalera irten ezinik zegoen bitartean. Ez zen bueltan ezer entzun plazatik.

Asteburuan gizonezko bat ikusi nuen balkoitik eskoba astintzen. Zikin samarra iruditu zitzaidan bere jarrera. Espero beheko terrazakoak ez konturatu izana.

Zortzietako txaloaldiak pasa dira jada. Turrune jotzen zuen baten batek eta auzotar asko ateratzen ginen balkoira edo leihora. Zorionez inori ez zitzaion okurritu musika jartzea. Baten bati sarean irakurri bezala denek dugulako etxean musika erreproduzitzeko gailuren bat. Eta ez duenak, salbuespenak salbuespen, nahi ez duelako da.

Pazientziaren potea agortzear dut. Amarekin frogatu nuen larunbatean. Hondarribira joan ginen paseo bat ematera. Adineko emakume batek bizikletarekin jo zuen harrizko eserleku sendoa. Altxatzen lagundu genion eta hara non hasten zaion ama bizikleta baztertu behar zuela esaka. Isilik egon behar nuen, baina amari esan nion, arren, isiltzeko. Lurra gorputzarekin modu txatxuan eta ezustean zapaldu duzunean, ez dela une egokia beste batek gaizki jokatu duzula esateko. Baina hori ondo adierazi daiteke edo nik egin bezala.

Telelanak uzten nauenean jarraituko dut zeruari begira. Ea pazientziaren potearen maila igo egiten den.

Mirando por la ventana, este apunte en castellano.

etiketak: ama, donostia, covid19
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Amatiño. Pasa den mendeko 80ko ... Mikel Iturria, 2024/12/18 22:16
Kontrakorik pentsatzea populismo hutsa da. “Hobe ... Amatiño, 2024/12/15 15:09
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Stat counter