Laurogei amona eta gero hau
Apunte bat baino gehiago idatzi nahi izan dut aste honetan zehar, baina ezinezkoa izan da hainbat arrazoi direla medio. Beraz, denak takada batean doaz.
Astearte arratsaldean Jabier Muguruzak laupabost kantu jo zituen Donostiako FNACen. Bikote bat diskoa aurkezteko balio izan zuen ekitaldiak. Berarekin batera Mikel Azpiroz (Elkano Browning Cream) pianista eraman zuen irundarrak. Ez dakit zenbatgarren lana den Jabierrek bere bakarkako ibilbidean publikatzen duena, baina badu meritua. Ea 2013an ere beste batekin datorren.
Asteazken goizean Esan Ozenki: 1991-2011 lan bilduma aurkeztu zuten Elkarrek Donostiako Fermin Calbeton kalean duen aretoan. Bertan ziren Andres Camio Jitu, Nerea Fillat, Imanol Ubeda eta Fermin Muguruza. 90. hamarkadan Negu Gorriaken Gure Jarrera argitaratu zuenetik dozenaka erreferentzia plazaratu zituen Esan Ozenkik. Katalogoa gaurkotu, digitalizatu eta sareratu dute. Ubedak Hamarkada miragarria testuan esan bezala, 90. hamarkada gogoratu behar da euskal rockaren hamarkada gisa. Baina Muguruzak esan bezala: "Nostalgiak museo baten antza du: bisitatu beharra dago eta bertatik atera. Ez da komeni bertan bizitzea".
Ostegun goizean, Harkaitz Canorekin Twist egin genuen Donostiako Liburutegi Nagusiko sotoan. Aspaldiko prentsaurrekorik jendetsuena: kazetariak, lagunak eta senideak bildu baikinen Canoren liburu berriaren aurkezpena aitzaki hartuta. Garai batean bezala, gertaera kutsua zuen ekitaldiak. Eta ez da gutxiago ere: 430 orrialde ditu liburuak. Nik jada 300 irentsi ditut eta liburuak harrapatuta nauka. Ederra, gordina, Canok idatzitako orrialde onenak direla esatera ausartuko naiz -bene-benetan, Harkaitz ;-). Apuntearen titulua berari lapurtu diot. Liburuan esaten baitu gure zibilizazioaren eta Neolitikoaren artean 80 amona daudela.
Arratsaldean, berriz, Fermin Muguruza solasean aritu zen Eider Rodriguezekin batera Ernest Lluch Kultur Etxean. Lehenago alde egin behar izan nuen, baina bi ordu luze egon omen ziren berbetan. Galdera zorrotzak egin zituen Eiderrek eta modu berean erantzun Ferminek, aurpegian bezala, mingainean ere aho bilorik ez duela argi utziz. Forman ikusi nituen biak.
Muguruzak, besteak beste, esan zuen eskerrak gaur egungo ETBn Xabier Euzkitze dagoela. Honek gonbidatzen baitu bere saioetara. Ez omen da gauza bera gertatzen ETB2ko saioetan. Eta haserre agertu zen Alberto Suriok Al Jazeera telebistarentzat eginiko herri arabiarretako dokumentalen gaiarekin toreatu duelako.
Kontua da egun horrean bertan, Anitzelen, Euzkitzek Bernardo Atxaga zuela gonbidatu gisa. Ezin izan nuen egun horretan bertan ikusi, baina eitb.com-eko Nahieran zerbitzuari esker, larunbat gauean irentsi nuen, jarraian, 1 h 40 minutuko saioa. Aldarte onean ikusi nuen Asteasukoa, fin. Adibidez, oso egokiak iruditu zitzaizkidan Fernando Aramburuk esandakoari buruz Bernardok botatako hitz hauek:
"Gauza hauek erdi bromakoak dira. Benetan (...) Labur esateko: seinale oso ona da. Oso ona da. Nik ikusten dut gu lehengo haiek bagina: Aresti hura, Lauaxeta hura, Antonio Zavala hura... Hor txoko batean... Orduan, ardurarik ez. Ezta ikusi ere. Ikusi ere ez. Ikusezin zen euskal literatura. Zenbat aldiz gogoratzen naiz, behin laudatu nuela Gerra aurreko Lizardi eta aurrean zegoena barrez hasi zen. Espainiako katedratiko bat zen. Orain, kezkatuta daude (...) Izan ere bi izaera mota daude: irla bakarti batera joaten zara halako pertsona batekin eta A izaerakoa bada harekin egiten duzu txabola, joaten zara hondartzara, etab.; beste jende mota batekin irla desertura joan eta zu segituan gorilengana pasatzen zara, askoz ere konpainia hobeagoa izango direlakoan".
Lerro hauek Sinnéad O´Connor-en I Do Not Want What I Haven't Got diskoko kantak entzuten idatzita daude.
Hona hemen Atxagari eginiko elkarrizketa oso-osorik.