Komunikazio libreago baterantz
Esan bezala, Komunikazio libreago baterantz trantsizioan jardunaldia izan genuen hilaren 21ean Errenterian. Hona hemen Badalab-ek egin duen kronika. Hau azpimarratu nahiko nuke:
"Osteguneko saioetatik, ondorio garbi bat atera genuen: Gure espazio propioak sortzera goaz. Galdera ez da Twitter-etik atera eta gero zer. Gure buruei galdetu behar diegu ea zer nolako espazioak sortu nahi ditugun, zer nolako komunitateak eraiki nahi ditugun".
Hacia una comunicación más libre, este apunte en castellano.
Nire apunte batzuk doaz jarraian.
Rita Barrachina
Goizean Rita Barrachinak Kultura libre digitalarekin komunikatzeko tailerra eman zuen Torrekuan.
Barrachinak adierazi zuen ordu t´erdiko bi tarteetan emandakoa lau egunetan banatzen duela normalean. Beraz, kontzentratu behar izan zuen prestakuntza. Materiala Komunikilo-ko Clic atalean duzue eskuragarri.
Esperantista gutxi ezagutzen ditut, baina ezagutzen ditudanak hitzei bueltak ematen ibiltzen dira. Adibidez, eutopia hitzaren aldeko hautua egin zuen (toki ona) delako eta baztertu utopia (ezlekua baita). Digitalizazio eutopikoa egingarria dena litzateke. Edo antzeko zerbait.
Literatura teknokatastrofistaren kontrakoa dela esan zigun eta gauzak eraikiz egin behar zaiola aurre itxaropen faltari.
Ecolobit (ekologia eta bit) kontzeptua ere zabaldu zuen, baita zure ordenagailua edo zuk kontrolatu ditzakezun nodoetan aritzea lanean. Ahalik eta gehien lokalean. Ederki sartu digutela ziria hodeia kontzeptuarekin: hodeia lurrean dago eta baliabide asko kontsumitzen ditu. Nebulosa gustatzen zitzaion egoera hori definitzeko.
Jende guztiari iristeko ote gaude plataforma sozial pribatiboetan? A bai? Eta nola iritsi ikusmena edota entzumen gabeziak dituztenei edukiak behar diren bezala ez baditugu etiketatu eta deskribatzen?
Bitxia zen ere personita hitzari ematen zion tonu samurra.
Lizentzien gaia garatu zuenean, Iglesia Misionera del Kopiameísmo aipatu zuen.
RAP neurriak ere zerrendatu zituen, 1992an Frantzian sortutako Résistance à l’Agression Publicitaire elkartearen ekimena. Horrela laburbiltzen du Badalab-ek kronikan:
- Erabili promozionatu gabe: eduki zure espazioa eta horra bideratu eta ez eraman bueltan sare pribatuetara.
- Eduki esklusiboa ekidin: eta hala eginez gero, sare libreetan izan dadila.
- Diruz laguntzea ekidin: ez oparitu dirurik sare pribatuei.
Shine McShine
Bazkaria Badalaben egin genuen (oso goxua, Zituene Kooperatibak prestatutako janaria).
Arratsaldeko lehen hizlaria Shine McShine izan zen. Kataluniatik sartu zen bideo-dei baten bidez. Gaia: Nola transitatu komunikazio aske baterantz.
Beste hizlarien hitzak pdf-tan daude, baina ez Shinerenak. Ideia batzuk botako ditut hemen.
Irakasle eta aktibista honek 173.000 jarraitzaile izatera iritsi zen Twitter-en. Bereziki pandemia garaian nabarmendu omen zen bere jarduna.
Egoaren bazka horrek elikatu zuela, nahiz eta orain lotsatuta kontatu: milioka erreprodukzio, jende ezagunaren eta argitaletxeen mezuak... Baina influencer-a izateari uko egin zion duela hilabete batzuk.
Berak alde egin zuenean, Mastodon-era etorri ziren batzuk. Baina sare hau ez da egokia biralitate handia bilatzen dutenentzat. Beraz, berarekin etorritako batzuk alde egin zuten azkar samar.
Shine-k inpaktoa galdu du, baina aktibismorako toki gehiago eta leku hobeak aurkitu ditu. Goxotasuna, azken finean.
Munduko gaiztorik handiena Elon Musk dela bota zuen. Ez da ahaztu behar eskuin muturrak 44.000 milioi eurorengatik erosi zuela Twitter.
Hori bai, Shine-k esan zuen ulertzen zuela kazetariek Twitter-en egotea: Sánchez bezalako figura publikoak erabilitzen badute adierazpenak egiteko, bertan adi egon beharko dutela.
Bluesky-k finantziazio iluna duela gaineratu zuen eta sare zentralizatu moduan definitu.
Marcel Costa
Katalanez aritu zen Marcel Costa Badalab-en egoitzan bertan: Sare sozialen metrikak birpentsatzen.
Orain arte erabilitako metrikak errepasatu zituen eta gero Marta G. Francoren paragrafo bat jarri: garai bateko internet aipatzen zuen bertan, nola algoritmoari lotu gabeko sare bat zen eta han bestelako harremanak genituen.
Irailaren bukaeran El Salto-k hainbat plataformatan Twitter uzteko edo ez uzteko inkestaren emaitzak jarri zituen gero. Gehiengoak bertan jarrraitzeko eskatu zieten.
Metrika zentralizatzaileak vs. ez zentralizatzaileak. Azken hauek nori interesatzen zaizkie? Elkarteei, liburu dendei, kazetariei, komunitate katalizatzaileei...
Komunikazioen kalitatea baloratu behar dela, ez bakarrik kantitatea.
Marta. G. Franco
Marta G. Francok harreman estua du Euskal Herriarekin. Euskarabildua jardunaldietan egon zen duela hilabete, Axier Lopezek elkarrizketatu zuen Argian eta Bilboko Consonni argitaletxeak plazaratu du Las redes son nuestras liburua.
Topoan, Donostiatik Errenterira, Jose Durán-ek El Saltorako eginiko elkarrizketa irakurri nuen. Newsletter bat ere badu @teclista-k: Redes nuestras. Gaur bertan, hilak 27, kaleratu du Berriak Kristina Martinek eginiko elkarrizketa.
Profil interesgarria da Martarena: Indymedia-n ibili zen, @acampadasol-en ere bai 2011ko maiatzaren 15aren bueltan, Carmena Madrilgo alkate izan zenean udaleko sare sozialen ardura izan zuen eta berriro bueltatu da inoiz baztertu ez duen aktibismora (La Intersección). Madrildik hanka egin eta Lisboan bizi da.
Twitter osteko komunikazio estrategiak (pdf) aurkezpena ikus dezakezue.
Lau ziurtasun bota zituen:
1.- Gerra kulturala ez da egiten (soilik) sare sozialekin. Estrategia koordinatuak dira: komunikabideak, tertulianoak, fake news, botereguneak eta abar.
2.- Biralitatea ez zaigu balio komunikatzeko: algoritmoen pean dauden espazioak desegokiak dira, ez dira abegikorrak. Gaizto batzuek ere bertatik alde egin nahi dute.
3.- Su txikian komunitatea geldo egiteko espazioak beharrezkoak ditugu: horretarako toki aparta da fedibertsoa.
4.- Fedibertsoaren gobernantza zabaldu beharra dago: etika demokratikoagatik eta gune hori indartzeko. Beharrezkoa bere ustez fedibertsoaren gobernantzarako sarea. Esan bezala, Lisboa du bizitoki eta sare iberikoa ikusten du berak.
Lauzpabost ideia
Hauek nireak dira. Ez dut nahi adina hausnartu, baina hemen botako ditut.
1.- Bizpahiru sareetan ibiltzen ginen lehen herritarrak, baita erakundeak, enpresak eta abar. Hori amaitu da: X, FB, Instagram, Threads, Tik Tok, Linkedin, Mastodon, Blue Sky. Denetan egon beharra dago? Erakundeek, enpresek eta abar jende mordoa beharko lituzkete horiek guztiak elikatzeko. Gainera, fedibertsoa (Mastodon) kenduta etsaiarentzat ari zara lanean (Infowars auzia).
2.- Dena den, ikusi dut komunikabide eta erakunde batzuk Twitter itxi ez eta gauza bera errepikatzen ari direla Blue Skyn, adibidez. Horren harira Gerardo Tecé-ren hausnarketa hau ctxt-ren esperientzia.
3.- Errenteriako jardunaldietan esan zidan komunikabide batean ardurak dituen pertsona batek, gure burua kokatu beharko genukeela jada sare sozial pribatiboen ondorengo garaian.
4.- Mastodon erabiliz sortu dute Matx.eus, tokiko kirolari buruzko sare soziala.
5.- Kanpotik etorri behar dute zer egin behar dugun esatera. Horrelakoak gara. Bertakoei ez diegu kasu egiten eta. Hots, Katalunian euskaldunei egiten digute kasu, Euskal Herrian katalanei.
6.- Propina moduan bi lotura: baga, Pedro Lázaro Rodríguez bibliotekaekonomia irakaslearen apuntea; biga, Daniel Gil liburuzainarena.
Por zierto, RAP neurriak betetzen hasi zaitezke hor goiko X botoia kenduz :)