José K: Gironako estreinaldia
Lehengoan esan bezala, 1996ko hitzaldi bat da antzezlanaren abiapuntua. Garai hartan, hautsak harrotu zituen. Uste dut 2011n ere zeresana emango duela antzezlanak.
Horregatik, lehenik eta behin, abentura honetan sartu diren profesionalak ausartak direla iruditzen zait: Sandra Toral, Carles Alfaro, Pedro Casablanc...
Gaueko 21:00etan zen hastekoa emanaldia Gironako La Planeta aretoan, baina erlojuak 21:35ak paseak markatzen zituen zarata batek argi bati paso eman zionean eta gure begi aurrean eszenatokia agertu zenerako. Lokalera sartu ginenean, ikusi genuen kristalezko kaxa handi bat eta han barruan zegoen José K (Pedro Casablanc) aulkitxo batean eserita, biluzik, hanketan eta eskuetan bilurrak ipinita. Pantalla batek aktorearen aurpegiaren lehen planoa erakusten zigun eta hori izan zen ondorengo ordu eta laurdenean ikusi genuena: begiek pantailari so zeuden nagusiki, baina kaxa barruan gertatzen zenari ere erreparatzen zioten.
Javierrek ez zuen José K nazionalizatu, baina ziur naiz antzezlana ikusiko duten askok saiatuko direla hura kokatzen. Pasa den mendeko 60ko hamarkadako beteranoa, 30 urte daramatza Josék bonbak jartzen eta jendea akabatzen. Poliziak antzeman du eta bera da jendez betetako plaza batean jarritako lehergailuaren berri duen bakarra. Ahal den moduan lortu behar al da gizon horrek esatea non dagoen lehergailua? 1996ko hitzaldi hartan ezezkoa defendatu zuen Javierrek, "tortura bueltarik gabeko bidai morala baita. Ezin da muga hori salbuespen moduan gainditu".
Pedro Casablanc aktoreak oso lan ona egin du. Are gehiago, kontutan hartzen bada goian aipatutako baldintzetan ordu eta laurden ematen duela kaxa barruan. Carles Alfaro zuzendariak oinarrizkoan asmatu du. Uste dut, dena den, testua luzeegia dela eta guraizeak sartu beharko liratekeela, antzezlanak minutu gutxiago izan zitzan.
Torturarenaz gain, eszenatokian tresnen eta helburuen eztabaida ere dago. Protagonistak uste baitu Estatua dela hiltzaile nagusiena eta bera (José) atzetik dola lehiaketa horretan.
Beste kontu bat: orain arte suntsitzen aritu direnak, gai al dira eraikuntzan parte hartzeko? Edo alde batera egin behar dute beste batzuen mesederako? Horrelako kontu asko dago eta buruan bueltaka izango dituzu hurrengo egunetan ere.
El
Punt-Avui periodikoak Joaquim Armengol-en kritika argitaratu zuen igandean (Expiació) eta TV3 telebistak ere pieza bat eskaini zion. Laura Iglesiasen blogean hauxe topatu dugu: José K, torturado o la impunitat del Estad de Dret.
Urriaren 22an La Cárcel de Segovia izeneko kulturgunean ikusteko aukera egongo da eta espero dut Euskal Herrian ikusteko parada egotea. Donostian, adibidez, egilearen jaioterrian.
Crónica de José K y del policía pegón, algo parecido a este apunte en castellano.
Eguneratzea. Urriak 10. 23:00. Hona hemen Gironako Temporada Alta jaialdikoek ekoitzitako bideoa. Bertan diote ETAkoa dela José K. Ba ez, Ortizek argi esan zuen ezetz: José K no es de ETA.
Bideoan Carles Alfaro zuzendaria eta Pedro Casablanc aktorea ageri dira.