Jon Iraundegiren begi puntuaren xedea
Klik eta klik eginez egoten dira hainbat lagun Euskal Herriko musika aretoetan. Dozenaka argazki ateratzen dituzte eta pieza solteak bakarrik ikusten ditugu gero. Begi puntuaren xedea beti baitago prest, baina ez da hain erraza harrapakina erortzea.
Horietako bat da Jon Iraundegi. Ostegun honetan, aspaldiko partez, egin nuen topo berarekin Berri Txarrak taldeak Hondarribiko Psilocybe aretoan eman zuen kontzertuan.
Banekien gau hartan bertan, edo hurrengo egunean, kontzertu horri buruzko argazkiak jarriko zituela ikusgai Jon Iraundegik. Hona hemen Gorka Urbizu abeslaria, belauniko, gitarra jotzen.
Klik egileen klubeko Foteropanico-rengatik jakin nuen duela gutxi argazki liburua argitaratua zuela 2011 bukaeran Iraundegik. Banizu Nizuke Elkartearen eskutik publikatu du Euskal rockaren ikus puntu bat. Kontzertuetako ehiztarien bilduma bat osatu nahi dutela aipatzen zuten Berrian Lander Muñagorrik sinatutako artikuluan. 12 euro balio ditu liburuak eta nik Irungo Elkar dendan erosi dut, baina badakit Donostian Beltza Records-en edota Banizu Nizuke-ren webgunean eskuragai dagoela.
Idazmakinaren tipografia dute lagun 80. eta 90. hamarkadetako irudiak osatzen dituzten atariko testuek. Argitaletxekoek beraiek eginiko sarreraz gain, Fermin Muguruzak laudoriozko hitzak eskaintzen dizkio Joni.
Pop-arekin hasten bada ere, gero punka da nagusi: Itoiz, Ruper Ordorika, Ángeles del Infierno, Zarama, Barricada, Kortatu, Delirium Tremens, Baldin Bada....
Xabier Montoia ere agertzen da, M-ak taldeko abeslari zeneko garaian ateratako erretratuak. Ostiralean Lugaritz Kultur Etxean egon zen Montoiaren mundu miresgarria laneko kantak aurkezten Maite Arroitajauregi (Mursego) eta Ibon Rodriguez musikarien laguntzaz. Publikoaren arreta lortu zuen behintzat Montoiak eta aski gustura ikusi genuen emanaldia. Dena oso sotila da, biluzia. Montoiak ez du ondo kantatzen, ez du ondo dantzatzen, baina haren kantuak ttak jotzen dizu.
"Galbide ederra" kanta grabatu nuen telefono berriarekin. Ea zer iruditzen zaizuen.
El punto de mira de Jon Iraundegi, este apunte en castellano.
Haren kantuak ttak jotzen du bai, eta dantzak ere bai. Aurreko ostiralean Donostian izan nintzen eta berarekin parrandan eta dantzan ateratzeko desiratzen geratu nintzen... bide batez bere mundu miresgarria hobeto ezagutzeko...